astekaria 2018/01/26
arrowItzuli

gizartea

Aintzatespen eta babes eske

Ane Eslava

Aintzatespen eta babes eske

Urtarrilaren 6an, legez kanpo zebilen ehiztari batek mehatxu egin zion basozain bati, eskopetarekin. Bertizko natur parkean gertatu zen erasoa, Nafarroan. Inguru babestu batean ari zen ehizan, eta elurretan; debekatutako jarduerak dira biak ala biak. Akusatuari bi urteko kartzela zigorra ezarri diote, aginteari eraso egin izana leporatuta. Ez dute epaiketa egin beharrik izan, auzipetuak zigorra onartu baitu, eta gertatutakoagatik «damua» adierazi. Baina erasoak erdigunera ekarri du basozainen egoera. Hain zuzen ere, duela bi aste elkarretaratzea egin zuen Nafarroako Basozainen Elkarteak. Erasoa salatu zuten, eta basozainentzat laguntza eta aintzatespena eskatu.

Basozainen helburua da naturaren kontserbazioa zaintzea eta natur baliabideen ustiapen iraunkorra bultzatzea. Betebehar anitz izaten dute: basoko ondasunak kudeatu, ehiza eta arrantza behatu eta kontrolatu, basoko izurriteak atzeman eta aztertu, eremu babestuak zaindu, basoko suteei aurrea hartu eta haiek ikertu, ingurumen larrialdien aurrean erantzun... Interes ugari daude tartean, eta gatazkak sortzen ditu horrek. Hala uste du Alberto Tirados Arabako basozainak: «Guk jende guztiaren eskubideak babestu behar ditugu, eta bakoitzari bere eginbeharrak betearazi: lur-jabeei, ehiztariei, mendizaleei... Eta hori, batzuetan, ez da erraza».

Maria Martinez Nafarroako basozainak adierazi du «ezohikoa» dela Bertizen gertatutakoa, baina ohartarazi du «oso larria» izan dela. «Arma batekin apuntatzetik tiro egitera hatz mugimendu bat baino ez dago». Hain zuzen ere, astelehenean urtea bete zen ehiztari batek bi basozain tiroz hil zituela Lleidan (Katalunia). Ehiztariak ez zuen arma lizentziarik, eta berea ez zen eskopeta batekin tiro egin zien agenteei.

Bertizkoa da Nafarroan halako eraso bat gertatzen den lehen aldia, baina «ohikoak» dira bestelako istiluak. «Adibidez, 2013an Uxuen nekazari batek basozain bat jipoitu zuen, eta auzitara jo behar izan genuen», adierazi du Martinezek. Hori dela eta, garrantzitsutzat jo du basozainak mendian binaka ibili ahal izateko adina langile egotea, eta horrelakoetan erantzuteko heziketa jasotzea. Zenbait basozainek, gainera, armak eramatea eskatzen dute, segurtasun neurri gisa. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan ezin dituzte armak eraman, autonomia erkidegoek ingurumen gaien eskuduntza dutenetik, 1980ko hamarkadatik. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, berriz, bai, eraman ditzakete armak, egiten dituzten lanen arabera. Frantziak 2014an onartu zuen neurri hori.

Hego Euskal Herriko basozainek salatu dutenez, babesa ez, murrizketa anitz izan dituzte azken urteetan. Arabakoek nozitu dituzte gehien: salatu dute aldundiak postuen erdiak desagerrarazi dituela, eta ehizaren eta arrantzaren kontrola pribatizatzeko arriskua dagoela. «Sei langile geratzen gara lurralde osoa zaintzeko; ezin diegu eginbehar guztiei aurre egin», salatu du Tiradosek. Gaineratu du formakuntzan ere gabeziak daudela, aldundiak ikastaro gutxi eskaintzen dizkiela, eta «laburrak eta eskasak» izan ohi direla. Kexu dira lanerako arroparekin ere: egunero ateratzen direla mendira, eguraldia edozein dela ere, eta, jantzi egokirik ez daukatenez horretarako, eurek erosi behar izaten dituztela.

Nafarroan ere lanpostu ugari kendu dituzte urteotan, baina Martinezek adierazi du azkenaldian hobera egin duela egoerak. «Erretiroak betetzen ari dira orain, eta behin-behinekotasun tasa handia dago. Gainera, formakuntza gehiago jasotzen ari gara». Basozain horren ustetan, administrazioa ari da jabetzen basozainen lanaren arriskuez.

Mendian ibiltzen den jendearekin duten hartu-emanari dagokionez, «gertukoa» dela dio Nafarroako basozainak. «Norbanako eta administrazio ugarirekin harremanetan gaude, eta haientzat jarduera anitz egiten ditugu: egun batean egur sorta maneiatzeko deitzen gaituzte, eta hurrengoan, aholkuak eskatzeko».

Egoera ez da horren ona, ordea, CCOO sindikatuaren esanetan: «Basozainek pairatzen duten lan arriskua» salatu berri du lan ikuskaritzan, eta erakunde horri eskatu dio har ditzala beharrezko neurriak. Era berean, Nafarroako basozainek iaz jasandako zenbait eraso gogorarazi ditu: maiatzean, basozain batek gelditzeko agindu zien eremu babestu batean zebiltzan bi motor gidariri, eta haiek langilea harrapatzeko zorian egon ziren; ekainean, aita-seme batzuek zenbait basozaini eraso zieten, txakurrak konfiskatzeko agindua betetzen ari zirela. Egoera horiek «eragozteko modukoak» direla uste du sindikatuak, baina horretarako «baliabideak eta borondate politikoa» behar direla. Hori dela eta, Ingurugiro Departamentuari eskatu dio aurreikusita zeuden pauso guztiak ematen has dadila.

Ezezagunak

Basozain guztiak bat datoz kezka batean: ikusgarritasuna behar dute. «Herritarrek ez dakite zeintzuk diren gure eginkizunak eta eskuduntzak, eta ez gaituzte autoritate gisa hartzen», deitoratu du Martinezek. Tiradosen ustez, lanbide oso zaharra eta garrantzitsua da, baina gizarteak ez du ezagutzen. «Batzuetan pentsatzen dugu mendia bere kabuz zaintzen dela, baina basozainak kudeatzen eta babesten du egunero; bulegoko lana oso garrantzitsua da, baina, landa eremuan inor ez badago, lan horrek ez du ezertarako balio». Horri heldu dio Martin Lizeaga Gipuzkoako basozainak ere, eta suteak jarri ditu adibide: «Mendi sute gehienak geuk itzaltzen ditugu, eta suhiltzaileen laguntza izaten dugu, baina haiek egindako lana soilik zabaltzen da».

Ikusgarritasuna lortzeari begira, basozainak bildu egin dira, eta herrialde bakoitzean elkarte bat sortu dute. Gipuzkoako Basozainen Elkartea, adibidez, 2017 hasieran sortu zuten, nahiz eta asmoa lehenagotik zuten. «Ikusten ari ginen gero eta langile gutxiago eta lan gehiago zegoela, eta hasi ginen protokoloak sortzen, eguneroko lana zehazten, antolakuntza moduak aztertzen...», azaldu du Lizeagak. Arabako Basozainen Elkartea ekainean sortu zuten, aldundiaren murrizketak eta laguntza falta salatzeko. Bizkaian ere sasoi berean bildu ziren, udan, ikusi baitzuten administrazioak ez zituela babesten basozainen eskubideak eta betebeharrak. Helburuen artean dute ogibidea profesionalizatzea eta gizartera zabaltzea, langileen eskubideak eta interesak defendatzea, eta gainontzeko basozainen elkarteekiko harremana sustatzea.

Nafarroakoa, berriz, lehenago eratu zuten: 2005ean. Lanbidea babesteko sortu zuten elkartea, batik bat. Hala ere, «desagertzea» dute azken helburua, Martinezen arabera: «Administrazioaren hutsuneak betetzeko sortu genuen, eta gabezia horiek betetzen direnean desegingo dugu». Sare sozialetan lan handia egiten ari dira, egiten duten lanaren aitorpena lortzeko bidean.

Ikusezinetan ikusezinenak

Gizartean ezezagunak dira basozainak, eta areago basozain emakumeak. Nafarroan, esaterako, basozainen %10 dira emakumeak. Martinez horietako bat da. Adierazi du emakume izatea «oztopo» dela oraindik ere lanbide horretan, topikoak hor daudelako oraindik. «Zoritxarrez, basozain emakumeak ikustea arraroa da oraindik; arreta pizten du». Nolanahi ere, «gutxika-gutxika» egoera aldatzen ari dela uste du. «Nekazaritza eta basozaintzako eskolan gero eta emakume gehiago ikus daitezke».

BERRIAn argitaratua (2018/01/24)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA