astekaria 2018/02/02
arrowItzuli

ekonomia

Ilunpean dagoen laneko arriskua

Lander Muñagorri Garmendia

Ilunpean dagoen laneko arriskua

Beti ahazten den elementua da». Laneko jazarpen eta arrisku psikosozialen gaia aipatu, eta hori izan da Alfonso Rios Euskadiko CCOOko lan osasuneko arduradunak eman duen erantzuna. Lan eremuko hainbat elementuri lotuta sortutako gaixotasun psikologikoak eta jazarpen mota ezberdinak biltzen ditu arrisku psikosozialen taldeak: «Enpresei normalean ahazten zaien eremua». Baina ez horregatik garrantzirik gabekoa. Behar bezalako neurriak hartu ezean, jazarpen sexualak, fisiko zein hitzezkoak, estresa, bazterketa eta bestelako gaixotasun psikologikoak ere sor baitaitezke. Eta hori lan esparruan beharginak izan dezakeen giro eta lan kargarekin lotuta dago.

Baina hori guztia lanetik eratorritako arriskuak izan daitezkeen arren, enpresa askotan ez dira behar bezalako neurriak hartzen arrisku horiek aurreikusteko. Hori da Riosek egiten duen kritika:«Enpresa denetan, arriskuen ebaluazioa egin behar da 1995. urteaz geroztik, eta enpresariak arduratuta egon ohi dira langileek kolpeak edo bestelako arriskuak izan ez ditzaten; baina lan istripuak saihesteko planekin batera, arrisku psikosozialei aurre egiteko neurriak ere ebaluatu behar dituzte enpresetan». Eta hori da askotan betetzen ere ez dena. Beti ahazten den elementua baita, sindikatuko ordezkariaren arabera.

Nafarroako Lan Osasuneko Zerbitzua 2009an hasi zen lurraldeko enpresetan izan ziren jazarpen edo gaixotasun psikosozialak zenbatzen, haien ahanzturarekin ohartuta. Urte hartan, 21 kasu zerrendatu zituzten. Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, berriz, 2012an egin zuen gisa horretako lehen zenbaketa, eta 81 kasu erregistratu zituen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresetan. Azken urteetan erregistro hori berritzeko lanean aritu dira bi erakundeak, eta hazkundea nabarmena izan da. Osalanek, 2016an egindako bilketaren ondoren, jatorri psikosozialeko 317 kasu zenbatu zituen, eta indarkeriazko edo jazarpen fisikoko 1.750 kasu. Nafarroan, berriz, jatorri psikosozialeko 211 kasu zenbatu zituzten 2017an, eta 56 jazarpen fisiko urtarriletik abuztura artean.

Zenbatzeko zailtasuna

Datuen bilketa horretan, desorekak begi bistakoak dira, ez baitira pauta bateratu baten arabera biltzen. Hala ere, argi dago hazkundea egon dela, baina horrek ez du esan nahi lan eremuko arrisku psikosozialek edo jazarpenek gora egin dutenik. Erregistroaren ezaguerak gora egin duen heinean egin dute gora datuek, erakundeek adierazi dutenez. Dena den, Hego Euskal Herrian 2016an erregistratu ziren jatorri psikosozialeko 527 kasuak ez dira, inondik ere, errealitatearen ispilu.

Eta hala onartu du Maite Gomezek, Osalaneko laneko arriskuen prebentzioko teknikariak: «Arazoa gutxi ezagutzen da, eta horrek osasun publikoaren gastua handitzea dakar berekin; izan ere, laneko jatorririk ez duen patologia izanda, Osakidetzari dagokio pertsona horiek artatzea». Kezkatuta hitz egin du, Osasun publikoarentzat gastu handiagoa eta, horretaz aparte, jatorri psikosozialeko gaixotasunak ikertzeko baliabide gutxiago daudelako.

Orain arte egindako zenbaketa horietan, Osalan enpresaz enpresa joan izan da zenbaketa egitera. Lantegi guztietan, laneko prebentziorako planak egin beharra dago, eta horiek martxan jartzeko hainbat arduradun egon daitezke. Enpresariak berak egin dezake lantegian dauden arriskuen inguruko txostena, horretarako prestatuta dagoen langile batek, edo azpikontratatutako bulego batek. «2012an egindako zenbaketan, prebentzio zerbitzu propioa zuten enpresetara joan ginen, eta baita azpikontratatuta lan egiten duten bulegoetara ere». Eta horrela lortu zituzten datuak. Alegia, ez dago datu horiek biltzen dituen erregistro bat.

Nafarroan, berriz, osasun publikotik iristen zaizkie kasu psikosozialen abisu gehienak. Honela azaldu du Iñaki Moreno Nafarroako Lan Osasuneko arduradunak: «Lanetik eratorriak diren gaixotasunen erregistro bat daukagu, horien artean baita jatorri psikosozialekoak ere; medikuak horietako bat antzematen duenean Lan Osasunari ohartarazteko aukera ematen dio». Eta horrela ailegatzen zaizkie datu horiek.

Modu batera zein bestera, begi bistakoa da laneko jazarpen eta jatorri psikosozialeko gaixotasunen erregistroa berezko errealitatetik aparte dagoela. «Sentsibilizazio handiagoa dagoela esan daiteke, baina apur bat gehiago; mobbing-a beti egon baita lan esparruetan, beste izen bat bazuen ere». Riosek, horregatik, uste du iritzi publikoaren arreta bereganatu behar dela. Laneko errealitate ezkutu hau horrela hasiko baita gaiaren inguruan behar bezalako datuak eta ikusgarritasuna jasotzen.

Krisiaren eragina?

Datuek errealitatearen zenbatekoa zehatz-mehatz erakusten ez badute ere, krisiak laneko jazarpen eta gaixotasun psikosozialetan eragina izan duelakoan dago Moreno. «Baina ezin da bien arteko lotura zuzenik egin, erregistroa ez baita zehatza». Edonola ere, krisiaren eraginez lan eremuetako lan baldintzak kaskartu egin dira azken urteetan, eta horrek eragina izan du. «Askotan, laneko jazarpena doako kaleratzeak egiteko baliatu du enpresariak».

Hau da, behargin bat kaleratzearen eraginez ordaindu beharreko saria saihesteko, enpresari askok baldintzak gogortu eta lan jazarpena eginez langilea bere kabuz joatera bideratu dutela, Morenoren ustez. «Esan daiteke jarrera hori nahi baino gehiago orokortu dela krisiaren eraginez».

Ez hori bakarrik. Riosek salatu duenez, egoera ekonomiko zailean zeuden enpresa askotan kaleratze ugari egon dira krisia piztu zenetik. Bada, enpresa batzuei lan karga handitu zaienean, lan horri unean uneko behargin kopuruarekin eutsi diote. «Horren eraginez, egin beharreko lana ahal den moduan egin dute lantegi askotan. Eta hori nola lortzen den? Ordu gehiago lan eginda, eta behar baino azkarrago». Eta, noski, horrek gaixotasun psikosozialak berarekin dakartza.

Horregatik, bildutako datuetan krisiaren eragina begi bistakoa ez baldin bada ere, egoera ekonomikoak berekin ekarri dituen lan baldintzen kaskartzeak eragin zuzena izan du laneko jazarpen eta gaixotasun psikosozialetan. Horietako asko, ordea, ez dira datuetara iritsi, «langileari kosta egiten zaiolako bere egoeraren berri ematea». Morenoren ustez, azkeneko lan erreformak eragina izan du hor ere, kaleratzeak merkatu egin direlako, eta horregatik langile askok beldurra dutelako beharrarekin lotutako jazarpen edo eritasun psikosozialen berri ematea.

Riosek gomendatu du salaketarako bidea hartzea egoera horiei aurre egiteko. «Lan eremuetan antolatu beharra dago; sindikatuen presentzia bermatu behar da». Baina lanean jazarpenik baldin badago, salaketa jartzeko gomendioa egin du. «Hala ere, zaila izaten da salaketa horiek aurrera egitea, jazarpen horren frogak beharrezkoak direlako; horregatik, guregana datorrenari beti esaten diogu jazarpen horren frogak eskuratzeko, bestela akusatuaren hitza salatuaren hitzaren aurka egoten delako». Egoerari aurre egiteko modu bat bada, behintzat.

BERRIAn argitaratua (2018/02/01)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA