astekaria 2018/02/02
arrowItzuli

bizigiro

IñAKI MUJIKA

«Entzuleak jakin behar du fidagarria dela ematen ari zaren informazioa »

Jon Ander De la Hoz

«Entzuleak jakin behar du fidagarria dela ematen ari zaren informazioa »

Azkenaldian lan karga arinduta dabil Iñaki Mujika (Irun, Gipuzkoa, 1952) kazetaria. Egunerokotasunaren soka etenda, astearteroko ordubeteko elkarrizketak egiten eta Realaren partidak kontatzen aritzen da egun. Denbora libre gehiago du orain, eta Hondarribitik Getariara joan da, elkarrizketa egiteko: «Hitz egiten ari denaren aurpegia ikustea gustatzen zait. Gertuko erlazioak atsegin ditut».

Filosofia eta Letretako ikasketak egin zenituen Madrilen, eta irakasle ere izan zara.

Bai, Madrilen eta hemen. Ni letretakoa naiz. Bizitzan behin kopiatu dut azterketa batean, 14 urterekin. Fisikakoa zen; gorroto nuen ikasgai hura. Kimikan eta matematikan moldatzen nintzen, baina fisikarekin ezin nuen. Oso argi nuen letrak zirela nirea; gainera, irakasle oso onak izan nituen. Entrenatzaile onek bezala, irakasle onek ere bidea markatzen dute.

Nola izan zen kazetaritzarako jauzia?

Eskubaloiko Bidasoak du guztiaren errua. Deia egunkariak Irunen berriemailea jarri zuen, eta proposatu egin zidaten. Eskolak ematen nituen, eta, gero, korrespontsaliaz arduratzen nintzen. Eskubaloiko kronikak ere egiten nituen tartean. Bidasoa goraka hasi zen, eta, orduan, Radio Popularretik deitu ninduen Tito Irazustak, bere programan eskubaloiaz aritzeko. Horrela, egun batean ohartu nintzen ezin nuela guztia uztartu, eta kazetaritza hautatu nuen.

Hainbeste urtetan asko aldatu da lan egiteko modua?

Bai, arlo teknologikoa bereziki. Sakelakorik eta ordenagailurik ez zegoenean lan egindakoa naiz. Garai hartan, telefonoz diktatzen genuen, edo mezulari batek eramaten zituen gutun azalak. Behin, Santanderren [Espainia] Bidasoaren partida bat kontatu nuen, grabagailu batekin. Kantxan nengoen, eta magnetofono batekin grabatu nuen kontakizuna. Gero, korrika joan nintzen inguruko taberna batera, irratira telefonoz deitu eta zuzeneko faltsu bat egiteko. Garai hartan ez zegoen beste modurik.

Zuzenekoak egiten esperientzia handia duzu. Zein da zuzeneko ona egiteko gakoa?

Lehendabizi, zuzenekoak egitea gustatzea, eta horri beldurrik ez izatea. Ni zuzenekoan makina bat naiz, ez baitut ezer grabatzen. Zuzenean aritzeak kontzentrazio maila handia eskatzen du; bizirik egotea eskatzen du. Gero, zugan sinestea ezinbestekoa da, eta baita ikusten ari zaren hori zure emozioen bidez entzuleari transmititzea ere.

Zuzenekoetan publizitatea partidako gertakariekin nahastuta sartzeko ohitura duzu. Nola egiten duzu?

Egoeraren arabera. Partida 2-0 baldin badoa, publizitatea tragoan sartzen da, ur minerala bezala. Aldiz, partida eskasa bada, eta umoreko ez bazaude, zailagoa da, eta jakin egin behar da sartzen. Esperientziak ematen du hori. Egokitu zaidan publizitaterik bitxiena koloneko hidroterapiarena izan da. Kanula bat sartzen zen uzkitik, eta urak barruak garbitzen zizkizun. Azaldu ezazu hori irratian, bazkalorduko partida baten kontaketan.

Zure elkarrizketetan asko lantzen duzu kirolarien giza alderdia. Zer garrantzi du?

Erabatekoa. Ez dut kirola ulertzen hori gabe. Lehendabizi, pertsonak dira, eta, gero, kirolariak. Ahalegindu naiz bakoitza ahalik eta gehiena ezagutzen, konfiantza giroa sortzen. Nik guztia zor diet kirolariei. Urteotan egin dudan guztia haiengatik eta haientzat izan da. Kirolariek asko maitatu izan nautela sentitu dut, eta uste dut betebehar bat dela norbanakoari errespetua izatea. Ikusi dut arraunlari bat Olinpiar Jokoetara joan ahal izateko proba bat prestatzen lau urtez, eta ehunenekoengatik kanpoan geratzen.

Orioko Imanol Garmendiaz ari zara?

Bai, huraxe. Kanpoan geratu eta biharamunean deitu egin nion: «Badakit kanpoan geratu zarela, baina jarrai ezazu zure bidean». Haiek euren bidearen zati egiten bazaituzte, zuk haiei elkartasuna adierazi behar diezu. Oinarrizkoa da hori, eta ez dut bestela pentsatzen. Ez dut esan nahi hori egiteagatik ezberdina naizenik, baina nire bidetik joan naizela, bai.

Egunerokoan kirolariekin harremana izateak psikologo lanak egitera behartu zaitu?

Entzutea da gakoa. Orokorrean, ez da asko entzuten. Kafe bat hartu, eta hitz egiten dugu. Agian, taldekideei eta entrenatzaileari kontatu ezin dizkieten gauzak kontatzen dizkizute. Irabazten ari direnean, guztiok egoten gara kirolarien ondoan, baina beharra dutenean oso jende gutxi egoten da haien alboan. Hor, gainera, hobeto ezagutzen duzu pertsona.

Kepa Arrizabalaga atezainaren kasua entzutetsua izan da. Zenbait hedabidetan atera da Real Madrilera zihoala, baina Athleticen geratu da. Batzuetan, arinkeriaz idazten da kirol kazetaritzan?

Badago primizia ematera jokatu nahi duen jendea, eta gero esan: «publikatu genuen moduan...». Ni eskola zaharrekoa naiz, oso segurola. Jakin izan ditut albisteak erabat itxita zeudenak, eta itxaron egin dut. Behin gertatu zitzaidan Vicente Biurrunekin, Athleticen zegoela. Lazkaoko [Gipuzkoa] elkarte batean afaltzen ari ginela, hala esan zidan gaueko hamabiak aldera: «Atletico Madrilera noa, itxita dago guztia. Bihar egingo dugu ofizial». Hurrengo egun guztia zain egon nintzen, noiz egingo ofizial, eta ezertxo ere ez. Vicenteri deitu nion, zer gertatu zen jakiteko: «Athletic ez dago ni joatearekin konbentzituta, eta ez noa». Nik Vicente Biurrun Atletico Madrilera doala esateko trakeskeria egin izan banu, gaileta eginda jan beharko nukeen informazioa. Entzuleak jakin behar du fidagarria dela ematen ari zaren informazioa.

Kirolzalea eta kazetaria izanda, nola eusten diozu bien arteko orekari?

Zaila da. Behin, Joxe Mari Bakero eta Txiki Begiristain Realetik Bartzelonara joan zirenean, afaritara joan ginen hango portu olinpiarrera. Gure ofizioaren gaia atera zen, eta Txikik hala esan zidan: «Iñaki, zu hemen hil egingo zinateke». 5.000 kazetari dabiltza jiran, bi zatitan banatuta; senatua, kazetari zaharrena, eta gazteak, abiadura ikaragarrian dabiltzanak. Ofizioaren arazoagatik da hori: diru askorik ez dago, ilusio handia duten kazetari gazteen overbooking-a dago, eta horrek ikusgarritasun bila aritzera bultzatzen ditu. Bestela, nola egonkortu? Egunerokotasuna hor dago: garbi jokatzea eta lana. Niri balio izan dit, eta saiatzen naiz besteei ere balio diezaien. Ni kirolariengatik oso gertu nabil, eta ezin duzu ibili jokalari honek kalera eta beste hark ere kalera joan behar duela esanaz. Ez naiz horretan aritu.

Zer diozu kirol batetik bestera dagoen jauzi ekonomikoaz?

Asko hazi dela. Lehen, saskibaloia futbolarekin lehiatzen saiatzen zen, eta eskubaloia eta saskibaloia elkarrekin lehian aritzen ziren. Eskubaloia atzera geratu da. Kirola marketinaren, publizitatearen eta irudiaren menpe geratu da. Duela urte batzuk, kluben diru sarreren %40-50 bazkideengandik zetorren. Orain, sarrera horiek ia hondarrak dira. Horrela dago kontua, eta ez dakidana da horrek denboran iraungo duen ala ez. Goizean, Aymeric Laporteri buruz aritu naiz batekin; harengatik 65 milioi ordaintzeko prest omen dago Manchester City. Gure inguruko udal garrantzitsu baten aurrekontua baino gehiago da hori. Egun, milioiez hitz egiten da, doministiku egiten den moduan; izutu egiten nau horrek.

Jarraipen askorik gabeko kirolen finantzaketa hobetzeko irtenbiderik baduzu?

Nik, bai, eta erakundeek, ere bai. Ez dadila inor haserretu, baina nik beti esan izan dut Realean gehientsuen irabazten duen jokalari baten hileko soldatarekin, baliabide nahikorik ez duten kirolari askoren egoera konponduko zatekeela. Halere, iruditzen zait kontzientzia handiagoa dagoela egun; aste honetan bertan irakurri dut Eibarrek laguntza emango duela beste kiroletan dabiltzan klubei laguntzeko. Hori da bidea.

Kirol kazetaritzan bizi izandako momentu ahaztezinik baduzu?

Reala Valentzian bigarren mailara jaitsi zenekoa da bat. Jokalari guztiak negarrez igaro ziren prentsaren aurretik, eta batzuk hizketarako gelditu ziren. Eskertzekoa da. Egun horretan jakin nuen zer zen mailaz jaistea, eta gogorra da. Bidasoak lehendabiziko liga irabazi zuenekoa ere gogoan dut. Partida amaituta, Bartzelonak zer egingo zain geunden. Azkenean, Bidasoa txapeldun. Pentsaezina zen. Orduko argazki handi bat dut etxean zintzilik, mikrofonoa eskuan, liga ospatzen. Kirolari saiatuen lorpenek ere hunkitu naute. Ikaragarrizko ahalegina egin duen kirolari bat podiumean ikusteak betetzen nau. Maialen Chourraut da horietako bat; une oro entrenatzen dago, eta guztia ematen du. Domina zintzilik duela ikusten duzunean, pentsatzen duzu benetan merezi duela egin duen lanarengatik.

BERRIAn argitaratua (2018/01/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA