astekaria 2015/12/11
arrowItzuli

gizartea

Gaztetxea berreskuratu du Iruñeak

Ander Perez

Gaztetxea berreskuratu du Iruñeak

Hamaika urte joan dira UPNren udal gobernuak, Yolanda Barcina buru, Iruñeko Euskal Jai gaztetxea hustu eta suntsitu zuenetik, eta hamar urteko proiektuari zein ia mende beteko eraikinari amaiera eman zienetik. Neurriak herritarren erantzun zabala jaso zuen, eta hustearen ondorengo hiletan, hiriburuko auzoetan gaztetxeak eraikitzeko ahaleginak handitu egin ziren. 2005eko abenduan hustu zuen Iruñeko Udalak haietako azkena: Arrotxapea auzoko Urargi gaztetxea. Ordutik, gaztetxerik ez du izan Iruñeak azken hamarkadan.

Egoera hori iraultzeko lehen urratsa eman zuen atzo Berpizten gaztetxe baten aldeko mugimenduak. Eguerdian Iruñeko Navarreriako plazatik irtendako kalejira jendetsu baten ostean, Compañia kaleko 3. zenbakian dagoen eraikina okupatu zuten ehunka pertsonak. Eta han gaztetxe bat eraikitzeko borondatea agertu zuten.

Espazioa okupatu eta gutxira egin zituzten adierazpenak mugimenduko kideek, hedabideen aurrean. Iruñean okupazioak izandako «ibilbide luzea» gogorarazi zuten, eta mahai gainean jarri zituzten «beste eredu sozioekonomikoak eta beste bizitza ereduak posible direla egiaztatu duten esperientziak». Edonola ere, «erregimenaren borrero instituzionalek eta polizialek horren aurka» egin izana salatu zuten. «Hala ere, hemen gaude», erantsi zuten, «beste erlazio sozial batzuk sortzeko asmoz».

Izan ere, gizarte eraldaketa «sakon eta zabal baterako pauso txiki baina beharrezkotzat» jo zuten Berpizten mugimenduko kideek atzoko ekintza, eta gaztetxea eskuratzeko hautatutako bidearen, hots, okupazioaren zilegitasuna defendatu zuten, «eraikinak erabilerarik gabe uzten eta espekulaziorako erabiltzen dituen sistemari» aurre egiteko modu gisara. Bide beretik, «sistema patriarkal kapitalistari» aurre egiteko tresnatzat aurkeztu zuten gaztetxea: «Antikapitalismotik, feminismotik, bizitza eredu alternatiboak eta bestelako praktika sozialak sortuko ditugu». Egun Nafarroan duten aldaketa politikoari erreparatuz, gehitu zuten: «Aldaketa soziala kaleetatik etorriko da, edo ez da etorriko».

Okupazio mugimenduko kideak atzo bertan jarri ziren harremanetan eraikineko jabeekin, negoziatzeko. Elkarrizketen nondik norakoak, ordea, ez dituzte jakinarazi.

Aste osorako egitaraua

«Auzoarekin eta herri mugimenduarekin elkarlana» sustatzeko borondatea ere agertu zuten gaztetxeko kideek. Eraikina okupatu eta berehala afixak itsatsi zituzten inguruko kaleetako atarietan, arratsaldean egin zen kontzertua «21:00etan bukatzeko eta kaleak garbi edukitzeko konpromisoa» azalduz. «Errespetuzko erlazio baten hasiera izatea espero dugu», adierazi zuten.

Auzolanean tokia txukuntzea izan zen atzo bildutakoen lehen egitekoa. Bazkaria eta kontzertuak izan ziren gero. Hurrengo egunetarako ere hainbat jarduera antolatu dituzte. Auzolana izango da goizero, eta batzarrak arratsaldero. Tartean, hitzaldiak eta musika zein zinema emanaldiak egingo dituzte. Eta dei egin dute nahi duen oro hara hurbildu eta parte har dezan.

BERRIAn argitaratua (2015/12/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA