astekaria 2018/02/02
arrowItzuli

kirola

VANESA GIMBERT

«Denboraldi hasieran ez genuen espero hain emaitza onak lortzea»

Ainara Arratibel Gascon

«Denboraldi hasieran ez genuen espero hain emaitza onak lortzea»

Erdiko atzelari postutik Athleticen jokoa abiatzeko jokalari garrantzitsuenetakoa da Vanesa Gimbert (Bergara, Gipuzkoa, 1980). Haren eskarmentua eta, batez ere, baloia ateratzeko gaitasuna baliatu nahi izan ditu Joseba Agirre entrenatzaileak, sasoi honetan postu horretan jarrita.

Bi etenaldi izan dituzue ia segidan. Zer moduz joan da azkena?

Emaitza bolada onean zaudenean, nahiz eta etenaldiek atseden hartzeko eta futbolaz ahazteko balio izan, ez duzu geratu nahi izaten. Izan ere, itzultzean kosta egiten da lehiatzeko erritmoa hartzea. Baina uste dut ondo etorri zaigula, atseden hartzeko, gauzak hobetzeko eta Sporting Huelvaren aurkako neurketa ondo prestatzeko.

Nola joan dira lan saioak?

Ondo. Egia da lehen astean ez genuela izan asteburuan partida izateak dakarren gurari edo zirrara hori. Baina entrenamenduetan lan karga fisikoa handiagoa izan zen. Ligako etenaldiak aprobetxatzen ditugu arlo fisikoa are zehatzago lantzeko eta atal horretan indartzeko.

Taldea nola dago sasoiz?

Ondo dagoela uste dut. Bigarren zatietan ondo lehiatzen ari gara: ez dugu behera egiten. Helburua da liga amaierara ondo iristea, eta, horretarako, garrantzitsua da aste hauetan egiten dugun lan fisikoa.

Taldea hirugarren postuan dago sailkapenean. Trantsizio denboraldi bat dela kontuan hartuta, uste baino emaitza hobeak lortzen ari zaretela iruditzen zaizu?

Uste dut lehen itzuli oso ona egin dugula, batez ere emaitzei erreparatuta. Denboraldi hasieran ez genuen espero, baina dinamika onean gaude, eta hala jarraitu behar dugu. Aurreko sasoi amaieran falta izan zitzaigun erregulartasuna berreskuratu dugu. Emaitza onek lagunduta, taldea indartsuago ari da.

Orain arte egin duzuen jokoak gogobetetzen al zaitu?

Denetik egon da. Adibidez, Realaren kontra oso ondo jokatu genuen, batez ere lehen zatian; baita Espanyolen kontra ere. Santa Teresaren kontra, ordea, ez genuen hainbeste asmatu. Baina oro har pozik nago. Aurreko sasoiko joko moldearekin jarraitzen dugu, baina taldean aldaketa asko izan dira. Gakoa izan da lehen taldera igo diren gazteek ondo barneratu dutela jokatzeko era hori. Gainera, aurreko sasoian taldean geunden hainbat jokalarik postua aldatu dugu, eta uste dut ondo moldatu garela.

Dena den, ez al zaizue ari kostatzen norgehiagokak erabakita uztea?

Taldeak badu zer hobetua. Batzuetan, oso erraz sartzen digute gola, batez ere geldikako jokaldietan. Norgehiagoketako une jakin batzuetan adiago egon behar dugu. Gainera, zenbait partidatan behar baino gehiago sufritu dugu. Aurretik jarri, hala ere gola jaso, eta sufritu egiten dugu azkenean. Horretan hobetu egin behar dugu. Izan ere, horren ondorioz, behar baino ahalegin fisiko eta psikologiko handiagoa egin behar dugu, eta hori, aurrera egin ahala, nabaritu egiten da. Orain, agian, partida horiek irabaztea lortzen ari gara, baina aurrera egin ahala askoz zailagoa izango da, aurkariek gehiago estutzen dutelako. Bi gauza horiek konpontzen baditugu, beste aurrerapauso bat emango dugu talde moduan.

Nola lantzen da arreta handiagoa izatea?

Ez dut uste soilik defentsari erreparatu behar diogunik. Argi dago defentsan zorrotzagoak izan behar dugula; baina, bestalde, lehiak erabakita uzteko aukeretan gehiago asmatu behar dugu.

Denboraldi honetan batez ere atzeko lerroan jokatzen ari zara. Gustura al zaude?

Pozik nago egiten ari naizen denboraldiarekin, batez ere orain arte ez dudalako minik hartu. Erdiko atzelari gisa jokatzera ohitzen ari naiz. Ez da nire postua. Erosoago nago zelai erdian, hor jokatu izan baitut beti. Baina taldea horren gaztea izanda, Josebak [Joseba Agirre, entrenatzailea] eskarmentua nahi du atzean, eta baloia ondo ateratzen duen jokalari bat. Niri agindu dit zeregin hori, eta ni lan hori ondo betetzen saiatzen ari naiz. Neure buruari asko eskatzen diot, eta uste dut denboraldi honetan asko ikasten ari naizela.

Partidak ezberdin bizitzen eta jokatzen dira postu batean edo bestean?

Partidaren arabera, bai. Zelai erdian, ziurrenik, korrika gehiago egiten da, baina atzean ere badira lehia gogorrak, batez ere psikologikoki, oso adi egon behar baita.

Hirugarren postuari ez eustea porrota litzateke?

Ez dut uste hirugarren postu hori ziurtatua dugunik. Ia bigarren itzuli osoa falta da, eta ni ez naiz fio. Lortu behar duguna da orain arteko bideari eustea, eta goikoek huts egiten badute, hor egotea. Hala egiten badugu, denboraldi amaierara sasoi onean iritsiko gara, eta horrek izan behar du erronka. Izan ere, aurreko denboraldi amaiera, beharbada, zertxobait luzea egin zitzaigun, eta Kopara ez ginen nahi bezala iritsi.

Futbolean jokatzen jarraitzeko ilusioa duzu?

Ilusioa bai, baina fisikoki adina antzematen ari da. Azken urteetan denboraldiz denboraldi joan nahi izaten dut, eta ikusi nola amaitzen ditudan. Gauzak ondo joanez gero, beste denboraldi batez jarraitu nahiko nuke.

Jokatzeko duzun moduagatik, futbol asko ikusten duzula ematen du. Hala da?

Bai, gustatzen zait. Batez ere nire postuan jokatzen duten jokalariei erreparatzen diet: haien mugimenduak, geldikako jokaldiak defendatzeko duten modua... Asko erreparatzen diet, adibidez, BeƱati eta Mikel Ricori.

Sporting Huelvaren zelaian jokatuko duzue gaur. Talde hori ez dabil aurreko sasoietan bezain fin. Nolako partida espero duzu?

Haien zelaian jokatzea beti da deserosoa eta zaila, belar artifizialekoa baita. Baloiak bote handia egiten du, eta horrek zaildu egiten du baloia mugitzea eta kontrolatzea. Horretarako prest egon behar dugu.

BERRIAn argitaratua (2018/01/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA