astekaria 2018/02/02
arrowItzuli

kirola

Arraun orroa, lanbropean argi

Aitor Manterola

Arraun orroa, lanbropean argi

Bi mila eta hemezortzigarren urtean, urtarrilaren hogeita zortzigarren egunean, Orioko herria erabat estaltzen duen behelaino itsuaren aurrean, trainerua azaldu da bederatziak eta erdi aldean. Horia da, eta emakumezkoak ari dira arraunean, Xanti Zabaleta entrenatzailea motordun ontzian doan bitartean.

Piraten itsasontzi bat behelaino artetik ezustean bezala azaldu da, Orioko arraun egoitzaren parera. Zabaleta pantalan aldera gerturatu da, eta Garazi Oliden arraunlaria sartu da traineruan. Hotz egiten du, eta arraunlariak ondo berotu dira. Berriz ere abiatu da ontzia, eguneko lanaren zatirik mardulena egitera, eta ez da behelainotik aterako metro luze batzuk egin artean.

Bien bitartean, gizonezkoen bi taldeetako arraunlariak gimnasiora igo dira, eta, bertan, Jon Salsamendik azalpen batzuk eman dizkie. Gorputza martxan jartzeko ariketa batzuk egin dituzte, eta han ondoan, ergometroetan, emakumezko arraunlariak ari dira jo eta su: lehen txandan trainerutik kanpo geratutakoak, hain justu.

Gizonezkoak egoitzaren atzekaldetik atera dira, goiko partetik, eta korrika saioari ekin diote. «Gustatzen zaio Joni [Salsamendi] korrikako lasterraldiak egitea uretara joan aurretik, eta gaur egin ditugu erritmo aldaketak aurreneko aldiz», kontatuko du gero Josu Indo arraunlariak. Hamabost bat minutuan lasai antzean ibili dira, berotze aldera, eta gero hasi da zalaparta, hiru ordu-laurdeneko lana osatu arte, Salsamendi eta Borja Mena laguntzaileetako bat bizikletan zaintzaile lanetan dabiltzan bitartean. «Neuk ere korrika egiten dut, baina gaur ez zait tokatzen», eman du azalpena Salsamendik.

Korrikalari arraunlariak leher eginda heldu dira. Entrenamendura azaldu direnetik ordubete igaro da, goizeko hamarrak baitira. Bi ordu lehenagotik klubean ziren Salsamendi eta Mena, uretako lanerako material guztia prestatzen. «Gustatzen zait dena prest izatea uretara joaterako, denborarik ez galtzeko eta arraunlariak ez hozteko, ez gorputzez, ez buruz», esan du Orioko entrenatzaileak.

Bota dituzte uretara bi traineru, eta lanerako gertu jarri dira. Justu orduan azaldu da behelaino artetik emakumezkoen taldea. Gimnasioan zeudenak ontzian sartu, eta beste horrenbeste arraunlari lehorreko lana egitera abiatu dira. Haietako bat da Edurne Moreno, eta neguko lana nolakoa izaten den kontatu du: «Ordu pila bat pasatzen dugu gimnasioan, pisua altxatzen, ergometroan, abdominalak lantzen... Astea gogorra eta luzea izaten da, eta asteburuetan uretako lana egiten dugu». Gustura dator traineruan ibili eta gero: «Ariketa ezberdinak egiten ditugu, eta pozik joaten gara». Honela deskribatu du negu garaiko lan hau, uda iritsi artekoa: «Segi, segi eta segi egin behar da, ez dago besterik hemen». Badoa urtarrila, eta otsaila hilabete erakargarria izaten dela dio: «Datorren larunbatean Hondarribiko traineru jaitsiera dago, eta igandean Sestaokoa. Hilaren hamazazpian, berriz, etxeko jaitsiera izango dugu. Konturatzerako martxoan gara, udaberria helduko da, eta segituan gara udan», esan du baikortasun handiz, irribarrea ezpainetan duela.

Zabaletak alaitasun pixka bat eman nahi izan die arraunlariei entrenamenduaren aurretik, hizketaldi eraikitzaile baten bidez; hain zuzen, entrenatzaileak berak lehenago esandakoak dira Morenok baikortasunez bota dituen hitzak. «Ondo ari gara lanean, eta lan polita egiten ari zarete», esan die Zabaletak lehenxeago. «Talde handia dugu kopuruz, eta itxura ona dauka traineruak», esan du Morenok, gimnasiora igo aurretik.

«Piperrik ere ez zabiltzate»

Gizonezkoen bi taldeak uretan dira, eta, herriko zubira heldu aurretik, Salsamendik ondo garbi utzi die lanaren helburua: «Ez dut bi traineruen arteko lehiarik ikusi nahi. Orain arteko lana garatzea baino ez dut nahi». Beroketa lanarekin hasi dira ibaian barrena, hainbat ariketarekin; tartean, baita lan berezi hauek ere: esku batekin arraunean, txandaka. «Bizigarriak dira horrelako ariketak, berriak, eta ondo etortzen dira», esan du Indok gero, lan saioa bukatu eta segituan.

Itsasoan amaitu dute beroketa, eta eguzkitsu dago orain. Zeru eta itsaso urdinaren azpian, bi traineru horiak erritmo aldaketak egiten dabiltza. Baina ez oso bizi, gehienez hogeita zortzi arraun kolpe minutuko. «Kontrola, arnasa eta elastiko», gogorarazten die Salsamendik behin eta berriz arraunlariei: «Formak ondo egitea da garrantzitsuena. Garbi izan ezazue bi traineruak zabiltzatela mantso garai honetan, bietako bat ere ez dabil piperrik ere; beraz, ez zoratu».

Brankaz eta poparean ibili eta gero, Moilaberri aldera sartu dira bi traineruak, eta han arraunlari bat atera da, eta beste bat sartu. Salsamendik Gorka Aranberri eta Endika Alberdi patroiak ere aldatu ditu traineruz. Berriz itsasoan dira bi ontzi horiak, eta arraunlariak olatuak trabeska jotzen dituztela ari dira orain lanean. Izerdi patsetan daude denak. Erritmo aldaketak, lanaren iraupena... ia ordu eta erdi arraunean egin eta gero, lehorrera bueltatzeko tenorea da. Azkeneko erritmo aldaketak eraman ditu ontziak arraun elkartera, eta hantxe bukatu dituzte lanak. «Dutxara joan aurretik, luzatu giharrak», gogorarazi die Salsamendik.

Traineruak garbitu mangerarekin, eta klubean desagertu dira arraunlariak, Indo izan ezik: «Lan zikina da negukoa, baina udan ondo ibiltzeko, iaz ikusi genuen zein den bide zuzena».

Bideoa: Orioren neguko entrenamendua (Julen Aperribai, BerriaTB).

BERRIAn argitaratua (2018/01/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA