gizartea
Istripu osteko aroa: mina eranzten
Arantxa Iraola

Galera baten ondorioz minak irentsita daudenei, gainera, aldeko ebazpen judizial bat jasotzeak lagundu egiten diela adierazi du psikologoak. «Gaia ikertu izan duten psikologoek halaxe adierazi izan dute hainbat argitalpenetan. Senitartekoek sentitzen dute, nolabaiteko zigor bat badago, hobeto ulertzen dutela gizarte hau. Izan ere, zuk maite zenuen pertsona bat hil da arduragabekeria baten ondorioz, baina epaile batek aintzat hartu du hori, eta ordain bat ipini du. Horrek dakar ulertzea gizartea zurekin dagoela, ez zaudela bakarrik».
Istripua eragin duen pertsonak jazotakoaren gaineko erantzukizuna onartzea ere terapeutikoa izan daitekeela pentsatzen du. «Badira erruduntasun handia sentitzen duten pertsonak. Are, hildakoaren familiarengana hurbiltzeko keinua egiten dutenak ere bai: barkamena eskatzeko». Halako keinuak bi aldeentzat «onuragarriak» izaten direla uste du Garciak. «'Erratu nintzen', 'Ez nindoan ondo'... Zerbait entzutea lagungarria da. Hildakoaren familiari ere errazagoa egiten zaio ulertzea». Justu kontrako jarrerak ere ikusten dituzte, ordea, sarri. «Zenbaitetan, biktimari botatzen zaio errua. Errua besteei botatzera jotzen da, zeu hobeto sentitzeko». Eta dolu zailak izaten dituzte sarritan hildakoen senitartekoek. «Eta bada jendea hor geratzen dena». Minean katigatuta: erantzi ezinik.
Zauritu larrien geroa
Oinazean geratzeko arriskua agerikoa da ezbeharren ondorioz zauri larriak izan dituzten horietan ere. Sarri hildakoez hitz egiten da trafiko istripuei buruzko albisteak lantzen direnean, baina ezbeharreko tokian hil beharrean erietxean hiltzen dira asko. Espainiako Trafiko Zuzendaritzak ospitaleetan bildutako azken datuak 2015ekoak dira: 421 hildako zenbatu ziren istripuaren osteko 30 egunetan; 391 ondorengoetan. Eta, datu horien arabera, auto istripu larri baten ostean senda-agiria jasotzen duten pertsonen %34k zaurien larritasuna sailkatzeko kategoria gorenarekin lagatzen dute erietxea: ondorio larriekin. Eta usu bizi osorako aztarna lagatzen dute istripuetan izandako lesioek. Espainiako Trafiko Zuzendaritzak aseguru etxe batekin 2006-2015 aroan eginiko ikerlan baten arabera, hain justu, zauritu larrien %70i betiko ondorioak geratzen zaizkie.
Garuneko kaltea izaten da, esaterako, auto istripuetako ondorio larrienetako bat, eta kalte mota hori duten pertsonek eta haien senideek osatzen duten Atece elkarteko Gipuzkoako egoitzan dihardu, neuropsikologo, Iratxe Beitiak. «Errehabilitazio osoa beharrezkoa da», adierazi du. «Oso garrantzitsua da familiekin lan egitea ere. Sarri, halako istripu baten ostean, familia barruko rolak aldatu egiten dira, goizetik gauera aldatu ere, eta lanketa bat egin behar izaten da». Izan ere, aldaketa handiak izaten dituzte garuneko kaltea jasan duten pertsonek. «Esaterako, zure senarra, fisikoki, zure senarra da: lehengoa. Baina ez da lehengoa. Sarri hor bi dolu pasatu behar izaten dira. Eta oso konplexua da». Bide horretan, informazioa ematen dute, eta aholkularitza. Eta arta ere ematen dute; fisioterapeuta, logopeda eta gizarte laguntzaile bat ari dira elkartean. Behin errehabilitazioaren lehen fasea gaindituta, arta ematea bilatzen dute. «Izan ere, zentro bereziak badaude, baina usu han senda-agiria jaso, eta ez dago gehiago ezer ere». Hutsune hori betetzen saiatzen dira. «Memoria, arreta... Horrelakoak lantzen ditugu». Entrenatzen jarraitzeko, hobetzen. «Ohiturak sustatzeko, autonomia garatzeko...». Eta bide hori egin dezaten, poltsikoan zulorik egin gabe. «Izan ere, errehabilitazio prozesuak oso garestiak dira. Tratamendu asko oso garestiak dira, eta betiko». Eta zauritu asko geratzen dira lanik egin ezinik.
Aita Menni zentroan dihardu Naiara Mimentza neuropsikologoak, eta auto istripuen biktima asko artatu ditu hark ere. Garuneko kalteak lau nahasmen klase eragiten dituela esan du. «Fisikoak edo motorrak, komunikaziokoak, kognitiboak eta emozioekin eta izaerarekin lotutakoak». Arreta handia behar dute, beraz, maiz haiek eta haien senideek: oinazea eranzten laguntzeko.