astekaria 2018/02/02
arrowItzuli

mundua

ENOCH ALBERTI

«Legedia aipatzen dutenek gero horri muzin egiten diote»

Igor Susaeta

«Legedia aipatzen dutenek gero horri muzin egiten diote»

«Nahiago dut herrialde aspergarri batean bizi», erantzun du Enoch Alberti zuzenbide konstituzionalean katedradunak (Vilafranca del Penedes, Katalunia, 1958), Katalunia une interesgarri bat bizitzen ari dela galdetutakoan. Konbentzituta dago herrialdea jasaten ari den blokeo instituzionalari irtenbidea emateko modua erreferendum bat egitea dela. Baina ez du gauza bat ulertzen. «Beste aldeak ez du nahi, eta, gainera, ez dago emaitza onartzeko prest. Herritarrek haien iritzia adieraztea ere ez dute nahi!». Prozesu subiranista bideratzeko asmoz Generalitateak bultzatutako Trantsizio Nazionalerako Kontseiluko kidea izan zen 2013tik 2015era. Balizko egoerak aurreikustea zen organoaren egitekoa. «Oraingoa ez genuen aurreikusi». Ez daki gaur zer gertatuko den. «Ezerk ez nau harrituko». Irakaslea da Bartzelonako Unibertsitatean.

Auzitegi Konstituzionalak ez du tramiterako onartu Carles Puigdemonten presidentetzarako hautagaitzaren kontra Espainiako Gobernuak jarritako helegitea, baina ez du bertan behera utzi. Horren ordez, kautelazko neurriak hartu ditu. Juridikoki nola azaldu daiteke?

Auzitegia, zuzenean, politika egiten hasi da. Neurri erabat ezin sinetsizkoak dira, oso estrainioak. Izan ere, hasteko, ez dago aurreikusita auzitegiak kautelazko neurriak hartzea, ez bada eskubideen babeserako prozeduretan. Bestetik, eskatu zaio tramiterako onartzea ala ez onartzea, eta ez du ez gauza bat ez bestea egin. Baina berez ez dago erdibiderik: onartu ala ez. Legeak ez dio ahalbidetzen kautelazko neurriak hartzea. Gerta liteke neurri horiek hartzea baldin eta errekurtsoa jarri duenak horiek eskatzen baditu, baina gobernuak ez du eskatu. Bere lege organikoak berak ezartzen duenetik kanpo kokatu da auzitegia.

Diozunez, legeak ez ditu kautelazko neurri horiek ahalbidetzen. JxC Junts Per Catalunyak dio «lege iruzurra» gertatu dela.

Lege iruzurra da, teknikoki, legea erabiltzen denean helburu ilegitimo bat lortzeko. Zuzenbidearen gehiegikeria kasu bat da hau, zuzenbidea modu guztiz sasikoan erabili baita. Hori dakar Kataluniako gatazka ebazpenekin eta helegiteekin konpondu nahi izateak. Bide hori ez da arrakastatsua izaten ari... Kontrakoa!

Aurrekari arriskutsuak ezartzen ari da, eta instituzioekiko sinesgarritasun gabezia areagotzen.

Hori da. Kataluniako gatazkatik harago doa, eta zuzenbide estatua bera hondatzen ari da, estatuko instituzioak modu oso larrian behartzen ari delako; kasurako, Auzitegi Konstituzionala. Aurrean eraman du.

Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak erakusten du estatuak guztiz bat eginda jokatzen duela Kataluniako aferan?

Estatua hots bakarrez jokatzen ari da, politika molde bera egiten ari dira instituzio guztiak. Gobernua, 155.a aplikatu duen moduan aplikatzen. Legebiltzarra, hori baimentzen... Eta Gorena, Auzitegi Gorena eta Konstituzionala ezinezko mugetaraino ari dira zuzenbidea behartzen. Delitu oso larriengatik ari dira jazartzen, baina jokaerek ez dute zerikusirik delitu horiekin. Non dago biolentzia matxinada delitua justifikatzeko?

Botere judiziala botere legegilea inbaditzen ari da, Kataluniako Parlamentuari badaezpadako neurri batzuk ezarriz.

Parlamentuari dagokion rola jokatzen ari da. Pablo Llarenak [Goreneko epaileak] esaten duenean nola interpretatu behar den botoaren delegazioa, interpretatzen ari da parlamentuko arautegia, eta horrek, zuzenean, autonomia parlamentarioaren kontra egiten du. Epaileak aurretiaz parlamentuari esatea nola jokatu behar duen, guztiz harrigarria da.

Puigdemontek ordezkari politikoa izateko duen eskubideak eta haren kontrako atxilotze aginduak talka egiten dute. Nola eman irtenbidea horri?

Gobernuak nahi du Puigdemontek bere burua entregatzea. Puigdemont, bestetik, ez dago ordezkari politikoa izateko inhabilitatuta, eta bere eskubideak babestu nahi ditu. Beraz, bi auzi horiek bateratzea ezinezkoa da. Aspalditik ari naiz esaten: zuzenbideak ezin ditu gisa honetako egoerak konpondu. Horretarako dago politika, elkarrizketa.

Roger Torrent parlamentuko presidenteak zirt edo zart egin beharko du.

Auzitegi Konstituzionalak eman dizkion aginduak desobeditu ditzake, eta kasu horretan zigor prozedurei aurre egin beharko lieke; Carme Forcadellek bezala, adibidez, baina kasu honetan askoz ere eztabaidagarriagoak izango lirateke. Hala gertatuko balitz, Konstituzionalaren aginduaren legitimitatea eztabaidatuko litzateke. Eta hori oso garrantzitsua da legebiltzarren osasunerako, haien bortxaezintasuna dagoelako jokoan.

Puigdemontentzako immunitate parlamentarioa eskatzekotan da JxC, baina Espainiako Fiskaltzak dio immunitateak ez duela «inpunitatea» esan nahi.

Aukera bat da immunitatea. Eta zer argudio eman ditu bada fiskaltzak? Kataluniako Estatutuak dio, Konstituzioarekin bat eginez, delitu agerikorik ezean diputatu batek ezin duela atxilotua izan.

Dena den, bada jurisprudentziarik halako kasu baterako. Juan Carlos Ioldi parlamentaria kartzelatik atera zuten 1987ko otsailean, eta inbestidura saiora joan ahal izan zuen, Jaurlaritzarako lehendakarigaia zelako.

Harrigarria da, pertsona hari leporatzen zitzaiolako ETAko kidea izatea. Kasu honetan, ez kondenatuta, ezta prozesatuta ere ez dagoen pertsona bati ez diote uzten inbestidura saiora joaten.

Madrilek Konstituzionalera eraman zuen Kataluniako Parlamentuak arautegian egindako aldaketa legeak irakurketa bakarrean onartzeko. Konstituzionalak ebatzi zuen, azkenean, hura ez zela inkonstituzionala.

Bai, eta aldaketa egin zutenean han eta hemen esan zen diputatuen eskubide parlamentarioak urratu zirela. Azkenean, baina, ontzat eman zuen Konstituzionalak.

Col.lectiu Praga erabakitzeko eskubidea defendatzen duen abokatuen kolektiboko kidea zara. Kataluniako prozesu subiranistaren harira auzipetuta daudenen kasuak Europako Giza Eskubideen Auzitegira eramatea pentsatzen ari zarete.

Ikusiko dugu... Geure kolektiboan zuzenbide estatuan sinesten dugu, konstituzioan. Gertatzen dena da konstituzioa modu guztiz sasikoan erabiltzen ari dela. Konstituzioa ez da botereak herritarrei aurre egiteko duen tresna bat. Konstituzioa da herritarren eskubideak boterearen aurrean. Konstituzioaren ikuspegi hori eduki beharko litzateke, ez kontrakoa. Eta kontrako hori nagusitzen ari da hemen. Konstituzioaren ikuspegi murriztaile bat gailendu da, eta hori ezin txarragoa da. Sektore batek bere egin du konstituzioa eta erabiltzen ari da kataluniar gehienen aurka. Konstituzioa eskubideak dira. Legedia aipatzen dutenek gero horri muzin egiten diote.

BERRIAn argitaratua (2018/01/29)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA