astekaria 2018/02/02
arrowItzuli

politika

ETXE BAT GILTZARRI BILA

Eneko Etxegarai Urain

ETXE BAT GILTZARRI BILA

Obretan da, 2020ra arte. Hala laburbildu daiteke Euskal Hirigune Elkargoaren egoera, 2017ko urtarrilaren 1ean sortu zenetik gaur arte. Aurretik existitzen ziren hamar herri elkargoetatik Euskal Hirigune Elkargo bakarrera igarotzea izan da aurtengo eginkizun nagusia. «Eguneroko bizian zer egin da? Orain arte egiten zena luzatu, bakoitzak bere aldetik egiten zuenarekin jarraitu», hala azaldu dio BERRIAri Eneritz Zabaleta Zuzenbide irakasle eta ikerlariak. Oraindik bukatu ez den fasea da barne antolaketarena, eta hiru urteko epea aurreikusten dute instituzioa zinez indarrean sartzeko.

2018ak, bide horretan, gertakari garrantzitsuak ekarriko ditu: lehen aurrekontuen bozketa, proiektu politiko orokorraren idaztea eta aurkeztea, Lapurdirako, Nafarroa Behererako eta Zuberoarako lehen hizkuntz politikaren argitaratzea, lehengo hamar herri elkargoen egituren antolaketa bakandu eta horretatik lurraldean elkargoaren erreleboa izango diren poloen sortzea...

Aurrekontuen aldetik, 294 milioi eurokoa bozkatu zuten biltzarreko 233 hautetsiek, 2017ko apirilaren 8an. Aurrekontu propioa baino gehiago, hamar elkargoen aurrekontuen batuketa izan zen. Aurten, ordea, lehendabiziko aurrekontu propioa bozkatu behar dute hautetsiek, martxoaren 31 baino lehen; legeak dioen bezala.

Legez orobat, urtea bukatu baino lehen, Euskal Hirigune Elkargoaren proiektu politikoa aurkeztu beharko dute; Proiektu Komunitarioa deitzen dena. Horrela osatua izango da: lurralderako proiektua, gobernantza berrirako proposamena, eta agente edo langile guztien banaketa eta eskumenak. Azken atal horretan, elkargoak atxiki nahi dituen eskumenak baloratu beharko ditu; interesik ez badu, herrietara itzuliko lirateke. Bi kabinete dabiltza idazketa lanetan, elkargoaren zerbitzuekin eta organo iraunkor eta exekutiboarekin kontrastatuz, baina baita gizarte eragileak biltzen dituen Garapen Kontseiluarekin eta Auzapezen Biltzarrarekin ere.

«Zailtasunak badira. Dena berriz antolatu behar da, baina normala da; hiru urte hauek trantsiziorako izanen dira, aurten argituko da gehiago, martxan jarriko da, eta, gero, hauteskundeak izanen dira», azaldu du Zabaletak.

Batera plataformako bozeramaile Nicolas Blainek modu berean ikusten du: «Urte batez gertatu direnak aurreikusten ahal ziren; lehen pausoetan gara argi eta garbi. Elkar ezagutzeko eta abiatzeko urte bat izan da. Gauzak bidean dira, baina ez da oraindik erabat plantan jarria».

Praktikan lehengo herri elkargoetatik Euskal Hirigune Elkargo bakarrera igarotzeak bere zailtasunak dituela dio Zabaletak: «Lehen baziren hamar zuzendaritza, langileak hamar lekutan. Normala da hori antolatzeko zailtasunak izatea. Formula bat atzeman beharko dute».

Instituzioa obretan da, beraz, eta harekin batera Ipar Euskal Herriko klase politikoa. Elkargoa martxan jartzeaz gain, 2020ko herri hauteskundeei buruz pentsatzen hasiak baitira gehienak. Herrietako alkatetzak jokoan izango dira orduan, elkargoaren lehendakaritzarekin batera. 2014koekin konparatuta, beste garrantzi bat hartuko duten hauteskundeak izango dira, Euskal Hirigune Elkargoa indarrean izanen baita. 2017ko urtarrilaren 23ko lehen biltzarrean bozkatu zuten elkargoaren gobernantza hitzarmenak eta Frantziako legediak definituko dute nork eta nola osatzen dituen Euskal Hirigune Elkargoko instantziak.

GOBERNANTZA

Izan ere, herriko hauteskundeetatik etorritako edozein hautetsi aurkez daiteke elkargoaren organo bakoitzean izendatua izateko. Ondoren, biltzarrak aukeratzen ditu hautagaiak. Hots, biltzarrak izendatzen ditu hautetsien artean lehendakaria, Kontseilu Iraunkorra, Kontseilu Exekutiboko bederatzi kontseilari delegatuak eta Exekutiboa ere osatzen duten lehendakariordeak. Lehendakariak, gero, zuzenean aukeratzen du lehendakariorde bakoitzari dagokion ardura edo kargua. Lehendakariorde bakoitzak dagokion sailaren araberako komisio bat du bere ardurapean. Biltzarreko edozein hautetsi sartu daiteke komisioetan.

Euskal Hirigune Elkargoa arautzen duen gobernantza hitzarmenaren irizpide garrantzitsu bat da elkargoaren organoen osaketak kontuan hartu behar duela Ipar Euskal Herriaren demografia. Gaindegiak argitaratu berri dituen populazioaren inguruko azken inkestek erakusten dutenez, Ipar Euskal Herriko populazioaren parte handi bat Lapurdiko kostaldean dago. Probintzia horrek 256.878 biztanle ditu; Nafarroa Behereak, 31.784; eta Zuberoak, 14.781. Lurraldearen errealitate demografikoa kontuan hartzea du xede hitzarmenak, eta Kontseilu Exekutiboari, Iraunkorrari eta biltzarrari aplikatzen zaie, ñabardura zonbaitzuekin, ordea.

Kontseilu Exekutiboaren eta Iraunkorraren osaketan irizpide demografikoaren eragina begi bistakoa bada ere, ezberdina da biltzarraren kasuan. Herriarteko 233 kontseilari delegatuk osatzen dute biltzarra. Herri bakoitzak ordezkari bat bidaltzen du, eta populazio handieneko bizilekuek, irizpide demografikoari jarraikiz, bat baino gehiago. Lurraldearen populazioaren banaketa kontuan hartu badute ere, herri bakoitzak ordezkari bat izateak herri txikiei ematen die gehiengoa. Arazo horri erantzuteko, baita 233 hautetsi biltzearen zailtasun teknikoei aurre egiteko ere, Kontseilu Iraunkorra sortu zuten. Biltzarrak erabaki garrantzitsuenak hartzen baditu ere, eguneroko kudeaketarako bere erabakitze ahalmena delegatu dio Kontseilu Iraunkorrari. Zabaletaren hausnarketa: «Lehendakariaren kolore politikoa, lehendakariordeen izendatzearekin batera, Kontseilu Orokorrean ikusten da. Exekutiboak erabakiak prestatzen ditu, eta Iraunkorrak erabakiak hartzen ditu».

SUFRAGIO UNIBERTSALA

Euskal Hirigune Elkargoak sufragio unibertsalean oinarrituriko bere hauteskunde propioak izateko hipotesia bazegoen hasieran. «Egon ziren aukerak, eta azken unean gobernuak erabaki zuen hori ez aldatzea», azaldu du Zabaleta zuzenbide irakasleak. Legez, ordea, aukerak mahai gainean segitzen du. Horretarako, Frantziako Parlamentuak hartu behar luke erabakia, eta legea aldatu. Datozen bi urteetan parlamentariek hala erabakitzen badute, erabakia automatikoki hurrengo hauteskundeetan aplika- tuko litzateke. «Problema da Emmanuel Macronen programan ez dela sartzen, eta, Hollandek lurralde kolektibitateetarako egin erreforma ugarien ondoren, pausa bat egin nahi zuela adierazi zuen», zehaztu du Zabaletak. Haren erranetan: «%99an erran daiteke Macronen mandatuan ez dela izanen».

Beraz, 2020an ez, baina 2026an? «Posible izateko, presidente honen mandatua bukatu arte itxoin beharko da, ea hurrengoak zer egiten duen, baina Parisi dagokion gai bat da». Haren ustetan, «ez da urruneko hipotesi bat; berriz etorriko da mahai gainera aukera hori», Frantzian diren beste hirigune elkargoetan pausatuko den galdera ere bai baita. «Hots, trantsizio batean da Frantzia».

«2014an bezala izanen da. Zure herriko etxeko zerrenda aukeratuko duzu, eta ondoan jarriko dute nor diren elkargorako hautagaiak», azaldu du Zabaletak. «Herri bakoitzaren galbahetik pasatuko da Euskal Hirigune Elkargorako lehia politikoa; ez da hauteskunde orokorrik izanen Euskal Herriko lurraldearentzat».

Proiektu politiko bat plantan emateko orduan, eragina izango du hauteskunde sistemak, eta horretan «freno bat» dela uste du zuzenbide irakasleak. Freno bat «jendearen eta instituzioaren arteko lotura politikoan. Lotura horretan, gakoa da hauteskundeena».

JOKO POLITIKOA

Zabaletaren iritziz, hauteskunde sistemak «arrisku» bat dakar: «Egitura herritarrengandik urrun gelditzea. Hori da herri elkargoei egin izan zaien kritika nagusia». Herriko alkateari eta haren programa politikoari hautesleek kritikak egitera «ohituak» direla dio, baina «gehiengoak ez daki sobera zer egiten duen herri elkargo batek». Egitura horien «esentziari» lotzen dio zuzenbide irakasleak «urruntasun» hori: «Herrien arteko kooperazioa sustatzeko pentsatuak izan ziren tresna horiek, eta ez hainbeste instituzio politiko baten izateko». Hala eta guztiz ere, alde onak ikusten dizkio, hautetsiak lurralde osorako elkarrekin lan egitera eramaten baititu. «Positiboa da, baina gerora garatzeko, eta instituzio politiko erreferentzial garrantzitsu bat bilakatzeko, hauteskundeena konpondu beharreko afera da».

Batera plataformako bozeramaileak ere hala ikusten du: «Beti defendatu dugu sufragio unibertsala», dio Blainek. Arrazoia: «Ipar Euskal Herrirako kanpaina orokor bat egongo balitz, argiagoa litzateke jendearentzat, eta zilegitasun handiagoa izango luke elkargoak». Egungo hauteskunde sistemarekin, izan ere, joera politikoak antolatzeko ere zailtasunak ikusten ditu Blainek. «Momentuan ez da ageri halakorik. Hasiera delako, kontsentsu baten inguruan eraiki da, eta denok sartu gara lehendakariaren taldean». Aurrera begira jarri da Batera-ko kidea: «Urteekin ohartuko gara joera politikoak zeintzuk diren; horren argitzeko eta antolatzeko sufragio unibertsala beharrezkoa da». Argi ikusten du; ezinbestekoa: «Aldatu beharko da sistema, dudarik gabe. 2020an ez bada, ondokoan, baina beharko da argitu, eta sufragio unibertsalera joan».

Erabat kontrako iritzia du Lucien Betbeder Lekorneko auzapez eta Auzapezen Bitzarreko lehendakariak: «Sufragio unibertsalak elkargoaren egitura urrunduko du; herri txikietatik gobernantza urrunduko du». Haren ustetan, hauteskunde zuzenek, «politika politikeroa» emanen dute. «Konbentzimenduak behar dira, Euskal Hirigune Elkargoari buruzko ideia bat, baita Euskal Herriaren geroari buruzkoak ere, aldekoak zein kontrakoak». Alkatearen erranetan, «demokrazia bermatzen du, baina arrangura da sobera politika politikero jokoa sartzea». Gaur egungo Euskal Hirigune Elkargoaren aktibitate politikoarekin aldeak ikusten dizkio: «Eskuinekoak, ezkertiarrak, zentristak, abertzaleak... orain ez da hala justuki, eta, nire gustuko, hala segitu behar luke. Gure politikak alderdi politikoetatik kanpo izan behar du, edo barnean, baina elkartasun eta koherentzia batekin, geroari buruz Euskal Herria bermatzeko». Ipar Euskal Herrirako hauteskunde bereziak antolatuko balira, beraz? «Tronpatzen ahal naiz, baina politika sartuko da, zerrenda politikoak izanen dira, eta herri txiki ainitz ez dira barnean izanen».

Ez lirateke barnean izanen, ez, sufragio unibertsalean hautetsiak oinarri demografiko baten barruan aukeratzen direlako. Zabaletak baieztatu du hori: «Gaur egun herri txikiek biltzarrean duten gehiengorik ez lukete izango; hautesle bat bozka bat izango litzateke, eta hautetsi batek X mila bozka ordezkatuko lituzke». Euskal Hirigune Elkargoan hautetsien kopurua apalduko litzateke, eta egituraren antolaketa eta lurraldeen arteko oreka aldatuko luke horrek.

Baina Frantziak Hirigune Elkargoentzako sufragio unibertsala legeztatuko balu, ikusten du beste aukera bat Auzapezen Biltzarreko lehendakariak: Auzapezen Biltzarra indartzea. «Herri guztiak ez dira ordezkatuak izango gobernantzan; beraz, Auzapezen Biltzarrak elkartuko lituzke, bertan beren boza entzunarazten ahalko lukete, eta beste indar bat ekar dezake». Otsailaren 24an du biltzar nagusia Auzapezen Biltzarrak, eta hausnarketa faseari ekingo diote. Urtebete hartuko dute Ipar Euskal Herriko auzapezek, «elkargoa hoino hobeki martxa dadin nola egin pentsatzeko». Hausnarketa urtearen helburua herrien eta elkargoaren arteko lotura «atxikitzea eta biziaraztea» izan behar du Betbederren iritziz.

«Gai konplikatua da. Ez da formula magikorik. Asmatu beharko da eredu bat; bestela, haustura argia izanen da herritarren eta instituzioaren artean», nabarmendu du Blainek. Gaur egungo antolaketan «zentralismo» bat gertatu dela dio Batera-ko kideak, poloen «indartzearekin» zuzendu beharko dena. Besteak beste, lehengo hamar herri elkargoetan oinarrituriko poloak sortzea aurreikusten du Euskal Hirigune Elkargoak, lurraldeetan instituzioaren erreleboa izateko. Oraindik ez da argitu poloak soilik teknikoak izango diren, edo ordezkaritza politiko bat ere izango duten. Elkargoaren obratze fase honetan, haien kopurua apaltzea aurreikusten da. Herri elkargoen desagertzeak eta Euskal Hirigune Elkargoaren sortzeak dena Baionara eraman ote den sentsazioa sortu duela dio Blainek. Are gehiago: «Horri guztiari gehituz sufragio unibertsalaren eskasa, hautetsi batzuengan zein hautesle batzuengan, urruntze fase bat ikus daiteke azken urtean».

GARAPEN POSIBLEAK

Euskal Hirigune Elkargoa oraindik indarrean ez bada ere, haren garapenaren hipotesiak mahai gainean dira jada. Horietan nagusia: Estatus Bereziko Kolektibitatea. 2014an Ipar Euskal Herriko gehiengo politikoak Parisi egin zion eskaera da, eta, egikaritu ez bazen ere, haren oihartzunak entzun daitezke oraindik ere. «Instituzionalizazioaren eztabaida pausatu zenean, bere hauteskunde propioak izango zituen instituzio berezi baten inguruko interesa zabaldu zen, Korsikaren eredutik», gogorarazten du Zabaletak. «Hor bada lotura politiko zuzen bat». Batera-ko bozeramaileak ere ez du ahantzia: «Gure iparrorratza da oraindik ere, nahiz eta ulertzen dugun garai politikoak instalazio fase bat eskatzen duela».

Lau aldarrikapen historiko izan ditu Batera-k: Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionala, euskararen koofizialtasuna, bertako laborantza ganbera ofiziala, eta berezko unibertsitate polo baten sorrera. Blainen iritziz «ikustekoa da» arlo bakoitzean zer plangintza duten, eta bitartean «barne gogoeta» hasia dutela dio, «eskakizunak egokitzeko». Talde eragileak urtarrilaren 24an aktibatu zuen berriz gogoeta, eta 2018. urte osoa aurreikusten dute ariketaren aurrera eramateko.

Zabaletaren iritziz, «biziki zaila da orain mugimendu bat sortzea lurralde kolektibitatearen inguruan». Haren ustetan, 2014an sortutako kontsentsuari estatuak ezetza eman ondotik eta horren ordez estatuaren Euskal Hirigune Elkargoaren kontraproposamena onartu ondotik jokatu zen dena. «Orain Parisek zer erranen du? 'Eman dizuegu hirigune elkargo hori, jada balia ezazue, eta ikusiko dugu hemendik urte batzuetara', baina 20 urtera». Aukera gutxi ikusten ditu alde horretatik zuzenbideko irakasleak: «Euskal Herria 2010 plana hasi zen 1990ean, 27 urte behar izan dira herri elkargo bihurtzeko. Orain, Parisek badu X urterako erantzun bat».

Parisek beste aldarrikapen instituzional bat du garai hauetan kudeatzeko: Kortsikarena. Han gertatzen dena hurbiletik aztertu da beti Ipar Euskal Herrian, are gehiago nazionalistak boterera iritsi direnetik. Presoen gaia tarteko, arlo instituzionalean Frantziako Estatuarekin diren elkarrizketek Ipar Euskal Herrian eragina izan dezaketela dio Blainek: «Kortsikan gertatutakoak laguntzen ahal du bide horretatik».

Zabaletak, ordea, hortik aparteko bi aukera ikusten ditu: «Edo Euskal Hirigune Elkargoaren hauteskunde sistema aldatzen da, lege bidez, edo estatus bereziko kolektibitate bat bilakatzen da, hemen ere lege bidez». Haren ustetan, «xantza gehiago bada» lehen hipotesirako, «ez eta korsikarrei bezala estatus berezi baten ematea». Euskal Herriaren «onarpena» errazago ikusten du bide horretatik, «ez eta lege berezi bat egitea estatus bereziko kolektibitate baten emateko». Zera gaineratu du: «Sufragio unibertsala jarriko balitz, Euskal Elkargoa lurralde kolektibitate bilakatuko litzateke de facto». Lurralde kolektibitatea izateko, sufragio unibertsala behar du egiturak, eta jada Euskal Hirigune Elkargoak badituen finantza autonomia eta eskumenak. Kasu horretan, behin lurralde kolektibitatea lortuta, eskumenei buruzkoa «beste eztabaida bat» litzatekeela dio Zabaletak: «Hori lortuta, estatuarekin eztabaidatzen ahalko litzateke dituen eskumenak nahikoak diren ala ez, Euskal Herri mailako politika sakon baten eramateko. Hori beste eztabaida bat da, eta hor dago eboluziorako gakoa».

BERRIAn argitaratua (2018/01/27)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA