astekaria 2015/10/02
arrowItzuli

mundua

Arrain leku berri bila

Martxelo Otamendi

Arrain leku berri bila Martxelo Otamendi

Ezaugarri nabarmen bat baldin badu Kataluniako independentzia prozesuak, hori gaien aurreikuspena da. Ez dira egunero ikusten independentzia prozesuak gure inguruan, baina azken hamarkadetan gertatu diren apur horietan kostako zaigu Kataluniakoa bezain sendoa eta egituratua topatzea.

Urteak daramatzate Kataluniako aditu independentistek aurreikusten jokaleku sozial eta legalak; leku berera iristeko hainbat alternatiba aztertzen eta eskaintzen. Gizarte moderno batean garatuko den Katalunia independenteak beharko lituzkeen egiturak, erakundeak, tresnak, itunak… dena aurreikusi dute adituek.

Urteotan, mataza horren fin hariltzeko erakutsi duten trebetasuna beharko dute talde horietako soziologoek igartzeko non dauden, nolakoak diren gehiengo kualitatibora iristeko independentziazaleek behar dituzten boto berriak. Galdera zail horien eta beste batzuen erantzunak topatu beharko dituzte: ba ote dago oraindik herritar independentziazalerik igandean, ez Junts Pel Siri ez CUPi botoa eman ez dionik? Eta egotekotan, zenbat dira, eta non, zein talde sozialetan daude? Eta independentziazalea ez bada, baina aurkako amorratua ez izanda, nola erakarri independentziara?

Kataluniako independentziaren estrategiari oso ondo etorri zaio Espainiako Gobernuaren, parlamentuaren, erakunde nagusien eta komunikabide handien jarrera ezezkorra, iraingarria ere izan dena askotan. Independentziazaleak sortzeko makina izan da espainiar horien jokabidea.

Baina abendutik aurrera Espainian beste gobernu bat sortuko balitz, jarri behar diren baldintzazko guztiak jarrita, eta gobernu horrek, besterik ez bada, formak aldatzen baditu, independentziazaletasunak arazoak edukiko ditu independentziazale periferikoei, azken urteotan bildu direnei, eusteko; eta are arazo handiagoa independentziazale berriak, non eta zergatik dauden detektatu eta gero, erakartzeko. Polarizatuta dauden egoeretan, BAI/EZ dikotomietan, apur batzuek erabakitzen dute orratzaren norabidea.

Herenegun ikusi genuen noraino iritsi den Kataluniako independentziazaletasuna, dozena erdi urtean lan ikaragarria egin eta gero; lan soziologikoa eta intelektuala. Garaipen ona eduki dute independentziaren aldekoek, baina ez nahikoa, horrenbestetan errepikatu duten deskonexioa azkar egiteko.

Independentziazale periferikoek presa daukate, asko kostata eman dutelako pausoa, eta hartu duten erabakiaren emaitzen zain egoteko pazientzia gutxi daukate.

Hasieran aipatutako adituek badaukate lana oraindik.

BERRIAn argitaratua (2015/09/28)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA