astekaria 2018/01/26
arrowItzuli

gizartea

ERREPIDEAN HILAK, BEHERANZKO BIDEAN

Ander Perez Zala

ERREPIDEAN HILAK, BEHERANZKO BIDEAN

Lehen errepide istripuetako heriotza 1896ko abuztuaren 17an izan zen, Londresen. Abiadura muga orduko sei kilometrokoa zen garai hartan Erresuma Batuan, baina horrek ez zuen eragotzi ezbeharra: Bridget Driscol 44 urteko emakumea hil zen, ibilgailu batek harrapatuta. 30 urte ziren lehen autoa sortu zutela. Historiako lehen istripua gertatu eta urte gutxira iritsi zen lehen autoa Euskal Herrira: 1901eko abuztuaren 10ean matrikulatu zuten Alfonso Pardo eta Manuel de Villena aristokratek, Gipuzkoan, eta orduko 40 kilometroko abiadurara iristen zen. Harrezkeroztik, autoen kopurua hazi besterik ez da egin Euskal Herrian, eta, horrekin batera, istripuen eta hildakoen kopuruak. Ordea, datuei erreparatuz gero, beheranzko joera etengabea izan du errepideetan hildakoen kopuruak 1977. urtetik.

Krisi ekonomikoaren ondorioz, azken zazpi urteotan gorabeherak izan ditu kopuruak, baina agerian dago gero eta gutxiago hiltzen direla. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan 1990eko hamarkadaren hasieran jo zuen goia, eta harrezkeroztik beheranzko bidea hartu du, salbuespenak salbuespen. Hego Euskal Herrian, 1990. eta 1992. urteen artean izan zen hildako gehien errepide istripuetan -Ipar Euskal Herriko datuen eboluzioa eskatzeko orduan, Pirinio Atlantikoetako Departamenduak ez du erantzunik eman-. Bizkaian, 126 pertsona hil ziren 1991n; Nafarroan, 122 pertsona hil ziren 1990ean -larriena 1979. urtea izan zen, 129 hildakorekin-; Gipuzkoan, 121 hildako izan ziren 1991n; eta, Araban 79, 1991. eta 1992. urteetan. Denera, Hego Euskal Herrian 1991. urtea izan zen larriena: 446 hildako izan ziren errepide istripuetan.

Harrezkero, beherantz joan da kopurua. Hildako gutxien iaz izan zen: 67, 2016an baino hamabost gutxiago. Lurralde historikoka, Arabako errepideetan bederatzi pertsona hil ziren; Bizkaikoetan, zortzi; Gipuzkoakoetan, 22 eta, Nafarroakoetan, 28. Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendari Sonia Diaz de Corcueraren iritziz, beheranzko joera bat «sendotzen» ari da, eta hori erakusten dute datuek. «Urtez urte, beherantz doaz hildakoak, eta hori pozteko modukoa da. Orain kopuru apaletan mugitzen gara, eta joerari eustea zailagoa da, baina pozik gaude lortutakoarekin. Ordea, oraindik ez dira bukatu gure eginbeharrekoak, eta plan estrategiko bat dugu martxan».

Helburu argia du Eusko Jaurlaritzak, Europan finkaturiko kopuruetara iristea: «2010. urtean zenbat hil ziren oinarri hartuta, hildakoen kopurua erdira jaistea 2020. urterako».

1992. eta 2004. urteak

Datuak aztertuz gero, bi beherakada nabarmen izan dira: 1992. urtean hasi zena eta, batez ere, 2004. urtetik aurrerakoa. Hego Euskal Herrian, hiriguneetan ere segurtasun uhala jartzea derrigorrezkoa bilakatu zen 1992. urtean -errepideetan, 1974tik-, eta horrek eragina izan zuen hildakoen kopuruan, lehen aldiz beheranzko joera nabarmena eragin baitzuen: 1992tik aurrera, kopurua ez zen 400 hildakora itzuli.

Hamarkada batez hildakoen kopurua egonkor mantendu ostean, 2004an hasi zen beherakadarik handiena, puntukako gidabaimena iragarri zutenetik -2006ko uztailean sartu zen indarrean Hego Euskal Herrian-. Joeraren argazki osoaz jabetzeko, konparazioa egitea besterik ez dago: 1991n 446 pertsona hil ziren, eta iaz, 67. Alegia, 1990eko hamarkadatik gaur arte ia zazpi aldiz gutxiago. Datuak hamarkadaka hartuta ere ikusten da joera: 1980ko hamarkadan 3.545 pertsona hil ziren, eta 2010ekoan, 736 -2017. urtera arte-. Hortaz, beherakada ere sumatu da bide segurtasunarekin loturiko kasuetan. «Hildakoen kopurua jaitsi izana nabaritu dugu guk ere; gero eta kasu gutxiago iristen dira gure eskuetara», Xabier Mujika abokatuak jakinarazi duenez.

Biktima kopuruak -hildakoak eta zaurituak- eta biktimak izan diren istripuen kopuruak ez du aldaketa handirik izan, 2004. urtean egin zuten beheranzko joeraren ondoren. Eta hildakoen kopurua beherantz ari dela kontuan harturik, ondorioa argia da: biktimen artean gero eta gehiago dira zauritzen direnak, eta gutxiago hiltzen direnak.

2017ko balantzeak datu argigarriak utzi ditu ibilgailu motei dagokienez: hildakoen %59 gidariak ziren -%30 motoetakoak, eta %70 autoetakoak-, %23 bidaiariak eta %18 oinezkoak. Istripu motari dagokionez, erdiak baino pixka bat gehiago, %51, bi ibilgailuk elkar jota gertatu ziren; %31 bidetik aterata, eta %18 oinezko bat harrapatuta. Moto gidariak, txirrindulariak eta oinezkoak dira «talde ahulak» errepideetan, eta horiekin elkarlana sustatzen ari da Jaurlaritza, segurtasuna areagotzeko. Emaitza baikorrak izan ditu: zazpi moto gidari hil ziren iaz Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko errepideetan -zortzigarrena bidaiaria zen-, eta zazpi motozale Nafarroakoetan.

Mugikortasuna, gorantz

Errepideetan hildakoen kopurua jaisten ari den bitartean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren mugikortasuna hazten ari da: iazko datuen faltan, 6,7 milioi bidaia inguru egiten zituzten 2016an. Gorantz doa zifra: 2003an, 5,4 milioi ziren; 2007an, 6 milioi, eta 2011n, 6,2 milioi. Sexuen arabera, gizonek bidaien %42,2 egin zituzten autoz, eta %42,1 oinez; emakumeek, berriz, %52 oinez eta %28,2 autoz.

Mugikortasuna sexuaren arabera aztertzean, agerian geratzen da gizonen eta emakumeen aukerak desberdinak direla: ibilgailu pribatua erabiltzeko aukera gutxiago dute emakumeek, baina gizonen lehen aukera da ia beti. Gizonek bidaia gehiago egiten dituzte ibilgailu pribatua gidatuz; eta joan-etorri gehienak garraio publikoa erabiliz edo oinez egiten dituzten emakumeen kopurua gizonena baino handiagoa da, Eusko Jaurlaritzaren mugikortasun inkestaren arabera. Esaterako, emakumeek bidaien %15,4 garraio publikoetan izan ziren, eta gizonen kasuan, %8,2.

2016an, emakumeek 945.679 bidaia egin zituzten autoz; gizonek, berriz, 1.415.395. Eta hori hildakoen kopuruan islatzen da. Geroz eta emakume gehiagok dute gidabaimena -nahiz eta oraindik gizonak baino gutxiago diren-, baina gorakada horrek ez du eraginik izan hildakoen zenbakian, gizonak gehiengo baitira oraindik ere hildakoen artean. Lehen baino emakume gehiago daude errepideetan, baina istripuetan hildako emakumeen kopurua ez da handitu -2016an, 508.242 emakume eta 726.548 gizon zeuden erroldan-.

Egunero egiten dituzten bidaia kopuruetan ere ageri da gizon eta emakumeen arteko banaketa: emakumeak askoz gehiago arduratzen direnez seme-alabez eta etxeko lanez, bidaia gehiago egin behar dituzte egunean, horietako asko oinez edo garraio publikoan. Emakumeen bidaien %11,6 izan ziren behar horiek betetzeko; gizonen kasuan, bidaien %5,5, erdia baino pixka bat gutxiago.

BERRIAn argitaratua (2018/01/20)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA