astekaria 2018/02/09
arrowItzuli

iritzia

Eta euskara Prozac-a bada?

Idurre Eskisabel

Eta euskara Prozac-a bada? Idurre Eskisabel

Zer diren gauzak: Baiona, Angelu eta Miarritzen beren alaba eta semeak euskaraz hazteko parioa egin duten gurasoek nahiago dituzte astialdiko euskarazko eskaintzarako euskal mitologia, ohitura eta tradizioekin lotutako ekitaldiak surfa, skatea edota teknologia berriak baino. Hala azaldu du Eneko Gorri soziologo, euskalgintza sozialeko militante eta Miarritzeko euskara teknikariak Topaldia jardunaldietan. Esperientzia xehe eta zehatzetik iritsi da Gorri baieztapen horretara: Baiona, Angelu eta Miarritzeko eremu gorrian euskararen sustapeneko lokatzetan aritzetik; hau da, besteak beste, haur eta gaztetxoentzako surf, skate eta teknologia berriekin lotutako jarduerak antolatzetik, erakargarrien zaizkielakoan. Gurasoen galdea, ordea, nahiago dituztela Olentzero, kantak eta dantzak.

Zer pentsa handia eman dit Gorrik deskribatutako gertaerak, iruditzen baitzait neurri batean hankaz gora jartzen duela euskaltzaleon zentzu komunean txertatuta dagoen sineste sendoenetako bat: euskarak etorkizunik izango duela baldin eta moderno, unibertsal eta aurreratu izendatzen den horrekin bat egiten badu, partikularitatea eta folklorekeria bazter utzita. Hots, surf, skate eta teknologia berriekin. Hor egiten dela erakargarri, seduzitzaile. Zer pentsa handia eman dit, eta zer pentsa zurrunbilotsua, gaitza baita, inondik, hainbeste denboran norberaren baitan habia gozoa egindako sinesteei kanporatzeko agindua ematea.

Horregatik, neure buruari esan diot erreparatzeko Baiona, Angelu eta Miarritze salbuespenezko guneak direla ia: biztanleen %8k baino ez dakitela euskaraz, erabilera %2koa besterik ez dela, turistifikazioan iltzatutako eredu soziekonomiko eta politikoaren bidez akulturizazio prozesua basatia izan dela, eta, horrenbestez, bizimodu hiritar garaikideak bere dituen komunitate galera, indibididualizazio eta bakardade sentipenak gordinak direla han. Gorrik berak aipatu zuen nola orain haurrei euskara ematen tematu diren guraso horietako gehienek ez dakiten euskararik, baina haren bidez kultura bat, identitate bat, funtsean, bizitzan errotzeko aingura bat eman nahi dietela alaba eta semeei. Eta ohiturak, tradizioa, nortasun hori eraikitzeko lanabestzat dituztela.

Kontua da nire burmuin inertziaz Erdigunean zentratuari kosta egiten zaiola askotan salbuespenezko gunetzat ditudan horiek salbuespen bainoago arau direla ohartzea. Ondorioz, esaterako, Bilbo Handian sumatutako Olentzeromania edota ikurrinfanatismoari folklorekeriatik eta hutsaltasunetik haragoko esanahirik ematea.

Eta auzia bada euskararen etorkizuna lotuago dagoela aurremodernotzat jotzen ditugun identitate osaketarako ezaugarriekin moderno, aurreratu eta unibertsal izendatzen ditugun horiekin baino? Edo, gutxienez, batetik adina behar duela bestetik XXI. mendeko Mendebalde zuri honetan ni bakartira kondenatutako jendeon hutsune eta premiak asetzeko?

Eta behin galdera arriskutsuak egiten hasita, egunotan amildegiaren ertzeko bihurtu den gaiarekin ausartuko naiz... Bai, IƱigo Martinez futbolariak Realetik despeditzeko agiria Ondarroako hizkeran plazaratu izanaren ondorioz euskalki /euskara batuaren inguruan lehertu den eztabaida sutsu ez ezik banderizo tankerakoarekin... Alegia, Angeluko guraso batek mitologian, Portugaleteko beste batek tritikitian eta Azkoitiko gazte batek bere euskalkia muturreraino eramatean bilatzen duena gauza bera badira? Norbere buruari zentzu bat, nolakotasun bat, munduan leku bat, identitate bat, eman ahal izateko erreminta bat?

Zygmunt Bauman soziologoak begi zoliz antzeman zuen garaiotako jendeontzako, gutako bakoitzarentzat, lanik handiena izango zela norberatasuna, identitatea, eraikitzea; jaio eta hil bitartean garen honi zentzu bat ematea. Beharbada, hasi behar dugu pentsatzen euskarak herria eraikitzeko argamasa beste izan behar duela arimak osatzeko Prozac-a.

BERRIAn argitaratua (2018/02/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA