astekaria 2018/01/26
arrowItzuli

gizartea

Bilbo, segurtasuna definitzen

Ibai Maruri Bilbao

Bilbo, segurtasuna definitzen

Udalean ordezkaritza duten sei alderdiek ez dute zalantzarik: hiri segurua da Bilbo; hala erakusten dute datuek. Baina aitortu dute azken asteetako gertakariek segurtasun falta sentiarazi dietela bilbotarrei. Hiru lagun hil dituzte: 43 urteko gizon bat Abandon, eta 87 urteko senar-emazte batzuk Otxarkoagan. Ezinegona sortu da. «Amildegia dago datu objektiboen eta herritarrek sentitzen dutenaren artean. Horren inguruko gogoeta bat egin behar da, eta guk uste dugu polizia ereduari lotuta egon behar dela», ohartarazi du EH Bilduko zinegotzi Aitziber Ibaibarriagak. Nekane Alonso bozeramaile jeltzaleak uste du pertzepzio horretan zer ikusi handia duela gertaera guztiak epe laburrean gertatu izanak. Eta esan du guztien ardura dela alarma ez sortzea: erakunde publikoena, ordezkari politikoena, hedabideena eta herritarrena, oro har.

Oposizioko alderdiek uste dute «auzitan» geratu dela udal gobernuak sustatu duen segurtasun eredua. «Azkenaldian Bilboko segurtasunak okerrera egin duela? Nik baietz esango nuke», egin du gogoeta PPko zinegotzi Luis Egiluzek. Udalberriko zinegotzi Carmen Muñoz ez da ausartu hainbeste esatera, baina aitortu du «kezka eta ezinegona» eragin diotela hiru heriotza horiek eta azkenaldian indarkeria erabilita lapurreta egin duten beste adingabe talde batzuen kasuek.

Joan den irailean, hiriaren egoerari buruz eztabaidatzeko egindako ezohiko osoko bilkuran, Juan Mari Aburto alkateak iragarri zuen segurtasunari lotutako itun bat aurkeztuko zuela. Joan den ostiralean egin zuten bozeramaile batzordea, alkateak bezperan deituta; alderdien ordezkariei zirriborro bat aurkeztu zien udal gobernuak. «Egia da Otxarkoagako hilketen berri izan baino lehen egin zuela deialdia, baina irailetik hona ez dugu izan gai honi buruzko berririk. Gobernua berandu dabil beti, gertakarien atzetik», salatu du Muñozek. Hala ere, «analisi sakonago baten faltan», lehen begiratuan abegi ona egin dio proposamenari. «Pertsonen segurtasunean oinarritzen den auzoetako poliziaren ereduaren antzekoa dela dirudi. Guk eskatzen dugunetik gertu dago. Baina hori indarrean jartzeko egiturazko neurriak behar dira, eta ez dakit horiek egiaz jasotzen diren planean».

PP ez beste alderdi guztiek gertuko polizia, auzo polizia eta tankerakoak aipatu dituzte. Aurreko agintaldian EAJk soilik osatutako udal gobernuak eredu horretarako bideari ekin zion. Ibaibarriagak uste du badela garaia urteotan egindakoa aztertu eta baloratzeko. «Gertuko poliziaren aldeko apustua egin da. Baina sortu den hori da gertuko polizia? Galdera horri erantzun behar zaio». Iruditzen zaio Bilboko Udaltzaingoak gabezia nabarmen bat duela: «Ez dute harremanik auzoetan mugitzen den jendearekin, eragileekin. Hartu-emana falta da auzo elkarteen eta Poliziaren artean. Eta hori da auzoak ezagutzeko modurik zuzenena».

Alonsok aitortu du egiteko asko dagoela oraindik. «Besteak beste, horretara dator itun hau: polizia eredu berrian sakontzera». Baina daborduko «pauso garrantzitsuak» eman direla uste du. «Urtero-urtero polizia gehiago dugu kalean. Lehen, ohikoena izaten zen kaleko zaintza autoz egitea. Eredu berriak esan nahi du udaltzainak kalean egotea, eta zaintzak gero eta gehiago oinez egiten dira». Adierazi du auzo guztietan unitate bat egotea lortu behar dela hurrengo. «Ez da egun batetik bestera lortuko, baina horretan hasi behar dugu».

Oro har, alderdi guztiek azaldu dute udalak proposatutakoaren azterketa sakonagoa egin behar dutela. PP izan da salbuespena. Jadanik ohartarazi du «eskas» geratu dela. Atzo, urtarrileko osoko bilkuran, segurtasun plan bat eskatu zuen. Jeltzaleek eta sozialistek osatutako udal gobernuak, baina, gurago du ituna. «Hamar lehentasun ipini ditugu, eta horiek lortzeko 25 neurri proposatu dira. Horrek ez du esan nahi guztiak bete behar direnik. Alderdiek euren aldaketak eta proposamenak egiteko aukera izango dute, eta denon artean zehaztuko ditugu», azaldu du Alonsok.

Beste alderdietan negoziatzeko borondatea topatu dutela azaldu du; PP iruditu zaio «uzkurrena». Baina sinetsita dago azkenean ituna adostea lortuko dutela. «Inor ez gara erabateko egiaren jabe», ohartarazi du Alfonso Gil Bilboko alkateorde eta zinegotzi sozialistak. «Ikuspuntu eta iritzi ezberdinak ditugu. Ez dira okerrak: norberarenak dira. Eta uste dut denak elkartuta Bilbok behar dituen konponbideak bilatuko ditugula». Mugikortasun arloaren arduraduna da, eta bere sailari dagokion adibide bat ipini du: Bilbobus. Atzoko osoko bilkuran onartu zuten EH Bilduren proposamena, Gautxori zerbitzuko autobusak geltoki artean geratu ahal izatea. «Oposizioko alderdi baten ideia izan da, baina oso ona iruditu zaigu genero indarkeriaren aurka. Andreen segurtasunerako neurri garrantzitsua izango da. Denon artean erabaki behar dugu zelako Bilbo nahi dugun».

Udaltzaingoaren egoera

Egiluzen ustez, alkateak aurkeztutako itunerako zirriborroan jasotako proposamen batzuk «zentzuzkoak» dira, baina beste batzuk, ez. «Ez da polizia etxerik aipatzen. Unitateak? Zer da hori? Herritarrak etxetik gertu ikusi nahi du Polizia. Polizia etxea nahi du auzoan». Halaber, salatu du udaltzainen prestakuntza aipatu ere ez dela egiten. Eta espezializazioaren aldeko aldarria egin du: «Sasoi batean Polizia espezializatuta genuen Bilbon, eta Espainiako onena zela aitortzen zuten guztiek. Hori kendu dute».

Goazen Bilbaoko zinegotzi Francisco Samir Lahdouk uste du abiapuntua bera dela kezkagarria. «Polizien arteko koordinazio falta itzela dago. Udaltzainen lantaldearen batez besteko adina oso altua da. Baliabide falta dute. Ez dira hutsuneak betetzen, eta horrek kalean udaltzain gutxiago egotea eragiten du». Gaineratu du proposamenak jasotako neurri batzuk osoko bilkuran onartuta daudela dagoeneko; kasurako, 2017ko otsailean koordinazioa handitzea adostu zuten. Bilkura hartan Tomas del Hierro Segurtasun zinegotziak (EAJ) iragarritako neurri bat ere ekarri du gogora: «Inteligentzia Unitatea sortzeko lanean dabiltzala esan zuen. Sei agente izango dituela azaldu zigun, eta delituak aztertzea eta prebenitzea izango da haien egitekoa. Udalaren proposamenean ez da aipatu ere egiten».

Poliziaz harago

Udal gobernua osatzen duten bi alderdiak autokritika egiteko prest agertu dira, baina iruditzen zaie ez dela erantzuleak bilatzeko ordua. Alonso: «Adingabeak diren arren, errudunak eurak dira. Egia da adinak gogoeta sakonagoa eskatzen duela. Delitugileak hain gazteak izatean denok daukagu erantzukizuna». Gil: «Azken urteetan behera egin du delituen zenbatekoak. Horrek esan nahi du zerbait ondo egin dugula». Gertatu dena aztertu behar delakoan daude. Eta uste dute Polizia ez dela horrelako delituak eragozteko bide bakarra.

Horretan bat egin du oposizio osoak. «Porrot soziala da 14 urteko gazte batzuk izatea delitugileak. Gauza askok huts egin dute, eta erakunde guztiek gogoeta egin beharko dute», ohartarazi du Ibaibarriagak. Gilek uste du arazoaren errora jo behar dela, eta aztertu egin beharko dela ea egoera kalteberan dauden adingabeei heziketa eta garapen ibilbide egokia eskaintzen zaien. Muñozek Bizkaiko Diputaziora eta Eusko Jaurlaritzara ere begiratu du: «Adingabeen zentroak gainezka daude, eta langileek eurek salatzen dute ezinean dabiltzala. Gazte horiek, gainera, eskolatuta egon beharko lukete. Zergatik ez zeuden ikastetxean? Badirudi gizarte zerbitzuek eta hezkuntzak ez dutela euren lana egin». Udalberriko zinegotziaren ustez, hori ere segurtasuna da. «Poliziaz harago, horrelako arloetan ere egin beharko luke indar itunak».

EH Bildu, Udalberri eta Goazen Bilbaoko zinegotziek Otxarkoagako elkarteek egindako adierazpenak gogoratu dituzte. Auzoa «bertan behera utzita» egon dela salatu dute asteon. Inbertsioak eskatu dituzte hezkuntzan, kulturan, azpiegituretan eta ekonomian. Alonsok ukatu egin du udalak «ahaztuta» dauzkala. «Aldaketa handiak egon dira azken urteetan hirigintzan, azpiegituretan eta gizarte arloan». Hala ere, EAJko bozeramaileak esan du helduko diotela erakundeen arteko mahaia osatzeko erronkari.

BERRIAn argitaratua (2018/01/25)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA