astekaria 2015/12/11
arrowItzuli

ekonomia

ROBERTO LARRAñAGA

«Ez dugu kezkarik: enpresarien ahotsa Confebaskena da Euskadin»

Xabier Martin

«Ez dugu kezkarik: enpresarien ahotsa Confebaskena da Euskadin»

«Lurreratzeko betarik gabe» utzi dutela dio Roberto Larrañaga Confebaskeko presidente berriak (Eibar, 1958), sindikatuei eta, oro har, lan harremanek duten egoerari erreparatu nahian. Lan harremanen blokeoa askatzeko eredu berri bat behar dela uste du.

Lan harremanen eredu berrirako egin duzuen proposamena erabat baztertu dute sindikatuek. Nola hartu duzu hori?

Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren bileran proposatu genuen eredu hori alde baten proposamena da, noski, guk egindakoa. Mahaiko sindikatuek akordioak lortzeko abiapuntu gisa hartuko zutela pentsatu genuen, ez delako behin betiko agiria.

Itxura batean, proposamenak marrazten duen bide orriak ez du aukerarik izango aurrera egiteko.

Lan harremanen eredu berri batean landu beharko liratekeen gaiak zerrendatu ditugu, besterik ez. Izan ere, egungo eredua zaharkitua geratu zaigu, eta hiru lurraldeetako patronalek abiapuntua izan nahi duen agiria adostea lortu dugu. Hainbeste urteko blokeoa askatu ezinik dago, eta geldituta gaude; horri buruz zerbait proposatu dugu, kezka badagoelako egoeraren inguruan.

Eusko Jaurlaritzak, berriz, ez du gaizki hartu, Angel Toña sailburuaren adierazpenei erreparatuta.

Beste modu batera hartu dute, bai. Babestuta ikusi dugu geure burua; eta berriro diot, hau ez da behin betiko agiri bat, abiapuntu bat baizik blokeo egoera askatzeko. Hala ere, badakigu UGTk eta CCOOk mesfidantzarekin hartu dutela, eta zer esanik ez mahaitik kanpo dauden beste biek; denok entzun ditugu erabili dituzten adjektiboak, ez dago zertan errepikatu. Edonola ere, CCOOk eta UGTk beste proposamen bat aurkeztuko zutela esan ziguten, eta zain gaude negoziatzen jarraitzerik ote dagoen ikusteko.

Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren gaitasunarekin kezkaturik dago Unai Sordo. Argazkia bera eskaintzetik harago, zertarako balio izan du mahaiak orain arte?

Confebaskek benetan sinesten du mahaian, eta gai garrantzitsuak jorratzen ari garela esango nuke: errelebo kontratua, eraikuntzen zaharberritzeari buruzko atala... Gertatzen dena da azken bileran lan harremanen ereduari begira jarri garela, baina ari gara beste ataletan ere.

Soldatak eta enpresen emaitzak lotzen dituen... [Moztu egin du].

Ez, ez da emaitzekin lotu nahi dugula. Ea, ez da bakarrik soldata enpresaren emaitzekin lotu nahi dugula. Gure lan harreman proposamenaren oinarrian elkarlana dago, parte hartzea eta ardura partekatua; langileak eta enpresa proiektu komunari begira jartzea da helburua. Eta gardentasunez proposatzen dugu, egunotan eskolako haurren mailako komentarioak egin baitituzte batzuek. Enpresariak lan zentroen errentaren bidez zenbakiak alda ditzakeela eta antzekoak gaur egun entzun beharra ere...

Horretara nindoan... Ez al da egia enpresariak emaitzak egokitu ditzakeela?

Baina, zertarako daude kontu ikuskatzeak? Trikimailuak egiten hastea? Lehen-lehenik, profesionalak gara, eta Kontu Ikuskaritzaren arautegi berriarekin enpresa txiki eta ertainei NBE bagina bezala begiratuko dizkigute kontuak. Salbuespen bakarren bat egon daitekeela? Noski, baina gardentasuna gero eta handiagoa dela ezin da zalantzan jarri.

Enpresariak bere enpresaz duen informazioa langileekin partekatzea eskatzen du zuen ereduak. Erreala al da hori?

Gardentasunaz hitz egiten dudanean ez naiz ari bakarrik kontuez, baita eguneroko kudeaketaz ere. Langileak bere enpresan gertatzen ari dena jakingo du. Jakin behar du enpresariak lan zentroa bere izenean duen ala ez, edota halako kopurua jasotzen duen eta ez bestea.

Sindikatuen presentzia aktiboa ez duten enpresa txikietan hori egiterik ote dago?

Kontzeptu guztiak ez dira akaso kasu guztietan aplikatu ahal izango, baina argi dago akordiorako prest gaudela.

Negoziazio kolektiboaren lokarria askatzeko zuen proposamenetik abiatutako akordioren bat beharko da nahitaez?

Hitzarmen kolektiboak edukitzea nahiko genuke guk. Begira, enpresariak nahi duena da zer espero dezakeen jakitea, eta egonkortasuna edukitzea, kostuetan eta beste guztian. Ez bagara gai itun kolektiboak egiteko, enpresariak enpresan adostu beharko du beharrezkoa zaion hori. Baina, enpresa txikiak erosoago daude itun kolektiboekin.

Arabako metalaren ituna sinatu berri duzue, eragin mugatukoa; eredu horrek balio dizue Gipuzkoa eta Bizkairako?

Eragin mugatuko itunen inguruan esango dizut ona denak ez duela eredugarria denarekin talka egiten. Onena litzateke eragin orokorreko ituna edukitzea, baina ezin bada, eragin mugatukoa dago. Gero denak igotzen dira gurdi horretara, ez ahaztu. Erraza da esatea: 'ez, gehiago nahi dudalako' eta gero gurdira igotzea.

Bizkaian eta Gipuzkoan ere ikus dezakegu irtenbide hori, orduan?

Baliteke, baina Gipuzkoan zaila da ordezkaritza sindikalarengatik. Izan ere,eragin mugatuko ituna balekoa da ordezkaritza esanguratsu bat dagoenean barruan, nahiz eta gehiengoa ez izan. %10arekin ezin da eragin mugatuko itun bat egin, alegia. Bizkaian, ordea, gertu egon direla badakit, eta orain ez dakit nola dagoen, baina hor egon dira.

ELAk kanpaina bat abiarazi du prekaritatea bultzatzen duten enpresariak... [Moztu egin du berriro]?

«Enpresari piratak», «azal gogorreko enpresariak» eta abar aipatu dituzte, bai.

... izen-abizenez seinalatzeko. Zure izena ere azaldu da horien artean.

Zuri gertatu izan balitzaizu? Konplikatua, ezta?

ELArekin duzuen edo ez duzuen harremanarenak egin du?

Horrela deskribatzen zaituen norbaitekin harremana edukitzea ez da erraza. Hemen norberak bere interesak defendatzen ditu, baina Confebaskek ez ditu sekula moduak galdu, eta ELAk bai. Presidentetza hartu nuenean, ELArekin batzartu nintzen, eta bilera atsegina izan genuen. Egia da, argazkia ere ez zutela atera nahi izan, denek ateratzen duten argazki hori.

ELArekin ere akordioa egin zenezakeela esan duzu inoiz...

Inozo samarra izan nintzen agian. Uste nuen %100eko akordioa lotzerik ez bazen agian %10era iritsiko ginela, agian ez negoziazio kolektiboan, baina bai beste gai batzuetan... Baina aurtengo azaroak eman didan eskarmentuarekin benetan zaila ikusten dut.

Eta Zikotz zure enpresari buruz ELAk salatu zuenaz zer diozu?

Jadanik esan dudana: gezurra dela. Kontratatzen ditugun enpresa guztiei ituna betetzea exijitzen diegu, eta, urratzen dutela antzemanez gero, hura betetzera behartzen ditugu; horrela izan zen Gasteizen.

Adegik «indarrean dagoen legea» jarri zuen ezeren aurretik 2013ko uztailean, erreformak ezarritako ultraaktibitatearen amaiera zela eta. Toki berean jarraitzen duzue patronalean?

Erreforma sartu zenean hondamendiaz hitz egin zuten; itun guztiak erori eta estatu mailako soldatak iritsiko zirela esan zuten, eta, uztailaren 7 sonatuaren ondoren, ez da horrelako ezer gertatu. Soldatek beren hartan segitu dute; batez besteko soldata kostua, hilero, 2.000 euro da Euskadin, eta urteotan ez da jaitsi.

Soldatek beren hartan jarraitzeak esportazioak bultzatu ditu, produktua merkatu delako, eta ekonomiaren hazkundea lagundu, finean. Ados?

Enpresak lehiakorragoa izan behar zuen, eta horrek lagundu du, ados.

Ez al da soldatak gaurkotzeko ordua?

Oraindik ez gara krisitik atera; prozesuan gaude, eta ez gara sektore denak abiadura berean ateratzen ari. Eraikuntza adibidez, gaizki dago. Enpresariok konfiantza hartuz joan behar dugu. Euro/dolar aldaketak lagundu digu orain arte, baita petrolio merkeak ere, nahiz eta gure enpresa batzuei kalte egin dien. Baina, langabezia %10 jaitsi da azken urtean Euskadin... Ikus dezagun horrela jarraitzen dugun.

Erreformak soldata ez igotzea ahalbidetu duela salatzen dute sindikatuek, eta erreformaren zilegitasuna kolokan jartzen dute EAEko laugarren alderdiak bakarrik onartu zuelako Madrilen, PPk. Zer diozu?

Zilegitasuna eta epaitegiak nahi erara erabiltzen dira. Auzitegietan irabazten dutenean ez dut entzuten ezer zilegitasunari buruz. Irabazi badute, eskatzen dutena legezkoa da, eta kito. PPk onartuko zuen erreforma, baina Europako erakunde guztiek erreformak eskatzen ari ziren eta gehiago eskatzen jarraitzen dute. Politikariek erabakiko dute. Bitartean gu legeak dioenarekin ariko gara, ezin da bestela izan eta: legeak betetzeko daude.

Zer iruditzen zaizu patronal berri bat eratzeko Garen proiektu berria?

Badakigu atera direla; erakunde erregistroan antzeman genituen. Elkartzeko eskubidea badela onartzen dugu, baina ez dugu kezkarik: Confebaskena da enpresarien ahotsa Euskadin negoziatzeko. Confebaskek denen aitortza duelako edonon, orain 30 urtetik baino gehiagotik. Ez dugu elementurik Garen baloratzeko. Badakigu enpresa txiki eta ertainei buruz hitz egiten dutela, baina guk ez dugu gure bazkideen kexurik izan alde horretatik.

Harremanik izan duzue bultzatzaileekin?

Agerraldia egin zutenean gonbidapena bidali ziguten pare bat egun lehenago.

Joan zineten?

Ez.

Adegik, Cebek eta SEAk enpresa gehiagoren afiliazioa behar dutelako abisua ote da hau?

6.000 enpresa galdu dira krisian, eta gu etengabe ari gara afiliatuen bila. Baina, begira, pozik ez dagoen jendea edonon azaltzen da, baita Athleticen ere... baten bat egongo da [barrez].

Zer esan nahi duzu?

Adegiko zuzendaritzan egondako jendea dagoela proiektu horretan. Ez da mugimendu handia. Horrek kezkatuko gintuzke, baina ez da.

Zer moduz Cebekekin? Zure izendapenarekin ados ez zirela esan zuten. Adiskidetu zarete?

Eguneroko harremana daukagu, Adegi eta SEArekin bezala, eta ez dut jaso nire kudeaketarekin gustura ez dauden berririk.

BERRIAn argitaratua (2015/12/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA