astekaria 2018/02/02
arrowItzuli

kirola

IBON MUGERTZA

«2022ko Paralinpiar Jokoetan pentsatzen jarriko naiz erabat»

Unai Ugartemendia

«2022ko Paralinpiar Jokoetan pentsatzen jarriko naiz erabat»

Snowboardeko ohola eskuan agertu da Ibon Mugertza (Tolosa, Gipuzkoa, 1984), baina itsasora begira jarri da azkar batean. Surfa ere oso gustuko baitu Zarautzen bizi den tolosar honek. Jada hamabi urte dira moto istripu baten ondorioz besoan elbarritasuna duela. Une garratz asko pasatzea tokatu zaion arren, irribarrea oraindik ere ez du galdu. Bizitzak eman dion bigarren aukera ez du alferrik galdu nahi.

Nola gelditu zinen elbarri?

21 urterekin moto istripua izan nuen, Donostian, lagun batekin. Nik kolpea besoan hartu nuen; lagunak, berriz, buruan. Bizi guztirako paralisia edo hemiplegia bat gelditu zait eskuineko besoan. Oso zorte txarra izan genuela pentsatu izan dut askotan; beste askotan, berriz, zein zorte ona izan genuen, bizirik gaudelako. Hala ere, ezin ditut irudi haiek ahaztu: 02:00ak, iluntasuna, lurrean erorita, sakelakoa hogei zentimetrora lurrean eta hura hartzeko gai ez nintzela...

Kirolaria al zinen istripua izan arte?

Bai; gainera, beti nuen buruan kirola serioago hartzea. Hala ere, denbora-pasa zen kirola orduan. Surfa eta snowboarda egin ditut betidanik.

Nolakoak izan ziren istripuaren ondorengo egunak?

Ospitaleratzea hamabost egunekoa izan zen. Izugarrizko minarekin pasatu nituen lehen egunak, eta hiru edo lau aldiz morfina eman behar izan zidaten. Ez zekiten mina nondik zetorren. Besoa hilda balego bezala nuen. Sei egunetan ez zidaten ezer esan; ez zekiten istripuaren larritasuna. Minaren barealdia iritsi zenean, hamabost egunera, lesio larria zela esan zidaten, bizkarrezurretik besoraino doazen nerbioak hautsiak nituela. Donostian ez zegoen lesio horretan aditurik, eta, hilabetera, Bartzelonara bidali ninduten kontsulta batera. Han egindako proba batekin lesioa nolakoa zen esan zidaten: oso lesio larria.

Nola gogoratzen dituzu egun haiek?

Zainketa intentsiboetako unitateko egunak gogoratzen ditut. Hamabost egunera utzi nuen ospitalea, baina lagunak bost hilabete pasatu zituen. Ia egunero joaten nintzaion bisitan. Oso oroitzapen arraroak ziren, gogorrak, baina onak ere bai. Oso une politak bizi izan genituen, aurrerapen txikiena ere aurrerapen handia zelako.

Istripua izan eta gutxira, surfean probaren bat egin zenuen.

Bai. Uda zen. Istriputik hiru hilabetera, laguna bisitatu nuen Arrasaten. Izugarrizko tristurarekin itzuli nintzen. Etxera joan, eta bainu bat hartzeko asmoz jaitsi nintzen hondartzara. Bidean, lagun bat ikusi nuen surfeko oholarekin uretatik irteten. Ikusi orduko, bota nion: «Utziko al didazu probatzen?». Hark, ondotik: «Ziur zaude?». Baietz erantzun nion. Taula hartu, uretara sartu, eta lehenengoan zutik jarri nintzen. Sekulakoa izan zen ! Hurrengo egunean ohol berri bat erosi nuen [barreak]. Berdin zitzaidan berriro noiz hasiko nintzen, baina argi nuen berriro ere gai izango nintzela surfean aritzeko.

Hainbeste denbora geldirik egon eta gero, gogorra izango da berriro ere itzultzea.

Istripua 2005eko maiatzean izan nuen, eta urtebete pasatu nuen ia geldirik. Neguan prestatzen hasi nintzen, 2006ko udan berriro ere surfean aritzeko. Ebakuntza egin zidan medikuak baimena eman zidan berriro ere surfean aritzeko, baita errehabilitazioan ondoan izan nituen profesional guztiek ere. Harritu ninduten. Gauza bitxia izan zen: profesional denek baietz, hasteko esaten zidaten; ingurukoek, berriz, erokeriarik ez egiteko, min hartuko nuela. Lehenengoei egin nien kasu, kirola egiteak burua asko lasaitzen baitzidan. Hurrengo urtean mendian korrika egiten ere hasi nintzen nire kasara, baita mendiko bizikletarekin ere.

Geldirik zinela, Patxi Usobiaga ezagutu zenuen. Nola?

Bere lesioengatik eskalada utzita egon zen lehen urtean, surfa egiten hasi zen. Uretan ezagutu genuen elkar. Oso adiskidetasun polita sortu zen. Berarentzat, oso aberasgarria zen ni, nengoen egoeran, surfean ikustea. Eta niretzat berriz, izugarria zen munduko txapeldun izandako eskalatzaile bat surfean ikustea. Biok antzeko egoeran geunden, eta elkarrekin denbora asko pasatzen hasi ginen. Eskalatzera eramaten ninduen, nahiz eta berak ezin zuen eskalatu. Gezurra badirudi ere, istripua izan aurretik baino hobeto eskalatzen hasi nintzen. Eskaladako teknika ikasi behar izan nuen, nituen gabeziengatik.

Eta snowboardean hastea, nola izan zen?

Istripua izan eta hiru urtera hasi nintzen. Bartzelonako medikua ere eskiatzailea zen, eta hark asko animatu ninduen probatzera. Gainera, behin, telebista ikusten ari nintzela, 2010eko Vancouverko Paralinpiar Jokoetan [Kanada] jada snowboarda sartu zutela ikusi nuen, programa ofizialean ez bazen ere. Pentsatu nuen: «Eta nik zergatik ez?». Gainera, Formigaleko eski estazioan ez nuen forfait-ik ordaindu behar, %54ko elbarritasuna onartu zidatelako.

Oso ezberdina al da besoa erabili ezinik snowboardean aritzea?

Ohola berdina da, baina besoen lana erabat aldatu zait: ez dut indarrik giharrean, ez mugikortasunik, ondo babestuta eta lotuta eraman behar dut... Askoz ere teknikoagoa izatea eskatzen du.

Noiz erabaki zenuen lehiatzen hastea?

2014ko Sotxiko [Errusia] Olinpiar Jokoetan. Beti gustatu izan zait lehiaketetako giroa. Haiek ikusi eta gero, hor egon nintekeela pentsatzen hasi nintzen. Aitor Puertas eta Urko Egea euskaldunak han izan ziren. Inbidia sanoa sentitzen nuen haiek telebistatik ikustean.

Baina nork deitu zizun Espainiako selekziorako?

Karanbola antzeko bat izan zen. Astrid Fina ezagutu nuen Patxi Usobiagaren bidez. Fina, ordurako, Espainiako selekzioan zegoen, eta Sochiko Paralinpiar Jokoetan ere parte hartu zuen. Hanka bat falta du. Harremanetan jarri ginen, eta azkar batean galdetu zidan, surf egiten banuen, zergatik ez nuen snowboarda ere egiten. Asko animatu ninduen Espainiako hautatzailearekin, Albert Mallorekin, hitz egitera. Mallolek, nire sare sozialetako soslaiak ikusi eta gero, esan zidan ez zuela gehiago ikusi beharrik. Probak egitera gonbidatu ninduen Baqueirara [Lleida, Herrialde Katalanak], eta emandako datu fisikoekin oso gustura gelditu ziren.

Nolako taldea da Espainiako selekzioa?

Selekzioaren barruan hiru maila daude. A mailan bi kirolari daude, eta dena ordaindua dute: estazioetako entrenamenduak, arropa, bidaiak... Diru laguntzak ere jasotzen dituzte. Ni, berriz, B mailan nago, andaluziar batekin batera. Teknifikazioa eta lau kontzentraziotako zerbitzuak ordaintzen dizkigute.

Espainiako selekzioko B mailan zaude. Zer behar da mailaz igotzeko?

Urte osoko rankingean goian amaitzea. Urteko proba ezberdinetako emaitzak batu eta sailkapen orokor bat osatzen da. Espainiako hautatzaileek horren arabera jokatzen dute.

Denak joaten al zarete lehiaketetara?

Bai. Hala ere, kategoria ezberdinetan lehiatzen gara: bi tetraplegikoak dira, beste bik hanka bat falta dute, eta gero ni nago. Bostok ibiltzen gara lehiaketetan.

Gogoratzen al zara lehen lehiaketaz?

Bai, iaz izan zen, Herbehereetan, Landgraffeko pista estaliko proban. Oso oroitzapen polita dut egun haietaz. Oso sentsazio politak bizi izan nituen. Jende asko atera ginen lehiara, denera 84 kirolari. Nire mailan, bederatzi kirolari zeuden nire lesio berarekin. Pentsa, Euskal Herrian bi pertsona besterik ez ditut ezagutu nire elbarritasun berarekin.

Aberasgarria behar du zure lesio bera dutenekin esperientziak partekatzeak.

Bai, latza da. Hitz egiten hasi nintzen, eta konturatu asko ginela ezbeharraren ondorioz lehian genbiltzanok. Denok zerbait larria pasatu genuela pentsatzen nuen, baina denek aurrera egiteko gaitasuna izan genuela ere bai.

Askotan lehia bigarren mailara pasatuko da horrelakoetan, ez?

Bai, hori oso argi daukat. Ni berria naiz honetan, eta gauza asko galdetzen nizkien. Ez zitzaizkidan kirolari buruzko gauzak asko interesatzen, baina bizitzako gauzak bai. Lagun asko egin ditut bide motz honetan, italiarrak, finlandiarrak, kanadiarrak...

Emaitzak onak izan al ziren lehen lehiaketan?

Lehen egunean hamabigarren postuan amaitu nuen. Emaitza horrek hurrengo eguneko Munduko Kopako probara joateko aukera eman zidan. Hamaikagarren postuan amaitu nuen. Hirugarren egunekoa ere Munduko Kopakoa zen, eta hamargarren amaitu nuen. Oso pozik itzuli nintzen.

Lehen lehiaketa, postu bikainak… Dena ondo atera zen.

Dena ez, arazo txiki bat izan nuen. Furgonetan etxera nentorrela, eskua ukitu nuen, eta konturatu nintzen bustita zegoela eta azala zuritzen hasia zela. Oso itxura txarra zuen azalak, erredura baten antzekoa. Ospitalera joan, eta lehen azala kendu behar izan zidaten. Izugarrizko atsekabea sartu zitzaidan. Besoa oso ondo zaintzen dut, eta horrelako arazo batek bi hilabeteko geldialdia ekarri zidan. 2016ko azaroan izan zen. Martxoan Esloveniara, Europako Txapelketara, joateko txartela erosi nuen. Azken unean, ordea, ez zen jokatu, jende gutxi zegoelako. Lehiatu ezinik geratu nintzen. Ez nuen punturik bildu, eta, gainera, 600 euro gastatu nituen. Denboraldia amaitutzat eman nuen orduan. Eskerrak, behintzat, Espainiako Txapelketa irabazi nuen eslalomean, eta hirugarren egin nuen erraldoiean.

Aurtengo denboraldiari nola ekin zenion?

Denboraldi-aurrean Italiara joaten naiz, Alpeetara, 15 egunetarako. Ez da denbora asko, kontuan hartuta aurkariek hilabete eta erdi pasatzen dutela. Lan fisikoa ere egiten dut: gimnasioa, korrika, gerria indartzea... Ezinbesteko lana izaten da niretzat.

Zein ziren asmoak?

Hautatzailearekin hitz egin ondoren, martxoan Pyeongchangeko [Hego Korea] Paralinpiar Jokoetan egotea zen helburua. Horretarako, rankingean goiko postuetan egon behar nuen. Ahalik eta txapelketa gehiena jokatu behar nituen. Herbehereetan, Finlandian eta Kanadan parte hartzea erabaki nuen. Lehen zortzien artean bukatu behar nuen Espainiarekin joateko edo, bestela, podiumen bat lortu. Banekien zaila izango zela, baina aukera ikusten nuen. Azkenean, ez da uste bezain ondo atera.

Ez zara sailkatu Paralinpiar Jokoetarako.

Ez. Herbehereetan iazko postu berak lortu nituen, 10-12 artean. Finlandian zazpi egun pasatu nahi nituen entrenatzen, lehiatzen hasi aurretik. Laugarren egunean, entrenatzen ari nintzela, erori egin nintzen eta istripu larri bat izan nuen. Konortea ere galdu nuen. Zuzenean logelara eraman ninduten, eta hurrengo egunean ez nengoen batere ondo. Lehiaketan 11. eta 16. postuak lortu nituen. Kanadara ez joatea erabaki dut, badakidalako jada sailkatzea ezinezkoa dela eta diru asko gastatu behar dela hara joaten.

Txapelketetara joateko, zure poltsikotik jarri behar izaten al duzu diru guztia?

Bai. Pentsa, bidaiak, hotelak, mantenua... Kanpora ateratzen naizenean, 2.000 euroko gastua izaten dut gutxi gorabehera. Espainiako selekzioak Baqueirako forfait-ak eta han egiten ditugun egonaldiak bakarrik ordaintzen dizkit.

Snowboarder paralinpiarren artean asko al dira hortatik bizi direnak?

Nik uste baino gehiago. Japoniarrak, argentinarrak eta, batez ere, estatubatuarrak.

Lehiaketak eta txapelketak alde batera utzita, 12 urte eta gero, hobekuntzarik nabaritu al duzu besoan?

Ebakuntza egin nuenean, medikuek argi esan zidaten hobekuntza hiru edo lau urtean bakarrik izango nuela, gero ezetza. Halaxe izan zen. Hala ere, iaz hobekuntza handia izan nuela esan zidaten medikuek. Oso arraroa dela esan didate, baina albiste ederra izan da niretzat.

Zein izango dira zure helburuak aurrerantzean?

2022an Pekinen jokatuko diren Paralinpiar Jokoetan pentsatzen jarriko naiz, buru-belarri. Oraindik nahiko gaztea naiz, eta saiatu nahi nuke.

BERRIAn argitaratua (2018/01/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA