astekaria 2015/12/11
arrowItzuli

gizartea

Medikuarenerako atea, astunegia

Arantxa Iraola

Medikuarenerako atea, astunegia

Kalean zaudenean, normalean, zailtasun handiak izaten dituzu zure osasuna zaintzeko». Bizkaiko Caritasen etxegabeentzako zerbitzua zuzentzen du Joseba Gayak. Usu ikusten ditu, haien gaixotasunetan, kalean bizitzeak dakartzan nekeak. «Erantzun on bat emateko, zeure burua mugitu behar duzu: osasun zentrora edo ospitalera joan behar duzu. Askotan arazo izaten da haientzat heltzea». Horregatik, sarritan, premia gorrian dauden arte, zain egoten direla azaldu du: «Larrialdietara joaten dira». Osasun sisteman hortik aurrerako bidea egiteko zailtasun handiak izaten dituzte maiz: «Larrialdiko arta jaso, eta kanpora doaz». Kalera.

Etxebizitza finko bat eduki ezina dute ezaugarri etxegabeek. Gabezia horrek dakartza usu nonbait erroldatuta egoteko eragozpenak, eta, ondorioz, osasun txartela lortzeko zailtasunak: «Ez badaukazu erroldarik, ez duzu erreferentziazko medikurik, familia medikurik, eta, ondorioz arta egoki bat lortzea zailagoa da». Etxegabeen egoerari erreparatzeko SIIS ikerketa zentroak iaz egindako ikerketaren arabera, bizileku gabezia larrian dauden andre-gizonen %21ek ez dute osasun txartelik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Legez, larrialdietako arreta besterik ezin dute jaso.

Pertsona horien egoeraren larriaren berri badute osasun eskubidearen alde diharduen Anesvad elkartean. Erakundearen Bizkaiko egoitzan dihardu Nagore Eskisabelek, Inzidentzia Politikaren arduradun. 2012an Espainiako Gobernuak osasun sisteman egindako erreformak —paperik gabeei osasun arta arras murriztea ekarri zuen— kaltea ekarri duela ohartarazi du: «Osakidetzaren jarrera ez da izan beste zenbait tokitakoa bezain itxia; baina gertatu izan zaie paperik gabeei, medikuarenera edo larrialdietara joan, eta han faktura bat ematea». Osakidetzaren moduan, Osasunbideak ere Espainiak egindako erreforma murriztailearen ondorioak samurtzera egin du, baina, hala ere, errolda eskatze hutsa arazo larria da etxegabeentzat. «Lanik egiten ez baduzu, oso zaila da bizitzeko toki bat izatea, eta, ondorioz, errolda eskuratzea». Paperik gabekoen arta mugatzen du Frantziako legediak ere: hiru hilabeteko egonaldia eskatzen du, gutxienez. Aparteko babesik jaso ezean, pertsona horien arta txarragoa izaten dela argi du Gayak: «Askotan beraiekin joan behar izaten dugu».

Krisiaren «aitzakiarekin» harturiko neurriekin kritikoa da Caritaseko ordezkaria ere. Etxegabeak behar handiak dituzten pertsonak direla ohartarazi du, eta krisiaren aurreko urteetan haien osasun arta egokia bermatzeko egindako hainbat urrats erdizka geratu direla. «Gauza asko galdu ditugu. Ari ginen bide bat egiten astiro-astiro; orain astiroago doa dena». Egoera larriak izaten direla azaldu du: «Adibidez, ospitalean senda-agiria bariku arratsalde batean jaso, eta nora zoaz?». Bilbon, Elejabarriko aterpetxean, eriondoko egunak igarotzeko badira zenbait toki, baina eskaintzak ez ditu premiak asetzen: «Denak ez dira heltzen». Eta babesik gabe geratzen dira zenbait: «Ospitaletik kalera doaz». Botikak eskuratzea ere zaila da usu.

Malgutasuna. Etxegabeekin diharduten adituek usu erabiltzen dute hitz hori: gizarteko arauetatik aparte ibiltzen ohituta daude etxegabe asko, arazo eta istorio gogorrak dituzte atzean, eta zurruntasunarekin nekez lagun dakieke. Gizartea gidatzen duen sistema, ordea, hortik aparte ikusten du Gayak, arau zurrunei atxikia: «Sistema gero eta itxiagoa da. Batetik, bide berriak abian dira, baina, beste alde batetik, atzerantz goaz, itxiagoa da guztia; ondorioz, pertsona horientzat oraino ere zailagoa jarri da dena».

Buruko nahasmenduak

Gaixotasun larri edo kronikoak dituzten etxegabeen artean, ohikoenak buruko nahasmenduak dira. SIISen ikerketaren arabera, etxegabeen %15,2k dituzte halakoak. Aintzat hartu behar da, hala ere, osasun sistemara heltzeko eragozpenen ondorioz, diagnostikatu gabe egongo direla hainbat. Itaun zaila da: buruko gaitzak daramatza zenbait pertsona kale gorrira, edo kaleak dakar gaitza?

Gipuzkoan dihardu Gizaide Fundazioak: buruko gaixo larriei laguntzen. 1997an eratu zuten, pertsona horiei bazterkeriaren arriskua saihesten laguntzeko. «Hasieran, zuzenean kaletik zetorren jendea iristen zen; horrelako jendea bazegoen», azaldu du zuzendariak, Onintza Lasa Arteagak. Ordutik «soslai» aldaketa izan dute: osasun sisteman txertatuta dauden pertsonak heltzen zaizkie egun. Gizartearen erdigunetik aparte segitzen dute, ordea: «Izan ere, zer da bazterkeria? Zein irizpidek zedarritzen dute? Baztertua ez izateko irizpidea bada lan bat izatea, ez dute. Baldin bada harreman sozial txukunak izatea, ez dauzkate. Baldin bada diru iturri egoki batzuk izatea, horiek ere ez dituzte askok». Hortik, estigmaren aurkako dei ozena: ahulenak ahalduntzeko.

BERRIAn argitaratua (2015/12/05)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA