astekaria 2018/02/02
arrowItzuli

kultura

EHZ JAIALDIA BERRERAIKI NAHIAN

Nora Arbelbide Lete

EHZ JAIALDIA BERRERAIKI NAHIAN

Ez dadila izan nostalgiagatik. EHZk ez duela segitu behar, soilik segitzeko bada. Segitzekotan, gaur egungo gazteriaren beharrei erantzun behar diela, horretaz konbentzituak dira denak, hasiz EHZko bozeramaile Loretxu Etxemendirekin: «Kontziente gara zein garaitan bizi garen, eta guk sortuko dugu gure garaiak eskatzen diguna». Eta horretarako zerbait «berriagoa eta egokituagoa» behar dela. Pista batzuk? Preseski, hori dute gogoetatu beharra: «Ezin dizut erran ea festibal bat izanen den, ea non izanen den, ea zer. Geure buruari ez diogu mugarik jartzen mementoko».

Alde horretatik, aurten jaialdirik ez antolatzea bada ere «iraganarekin distantzia hartzeko» modu bat, uste baitute «urte askotan eskema bat erreproduzitu dela EHZn». Jaialdia antolatzeak indar handia eskatzen diela, presio handia jartzen, gogoeta aldi berean antolatzea ezinezkoa ikusten zuten.

Nolabait, deus galtzeko ez dutenen askatasun horrekin ere aritzeko tenorea iritsi zaie agian. Proiektua agortua zela, eta behingoz zorrak kitatu eta jaialdia horretan uztea pentsatu baitu batek baino gehiagok. Zerbait berria sortzekotan, arrunt berria den beste bide bat hartzea hobe dela.

Bereziki iaz aro txarragatik deuseztatu behar izan zutela jaialdia, bere hauskortasuna berriz ere agerian gelditu zela. «Horretan bego» errateko gogoa entzun da. Entzun da, halaber, gaur egungo gazteek ez dakitela gehiago zer den engaiatzea. Kontsumitzaile hutsak direla.

Baina gazteek, ordea, behin betiko utzi ordez, berriz entseatzea, hori dute hautatu: «Behar bada badugu pareta bat gure parean. Baina gainditzen saiatuko gara. Ea zer ematen duen. Ez badugu lortzen, ez dugu lortzen, baina ez gara geldituko orain», Etxemendik. Atxikiak baitira EHZ horri. Funtsean, iaz berean muntatu elkartasun sareak berak erakutsi du badirela anitz ez dutenak nahi geldi dadin. Hots, distantzia hartu nahian ari dira, baina ez gehiegi. Horregatik dute agian jomuga finkatua. Ur handiegietan itotzeko arrisku handirik hartu gabe. 2019 data badute. Orduan zerbait proposatuko dutela iragarria dute.

Arte horretan gogoeta nola eraman, zer metodologia hartu oinarri, horren finkatzen ari dira garai hauetan. Paraleloki, zenbait hitzordu musikatu ere prestatzekoak dituzte urte osoan. Ekain bukaera eta uztail hasierako usaiako EHZko data horretan ere zerbait eskaintzeko asmotan dira. Gogoetarako hitzordu garrantzitsua izatea nahi lukete, parte hartzeko aukera publiko zabal bati eskainiz. Baina z dute oraindik erabakia non eta zehazki nola iraganen den.

Hara, beraz, panorama. Pareta bat aitzinean, diru zorra patrikan, zenbait hitzordu finkatzekoak, eta norabide zehatzik gabe. Edo baikor izateko, aukera guztiak zabalik. Bizkitartean, berezia da kontua. Paradoxaz, EHZko hasiera haiekin halako oihartzun bat sortzen du iraganarekin distantzia hartzeko gogo horrek.

Engaiamenduaren krisia

1996an Euskal Herria Zuzenean lehen jaialdia prestatzen ari zirela, aitzineko panoramarekin halako haustura gogo bat ere senti zitekeen. Perspektibak alde ezkorretik hartu ordez, erantzun berriak aurkitu nahiz. Egokitzeko xede bat orduan ere. Gazteak gazteei mintzatzeko gogo bat. Eta delako betiereko «engaiamendu krisi» hori ikusten zen garaian ere: «Barnealdean bereziki sentitzen zen engaiamendu krisia. Gazteek kontsumitzaile jarrera bat zuten. Dela kantaldi edo bestelako hitzorduetan, oraindik 40 eta 50 urte artekoak ziren aritzen karpa muntatze lanetan edo garbitze lanetan. Gazteek, izatekotz, ostatutik lan itzuli soil bat egitea onartzen zuten», gogoan du EHZko sortzaileetako bat den Jean Noel Etxeberri Txetx-ek.

Euskal Herria Zuzenean muntatzea bazen, «laguntzaile engaiamendua berriz baloratzeko». Ideia sinplea zen. Lehen urtean, publiko gisa iritsi jaialdira. Ondoko urtean: «Laguntzaile egin. Hortik arduradun eta bukatu jaialdia kudeatzen».

Horra EHZren gakoetako bat. Hasiera haietatik azken urteak arte hari gorri bat izan da laguntzaileena. Laguntzaile izateko aukera denei irekia dela, eta denetatik egiten dela jaialdi batean, denetatik ikasten ere da. Eskola bat. Eta eskola guztiek bezala balio du baita lagun sareak zabaltzeko ere, beste nehon ezagutu ezin diren jendeak ezagutzeko, eta non, eta lan giroan. Horrek egiten duela harreman horiek betiko atxikitzen dutela zerbait berezia. Ariz ikasten dela, eraikitzen dela. Ariz indartzen dela. Ariz dena eskuragarri izan daitekeela.

Akatsen kalitatea. Edo kalitateen akatsak. Anitz pasatu dira EHZk. Anitz dira formatu. Baina behin formatu eta joan baitira. Eta haien esperientzia haiekin. Transmisioa beti egin da. Baina beti izan da ere gazteei ardurak emateko premia, horrek erran nahi duen indar eta ahuleziekin. Horrek egiten du ere 22 urte berantago oraindik berreraiki daitekeen zerbait izatea. Belaunaldi bakoitzak aurki ditzala bere erantzunak. Tronpatuz bada, tronpatuz. Beti kritikatik, beti hobeki egin nahian.

Beti dena gogoetatu da EHZn. Ostatuko garagardotik, komunetara -kimikoak? idorrak? - janaritik pasatuz. Modu eskematikoan laburbiltzeko. Zer den hobe. Garagardo ahal bezain merkea, ahal bezainbat diru irabazteko. Eta horrek erran nahi badu kalitate txarreko garagardo bat proposatzea? Multinazional batena? Ala hobe tokikoagoa, enpresa txikiago batena, langileak hobeki ordaintzen dituena? Agian doi bat garestiagoa, baina ez hainbeste ere? Etekinetan galtzen dena koherentzian irabaziz? Eta berdin beste gai guztietan. Euskara, internazionalismoa, burujabetza, elikaduratik erabakitzeko eskubidera, ingurumena babesteko beharra, feminismoa, horra jaialdiaren zutabeetako batzuk.

Eta horra nola artikulu hau bosgarren zutabera iritsi den, musika konturik aipatu gabe. EHZ bada musika jaialdi bat alta. Euskal Herriko musika jaialdirik zaharrena ere erran daiteke. Baina hori erratearekin kasik deus ez baita errana. Musika beti izan baitu baliabide, tresna, amu. Eta ez helburu.

Halere, segur, eztabaidak ez dituzte txikiak izan musikari dagokionez ere. Nor gonbidatu? EHZren balioekin bat egiten duten musika taldeak? Ala lehentasuna eman taldearen arrakastari? Balio horiek dituzten talde arrakastatsuak non dira?

Hots, hamaika galdera hor ere. Eztabaida anitz sortu dituztenak EHZren historian, justuki. Filma berriz idatzi ordez, bi galdera nagusi marraztu daitezke hor: EHZ zertarako? Nori zuzendua? 1996an jaialdia abiatu zenetik ez dituzte beti erantzun berak ukan. Bi joera nagusitu dira.

Euskalduna ez dena erakarri

Hasierako urte haietan bazuten argiki euskalduna ez zen hura erakartzeko xedea. Frantzia hegoaldean sentitzen zen publikoari zuzentzen ziren bereziki. Eta zertarako? Bada, euskal mundura erakartzeko. Euskal mundura, hau da, nahiz eta ez nehoiz beharbada hain ofizialki erran, haren abertzaletzea zen ideia. Euskalduna ez zen horrentzat ate bat izan behar zuen EHZk. Delako publikotik hasi, laguntzaile gisa segitu eta arduradunetan bukatzeko ibilbide hori egitearekin batera, bazen ere abertzaletzeko ibilbide bat. Eta gibelera begiratuz geroz, egia da horrek funtzionatu duela anitzen kasuan. Artetik errateko, euskaldunari dagokionez, gehienetan jadanik hor zen, dela laguntzaile edo arduradunen artean. Ez zen konbertitzerik.

Horrek esplikatzen du, adibidez, orduko lema nagusia frantsesez izatea. l'Eurock des peuples contre la world company (Herrien rocka World Company-aren aurka). Horrek esplika dezake ere beste adibide hau. Zuberoara joan zelarik EHZ, komunikazio aldetik, Xiberoa (64) idazteko hautua egin zen, hau da, Pirinio Atlantikoak departamenduaren zenbakiarekin. Eta gero, behin erakarri eta, jaialdi denboran lekuan berean honelako mezuak irakur zitezkeen: «La langue basque est le ciment de notre culture» (Euskara gure kulturaren zementua da). Ostatuetan eta, euskaraz manatzeko aukera hobesten zen. Bazen halako giro bat.

Masa ez gehiago helburu

Urteak aitzinatu arau, publiko euskaldun bati zuzenduago ikus zitekeen EHZ. Euskara hasiera haietan baino presenteago zen, bilkuretatik mezuetara. Hego Euskal Herriko gazteei ere lehen baino gehiago begiratzen hasi zen jaialdia. Ez da kasualitatea azken urteko elkartasunezko ekinaldi anitz bestaldean iragan izana. Euskaratik eta autoeraketatik, sistematik kanpo, sistemaren aurka. EHZren balioekiko koherentzia bila, masa hunkitzea ez zen gehiago lehentasun.

Zehaztu beharra da ere urteak aitzinatu arau ikastoletatik pasatu diren gazteen kopurua igoz joan dela. Horrek egin du gutxieneko masa kritiko bat badela gaur egun Euskal Herriko alde honetan ere euskaraz antolatzeko gai dena. Hasierako urteetan ez bezala agian.

Horiek erranik, ezin aipatu gabe utzi zorraren arazoa. Gertatu dena da urteak aitzinatu arau jaialdira hurbildu den publikoa txikituz joan dela.

Testuingurua anitz aldatu dela. Urteak aitzinatu arau, inguruko eskaintza kulturala izugarri handitu da, eta artisten ordainsariak izugarri igan dira baita. Parean EHZ sarerik gabe. Publikoa du diru iturri bakar. EHZk ez du nehoiz ukan babesle nagusirik. Ez BBK, ez Heineken, ez besterik. «No logo», hori izan du bere konstanteetako bat. Boluntarioz osatu laguntzaile taldeak betidanik nahi izan baitu jaialdiaren kontrola atxiki. Horrek egiten du ere eguraldiaz hain menpe.

Eta horra galderak. Koherentzia horrekin posible ote zorrik gabeko jaialdi bat? Euskaldunak helburu ala euskaldunak ez direnak? Bati atea irekitzea posible ote da bestea baztertua sentitu gabe? Koherentzia atxikiz, euskaratik, sistematik kanpo izanik ere, posible ote da masa hunkitzea? Nahi ote da masa hunki?

Alde horretatik, beste elementu hau ere badago mahai gainean. 1996tik 50.000 biztanle gehiago ditu Ipar Euskal Herriak, bereziki Lapurdi itsasaldean metatuak. Guztiak kanpotik etorri diren ez euskaldunak. Eta Lapurdi itsasalde hau erronka bat dela hori argi dute denek. Hots, galderak ez dituzte eskas ukanen EHZk. Segur dena da nostalgia kontu bat baino anitzez urrunago doala gazteek beren eskuen artean daukaten erronka.

BERRIAn argitaratua (2018/01/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA