astekaria 2015/12/11
arrowItzuli

gizartea

Zirimiria hasi du

Garikoitz Goikoetxea

Zirimiria hasi du Garikoitz Goikoetxea

Nazioarteko eguna izan du euskarak aste honetan. Urteroko ekitaldiak, argazkiak eta adierazpenak izan dira, baina berritasun zantzu batzuk ere agertu dira. Gero eta indar handiagoa ari da hartzen hizkuntza politikan beste pauso batzuk emateko premia. Euskalgintzako eragileak ari dira mezu hori zabaltzen joan deneko denboran, eta badirudi hasia dela alderdietara iristen. Musika behintzat bai. Lehen pausoak dira, asko falta da afinatzeko, baina lehen zirimiri tantak hasi dira lur lehorraren gainean.

Kike Amonarrizek jaso du Anton Abadia saria Gipuzkoako Diputazioaren eskutik. Asteazkenean bertan, saria jaso zuen egunean, harekin egindako elkarrizketa argitaratu zuen BERRIAk. Bidegurutzearen ideia zeraman tituluak: «Lehen pausoa eman dugu: bidegurutzera iritsi garela ohartzea». Sari ematearen osteko hitzaldian, ideia horri heldu zion Markel Olano ahaldun nagusiak. «Nik nahi nuke hori guztiok barneratzea. Nik nire alderdiari eta nire soziologiari begira, batik bat. Denek barneratzea bidegurutze une batean gaudela. Beraz, izan gaitezen horren jabe eta kontsekuente gure jarreretan ere».

Amonarrizen bidetik, Olanok elkarlana eskatu du erakundeen eta euskalgintzaren artean: «Orain arte seguruenez gehiegitan paraleloan joan diren bideak izan dira, eta elkarlana eta adostasuna ezinbestekoa da hor ere; biltzea eta indartzea. Inportantea izango da horren aurretik euskara liskar politikotik ateratzea, eta guztiok egin beharra daukagu esfortzu bat».

Adierazpen esanguratsuak dira, argiak eta alderdi barrura begira egindakoak. Datozen asteetan argitu beharreko kontuak badira jeltzaleen esku dauden erakunde batzuetan. Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean jarraitu edo ez erabaki behar dute Tolosak eta Lekeitiok. Datorren urteko aurrekontuak taxutzeko garaia da, eta hor ikusiko da asmoa: Ueman segitzeko diru sailik jarriko duten edo ez. Lesaka zen dudako hirugarrena, eta joan den astean irten zen: era zabarrean, euskalgintzaren aurkako mezuekin, eta Geroa Bairen isiltasunez.

Tolosakoak pisu berezia dauka. Foru aldundia bultzatzen ari den ildoarentzat kolpe handia litzateke Tolosa Uematik ateratzea. Mikel Irizar Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak egunkari honetan esana da: «Nire proposamena da Uema indartzea, orain arte baino zerbait gehiago izatea». Jeltzaleen esku dauden beste udal batzuek Ueman jarraitzen dute, eta zuzendaritzan ere badira hiru —tartean Zarauzkoa; udal gobernuan dago Imanol Lasa, diputazioko bozeramailea—. Elkarlanerako edo talkarako bidea hasiko den argitzeko ere pisua badu Tolosak: Euskara zinegotzia Jokin Azkue da, Jaurlaritzako Euskara Normalizatzeko zuzendaria.

Udaletatik gora

Uema, herri euskaldunak, azkenean, probaleku ona dira hizkuntza politika ausartagoak martxan jartzeko. Euskararen Eguneko agiriak begiratu besterik ez dago. Zarautzen, adibidez, «ohiko hizkuntza» euskara izatea onartu dute, eta kanpoan ere euskaraz arituko direla —«ele bitan jardun behar dugunean euskarari lehentasuna emango diogu»—. Talde guztien sinadura darama agiriak —tartean daude PSE eta Irabazi—.

Akordio zabalagoak beharko dira, hala ere. Hizkuntza politika berria eskatu du, adibidez, EH Bilduk; «euskararen normalizazioaren manifestua» egitea proposatu du. Lau ardatz aipatu ditu: hizkuntza eskubideak errespetatzea eta egoeraren arabera lan hizkuntza izatea, arnasguneak bultzatzea, kontratuetan hizkuntza irizpideak sartzea, eta ezagutza hedatzea —«doakoa izan dadin urratsak egitea»—. Olanok, bide beretik, «estrategia nazional adostua» eskatu du: «Uste dut euskal klase politikoak hori barneratzen badu bere osotasunean, edo bere nagusitasunean behintzat, Euskal Herriak euskararen normalizazioan oso pauso garrantzitsua emango duela».

Bidea falta da egiteko. Bide handia. Baina tanta batzuk hasi direla bistakoa da. Gutxika. Horiek ez zapuztea da lehen zeregina. Zaparrada handiagoen esperoan.

BERRIAn argitaratua (2015/12/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA