astekaria 2018/01/26
arrowItzuli

bizigiro

Inork ezin esan non diren

Itziar Ugarte Irizar

Inork ezin esan non diren

Arantza bat du barruraino sartua Tomas Hernandez Mendizabal margolari donostiarrak: Jose Luis Zumetak egindako Picassoren Gernikari omenaldia koadroa. Hobeto esanda, koadroaren desagerpena. Ez da berria albistea; urteak daramatza Hernandezek han-hemen hura salatzen, besteak beste, hedabideetara gutunak bidalita. Hala dio azkenak: «Kulturaren kontrako lapurreta bat da. 50 urte bete dira dagoeneko [2017an], eta jende gazte askok ez du ezagutzen. Horregatik otu zait inork aurrean izan dezakeela, edo askok ikusi ahal izan dutela, jakin ez bere jatorria, eta agian egin dezakeela zerbait hura itzultzeko. Utopia bat da, baina inoiz ez da jakiten».

Atzera egin hamarkada batzuk. 1964a da, Donostian. Tomas Hernandezek Euskal Pinturako Sari Nagusia sortuko du, KTE Kultur eta Turismo Ekintzetxearen babesarekin, bertako gazte batzordeko buru dela. «Frankismo betean ez zegoen euskal margolaritzari loturiko ezer», gogoratu du. Udaletxean dantzaldiak antolatuko ditu, eta horrekin sariketa finantzatu. Estreinako urtean, 30.000 pezeta banatuko dute, eta arrakasta ikusita, bikoiztu egingo da saria hurrengo urtean. «Espainiako Estatu osoko handiena» bihurtuko da.

1967a da, lehiaketaren hirugarren urtea. Jorge Oteiza, Eduardo Txillida, Nestor Basterretxea, Pedro Manterola, Jose Berruezo, Pierre Malet, Javier Serrano Molero eta Antonio Valverde izango dira epaimahaiko kideak, eta Jose Luis Zumetaren lana sarituko dute. Tamaina handiko obra da: 1,40x1 metro luze-zabal, zortzi bat zentimetroko lodiera, eta gainjarritako bost egur-ohol koloretsuz egina. Gaia izenak dakarrena: Picassoren Gernikari omenaldia. 60.000 pezetaren truke, artelana udal ondarearen parte izatera igaroko da, eta San Telmo museoan jarriko da ikusgai. Hori da tratua, bederen.

Zuzenean museora joan ez, eta KTEko bulegoan geratuko da koadroa, bertakoek hala eskatuta. 1970. urtea da, eta Hernandezi egutegi bat egitea bururatuko zaio Euskal Pinturako Sari Nagusia irabazi duten obra guztiekin. Lagun batekin KTEra hurbildu, egun Viktoria Eugenia antzokia dagoen behealdera, eta horman zintzilik dagoen Zumetaren lana kalera aterako dute iruditan hartzeko. Idazkari nagusiari eskatuko diote bere bulegotik koadroa hartzeko baimena. Hernandezek koadroa ikusiko duen azken aldia izango da.

San Telmora ez zen iritsi

KTEko bulegoak desegiten hastean ohartuko da Hernandez han ez dagoela koadroa. «Ez nion garrantzirik eman, ordurako San Telmon egongo zela uste nuen», dio. Urteak aurrera, mende berriaren atarian, beste proiektu batek koadroaren atzetik jarriko du berriz Hernandez, eta San Telmora abiatuko da zuzen. «Han ez zegoela esan zidaten, eta hurrengo egunean deituko ziotela KTEko idazkari nagusiari. Esan nien niregatik suhiltzaileei deitu nahi bazieten ere berdin. Nik ez nion errurik inori bota nahi, koadroa non zegoen jakin nahi nuen».

Baina idazkariak erantzungo du, eta erantzungo du berak Zumetaren margolan hura ez duela sekula ikusi. Gaur arte gordeko du adierazpen horren dokumentua Hernandezek. «Epaitegietara iritsi ginen, eta idazkari nagusiak berriz esan zuen ez zuela sekula ikusi. Ez dut esaten berak duenik. Zinegotzi guztiak ibiltzen ziren handik, espazio irekia zen. Baina koadroa nire begiekin ikusi nuen bere bulegoan zintzilik, handik jaitsi genuen kalera argazkia egiteko. Eta San Telmora behintzat ez zen sekula iritsi». Instituzioak jakinaren gainean jarriko ditu Hernandezek, baina bilaketak ez du aurrera egingo.

Ez da hor etengo Hernandezen eta udal bulegoetatik galdutako artelanen arteko korapiloa. 2003a da, Donostian. Antiguako tunel berriturako enkargua jasoko du Hernandezek udaletik. «Ramon Etxezarreta orduko zinegotziak eskatu zidan tunel konpondu berrirako lan bat; bizpahiru egunetan maketa bat aurkeztu behar izan nuen. Abstraktuegia zela esan zidaten, eta bigarren bat entregatu nuen. Tamaina handiko metalezko kutxak ziren. Kobratu nuen. Baina denbora batera, lanagatik galdetzera joan nintzenean, Odon Elorzarekin bildu nintzen, eta Etxezarreta sartu zen Elorzari esanez nire lana lapurtu berri zutela».

Ezer berririk ez

«Horrelako kasu asko daude. Artista gehienek dituzte galdutako artelanak». Ezaguna zaio Hernandezen bilaketa Ismael Manterola arte kritikari eta EHUko irakasleari. Baina, oro har, ez dio helduleku samurrik ikusten artelan galduen auziari. Heltzen zaila, baina artean dabiltzanen artean gai oso ezaguna dela dio.

50 urte atzera eginda, Manterolak dio euskal artista gehienak dutela artelan galduren bat; Zuloagak, Txillidak, Ruiz Balerdik, Oteizak… «Garai hartan ez zitzaien baliorik ematen. Artista gazteak ziren, eta instituzioek errazago galtzen dituzte gauzak». Dioenez, artisten katalogoetan beti ageri dira non dauden ez dakiten lanak. Adibide bat: «Txomin Badiolak iaz egin zuen Oteiza. Eskultura katalogo arrazoitua-n hasierako lan batzuk desagertuta daudela esaten da, tartean, Urtain boxeolariari egin zion erretratua». Arrastoak Buenos Airesera eramaten duela dio; han norbaitek erosi zuen, eta ordutik galdutzat jo da. «Hipotesi bat da norbaitek etxean daukala, edo zakarretan amaitu duela. Zementuzko pieza bat zen, eta zementua ez zen hainbeste baloratzen eskulturako material moduan».

«Desagertutako artelanez beteta dago arte historia», berretsi du. Batez ere, obra zaharragoen kasuan. Azken hamarkadetan, aldiz, ez da horren ohikoa artelan bat desagertzea, Manterolarentzat. Esan nahi du errazagoa dela artelan bat lokalizatzea egun: «Dokumentazioa errazagoa da, eta artistak bizirik daude».

Arte galdua?

Ez dago ikerketa lerrorik desagertutako lanen inguruan, Manterolak dakienez. Hala, desagertutako lanak sailkatzeko erarik ere ez du ikusten —erakunde publikoetatik desagertuak batetik edo galerietatik bestetik, adibidez—. Galerietatik desagertzea, behintzat, «arraroa eta larria» litzatekeela dio. «Delikatua litzateke norbaitek onartzea bere galerietatik artelanak galdu direla, horretara dedikatzen dira eta. Desagerpenak artisten utzikeriagatik edo tailer eta etxeen lekualdatzeengatik gertatzen dira askotan». Maiatzean zabaldu zen berria ekarri du gogora: desagertutzat jotzen zen Auguste Rodinen eskultura txiki bat agertu zen Miarritzen (Lapurdi); Je suis belle lan ezagunaren lehen bertsio bat. Zahar etxe batean hildako pertsona baten etxean aurkitu zuten, kartoizko kaxa batean. «Batzuetan jendeak ez daki etxean duena artelan bat denik. Agertzen direnean, saldu egiten dira gero».

Beste adibide bat ekarri du: «Donostiako Itsas Museoan erakusketa bat dago Getariako (Gipuzkoa) Elkano monumentuaren 1920 inguruko zirriborroekin. Planoak eta marrazkiak museora atera zituztenean erakusgai jartzeko, baten bat ikustera joan, eta esan zuen 'aiba, nik etxean halako bat daukat'. Eta hala azaldu da. Bateren batek bere momentuan Getariako Udaletik aterako zuen, eta etxe partikular bateko garajean egon da urteetan. Horri lapurreta deitu edo beste nolabait deitu, ez dut nik esango». Erakusketek hori dutela ona dio: artelan asko argitara ateratzen dituztela.

Hernandezek Antigua auzoko tunelerako egindako lanaren desagertzea «barne lapurreta» bada, halakoak gertatzea «errazagoa» ikusten du Manterolak. Unibertsitatean ere gertatzen dela dio: «EHUk urteetan ondarea erosteko ekimen bat izan zuen. Arte Ederretako ikasleen lanak erosten zituen, eta horiek biltzen joan ziren, ez dakigu oso ondo non; asko desagertu egin dira. Auskalo non bildu ziren, inon bildu baldin baziren. Asko bota egingo ziren, ez lapurtu».

Baina, egon, lapurretarena ere ahopean hor dagoen aukera da. «Beti entzuten da artelan garesti batzuk jendeak etxean dauzkala. Lapurretekin betiko desagertzen dira, ezin baituzu esan lapurtutako artelan bat erosi duzunik. Halakoetan, belaunaldi bat pasatu arte desagertuta egongo dira, baina posible da gerora agertzea».

Obsesioak, norenak

Ibargoitik (Nafarroa) desagertutako XIII. mendeko tailla bat New Yorkeko enkante batean agertu zen iazko urte hasieran, eta Iruñera ekartzeko enkantean aritu zen Miguel Etxauri fundazioa. Hori dela ohikoena dio Manterolak. «Norbaitena zen lan bat lokalizatu eta berriz enkante batean agertzen denean, tratu bat bilatzen da. Legeak babesten zaitu, hori zurea dela erakusten baduzu». Halere, ohar bat gehitu du: «Dena ere ezin dugu gorde. Alde obsesibo hori gurea da».

Izan ere, kritikariaren ustetan, arte munduan gaia ez da «larritasun handiarekin» bizitzen, ezpada norbera zeharkatzen duen gaia. «Adibidez, Oteizaren katalogo arrazoitu bat egiten bazabiltza, eta lan batzuk desagertuta badaude, arazo bat da. Baina oso ohituta gaude horretara. Arcimboldoren erakusketa batean izan nintzen Bilboko Arte Ederren Museoan, eta hor ere haren lan baten kopia desagertu bat aipatzen da; ez dakite non dagoen. Norberak ez, baina hori ikertzen jardun duenak pentsatzen dut larritasunaz biziko duela».

Artista berak ere askotan lasaitasunez bizi du bere artelan galdua, Manterolaren esanetan. «Beraientzat ez da hainbesteko drama. Sarri ez zaie gehiegi inporta iraganekoa; guk ematen diogu balio handiagoa. Egun esku artean dutena baloratzea nahiago dute. Orokorrean diot».

Artearen historian desagertutako lan orok inon behar du, baina inork ez daki esaten non. Manterola: «Edozer gertatzea dago. Askotan, onartu behar duzu desagertu egin dela eta horrela dela: ez dugula ezer jakingo, behintzat, beste belaunaldi bat arte».

Hernandezi barre egiten dio Zumetak, koadroaren bilaketan tematu izanagatik. Zergatik sartzen den halakotan galdetzen dio, eta hark erantzun berak sortu zuela Euskal Pinturaren Sari Nagusia, eta, hein batean, berea ere badela galdutako koadroa. Eta «herriaren kulturari egindako lapurreta» izatea badela nahiko motibo. Hernandez: «Gutuna badakit probokazioa dela norbaitek mihia aska dezan, baina norbaitek ikusi behar izan du! Zuk pentsatu etxe batean dagoela, eta seme-alabak dituztela, eta horien lagunetako bat haien etxera doala, ikusten duela, eta gaur egunkarian irakurri eta gogoratzen dela. Izan daiteke, ez?».

BERRIAn argitaratua (2018/01/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA