astekaria 2018/01/26
arrowItzuli

gizartea

Izaki txikien handitasuna

Juanma Gallego

Izaki txikien handitasuna

Arrain handiak arrain txikia jaten du. Egia biribila da. Baina kate trofikoa are luzeagoa da, noski. Eta konplikatuagoa. Zenbaitetan, beheko arrain txikiak gorago dauden organismoek sortutako hondarrez elikatzen dira. Hondarrak, betiere, zentzu zabalean. Jaten ari direnean, krustazeo txikiek sortzen dituzten gorotzek itxura zuria hartzen dute. Milaka organismok aldi berean hori egiten dutenean, urpeko mana jausialdi bat izaten da. Hau, batez ere, Poloen inguruetako ur hotzetan izaten da. Fenomeno polita omen da, eta izen guztiz poetikoa du: itsas elurra. Edukia, halere, ez da hain poetikoa. Baina ezinbesteko funtzioa betetzen du: kate trofikoa elikatzeaz gain, karbonoa itsas hondora eramaten du elurrak. Ekologoen hizkeraren arabera, gorotz zuri horrek karbonoaren ponpa biologikoa elikatzen du .

Arrain txikiak plastiko puska txikiagoak ere jaten ditu; gero eta gehiago. Baina hori beste baterako kontua da. Oraingoan, planktona da protagonista. Bertan abiatzen baita guztia. Hortaz, zientzialariek gertutik jarraitzen dute haren ibilbidea.

«Planktona da ozeanoetako elikadura katearen oinarria. Hortik gora, beste talde guztiak daude», aipatu du Arrantzuarekiko Zientzia eta Teknologia Iraskundea AZTIko ikertzaile Ernesto Villarinok. Klima aldaketak itsasoetan duen eragina aztertzen du Villarinok; izaki ñimiño horiek duten garrantzia azpimarratu du. «Oinarri hori aldatzen bada, aldaketa horrek itsas ekosistema osoan izango du eragina. Mahaiari hankak kentzea bezalakoa da».

Tamainaren garrantzia

Hanka horiek nolakoak diren aztertzen aritu da zientzialaria, planktonaren ibilbideari jarraiki. Beste hainbat aditurekin batera, Malaspina 2010 espedizio ozeanografikoaren datuak baliatu ditu horretarako. Orain arte eskuratutako emaitzak Nature Communications aldizkarian argitaratu dituzte.

Adituak azaldu duenez, Lurrean sortzen den oxigenoaren %50 planktonari zor zaio. Bestalde, atmosferatik CO2 kopuru handiak kentzeko gai da. Hortaz, garrantzi handia du klimaren arautzean. Funtzio horiek sortzen dituzten prozesu globalak hobeto ulertzeko, ozeanoetako planktona aztertu du, eta konklusio argia atera du: tamaina da planktonaren sakabanaketa eta kokapen globala arautzen dituen faktorerik garrantzitsuena.

«Organismo planktonikoen tamaina gero eta handiago izan, orduan eta txikiagoa da itsas komunitateen arteko lotura. Planktonaren sakabanaketan eta banaketa globalean, tamaina gakoa dela frogatu dugu», dio Villarinok. «Planktona osatzen duten espezieen banaketari eragiten dioten faktoreak ezagututa, jakin dezakegu klima aldaketak itsasoko ekosistemetan nola eragingo duen».

Villarinoren arabera, klima aldaketaren berri emateko indikatzaile bikaina da planktona, epe laburrera zein epe luzera ikusten baitira eragin horren emaitzak. «Organismo oso sentikorrak dira, ez dira gai beraien tenperatura arautzeko. Bestalde, oso txikiak dira, eta bizitza laburra dute; beraz, beraien prozesu fisiologikoak eta populazioen dinamika oso lotuta daude tenperaturaren aldaketekin. Horregatik, haren banaketa globalaren berri izateak itsasoan gertatzen ari diren aldaketa fisikoei buruz informazio oso ona eman lezake».

Bestalde, planktona, orokorrean, ez da komertzialki ustiatzen den baliabidea. Beraz, kasu honetan, gizakiak egindako ustiapenak ez du baldintzatzen aldaketa klimatikoaren aurrean planktonak duen erantzuna.

Aniztasun handia

Seguruenera, plankton hitza entzutean berehala dator burura karramarro txikiz osatutako izaki multzo bat. Hori ere planktona izanda ere, organismo askoz txikiagoak eta handiagoak ere badira. Flotagarritasuna da planktonaren berezko ezaugarria, baina mota asko daude. «Funtsean, jitoan ari diren organismoak dira. Gaitasun txikia izan ohi dute mugitzeko, eta normalean ur lasterrek eramaten dituzte leku batetik bestera».

Biologiaren ikuspuntutik, fitoplanktona ekoizle primarioa da, fotosintesia egiten duelako. Horregatik itsasoaren azaletik gertu bizi da, argia eskuratzeko. Zooplanktonak, berriz, ekoizle primarioen eta maila trofiko gorago batean dauden animalien arteko lotura lanak egiten ditu. «Energia transferentzian giltzarri da».

Planetaren iraupenerako hain premiazkoa den planktona ikertzeko oso mota desberdinetako tresnak baliatzen dituzte ikertzaileek. Malaspina 2010 eta antzeko kanpaina ozeanografiko zabaletan datu asko eskuratu dira, baina kanpaina xumeagoak ere egiten dira. Halako kanpainetan ur laginak hartzen dituzte, niskin izeneko botilen bitartez. Baina arrantzaleek erabili ohi dituzten tresna akustikoak ere baliatzen dituzte zientzialariek planktona ikertzeko. Azken urteetan, bideoa ere sartu da adituek darabilten tresnerian. Bestalde, denbora serieak ere erabiltzen dituzte, denboran zehar toki desberdinetan planktonak izan duen bilakaera aztertzeko. Bereziki, hau garrantzitsua da klima aldaketari buruzko ikerketak egitean.

Bestalde, satelite bidez ere iker daiteke fitoplanktona. Azaletik gertu dagoenez, argia islatzen du, eta satelite bidezko irudietan azaltzen da, orban erraldoietan.

Halere, azken urteotan garrantzi handiagoa hartu duten zunda robotikoek. Horiekin lanean ari da, buru-belarri, CNRS Frantziako Ikerketa Zientifikoen Zentroko ozeanografo Herve Claustre. Zunda flotagarriak dira. «Horien bitartez profil biogeokimikoak lortzeko aukera dugu», azaldu du Claustrek. Torpedo txiki baten antza duten zunda horiek olioz betetzen eta husten diren maskuriak dituzte, eta, horren arabera, ikertzaileak gai dira flotagarritasuna nahieran aldatzeko. Gailuek bi kilometroko sakontasunean lan egiteko ahalmena dute, eta tarte horretan hainbat parametro neurtzeko gai dira.

Robot horien bitartez, datuak urte osoan eskuratu ahal dituzte Villefrancheko Ozeanografia Laborategian (Frantzia). Eskuratutako datuei esker, bi artikulu argitaratu berri dituzte Nature Geoscience eta Nature Communications aldizkarietan. Orain arte zientzialariak gai ziren udaberrian izaten den plankton gorakada ikertzeko, baina tresna berri horiei esker aukera izan dute ikusteko zer gertatzen den urte osoan. Halako bederatzi zundarekin, bi urtez jarraitu ahal izan dute Ipar Atlantikoan fitoplanktonak izaten duen bizi zikloa. «Harrigarria bada ere, neguan ere fitoplanktonak jarduera bat izan dezake, eta haz daiteke». Dena dela, udaberria da fitoplanktonaren hazkundeak gorakada izaten duen sasoia. «Gorakada horrek garrantzi handia du, bai kate trofiko sostengatzeko bai itsas hondora karbonoa eramateko», nabarmendu du ozeanografoak. Prozesu horien garrantzia azpimarratu du: «Fitoplanktonak egiten duen fotosintesiaren bitartez, karbono dioxidoa material organiko bizia bihurtzen da, eta horrela ere arrantza baliabideak mantentzen dira. Era berean, hainbat mekanismo fisiko eta biogeokimikoen bitartez, karbono organiko honen zati bat itsasoaren sakontasunean urpera daiteke; modu horretan, gizakiok sortzen ari garen gehiegizko karbonoaren bahiketan lagungarria da planktona».

Karbono bahiketa

Arreta berezia jarri dute Ozeano Atlantikoaren iparraldean. Izan ere, 50. paralelotik harago dagoen ozeanoaren eremu hori omen da karbono hobi eraginkorrenetako bat. Eremu horretako hedadura mundu osoko ozeanoen % 1,5 baino ez da, baina bertan gertatzen da karbono dioxidoaren bahiketaren %20 inguru. Hori, batez ere, itsasoaren tenperatura baxuari eta fitoplanktonaren jarduerari zor zaio. Karbono bahiketa natural hori nolakoa den aztertzea funtsezkoa da klima aldaketak eragindako eraginak ulertzeko. Bahiketa horren bitartez, atmosferan dagoen karbono dioxidoa zorura bueltatzen da, eta, ondorioz, ez du eragingo berotegi efektuan. Ponpa biologiko horretan arazoak sortuta, arazo horiek biderkatzeko arriskua ere bada.

Claustrek babestu du lan horren balioa. «Zientzialari gisa, ozeanoa esploratzen dut, eta saiatzen naiz hobeto ulertzen ozeanoaren osasun egoeran planktonak betetzen duen tokia. Baita klima aldaketan izan dezakeen eragina eta aldaketa horrek planktonean izandako eragina ere». Ez da gutxi. Txikiak izanda ere, izaki horietan oinarritzen da, hein handi batean, biziaren kate osoa.

BERRIAn argitaratua (2018/01/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA