astekaria 2018/02/09
arrowItzuli

gizartea

Lanuzteak enpresetan eta amantalak leihoetan

Samara Velte

Lanuzteak enpresetan eta amantalak leihoetan

«Eta planto egiten badugu? Eta egiten dugun guztia egingo ez bagenu?». Lehenbiziko aldiz, nazio mailako grebara deitu du Euskal Herriko mugimendu feministak Martxoaren 8rako. Urte osoan aitorpenik jasotzen ez duten lanak ikusgarri bihurtzea, haiek ez eginez; horixe izango da aurtengo proposamena. Greba feminista bat, emakumeen jarduna enpresa mundutik hasi eta etxeko lanetaraino geldiaraziko duena.

Euskal Herri osoko hainbat auzo eta eskualdetako emakumeak hasi dira jada grebarako batzordeak antolatzen, mugimendu feministarekin, sindikatu nagusiekin eta gobernuz kanpoko erakundeekin lankidetzan; ELA, LAB, Steilas, ESK eta CNT sindikatuek adierazi diote jada babesa. «Muga guztiak gaindituko dituen greba bat» izatea nahi dute antolatzaileek. Horregatik, deialdia ez da soilik enpresetan diharduten emakumeentzat: ofizialki lan gisa aitortzen ez diren etxeko zaintza eta erreprodukzio lanak ere bertan behera uzteko eskatu dute. Alegia: Martxoaren 8an ez garbitzeko etxerik, ez eramateko haurrik eskolara, eta ez zaintzeko adineko pertsonarik. Eta, horren sinbolo gisa, amantal bat zintzilikatzeko leihotik edo balkoitik.

Mugimendu feministak atzo eman zuen deialdiaren xehetasunen berri, Donostiako Tabakaleran egindako agerraldi batean. Azaldu zutenez, mundu mailako deialdia izango da; iazko Martxoaren 8an 70 herrialdetan baino gehiagotan egin zituzten lanuzteak, emakumeek konfrontatu behar izaten dituzten indarkeria mota guztiak salatzeko. Indarkeria horietako bat ekonomikoa dela azaldu dute Amaia Zufia eta Leire Murgialdai mugimendu feministako eledunek: «Sistema honek sexuaren araberako lan banaketa bultzatzen du, eta ezkutatu eta gutxietsi egiten ditu feminizatutako ogibideak eta zaintzarekin lotutakoak». Emakumeek bete ohi dituzten ofizioek prestigio sozial txikiagoa dute, eta baldintza eskasagoetan bizitzera behartzen dituzte maiz: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gizonek baino 7.680 euro gutxiago kobratzen dituzte urtean, eta aldi baterako kontratu eta lanaldi partzial gehienak ere eurek egin ohi dituzte. Hori «indarkeria ekonomikoa» dela salatu dute, emakumeei ekonomikoki burujabe izatea eragozten dielako: «Horrek guztiak gure bizitza pertsonala, soziala eta politikoa eragozten du».

Protestarako deialdiak

Greban parte hartzeko hainbat modu izango dituzte emakumeek. Alde batetik, ikasleei eta enpresetan enplegatuta daudenei launa orduko bi lanuzte egiteko eskatu diete: eguerdian, 11:00etatik 15:00etara, eta arratsaldean, 18:00etatik 22:00etara. Horrez gain, egun horretan ez kontsumitzeko eskatu dute, «batez ere saltoki handietan, haiek baitira lan esplotazioaren eta baliabideen ustiapen basatiaren ikur esanguratsuenetako bat». Merkatuak eta publizitateak emakumeak «sexu objektu gisara» erabiltzen dituztela ekarri dute gogora, «estereotipo sexistak sistematikoki» erreproduzituz.

Mugimendu feministaren kritika, izan ere, enpresa munduko lan baldintzetatik harago doa: «Bizi dugun lan eta gizarte gatazka ez da sekula konponduko ugalketa eremuari so egiten ez badiogu. Emakumeek kalean, etxean, lantokian eta eremu intimoan hartzen duten espazioa berriro moldatu nahi dugu». Ekonomiaren ulerkera bera auzitan jartzeko eskatu dute: «Merkatuari so egin beharrean, pertsonen bizitza eta lurra erdigunean jarriko duen ekonomia bat eraikitzea sustatuko dugu». Gaur egungo eredu ekonomikoa «neoliberala», «arrazista» eta «heteropatriarkala» dela salatu dute, eta horrek emakumeei arlo guztietan egiten diela kalte: lana sexuaren arabera banatzean, migrazio eta gizarte politiketan, sexu joeren eta genero identitatearen aukeretan, bizitza publikoan, baita hezkuntzan ere. «Eskoletan emakumeon ekarpen historikoak alboratzen dira, eta ez dira auzitan jartzen genero rolak».

Katearen begirik ahulena emakume migratzaileena izan ohi da: atzerritarren legeek «hierarkiak» ezartzen eta, nagusiki, emakumezko etorkinak zigortzen dituzte. Haiek egin ohi dituzte ikusgarritasun gutxieneko lanak: besteen etxeetako garbiketa eta zaintzak. Ia erdiak lantokian bizi dira; eta hirutik batek lan kontratu ofizialik gabe jarduten du.

Horregatik, emakume, lesbiana, transexual eta migratzaileei egin diete deia, Martxoaren 8an eguneroko jarduna geldiarazi eta kalera ateratzeko. Emakumeok* Planto! izango da protestetarako leloa —emakume gisa identifikatzeko modu ugari daudela adierazten du izartxoak—, eta hiriburuetan bi mobilizazio nagusi egingo dituzte —aurrerago jakinaraziko dituzte xehetasunak—. Horrez gain, herrietan eta eskualdeetan ere egongo dira ekintzak, tokian tokiko batzordeek adosten dutenaren arabera.

«Bide luze baten abiapuntua» izango da greba, mugimendu feministaren ustez. «Nazioarteko greba bat izango da, ez greba arrunta. Mobilizazioak beste aldarrikapen batzuekin uztartuko dira: gure gorputz, bizipenek, munduan egoteko moduen aniztasunarekin». Interesa duenak Emakumeok* Planto!-ren sare sozialetan topa dezake bere herriko edo eskualdeko greba batzordeei buruzko informazioa.

BERRIAn argitaratua (2018/02/02)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA