astekaria 2018/02/02
arrowItzuli

kultura

'Bonanza' maite zuen margolari surrealista

Fito Rodriguez

'Bonanza' maite zuen margolari surrealista

Munduratu zela 120 urte bete dira. 1898ko azaroaren 21ean jaio eta 1967ko abuztuaren 15ean hil zen Rene François Ghislain Magritte. Otsailaren 18an bukatuko da margolari-poeta surrealistaren omenezko erakusketa.

«Elkarrizketaren artea»

Hala deitu zion Magrittek 1950ean margotutako irudiari, non ezponda baten ertzean zezen bat hilik baina oraindik bizirik agertzen den buruan aiztoa duela eta odol jarioak zipriztinduta.

Bere tankerako irudia da, surrealismoa puri-purian, garai inpresionista garaitua (1943-48) eta kubismoarekin nahiz abstrakzioarekin izandako hastapeneko kutsuaz aske (1919-23).

Magritteren margolaritzak hitz egin nahi baitu —«De Chirico izan zen, margolaritzaz harago, irudiek hitz egin zezaten erakutsi nahi izan zuen lehen margolaria», zioen…—, baina hark ez bezala, ezinezko elkarrizketak burutuz, edo, hobeto esanda, elkarrizketen ezintasunak erakutsiz, haien alde iluna argituz aritu zen belgikarra.

Argitasunaren behar hura sentitu ohi da Bruselan, eta ez dira apenas bereizten eguraldi goibelak eragindako kanpoko iluntasuna eta erakusketa barneko argige belun itzal itsuak. Ez dakit antolatzaileek nahita paratu ote duten argi falta edota akats hutsa ote den, nahiz ni, nire motzean, bigarrenean egon, baina norberak antzematen ez dion zama kulturalari lepora dakioke sentsazioa zeren, gure ohituren aldean, Europako hiriburuko kaleetan ez da ezer entzuten, ezta asko ikusten ere, horren da isila eta aizarotsua giroa.

Baina, haren aurrean, dudarik ez, Magritteren irudi argiek argiztatzeko balio dute. Balekoa bezain argia den iruditeriaren aldeko apustua egin baitzuen: «Ez diogu eguzki argiari beldurrik eduki behar mundu miserablea besterik ez duela argiztatzen aitzakian», zioskun. Hori dela eta belgikarrak erabilitako kolore paleta bizia eta, gehienetan, irudikatutako egurats gardenari ez zaio behar bezala antzematen argitasunaz eskas dagoen erakusketa honetan.

Magrittek badu La Malédiction (Madarikazioa) izenburua daraman olio margo bat non eguberriko zeru hodeitsu zeharrargitsu nabarmena besterik ez den agertzen. Ez naiz, bada, erakusketaren antolatzaileei buruz gaizki esaka arituko —bide batez, madarikazioaren esanahia zentzu hertsian erabilita—, baina bai, ordea, gogoratu beharko dut Magrittek berak esandakoa, edo idatzitakoa (Écrits complets, 1979, Flammarion), edota margotutakoa (Ceci n´est pas une pipe, 1926) gaizki esandakoaz edo eskas ulertutakoaz argitzeko: «Nik margotutako piparekin ezin da pipatu, beraz, nire marrazkia ez da pipa bat, haren antza duen irudikapena baizik». Horixe baita Magritteren funtsezko ekarpena, erakustea —ez irakastea—hizkuntzaren eta irudikapenen amarrua, berez, gaizki adierazikoetan oinarritzen dena. Ezin baita ezer ondo azaldu erabiltzen ditugun hizkuntza sistema denak bidegabeak baitira, nahiz eta, gaizki ulertutako irakurketak edo elkarrizketak sortzaileak eta berritzaileak izaten diren, artea garatzeko ezinbestekoak.

Porrontxo jaiak

Ez dugu San Sebastian ezta inongo santurik ere aitzakiatzat hartuko jai herrikoiak antolatzeko; hala deliberatu zuten duela zenbat urte egiatarrek beren festak definitzeko garaian. Festak denontzat behar direlako izan eta, bide batez, trufak eta umoreak mundua eraldatzeko tresna erabakigarriak direlako.

Erakusketa kronologikoki dago eratuta, ia biografikoki. Egia da ez dela behetik gora garatzen, ezta eskuinetik ezkerrera sartzen ere. Aitzitik, sarrera goian dago eta ohikoaren aurkako sarbidea erabili da, baina alde handia dago 1938an Parisen surrealistek antolatu zutenarekin… Hartan, irekiera ordu faltsua eman zuten jendea nahasteko, sarbidea —zorroz egindako umetoki erraldoia zena— erakusketa bera zen eta, oro har, helburua animoak asaldatzea zuen erakustegia izan zen. Honetan, ordea, dena da didaktikoa eta akademikoa. Aldarte eskasekoa, alegia.

Michel Foucaultek bere Hau ez da pipa bat (Magritteri buruzko saiakera) izeneko liburuxka argitaratu zuenean (1973, Fata Morgane) Magritteren umore subertsiboa hartu zuen hizpide, baina, bere hitzetan, «irudien eta hitzen arteko aurkakotasunaz Kleek astindutako iraultzak ez dio Magritteri eragiten». Magritteren margoak ez direlako abstraktuak, berak hartutako kontraesan eta metafora umoretsuen bidez hautatako bide artistikoa jorratzeko nahitaezkoak izanik.

«Figuratiboa ez den artea irakasten ez den eskola edota elikatzen ez duen sukaldaritza besterik ez da», zioen aipu batean. Agian, erakusketan aukeratutako aipuak izango dira, irudiez gain akaso, bilduma honek daukan balio nabarmenetarikoa zeren, jakina denez, Magrittek, asko margotzeaz gain, asko idatzi zuen, eta margolaria izanda ere, poeta ere bai baitzen.

Hitzak eta gauzak

Aipatu Foucaulten izkribua aldez aurretik hark idatzitako Hitzak eta Gauzak (Les mots et les choses. Galimard. 1966) saiakeraren jarraipen txikia besterik ez da. Bertan filosofo frantsesak Berpizkundearen aurreko eta ostekoaren jakintza ezberdintzen saiatu zen eta, haren arabera, hasieran gizakiak mundua ulertu arren, Jaungoikoak idatzitako liburuaren bidez egiten zuen, non hitzen eta gauzen artean harreman zuzena bazegoen, egon.

Berpizkundearen ondoren, aldiz, harreman zuzen hura puskatu zen kulturan krisialdia sortuz, zeinean, ordutik hona, elkarrekikotasunik ez dugun gehiago aurkituko ez hitzen artean ez eta gauzen artean ere, eta aurretik erabilitako kidetasunaren partez, bada, antzekotasuna agertu zen.

Magritteren lana izango da, ildo horretatik, Foucaultek bere teoria ilustratzeko har zezakeen adibide gardenena. Erakusketa honetan, zoritxarrez, aipatzen ez dena.

Arazoa da Berpizkundetik hona ezin dela aurkitu baleko harremanik ez hitzen eta gauzen artean, ez eta gauzen artean ere. Begi bistakoa baita Magrittek margotutako pipa gauza bat dela baina, halaber, ez da pipa bat —beste gauza bat baita, margoa alegia—.

Foucaulten arabera, errealitatearen eta gogamenaren arteko elkarkidetasun falta horretaz ohartzen ziren bakarrak eroak eta poetak ziren. Berpizkundearen ondotik, berriz, arrazoiaren garaiaren etorrerarekin bat, poetak besterik ez dira geratuko nostalgia horretan; horregatik, poetatzat hartzen du Magritte, ez haren idazkiengatik, haren margoen eta haien izenburuen arteko kontraesanengatik baizik.

Zerri aurpegia duen gizakia

Garai modernoetan, hizkuntzaren eta munduaren artean desagertutako elkarkidetasun horren partez antzekotasuna hasten da erabiltzen —euskaraz oraindik elkarkidetasuna eta antzekotasuna sinonimotzat jo ohi dira…—, baina aipatu antza hura, ordea, faltsua da. Hala analogikoa nola digitala ere.

Erakusketa honetan ikus daiteke Magritteren margo bat, garai inpresionistan burutua, non gizakien janzkera duen zerri bat ageri den ikusleari begira. Naziek Belgika hartu zutenean bihurtu zen Magritte inpresionista, eta irudikapen horren aurrean galdera hau sortzen da: zein da margoan dagoena, gizakia edo zerria?

Antzekotasun arazoa da. Artean ohikoa izan den mimetismoaren ordez, Magrittek erabiltzen du «balitz eta balego»-aren estetika, hau da, gizakiak zerria ematen du, baina zutik dago eta behar bezala jantzita; gizakia da, beraz. Irudian agertzen denak bien antza eduki arren, ez dago elkarkidetasunik.

Magritteren ahalegina margolaritzan eta Wittgensteinena hizkuntzaren filosofian osagarriak dira. Hizkuntzak hiztunarengan agintzen du eta irudikapenak ikuslea hartu ohi du gatibu. Magritteren marrazkiak eta margoak, antzekotasunaren kontraesanen bidez, bestelako ulermena baieztatzen dute. Txantxak direla dirudite, baina funtsean, arte figuratiboa erabiliz ohiko gogamena bera ari da kolokan jartzen alternatiba herritarra burutuz. Artean Kandinskik apurtutako irudikapen loturaz harago doa; Magritte iraultzaile bat da. Wittgenstein ez bezala.

Urrezko paperaren lorea

Bere bilaketa horretan Wittgensteinek amorea eman zuen, Magrittek ez. Izan ere, ahalegin horretan elkarturik talde oso bat bazegoen: La Fleur en Papier Doré izeneko tabernan biltzen ziren Belgikako surrealistak (Nouge, Scutenaire, Hamoir, Mesens, Goemans, Souris…) eta diziplina arteko lan kolektiboa egin zuten, aipatuko alternatiba herritar horren atzean. Magritte margolaria zen, Nouge eta Scutenaire poetak, Irene Hamoir zinemagintzan ari zen, Souris musikaria… adiskide talde bat.

Nola da posible Brusela bezalako hiriburu burgesean, kolonialismo gorriaren sasoian, horrelako talde ezkertiar eta iraultzailea sortzea? Haatik. Burgesia mendebaldarraren mundu ikuskeraz gogaiturik zeudelako, hain zuzen ere.

Surrealismoa inkontziente sakonean aritu zen bestelako errealitate baten bila. Ametsen iruditeria erabili zuen balizko beste errealitate batzuk badaudela frogatzeko eta, halaber, eguneroko bizitza arruntaren edozein eraldaketa burutzeko artearen beharra zegoela aldarrikatzeko. Arte bizia, alegia, literatura, marrazkia, kolorea eta mugimendua uztartuz, bizitzarekin bat garatu zena. Artista pertsonaia bihurtu beharrean, talde izaerak bereganatu zuen garrantzi osoa, eta haren kideak hausnarketa kolektiboen bidez egindakoaren balioa era kritikoan aztertu ohi zuten.

Baina, aukera guztiak eskuratzeko, Askatasuna letra larriz idatzi behar izan zuten, eta hura aldarri bihurtu.

Idazteko eta arte baliabideak lantzeko. Artea eta literatura askapen bidean ezinbestekotzat hartuz eta erreboltarien espiritua goraipatuz. Hortik datozkie errotiko sorkuntzaren defentsa, bat-batekotasunaren aldeko oihua eta automatismoaren iragarpena, gizakiari arrazionaltasuna gainditzen lagunduko diotenak, Magritteren ekarpenei antzematen zaizkien ezaugarriak, alegia.

Mundua, berez, korapilatsu eta konplexua da, eta hura ulertzeko darabilzkigun hizkuntzak ere bihurriak izaten dira; horregatik Wittgensteini gustatzen omen zitzaizkion western filmak, zeren, haietan, dena gardena izaten da: gaiztoa gaizto eta ona on. Magrittek, Belgikako surrealistekin batera, zinema ere landu zuen —erakusketa honetan egindakoaren lagina agertzen da—, baina, Wittgensteinen antzera, eta haren gertukoek diotenaren arabera, Bonanza telesaila zen gehien maite zuen zinema mota.

Baionan jaiotako Marie Darrieussecqek, artean nerabezaroan zela, Hasier Etxeberriari Magritte gustuko zuela esan zion, baina gero gainditu zuela. Magrittek, aldiz, ustezko heldutasunaren miseria utzi du begi bistan. Erakusketa honek horixe bera berretsi digu.

BERRIAn argitaratua (2018/01/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA