astekaria 2018/02/02
arrowItzuli

bizigiro

Energiaren atzean dagoena

Lander Muñagorri Garmendia

Energiaren atzean dagoena

Freskagarriekin batera topatu daitezke edari energetikoak edozein supermerkatutako apalategietan. Argazki hori ez da arrotza Euskal Herriko salmenta postuetan, eta ez da arrotza munduan barrena ere. Edonoren esku daude, eta ez dago mugarik haien salmentarako, nahiz eta halakoen kontsumoa osasunaren kalterako dela dioten ahots ugari egon, badauden. Eta, hain zuzen, ikerketa horien eraginez, Erresuma Batuko hiru supermerkatu nagusietan —Asda, Aldi eta Sainsbury's— edari energetikoen salmenta debekatu egingo diete 16 urtetik beherako gazteei. Alkoholaren salmentarekin bezala, gazteenek ez dute aukerarik izango Burn, Red Bull edo tankerakoak erosteko.

Ekinbide horren atzean Jaime Oliver sukaldari britainiarra dago. Erresuma Batuan sona handia du, eta azken urteetan edari energetikoen aurkako kanpaina ugari abiatu ditu, batez ere haur eta gazteen osasunari sortzen dizkioten kalteak nabarmentzeko. Ekinbide horien artean legoke edari energetikoen salmenta adingabeei galaraztea. Haren arabera, gazteen eskolako errendimenduan eragina baitaukate edari horiek: «11 urtetik beherakoen %12k edari energetikoen litro erdiko latak kontsumitzen ditu, hau da, bi kafe espres eta hamabi koilarakada azukre; edari horien gehiegizko kontsumoa eskoletako errendimendu txikiarekin lotuta dago». Edari estimulatzaileak dira, eta, dioenez, gazteen kontzentratzeko gaitasuna txikitu egiten da horien eraginez. Baina ez hori bakarrik; sukaldariak dio azukre eta kafeina maila handia duten edariak kontsumituz gero aukera handiagoa dagoela gizentasun arazoak, diabetesa eta hortzetako gaixotasunak izateko .

Bi hitzetan esateko, edari energetiko horiek osasunerako kaltegarriak direla frogatutzat ematen du Oliverrek, eta horregatik abiatu du kanpaina hori. Esan daiteke bere helburua lortu duela Erresuma Batuko saltokirik garrantzitsuenetan. Baina neurri hori ez da edari energetikoen aurka hartutako neurri bakarra. 2014. urte hasieraz geroztik, esaterako, Red Bull zerga deritzona baitago indarrean Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Red Bull, Monster, Burn eta antzeko edariek euro bateko zerga ordaintzen dute ekoizten duten litro bakoitzeko. Tabakoari eta alkoholari zergak eta galgak nola, edari energetikoei ezartzen ari zaizkien neurriak ere ildo beretik doaz. Osasunarentzako kaltegarriak izatea zigortzeko modu bat litzateke.

«Erresuma Batukoa neurri egokia dela iruditzen zait», azaldu du Cristina Perez dietistak. «Kontrolatu beharreko edariak direla iruditzen zait, ez baitira osasungarriak; gainera, haurrak babestu beharra daukagu, eta, alde horretatik, neurri interesgarria dela uste dut». Hark ere sumatzen du gazteen artean kontsumoa handitzen ari dela, eta, horregatik, gazteak alkoholetik babesten diren bezala, edari horietatik ere berdin egin beharko litzatekeela dio. Hala ere, debekuen bidea baino, nahiago du publizitate kanpainetan informazio egokia eman dezatela bermatzea. «Edari horien iragarkiak egiteko garaian, ez dauzkaten bereizgarriak saltzen dituzte, eta, alde horretatik, araudi bat egon beharko litzateke; elikagai guztiekin egin beharreko zerbait da, baina bereziki edari horien kasuan egia esan beharra dago». Beste moduren batean eginda iruzur egitea litzatekeela iruditzen baitzaio.

Energiaren atzean dagoena

Edari energetikoko lata bakoitzaren atzean dagoena, finean, azukrea eta kafeina baita. Baina horretaz gain, taurina, karbohidratoak, bitaminak, eta batzuetan landare sendagarriak ere erabiltzen dira, ginseng edo guarana, besteak beste. Nahasketa horren parekoak topatzeko, alderaketak egin daitezke: lau kafe katilukada, edo bi kafe espresok adina kafeina dute. Hau da, lau kola freskagarri lataren pare, eta hamabi azukre koskorren tankerako glukosa kantitatea dute edari energetiko horiek. «Elikadura ikuspegitik edari horiek ez dira beharrezkoak, ez dutelako ezer ematen; areago, ura azukrearekin, kafeinarekin eta gasarekin nahasita besterik ez da. Ez dauka beharrezkoak diren osagaietatik bat bera ere», Perezen arabera. Alegia, kalitate txikiko osagaiak eskaintzen dizkiote edari horiek gorputzari, eta, horregatik, «ahal den gutxiena kontsumituz gero, hobe».

Edari horiek eurekin dakartzaten albo kalteak ere nabarmentzekoak dira. Azukre kantitate handia dauka lata horietako bakoitzak, eta, horregatik, diabetesarekin zuzenean lotzen dute adituek, baita gizentasun arazoekin ere. Baina bihotzeko arazoak ere eragin ditzakeela ondorioztatu du Bonneko Unibertsitateak egindako ikerketa batek. Horren arabera, kafeina eta taurina duten edariek eragin zuzena izan dezakete bihotzeko hutsegiteekin. Osasuntsu zeuden hemezortzi pertsonari erresonantzia magnetikoak egin zizkieten edari energetiko bat kontsumitu baino ordubete lehenago, eta ondoren. Bihotz taupadetan aldea sumatu zuten, eta azkarrago zihoazela ondorioztatu. Horregatik, bihotzeko arazoak dituzten pertsonei ez edateko gomendioa egin zieten.

Alkoholarekin nahasten denean, gainera, aldea nabarmenagoa izan daiteke. «Alkohola gasarekin nahasiz gero, bere eragina handitu egiten da, odolera azkarrago igarotzen delako; eta horrekin batera, kafeinak aztoratu egiten zaitu, alkoholaren eragina indargabetuz». Horregatik, euforia sentsazioa handitu egiten da edari energetikoak alkoholarekin nahasten direnean. Hain zuzen, gazteen artean gero eta gehiagotan ikusten da koktel mota hori, eta, horregatik, kezkatuta hitz egin du Perezek. Bien nahasketak bihotzeko asaldatzeak eragin ditzake, eta takikardia edo arterietako presioa handitu, insomnioa eragin eta gorputzaren koordinazioan zailtasunak eragin. Horregatik, nahasketa hori saihestea gomendatzen dute adituek.

Edari energetikoak bere horretan bakarrik hartuta osasunerako kaltegarriak izan daitezkeen arren, kontsumo arduratsua eginez gero ez da hain arriskutsua. Hala ere, azukre asko duen edaria izanda, «hartu eta berehala sumatzen duzu energia gehiago duzula, baina berehala berriz behera jaisten da. Horren eraginez, gero eta gehiago behar duzu, eta, horregatik, badago jendea egunean asko edaten duena». Kontsumo mota hori bai da kaltegarria. Baina kafeina kantitate hori alkoholarekin nahasiz gero, bere eragina areagotu egiten denez, arriskuak ere beste horrenbeste areagotzen dira.

Kirol ostean hartzeko?

Perezek iragarkietan egia esateko eskaera egin die edari energetikoen konpainiei. Besteak beste, kirol jardueretarako egokiak direla aipatzen da. «Hori esaten dute, baina beste edari batzuk egokiagoak dira; zuku naturalekin egindakoak, esaterako». Dietistaren arabera, onura gutxi daukate edari horiek kirolarientzat.

Baieztapen horrekin bat egin du Manu Zubillaga kirol medikuak: «Kafeina aspalditik erabili da kirolean, bereziki iraupen luzeko jardueretan; badirudi grasaren erabilera hobetu dezakeela, eta neke pertzepzioa gutxitu. Baina baditu hain interesgarriak ez diren eraginak; tartean, bihotz taupaden maiztasuna azkartzea». Azukreari dagokionez, edari isotonikoetan ere erabiltzen dela onartu du, baina ez «halako kontzentrazioetan». Hainbeste azukrek ura xurgatzea galaraz dezake, eta intsulinaren metabolismoan eraginak izan ditzakeela dio, eta errendimendua gutxitu. «Beraz, ez dut uste oso gomendagarriak direnik kirolerako, nahiz eta edari bat baino gehiago, publizitatearen eraginez, kirolarekin lotzen dugun».

Hain zuzen, gorputzak, kirola egin ondoren, ura eta gatz mineralak galtzen ditu. Glukosaren biltegia ere hustu egiten da, eta giharrak bere onera itzultzeko lan egin behar da. Horregatik, kirola egin ondorenerako, gorputzak hiru elementu behar ditu, Zubillagak azaldu duenez: ura, gatz mineralak, karbohidratoak eta neurri batean, proteinak. «Edari horiek ez dute interesik kirol jardueraren ondorengo suspertzean; kirola egin ondoren, ez dauka zentzurik bizkorgarriak erabiltzea». Horregatik, ez du gomendatu kirola egin ondoren halako edariak hartzea, eta edari isotonikoak edatea litzateke alternatiba, haren ustez.

Ekoizpena kontrolatu

Baina iragarkietan egia kontatzeaz gain, bestelako neurriak ere hartu beharko lirateke, Perez eta Zubillagaren ustez. Hain zuzen, hainbeste azukre duten elikagaiak arautu beharko liratekeela uste dute. Hala dio Perezek: «Arau bat beharko luke hori kontrolatzeko, edo, behintzat, erosleari jakinarazi diezaioten zer azukre kantitate daukan». Zubillagak, berriz, ekoizpena bera ikuskatu beharko litzatekeela adierazi du. Neurri horiek akaso bideratuko lukete edari energetiko horien kontsumoa jaistea, baina «jendeak ondo informatuta» egon behar duela azaldu du Perezek.

Bide horretatik aurre egin ahalko zaie edari energetikoek sortzen dituzten albo kalteei, gero eta arruntago bihurtzen ari baitira. Bitartean, ordea, Euskal Herrian berdin-berdin kontsumitu ahalko dituzte gazteek edari horiek.

BERRIAn argitaratua (2018/01/31)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA