astekaria 2018/02/02
arrowItzuli

ekonomia

CANen itzal luzea

Joxerra Senar

CANen itzal luzea

Martxoan sei urte beteko dira Caixabank finantza taldeak Nafarroako Kutxa erosi zuela, baina haren itzala luzea da oraindik ere. Nahiz eta CAN fundazioak banku katalanaren %1 gordetzen duen, erabakien gaineko kontrolik ez du. Finantza erreminta garrantzitsu bat galdu den heinean, izaera publikoko banku bat sortzeko eztabaida piztu da. Komenigarria al da? Zer eredu nagusitu beharko litzateke? Zeintzuk dira arrisku nagusiak? Ba al dago nahikoa sendotasun banku publiko bat sortzeko? Zer izaera juridiko izango luke?

Gizarte erakundeen artean, Nafarroako Attac izan da modurik argienean banku publikoaren alde egin duen elkartea. Haren ekimenez, iazko apirilaren 24an Christoph Sessel Kasselgo Unibertsitateko ekonomista alemaniarrak hitzaldi bat egin zuen Parlamentuan, eta defenditu zuen finantza arloan banku publikoak politika antiziklikoak egiteko erreminta egokia direla. Alemanian edo Indian krisien eraginak leuntzeko balio izan dutela argudiatu, eta espekulazioari ihes eginez funtzio sozial bat dutela nabarmendu zuen.

Laukoaren ekimena

Ideia hori Nafarroara ekarriz, Attac erakundea konbentzituta dago «gehiengo sozialaren beharrekin zerikusi gehiago duten politika publikoak bideratzeko oinarrizko finantza erreminta» litzatekeela banku publikoa. Egungo legealdi hasieran, Nafarroako Gobernua sostengatzen duten lau alderdiek akordio programatikoan hitzartu zuten «berriro ere finantza erakunde publiko bat izateko aukerei buruzko txosten bat egitea». EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra modu argian azaldu dira aukera horren alde, eta Geroa Baik nahiago izan du txostenen zain geratu. Oposizioko alderdiei begira, berriz, UPNk, PPk eta PSNk begi txarrez ikusten dute.

Eztabaida ireki da. Nafarroako Gobernuak bi ikerlan egiteko agindu du. Lehenik, Fernando de la Hucha eta Rafael Lara NUPeko irakasleek txosten juridiko bat aurkeztu zuten iragan udan. Bigarrenik, lehiaketa publiko bat atera zuen gobernuak, eta enpresa irabazleak, Bizilanek, banku publikoaren egokitasunari buruzko azterketa egin du. Iragan urtarrilaren 15ean ezagutarazi zituen lan horren ondorio nagusiak gobernuak. Horrez gain, urria amaieran hitzaldi bat antolatu zuen, eta Europako esperientziak gertutik ezagutzeko aukera eman zuen.

Bizilanek kaleratu berri duen txostenak gizarte, finantza eta ekonomia arloko 27 eragileren iritzia bildu du: lurraldeko hiru finantza erakunde nagusiak (Caixa, Laboral Kutxa eta Rural Kutxa), lau sindikatu handienak (UGT, CCOO, ELA eta LAB), ekonomia munduko elkarte eta enpresa nagusiak (Eroski, Merkataritza Ganbera, CEN patronala, ANEL); administrazio publikoko enpresa eta erakundeak (udalen federazioa, Ogasun Departamendua, Sodena, Nasuvinsa...); eta finantzekin lotura duten gizarte munduko hainbat elkarte (Attac eta Fiare banka etikoa).

Galdetutakoen profilari erreparatuta, ezinbestean, ondorio nagusietako bat da ez dagoela iritzi bateraturik. Hala ere, ideia eta ezaugarri komun batzuk bai identifikatu ditu txostenak. Batetik, denek argi dute banku publikoa «erabaki politikoa» dela eta «jarrera ideologiko zehatz bati» erantzuten diola. Bigarrenik, ia denen ustez, Nafarroak nahikoa sendotasun badu banku baimena lortzeko behar diren hemezortzi milioi euroak jartzeko, baina zalantzan jartzen da diru gordailuak biltzeko aukerarik izango duen. Hirugarrenik, onartzen da merkatuak «lehia handia» duela, baina badirela gizartean mailegua lortzeko zailtasunak dituzten sektoreak.

Horri lotuta, ereduaren inguruko talka islatu du lanak. Sessel ekonomistarekin bat eginez, gizarte arloko mugimenduek zein sindikatu batek iritzi diote banku publiko batek gizarte funtzioa izan behar duela. Euren ustez, bankuaren helburua izan behar du merkatuaren dinamikari ihes egiteak, eta mekanismo antiziklikoak sortzea, eta krisi garaietan sektorerik ahulenen zerbitzura jartzea eta zailtasunetan diren enpresa txikiei laguntzea. Era berean, merkatuetatik kanpo finantzatu beharko litzatekeela iritzi diote, horrek lasaitasuna emango liokeelako merkatuen gorabeheren arriskuei ihes eginez.

Aitzitik, erakunde gehienek uste dute banku publiko batek gainerakoek bezala lortu behar lukeela finantzaketa: «Mundu globalizatu batean, egungo araudia eta testuingurua kontuan izanik, oso zaila da merkatuaren irizpideetatik kanpo jardutea. Irizpide desberdinak izatea pizgarri zitala izan daiteke, eta erabaki okerrak hartzera eraman dezake». Gehienek ez dute beharrezkotzat, epe motz eta ertainera hartu beharko liratekeen arriskuen ondorioz.

Azterketak islatu du Nafarroako aurrezki kutxekin gertatu denaren ondoren, mesfidantza nagusitu dela, kudeaketa txarra eta politikarien esku hartzea eragin dituelako. CANen itzala luzeegia da oraindik ere.

BERRIAn argitaratua (2018/01/26)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA