astekaria 2018/02/02
arrowItzuli

ekonomia

ERABAKITZEKO UNEA IRISTEAR

Irune Lasa

ERABAKITZEKO UNEA IRISTEAR

Eztabaida abiatu da. NPB Nekazaritza Politika Bateratuak 2020. urtetik aurrera zein norabide hartuko duen erabaki behar du Europako Batasunak datozen hilabeteetan. Eta aldaketak etorri badatoz Europako ikurretako bat den tresna honetara.

Aldaketa horiek nolakoak eta norainokoak izan daitezkeen ez dago batere argi oraindik; ziurgabetasuna handia da. Baina bada gauza bat jada erabat ziurtzat eman daitekeena: diru gutxiago emango du Europak nekazaritza politiketarako.

Batetik, brexit-a dago. Erresuma Batua badoa 2019. urteko martxoan, eta Europak aurrekontu txikiagoa izango du, nahitaez. Brexit-arekin 12.000-13.000 milioi euroko galerari egin beharko dio aurre Batasunak urtero. Horrez gain, «behar berriei» erantzun behar zaiela ere uste dute, eta horietarako 10.000 milioi eurotik gora behar dituztela.

Gauzak horrela, Europako Batzordeko presidente Jean-Claude Junckerrek agerikoa den zerbait esan berri du: diru gehiago jarri beharko da. Herrialdeek euren barne produktu gordinaren %1eko ekarpena egiten dute gaur egun Batasuneko aurrekontura, eta ekarpen hori %1,1era edo %1,2ra handitzea nahi du Bruselak. Horrekin, brexit-ak eta lehentasun berriek eragindako galeraren erdia beteko litzateke.

Beste erdia, «aurrezpenekin» betetzea aurreikusten du Guenther Oettinger Aurrekontuetarako komisarioak; hots, guraizeekin. Komisarioaren arabera, murrizketak arlo guztietara iritsiko dira —Erasmus+ eta Horizon 2020 programetara izan ezik—. Baina itxura guztien arabera, alde handiz, kohesio funtsetan eta Nekazaritza Politika Bateratuan erabiliko dituzte guraizeak gehienbat.

Izan ere, Bruselarentzat, lehentasun berriak agertu dira, eta hori 2020. urtetik aurrerako aurrekontu berrietan islatuko da. Diru kopuru handi bat nahi dute honako gai hauetarako: defentsa, muga kontrola, barruko eta kanpoko segurtasuna, migrazioak eta errefuxiatuak. Eta nekazaritza ez da horren inportantea; ez, behintzat, orain arte hor egindako gastu mailari eusteko lain. Bruselaren asmoa litzateke NPBrako aurrekontua 5.000 milioi euro txikitzea, hainbat kalkuluren arabera.

Jakina, halako murrizketa bat egitea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, eta, zalantzarik gabe, tirabira handiak izango dira negoziazioetan. Baina badirudi guraizeek oztoporik handienetako bat gainditua dutela: Frantziako Errepublikako presidentearen oposizioa. Político aldizkariaren arabera, Emmanuel Macronen gobernuak joan den abenduan Bruselari azaldu dio, gutun batean, defentsa eta hezkuntza lehenestearen alde dagoela eta «politika zaharren [NPB eta kohesio funtsen] erreforma sakona» behar dela, haiek «hobeto bete ditzaten helburuak». Macronen «nekazaritza laguntzen tabua hautsi» duela zioen Político-ren goiburuak.

Orain, bere jarrera argitu beharko du Errepublikako presidenteak. Eta ez da asko faltako horretarako, maiatzean finkatu behar baita 2020. urtetik aurrerako batasuneko aurrekontuarentzako proposamena, gero negoziatuko dena. Hor finkatuko dira Batasunaren lehentasunak eta nekazaritzarako diruak, eta, horrekin, baita NPBren negoziazioetarako jokalekua ere. Hain zuzen, Nekazaritza Politika Bateraturako proposamena pixka bat geroxeago iritsiko da, ekainean.

Estatuen protagonismoa

Gauzak horrela, oraingoz, Bruselaren asmoak zein izan daitezkeen aztertzeko zantzu bakarra Europako Batzordeak azaro amaieran argitaratutako adierazpen bat da. Eta han jauzi nabarmen bat ikus daiteke: «Gure aniztasuna onartu behar dugu» esan du Batzordeak, «eredu bakarra inposatzen saiatu beharrean». Batzordearen ustez, «eredu bakarra ezartzearen ezintasuna aitortzea pragmatismo erakustaldi bat da».

Bruselaren arabera, NPB berriak helburu komunak izango ditu aurrerantzean ere. Baina, hori bai, «horiek lortzeko neurri sorta bat egongo da. Sorta horretatik, estatuek, nazio mailan edo eskualde mailan, egokientzat jotzen dituzten neurriak aukeratu ahalko dituzte». Funtsean, estatuek eta eskualdeek plan estrategikoak landuko dituzte, Europako Batzordearekin batera lanean. Estatuen —edo eskualdeen— esku neurriak aukeratzea, neurri horiek kontrolatzea eta emaitzak ebaluatzea, betiere, Europako Batasunak arau eta aurrekontu esparrua bermatzen duela.

Estatuak nekazaritza politikako protagonistak? Non gelditzen da hor Europa, non politika bateratuak? Zalantzarik gabe, «estatu eta eskualdeen protagonismo» horrek kezka eragiten du NPBren etorkizunari buruz. Batez ere, oraindik ez dagoelako argi hori errealitatean nola gauzatuko den.

ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuneko Mikel Hiribarrenek ez du gaizki ikusten eskualdeen autonomia bultzatzea. «Gaizki ikusiko genukeena zera da, Europako politika komunaren indar hori hainbeste barreiatzea estatuetara, non ez litzateke kasik Europako politikarik geldituko. Dena den, ez da berria, Nekazaritza Politika bateratuan gero eta gutxiago ikusten da Europako elkarlan hori».

Xabier Iraola Enba Euskal Nekazarien Batasuneko idazkari nagusiak ere uste du eskualdeek eskumen gehiago izatea ona izan daitekeela, «politikak gertutik egin daitezen. Madrilen entzun dut nik kexu direla Espainia taifen erreinua dela eta. Baina zer ikusi dauka gure nekazaritzak eta Albacetekoak?». Enbarentzat, dena den, Batasunak izan behar du guztiaren gidari, «eta asmo hori orain ere azaldu du du Bruselak».

Deszentralizazio baten aurrean Nafarroako EHNEk ere baditu bere kezkak; are gehiago, «gaur egun hainbat gaitan harmonizazioaren beharra argi ikusten den honetan», dio Imanol Ibero sindikatuko presidenteak. Adibidez. Frantzian arkume ekoizleek laguntza handiagoak jasotzen dituzte, Nafarroako arkume ekoizleen kaltetan. «Bidegabekeria horiek gerta ez daitezen, zenbait sektoretan harmonizazio beharra ikusten dugu; batez ere, elkarrengandik hurbil dauden estatuetan».

Hala ere, oraindik ez dago oso argi estatu eta eskualdeetan Bruselaren asmoak praktikan nola gauzatu daitezkeen. NPBren norabide aldaketari buruzko definizio falta da, adibidez, Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordearen kezketako bat, NPB berriari begira, nekazaritzarako diruen murrizketa posibleaz gain, jakina. Orozek dio oso handia dela ziurgabetasuna.

Protagonismoa estatuak edo erkidegoek izango badute, zer gertatuko da eskumenekin? «Gaur egun, Espainiako Nekazaritza Ministerioak ezartzen du lehen zutabeko zuzeneko laguntzen esparru osoa, eta Euskadik ezetz esan zion esparru horri. Euskadik beti erreklamatu du dagokion eskumen hori gauzatu ahal izatea, bere lurralde errealitaterako egokiagoak diren sektore politikak ezarri ahal izateko».

Eskumenen ikuspegitik, NPBren bigarren zutabearen ereduarekin konformeago dago Jaurlaritza. «Erkidego bakoitzak Landa Garapenerako berezko Plana dauka, bere premietarako neurri egokiagoekin». Bittor Orozek eskema hori nahi luke lehen zutabearentzat: hau da, zuzeneko laguntzentzat eta merkatuko neurrientzat. Ondorioz, 2020tik aurrerako NPBrako aurreikusten diren plan estrategikoen lanketan eta protagonismo handiagoa izatea eskatzen du.

«Landa Garapeneko gure plana da Nafarroaren plan estrategikoa», dio Ignacio Gil Nafarroako Landa Garapeneko zuzendariak. «Bigarren zutabeak balio digu Bruselak aipatzen dituen helburu horietarako. Hori hitz egiteko prest egongo ginateke, bigarren zutabeak pisu handiagoa izan behar duenetz eztabaidatzeko». Gilek susmoa du Bruselaren iradokizunen xedea, bai birnazionalizazioari eta bai kofinantzaketari buruzkoetan, oraingoz, erantzuna neurtzea dela, noraino joan daitekeen ikusteko.

Kofinantzaketa

Azkenean, plan estrategikoez eta eskumenez harago, «aniztasuna» xede duten Bruselaren asmoen atzean pisu handia izan dezakeen beste zerbait egon daiteke, aurrekontu murrizketarekin asko lagunduko liokeena Europari: lehen zutabearen kofinantzaketa.

Gaur egun, NPBko lehen zutabeko laguntzetarako diru guztia Europa jartzen du. Hots, nekazariek jasotzen dituzten zuzeneko errentak eta merkatuko neurrietarako laguntzak Europak «ordaintzen» ditu. Bigarren zutabeko —landa garapenerako— neurriak berriz, ez ditu ehuneko ehun pagatzen. Haien zati bat laguntzen du, eta estatuen edota erkidegoen esku gelditzen da beste partea. Horri deitzen diote kofinantzaketa.

Baina, orain, delako «Estatuen eta eskualdeen protagonismo» hori ez ote da izango haiek laguntza zuzenen finantzaketan ere protagonismoa izatea?

Jaurlaritza horren aurka dago. Oroz sailburuordearen ustez, «NPB nazionalizatzeko eta merkatu batasuna hausteko arriskua ekar lezake lehen zutabearentzat kofinantzaketa ezartzeak». Baina aurreikus daiteke negoziazioetan, lehenago edo geroago aukera hori agertuko dela. «Horrela balitz», dio Bittor Orozek, «arrazoi handiagoarekin exijitzen dugu lehen zutabeko zuzeneko laguntzen eremuan ditugun eskumenak gauzatu ahal izatea, kupoa dela-eta Euskadi Estatuaren erregimen komunetik kanpo baitago». Jaurlaritzak ulertzen du «Euskadik kofinantzaketa nazionala bere gain hartzen badu, finkatu ahal izango lituzkeela laguntzetan eta onuradunek bete beharreko baldintzetan ezarri beharreko betekizunak».

NPBtik zuzeneko laguntzak jasotzeko nekazarientzako betekizunen auzia ez da oraingoa. Gaur egun, NPBren laguntza zuzenak jasotzeko kalkuluaren oinarrian duela hamabost urte 2000 eta 2002 arteko tartea erreferentzia hartuta, etxaldeei banaka adjudikatutako eskubideak daude. Bai Eusko Jaurlaritza bai Nafarroako Gobernua «eskubide historiko» horien aurka daude aspalditik, besteak beste, oztopo bihurtzen direlako nekazari belaunaldi berrientzako. Eta hori ez da nolanahiko arazoa. 2014. urteko datuei begira, Europako Batasunean hamabi milioi nekazari eta abeltzain zeuden, eta horietatik 4,5 milioik (%30) 65 urtetik gora zituzten. 35 urtetik beherako nekazariak, berriz, %6 soilik ziren.

Espainiaren jarrera

Baina eskubide historikoen desagertzeko aukeraz ez dute ezer entzun nahi zenbait erkidegok. Eta hori askotan ikusi du Jaurlaritzak. «Gure eskariek erkidego askoren eta Nekazaritza Ministerioaren beraren interesekin talka egin dute; izan ere, horiek denek ulertzen dute NPB izaera sozialeko politika dela, ezkutuko diru sarrera bermatzeko errenta moduko bat, nekazaritza politika izateaz gain». Espainiako Gobernuaren jarrera «txekeak mantentzearen aldekoa» izan dela beti gaitzetsi du Gilek, «egindako azken erreformaren helburua izan da dirualdatzerik ez egotea ez erkidegoen artean, ezta laguntzen jasotzaileen artean ere. Eta horrekin NPB berri bat, eraginkorrago bat eragotzi da». EHNEko Imanol Iberok ere ez du itxaropen handirik Espainiaren borondatean. «Ikusten dugu nola funtzionatzen duen klientelismo eta ustelkeria integral batekin».

Bruselak nahi duena agian ez, baina euskal nekazarien sindikatuek bat egiten dute NPB zaharkituarentzat aldaketa bat ezinbestekoa dela esaterakoan. EHNeko Imanol Iberok nekazari aktiboaren figura indartuko duten politikak nahi ditu. «Egiaz lurra lantzen duten nekazariak laguntzea». Merkatuak arautzea ere beharrezko ikusten du, «logika ultraliberalarekin ezin zaiolako nekazaritzari eta elikadurari behar bezala eutsi». Enbako idazkari nagusiak laguntza zuzenen beharra azpimarratzen du, nekazariei nolabaiteko konpentsazioa emateko, «egungo elikadura sistema prezio txikietan oinarritzen denean». Hori bai, laguntza zuzenak jasotzean etxaldeek gehieneko muga bat izatea ere nahi dute bai EHNEk eta bai Enbak. Eta ELBk ere etxalde txikiak gehiago babestu behar direla uste du.

Dena den, statu quo-a lehentasun izanda, NPBn aldaketa handirik ez du nahi izaten Madrilek. Bihar da bilera egitekoa Europako Batasuneko Nekatzaritza ministroen Kontseilua. Espainiako Gobernuaren arabera, lehen zutabeko laguntzen kofinantzaketa «marra gorria» izango da negoziazioetan. NPBrako diruak murriztu ez daitezen beste estatuen artean aliatuak bilatzen saiatuko dela ere esan du Nekazaritza Ministerioak. Aste honetan, adibidez, bilera egin dute Poloniarekin.

Aldaketa handirik ez izateko estrategia horretan, denbora lagun izango du Madrilek. Negoziaziorako epeak gainera etorriko dira, eta horrek zaildu egingo du pisuzko neurriak adostea: maiatzean Batasuneko aurrekontu proposamena etorriko da eta ekainean NPBrako proposamena.

Baina 2019an, brexit-az gain (martxoan), egungo Europako Parlamentuaren azken osoko bilkura maiatzean izango da, Europako hauteskundeen aurretik (ekainean). Gero, Europako Batzordeko presidente berria datorren urteko ekainean edo uztailean izendatuko da, eta parlamentuak hura irailean berretsi beharko du. Egungo Europako Batzordek datorren urteko abenduan amaituko du agintaldia. Eta nekazaritzarako diruak musika horretan dantzan ibiliko dira.

BERRIAn argitaratua (2018/01/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA