astekaria 2018/01/26
arrowItzuli

kirola

Zerua du muga bakarra

Julen Etxeberria

Zerua du muga bakarra

Munduko onena izan nahi dut, eta historiako onena ere bai». Makina bat aldiz errepikatu du esaldi hori Jon Rahmek azken urteetan. Hain ziren handinahiak haren asmoak eta horren ziur adierazten zituen, ezen harrotzat jo izan duten. Bada, ari da lortzen agindutakoa. Herenegun, CareerBuilder Challenge PGA zirkuituko torneoa irabazi zuen La Quintan (AEB), eta, horri esker, bigarren da munduko sailkapenean. Dustin Johnson estatubatuarra bakarrik du aurretik. Hiru jokalarik besterik ez zuten muturra sartu munduko sailkapenaren lehen bi postuen artean barrikoztarra baino gazteago izanda: Tiger Woodsek, Jordan Spiethek eta Rory McIlroyk, hain zuzen; golfaren hiru munstro, munduko lehenak izandakoak eta elkarren artean 21 Grand Slam irabazitakoak.

Grand Slamik ez du oraindik Rahmek bere garaipen zerrendan, baina bai makina bat lorpen. Amateurretan, irabaz zitekeen ia guztia irabazi zuen, eta txikitu zitekeen ia guztia txikitu. Ikusgarri dabil profesionaletan daraman urte eta erdi pasatxoan: lau torneo irabazi ditu —PGA zirkuituko bi eta Europako zirkuituko bi—, hirutan izan da txapeldunorde —Johnsonen aurka galdu zuen buruz buruko Munduko Txapelketa tartean—, eta dozena bat baino gehiagotan sailkatu da lehen hamarren artean. Emaitza bikain horiek guztiek zazpi milioi euro pasatxoko diru irabaziak eman dizkiote. Dirutza horri, gainera, publizitatean irabazitakoa gehitu behar zaio. Ikusgarria.

Baina hori guztia txiki gera daiteke. «Jonen onena iristeko dago oraindik». Eduardo Cellesena da aitormena (Getxo, Bizkaia, 1966), Rahmen betiko entrenatzailearena. Gutxik ezagutuko dute Barrikakoa Cellesek baino hobeto. Rahmek 12 urte zituenetik dabiltza elkarrekin lanean. Haien artekoak ez du inoiz etenik izan, ez 16 urterekin Madrileko Goi Errendimenduko Guneko kirol egoitzara joan zenean, ez 18 urterekin Tempeko (AEB) unibertsitatera joan zenean, ezta 21 urterekin jokalari profesional egin eta mundu luze-zabalean jokatzen hasi zenean ere.

Gogoan du Rahm ezagutu zuen eguna. «Edorta eta Angela, Jonen gurasoak etorri ziren nigana, eta galdetu zidaten ea haien semea entrenatuko nuen. Baietz esan nuen. Oso agerikoa zen ahalmen handia zuela eta asko jokatzen zuela. Horrela hasi ginen elkarrekin lanean, eta hamar urte geroago jarraitzen dugu oraindik ere».

«Etengabekoa» da haien arteko harremana. «Bideoak bidaltzen dizkit, nik iritzia emateko. Hona etortzen denean, berriz, elkarrekin entrenatzen gara. Ni ere joaten naiz harengana. Adibidez, iaz bolada txarra izan zuen ekainean, eta Parisen elkartu ginen. Lanak fruitua eman zuen: hamargarren izan zen Frantziako Irekian, eta, jarraian, irabazi egin zuen Irlandako Irekia».

Cellesek azaldu duenez, hiru alor lantzen dituzte: joko luzea, joko laburra eta putt-a. «Joko luzean ia ez du laguntzarik behar. Lehen kolpe bikaina du: oso luze eta zuzen botatzen du pilota. Gutxitan egiten du huts. Putt-arekin ere ondo moldatzen da. Joko laburrean, ordea, badu zer hobetua. Baina ari gara horretan ere, eta ziur naiz arlo horretan ere hobetuko duela».

Urte «sinestezina»

Bere buruarengan muturrerainoko konfiantza dauka Rahmek. Cellesek azaldu duenez, «aspaldikoa» du dohain hori. «Beti izan da horrela. Inoiz ez dut ahaztuko 14 urte zituela munduko lehena izango zela esan zidanekoa. Zur eta lur geratu nintzen, horren konbentzituta esan zuen...». Hamar urte pasatu dira, eta koska bakarra falta zaio helburua lortzeko. «Sinestezina» dela dio Cellesek. «Bagenuen itxaropena denborarekin goian egon gintezkeela, baina ez genuen inondik inora espero horren denbora gutxian lortuko genuenik. Urte eta erdi bakarrik joan da profesionala denetik. Itzela da. Oso gutxiren esku dago hori».

Mugarik badauka? «Baldin badauka, nik ez diot ikusten. Munduko lehena izan daiteke, eta Grand Slam torneo bat baino gehiago irabazi. Gustatuko litzaiguke asko itxaron behar ez izatea. Sergio Garciaren adibidea argigarria da. Ia hamabost urtez egon da lehen hamarren artean, baina 74 Grand Slam torneo jokatu behar izan ditu lehen garaipena lortzeko». Lehenago lortu nahi dute. Badakite «zaila» dela, baina «sinetsita» daude «lana gogor» eginez gero lor dezaketela. «Itxaropentsu naiz, handia baita Jon. Jarreraren eta ahalmenaren arteko batuketa da talentua, eta Jonek biak ditu, sobera gainera».

Ez dirudi bidean galduko denik. «Oso ondo du burua. Diru mordoa irabazi duen arren, oso apala da. Ez zaio arrakasta burura igo. Adibidez, autotzarrik ez du. Gabonetan hemen egon zenean, alokatutako Renault auto xume batekin ibili zen. Derion entrenatu ginenean, berriz, espageti batzuk bazkaltzera joan ginen bertako seminariora. Eta, elkarri agur egin eta gero, amonarekin eta neska-lagunarekin joan zen buelta bat ematera. Ez du nahi eremu elitistarik. Jon zoriontsua da gertukoekin egonda. Eriz anaiarekin, adibidez. Hemen egon zenean, anaiak Bizkaiko Txapelketan parte hartu zuen, eta Jonek eraman zizkion makilak. Betiko lagunekin harremana du oraindik, eta nik uste dut beti izango dela horrela, oso gertukoa baita Jon».

Kirolari «oso berezia»

«Oso naturala da». Iritzi berekoa da Joseba del Carmen (Gasteiz, 1967). Del Carmen da Rahmen trebatzailea —Alavesena eta Baskoniarena ere bada—. Cellesena bezala, aspaldikoa da bien arteko harremana. «12 urte zituenetik ezagutzen dut Jon. Ni golf jokalari profesionala naiz, eta Larrabean jokatzen nuen askotan. Eta Jon ere han ibiltzen zen. Elkarrekin jokatzen genuen sarri. Beraz, harremana genuen. Eta trebatzailea nintzela jakin zuenean nirekin lan egin nahi zuela esan zidan. Unibertsitatean ari zen. Ia lau urte pasatu dira».

Del Campok azaldu duenez, «oso berezia» da Rahmekin lan egitea, «oso kirolari berezia» delako. «Sekulako segurtasuna eta erabakitasuna du; berezkoak ditu, gainera. Eta horrek izugarri erakartzen du. Niretzat egundoko zortea da harekin lan egitea, seguru nagoelako golfaren historian norbait garrantzitsua izango dela. Dagoeneko lortzen ari da, pausoz pauso, eta pribilegioa da horretan bidelagun izatea. Itzela da harekin lan egitea, oso konprometituta dagoelako egiten dugun lanarekin. Sinetsita dago lan hau funtsezkoa dela».

«Etengabekoa» da bien arteko harremana. «Astero hitz egiten dugu. Elkarrekin ere egoten gara, ni AEBetara joaten naizenean edo Jon hona etortzen denean. Eta, gero, edozein kezka duenean, deitu egiten dit, eta horri irtenbide bat ematen saiatzen gara».

Nola lehiatzen den. Horra Del Campok Rahmez nabarmendu duena. «Buruko indar ikusgarria du, eta muturreraino dauka konfiantza bere buruarengan. Izugarria da nola lehiatzen den. Horixe da Jonek bikain egiten duen zerbait, lehiatu. Beldurra edo zalantzak azaldu daitezkeenean, orduan ematen du bere onena. Eta hori funtsezkoa da. Kalitate handia izan dezakezu, baina une zehatzetan azaleratu beharra dago. Eta hori ez da erraza. Bada, Jonek egiten du, eta naturaltasun osoz».

Del Carmenek argi du: «Oso-oso urruti iritsiko da. Ezin dugu imajinatu ere egin». Inoizko jokalari onena izatea, Rahmek nahi duen moduan? «Nahi duena lortuko du. Baina gauzak ez dira kolpe batean lortzen, pausoz pauso baizik, bidea egiten, egunero ikasten. Eta lan hori oso intentsoa da, eta ausartek bakarrik egin diezaiokete aurre. Eta Jon oso ausarta da».

Bide horretan «lagunduko» dio Del Carmenek, bidean oker ez dadin. Ez du arrisku hori ikusten, nahiz eta denbora gutxian bizitza «goitik behera» aldatu zaion. «Kanpotik begira bai izan da aldaketa. Jendea konturatu da nor den Jon. Baina Jon ez da aldatu. Lehen eguneko gogo berarekin egiten du lan. Nik nirekin golfean jokatzen zuen Jon bera ikusten dut. Garatuz joan dela? Noski. Helburu handiagoak dituela? Jakina. Baina ez da aldatu, garatu baizik. Noraino irits daitekeen? Auskalo. Ez dauka mugarik».

BERRIAn argitaratua (2018/01/22)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA