astekaria 2018/02/02
arrowItzuli

kirola

Bulegoko alpinista

Jakes Goikoetxea

Bulegoko alpinista

Zertarako joan hara [Everestera]? Ikusi dut argazkietan. Jendez gainezka dago, eta deserosoa da. Guztiz harritsua eta anabasa bat da». Elizabeth Hawleyk, Miss Hawleyk, ez zuen sekula Everest igo (8.848 metro), ez eta Nepalgo gainerako menditzarrak ere. Buruan gordeak zituen haietara igotzeko jarraitu beharreko bideak eta gainditu beharreko zailtasunak, tontorrak batez ere, mendi haietan egon ziren alpinistek urteetan zehatz-mehatz kontatuta eta Hawleyk koadernoz koaderno jasota. Mendi haietan bertan egon berriak ziren alpinistak zehaztasun eske estutzeraino. Entziklopedia bat apaletan eta buruan. Emakume bat nagusiki gizonen mundu batean. Nekaezina eta saiatua. Atzo hil zen Himalaiako notarioa, Katmandun, pneumonia baten ondorioz, 94 urterekin.

Chicagon (Ameriketako Estatu Batuak) 1923an jaioa, 1950eko hamarkadan ezagutu zuen lehenengoz Nepal, munduari bi urteko bira ematen ari zela. 1963an bueltatu zen, Reuters albiste agentziak bidalita, mendiko albisteak jasotzera. «Nepalera etorri nintzen. Inoiz ez nuen pentsatu geratzea. Ez nuen inoiz utzi».

Espedizioei buruzko informazioa jasotzen, ordenatzen eta erregistratzen hasi zen kazetari estatubatuarra. Haren lan zehatzak eta zorrotzak Himalaiako notario bihurtu zuten. Gailurren egiaztatzailea. Ez ofiziala, ez derrigorrezkoa, baina bai alpinismoan eta alpinismotik kanpo gehienek errespetatua eta aintzat hartua. Batzuek, ordea, uko egiten zioten harengana joateari.

«Inoiz ez nuen horretan aritzeko erabakirik hartu», esan zion Reutersi 2011. urtean eskainitako elkarrizketan. «Inertzia» izan zen. Reutersentzat lanean ari zela espedizioekin biltzen zen, informazioa jasotzeko eta gero zabaltzeko. «Jendeari erabilgarria iruditu zitzaion eta, beraz, jarraitu egin behar duzu».

Notario eta epaile izan zen Hawley. Alpinistek errespetua zioten. Baten batek beldurra ere bai, eta Hawleyk bazekien. Hoteletan egiten zien bisita. Bat espedizioaren aurretik, bestea espedizioa eta gero. Lehenengoan zein mendi igo behar zuten, nondik, nola, nork... galdetzen zien; bigarrenean ea igo zuten egiaztatzen zuen, igoera nola izan zen galdetuz, gailurrean zer aurkitu zuten, gailurretik zer ikusi zuten...

Zintzotasuna

«Apurtxo bat eszeptikoa banaiz, baina pentsatzen dut mendizale jendea zintzoa dela, hitzekoa, eta normalean sinesten diet», esan zion Miss Hawleyk Ramon Olasagasti Euskaldunon Egunkaria-ko kazetariari, 2002an. «Aski izaten dut euren hitzarekin. Eurek askotan esaten didate haserre: 'Ez duzu mendizale baten hitza sinesten?!'».

Irudiak harrigarria behar zuen: alde batean, inoiz Nepalgo mendirik igo ez zuen Miss Hawley — berak aitortuta, igotako mendi garaiena 1.339 metroko Mansfield zuen, Vermonten—, galdekatzen, ia kontuak eskatzen; bestean, alpinistaren bat, espediziotik bueltan, egindakoa azaltzen eta zalantzarik ez eragiten saiatzen.

Dudakoa jartzen zien aurrez aurreko elkarrizketan konbentzitzen ez zuten edo nahiko zehaztapen eman ez zizkioten alpinisten espedizioei. Susmoak edukiz gero, espedizio susmagarriekin batera egondako espedizioei galdetzen zien. Edota haien xerpei. Detektibe lanak egiten zituen.

Eta haren onespena ez zen betirako. Aurrena onartu egin zuen Oh Eun-Sun korearrak Kanchenjungara (8.586 metro) 2009an egindako igoera, hamalau zortzimilakoak igotzen lehen emakumea izateko lehian. Kontrako hainbat froga jaso eta gero, ordea, dudakotzat jo zuen, eta, azkenean, agerian geratu zen Oh Eun-Sunek gezurra esan zuela. Edurne Pasaban izan zen hamalaukoa lortu zuen lehen emakumea.

Heriotzak. Alpinisten heriotzak ziren bere lanbidearen zatirik gordinena, haren esanetan. Aste batzuk lehenago ikusi eta elkarrizketatu zituen mendizaleak hil egin zirela jasotzea: «Gogoratzen dituzu, bidalketetan aipatzen dituzu, aurrera egiten duzu».

Katmanduko Tata eta Toyota ibilgailuen artean, Hawley Volkswagen Beetle urdin, zahar eta dotore batean ibiltzen zen batetik bestera hiriko trafiko kaotikoan. Gidariarekin.

1991n Hawleyren lanaren ikusgarritasuna aldatu zen. Richard Salisbury estatubatuarrak, Hawleyren ezagutza eta informazio izugarria ikusita, datu base batean jasotzea proposatu zion. The Himalayan Database sortu zuten, Hawleyren informazioan oinarrituta, baina bestelako informazioarekin osatua. CDetan aurrena. Interneten gero. Nepalgo 450 mendi nagusitako 1905 eta 2017 arteko espedizioak biltzen dituzte. Hawleyk 2016an utzi zion espedizioei buruzko informazioa biltzeari. Haren laguntzaileak, Billi Bierling alpinista eta kazetari alemaniarrak, hartu zuen ardura.

Hawleyk ia bizitza osoa egin du Nepalen. Urteotan guztiotan ez du nepalera ikasi. Nepaldarrak estimatzen zituen. Min egiten zion, esaterako, espedizioei gailurra egin zutenen izenak eskatutakoan, gehienek xerpak ahaztea. Hawleyk, hala ere, zioen zaila zela xerpen igoeren zerrenda zehatza bat egitea, horietako askok izen berdinak dituztelako.

BERRIAn argitaratua (2018/01/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA