astekaria 2018/01/26
arrowItzuli

bizigiro

Gehienez, 450 baino ez

Itziar Ugarte Irizar

Gehienez, 450 baino ez

Herri bertsoak belaunaldiz belaunaldi eraman du gertakaria: nola 1901eko maiatzaren 14an, Orioko (Gipuzkoa) herriko barraren aurrean, balea agertu zen, bederatziak aldean. Bada, akaso, askok uste baino esangura handiagokoa izan zen jazoera; hura izan baitzen euskal kostaldean agertu zen azken sardako balea. Gutxi ziren orduan, eta apenas geratzen diren orain. Nekeza da zehatza izatea; datu okerrenek diote 300 izaki geratzen direla, eta onenek, 450 bat, AEBetako NOAA Ozeanoen eta Atmosferaren Elkarte Nazionalak, esaterako.

Europako kosta atlantikoan desagertzen hasia zen espeziea haietako bat Orion agertu zenean, eta, gaur bai, guztiz desagertutzat jotzen da Europako kostan. Geratzen direnak Ameriketako Estatu Batuen eta Kanadaren arteko kosta atlantikoan daude. Eta, hain justu, haiendako arrisku handiena inguru horretako itsas nabigazioari lotuta dago. NOAAren arabera, 450 baleetatik hamazazpi hil ziren iaz. Heriotza tasa handi hori izan da alarmak joarazi dituena.

Erakunde berak zabaldu duenez, berehalako neurriak hartu ezean, litekeena da populazioa ez leheneratzea. 2017ko heriotza tasa handiak bat egin zuen ugalketa apaleko garaiarekin, eta egun soilik 100 eme ugaltzaile geratzen direla diote.

1937an hitzartu zen sardako balea arrantzatzeko debekua, mundu osokoa, eta ordutik dago babestuta espeziea, berez. Hala ere, zenbaketak ez du gorabehera handirik izan urte hauetan guztietan. Are, 2010az geroztik, azkartu egin da beheranzko joera, balea emeak arrak baino kaltetuagoak izanik.

Hor dago arazoaren arazoa, Enrike Francorentzat, Ambar itsas fauna ikertu eta babesteko elkarteko kidearentzat. Honaino iritsi izanaren arrazoiak zerrendatu ditu: «Balea hau den bezain motela izanik, eta kostatik hain gertu ibiltzen denez, erraz jotzen ditu itsasontziak; arrantzaleen sareetan harrapatuta geratzea ere ez da zaila; kumeak ere banaka izaten ditu, eta asko irauten dute hazten... Horrek guztiak eta inguruko beste faktoreek populazioa ez ugaritzea dakar, bestela ere hazkuntza oso motelekoa den izaki baten kasuan. Hori da larriena: espeziea ez dela ari hazten».

Biztanle dentsitate handiko inguruetan ibiltzen dira egun, gainera, eta horrek ez du batere arintzen egoera; alderantziz. «Neguan, Florida ingururaino jaisten dira erditzera. Eta, igotzerakoan, New York eta inguruetatik joaten dira, eta hango itsas trafikoa ikaragarria da», azaldu du Francok. Eta arazoaren beste korapilo bat ere erantsi du: «Endogamia modu bat jazotzen da. Taldea hain da txikia, talde horren barruan ugaltzen baitira. Ez dago beste inondik iristen zaien genetikarik, eta horrek ere euren kontra jokatzen du».

«Euskal balea»

Eubalaena glacialis edo sardako baleari euskal balea ere esaten zaio Euskal Herrian. Ternuara arrantzan joaten ziren euskal baleazaleak horiek arrantzatzera joaten ziren, eta, batik bat, ordutik izan dute izendapen hori, nahiz eta aurretik ere jardun zuten sardako balearen arrantzan.

Euskal Herriko baleazaleak XIII. mendean hasi ziren sardako balea arrantzatzen, Bizkaiko golkoan. Apurka, teknika hobetuz joan ahala, gero eta urrutiago mugitzen hasi ziren, harik eta Kanadako Ternua eta Labradorko kostaldeetara iritsi ziren arte, XVI. mendean.

Sardako balearen gorputzaren %40 dentsitate gutxiko gantza izanik, ur gainean geratzen da hildakoan, eta horrek, igerilari motela izatearekin batera, erraztu egiten zuen hura ehizatzea. Aspaldi egurrezko ontzi txikietan eta eskuzko arpoiekin joaten zirela aintzat hartuta, are gehiago. Orduko arrantzaleek eta herritarrek balea oso-osorik aprobetxatzen zutela nabarmendu du Ambarreko kideak. «Euskal balea bat arrantzatzea aberastasun ikaragarria zen kostako herrientzat. Mende luzez iraun zuen ohiturak, eta horrek balearen inguruko kultura oso bat eratu zuen, gaur jada existitzen ez dena».

Euskal baleak desagertzeko arrisku handia badu ere, ez da desagertzeko arrisku handiena duen espeziea. «Ohore tristea» Mexikoko golkoko mazopa txiki batek duela azaldu du Francok; dozena bat izaki inguru baino ez omen dira geratzen. Hain zuzen, euskal kostaldean zenbat mazopa dauden aztertzen ari dira orain Ambarren. «Irteerak egiten ari gara ea ikusten dugun mazoparen bat bizirik, zeren urtero agertzen da kostaldean mazopa bat behintzat, baina beti hilik».

Eskala txikiago batean, euskal balearen antzeko kasua da mazoparena, Francoren esanetan. «Mazopak ere kostatik oso hurbil joaten dira beti. Pentsa, gure zaharrekin hitz egingo bagenu, agian inork kontatu ahalko luke Bilboko ibaitik eta inguruetatik mazopak nola sartzen ziren. Gaur egun, hain kostazaleak izanda, arrantzaleen sareetan eta tranpetan erortzen dira haiek ere».

Gizakiaren jardunak eraginda galdu den lehen zetazeoa Txinako Yangzi ibaiko izurde bat izan dela azaldu du Francok. Aurrekari bat da, beste askoren artean, gal litezkeela eta benetan galtzen direla erakusten duena. «Txinako biztanleriaren gorakadarengatik, fabrika eta kutsadura ugaritasunagatik, giza presioarengatik... galdua da dagoeneko». Horren aldean euskal balea «hain larri» ez dagoela dio Francok, baina ez dela kontsolagarria, ezpada benetan desagertzea oso posible den seinale.

Beranduegi ezer egiteko?

Duela hamarkada gutxi arte, inor ez zen arduratzen kostako zetazeoez, Francoren arabera, eta horrek zaildu egiten du egun batetik besterako konponbiderik ez duen egoera batean esku hartzea. Agerikoa dirudi, baina azpimarratu egin du Ambarreko kideak: egoeraren aurrean ezer egitekotan, ikertzea da egin behar den aurreneko urratsa, eta, horretarako, behar besteko baliabideak bermatzea, «sakonera helduko diren ikerketak» izan daitezen. Halaber, sardako baleak dauden eremuetan, hala arrantza nola itsasoko trafikoa zorrotzago arautu beharko litzateke, ikerlariak dioenez.

«Euskal balearen arazo guztia beti izan da gizakiaren jarduna, oso-osorik; itsasoko kutsadura agerikoa hor dago, baina badira ikertu gabe dauden beste hainbat eremu ere». Horien artean, soinu kutsadura ekarri du gogora Francok. Merkantzia ontzien trafikoa ugarituta, «itsasoko zarata» nabarmen handiagoa dela dio, eta oraindik aztertzeko dagoela zer eragin izango duen horrek hango espezieetan.

«Bistan da ez dela herrialde edo erakunde baten kontua arazo honi heltzea. Balearen Nazioarteko Batzordea badago, baina herrialde ugari ados jartzea da kontua. Herrialde batek bere legeak alda ditzake, baina gero beste bandera bat duen ontzi bat badator nazioarteko uretatik... Arazoa erakunde guztien kontzientziazioan datza». Oraingoz, AEBetako eta Kanadako zientzialariek martxan jarri dute sardako baleen populazioa «monitorizatzeko plan bat». AEBetako Gobernuak Boston inguruko itsas ibilbide batzuk ere aldatu zituen duela hamar urte. Franco: «Baleak benetan kontrolpean izango dituen plan bat izan behar da, eta itsasontziei abisatuko diena baten bat gertu badabil. Hori guztia martxan dago, baina behar lukeen baino motelago».

Desagertuta ere...

Bene-benetan, zer inporta du espezie bat desagertzen bada? Ez da hil edo biziko kontua gizakiarentzat, ala? Azkenean, sardako balea ez litzateke ez lehena, ez azkena izango betiko galtzen. Francok, hein batean, ulertzen du jende batek horrela begiratzea lurreko hainbat espezie galduz joateari. Baina lehen begi kolpean antzematen ez diren arrazoien garrantzia ekarri du gogora; «historiari eta sustraiei lotutako esangura», besteak beste. Animalia desagertzeak ondorio ekonomikoak izango balitu beste kontu bat izango zatekeela ere esan du. Izaki bizidunek osatzen duten katea puskatzea da ondoriorik agerikoena. «Espezie honek beste mikroorganismo batzuk harrapatzen ditu, eta, lan hori gabe, kate trofikoa aldatu egingo da». Eta horrek beste ondorio batzuk ekarriko ditu, dominoko fitxa bat erortzeak hurrengoa erorarazten duen eran. «Eta horren ondorioak beti jakiten ditugu espeziea jada galdu denean».

BERRIAn argitaratua (2018/01/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA