astekaria 2018/01/26
arrowItzuli

bizigiro

MADDI ZUBELDIA

«Bizitza ulertzeko gai izango banintz, ez nuke sortu beharrik izango»

Ane Eslava

«Bizitza ulertzeko gai izango banintz, ez nuke sortu beharrik izango»

Artista polifazetikoa da Maddi Zubeldia (Donostia, 1961). Bakarlari moduan nahiz H-Eden taldeko abeslari gisa egindako bidearengatik da ezaguna; baina olerkiak ere idatzi ditu, eta iaz bere lehen nobela kaleratu zuen: Deserria haurtzaro. Oraingoan, antzerkigintza probatu du. Oroitzen naizeino obra sortu du, Bernadette Luroren eta Agurtzane Anduezaren laguntzarekin. Euskal Herriko hainbat herritan aurkeztuko dute aurki.

Zure amaren alzheimerra hobeki eramateko sortu zenuen Oroitzen naizeino antzezlana?

Bai, urruntzeko eta idazteko beharra nuen. Hobeto ulertu nahi nuen niregan eta gure etxean gertatzen zena; gure amaren gaixotasuna nola garatzen ari zen ikusten nuen, eta eritasun hori nola kudeatu bilatu nahi nuen. Barne bidaia bat egiteko asmoa nuen.

Antzezlanean, emakume bat eta haren memoria aurkeztu dituzu. Zein da haien arteko harremana?

Emaztea bere gaurkotasunean ari da, eta, noizean behin, zerbait ahaztuko du; orduan, noizbehinka, memoriak lekua hartuko du. Antzezlanean, memoria geroz eta toki handiagoa hartuz joango da, emazteari hitzak ahazten zaizkion bitartean. Memoriaren betebeharra emazte horren bizitza osatzea da, eta, poliki-poliki, ordubetean osatuko da. Honela, pertsona osoa erakustea da nire asmoa; ez eria eta zaharra, baizik eta osoa.

Zergatik erabaki zenuen antzerki moduan aurkeztea?

Hasieran ez neukan batere argi zer sortuko nuen; dena bidean gertatu zen. Idazten hasteko, Ziburuko [Lapurdi] idazle egoitzara joan nintzen proiektuarekin, eta han idazten ibili nintzen. Idazten ari nintzela, pentsatu nuen, Euskal Kultur Erakundeak egoitza hori utzi zidanez, aurkezpen bat zor niola. Irakurketa antzeztu hori prestatu genuen, egoitza horretan, eta pertsona batzuk gonbidatu genituen. Uste baino jende gehiago etorri zen, eta horrek animatu gintuen jarraitzera.

Alzheimerra duten pertsonei duintasuna eman nahi izan diezula esan duzu.

Pertsona guztiei zor diegu duintasuna. Pertsonaia hori emaztea da, zaharra, ezindua, glamour-etik arrunt kanpo, gaztetasunetik urrun. Horren kontra egin nahi nuen, eta isilik dagoen jendeari hitza bueltatu. Eta horren azpian, lerroen artean, emazte horren bizitza dago: gipuzkoarra da, Lapurdira etorria; hemen etorkin gisa bizi da, eta egokitu behar izan du... Euskaldunen artean asko eta asko daude halako bizitza izan dutenak, eta isilik egon direnak. Haiei hitza ematea izan da nire ekarpen xumea.

Zahartzaroa eta gaixotasuna landu dituzu. Kulturan toki handiagoa eman behar zaiela uste duzu?

Nire ustez, bai. Oso gai pertsonalak dira, eta hasieran agian ez du gogorik ematen halako gai bat lantzen duen ikuskizun batera joateak... Baina halako formatuek gertutasuna ahalbidetzen dute, eta ni saiatzen naiz egoerari alde baikorra bilatzen. Ondoren, jendeak esaten digu gure lana hunkigarria dela, eta baikortasuna baduela... Badela esperantza.

Deserria haurtzaro eleberria ere isilik daudenei ahotsa emateko idatzi zenuen?

Bai. Historia handian historia txikiak ahaztuta izaten dira, baina hor daude. Eleberriaren zati handi bat autobiografikoa da: gu gipuzkoarrak gara, eta Landetako herri txiki-txiki batera joan behar izan genuen, ni haurra nintzela. Interesgarria iruditu zitzaidan hainbeste aipatu den deserriaren gaia haur txiki baten begietatik jorratzea. Bi Euskal Herri daudelako, muga hor dagoelako. Bi aldeak lotzen saiatu nintzen, nire historia berrosatzeko.

Zure barruko korapiloak askatzeko egin zenuela esan zenuen. Horren bila aritzen zara sorkuntzan?

Idazteak laguntzen dit unean-unean ulertzen ez ditudan gauzak ulertzen eta adierazten. Idazteko prozesua erabiltzen dut, urruntasuna lortzeko. Egin ditudan lanak oso ezberdinak dira, baina helburuak, berak.

Hainbat kultur adierazpidetan ibilia zara. Zer eman dizu bakoitzak?

Kantugintzaren alde polita da ariketa kolektibo bat dela, taldean dena partekatzen dugula. Antzezlanean ere oso gertuko lagunekin lan egin dut, eta haien laguntza asko eskertu dut. Eleberria, berriz, abentura bakartia da: bakarrik zaude, eta zalantza guztiak hor daude. Baina beti sorpresak daude: lana norbaitengana iristen denean eta pertsona horrek jarraitzera animatzen zaituenean, hori oso opari ederra da.

Barruan dituzun galderen erantzuna bilatzeko sortzen duzu?

Bai, terapia moduko bat da. Bizitza den bezalakoa bizitzeko eta ulertzeko gai izango banintz, beharbada ez nuke sortu beharrik izango. Bizitza hobeto eramateko, niregan gertatzen dena hobeto ulertzeko... Horretarako, bide hori daukat: sortzea.

BERRIAn argitaratua (2018/01/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA