astekaria 2018/01/26
arrowItzuli

bizigiro

Zomorro bat platerean

Iker Tubia

Zomorro bat platerean

Likatsua, baina gozoa». Zomorroak lehenbizikoz jan zituenean, sentitutakoa horrela deskribatu zuen Simbak The Lion King filmean. Orain, euskal herritarrek harekin ados daudenetz erabaki dezakete. Izan ere, urtarrilaren 1az geroztik, intsektuak jaki gisa salerosi daitezke Europako Batasunean, araudi berriari jarraikiz. Ikusteko dago, baina, zenbat kostatuko zaion elikagai berri horri aurreiritziei eta usteei aurre egin eta eguneroko otorduetan egotea.

Janari Berriaren araudia berritu dute. 1997koa da arau hori, eta, aldaketak 2015ean onartu bazituzten ere, aurten jarri da indarrean. Hori dela eta, intsektuak saldu eta kontsumitzeko aukera izanen da hemendik aurrera. Munduko lurralde anitzetan ohiko elikagai izaten dira intsektuak, eta Europako hainbat lurraldetan ere aurretik eginak zituzten tokian tokiko arauak intsektuak beste elikagai batzuen gisan saldu eta kontsumitzeko aukera izan zedin.

Jatetxeetan intsektuak jateko aukera bazen aurretik ere, eta intsektuetatik eratorritako jakiak ere baimendurik zeuden, Europako Batasunak zehaztu duenez. Adibidez, hankak, hegoak, tripak... erabiltzen ahal ziren hainbat produktu egiteko. Gakoa da araudiaren aldaketek intsektu osoak salerosteko aukera ematen duela. Hala, dendetan produktu hauek aurkitzeko aukera ireki da. Produktuak saldu ahal izateko, baina, Europako Batasunaren oniritzia jaso beharko du lehenbizi fabrikak.

Gaur egun, munduan 2.000 milioi pertsonaren ohiko dietaren parte dira intsektuak FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen arabera. Erakunde horren datuek diotenez, 1.900 intsektu espezie baino gehiago jaten dituzte gizakiek mundu osoan. Gehien jaten direnak kakalardoak dira, %31. Haren atzetik daude beldarrak (%18), erleak, liztorrak eta xinaurriak (%14), eta matxinsaltoak, otiak eta kilkerrak (%13).

Berehalakoan, seguruenik ez, baina elikadura ohiturak aldatu daitezkeela uste dute aditu batzuek. «Hasieran denok nazka aurpegia jartzen dugu, baina uste dut aldaketa ekarriko digula, gehiago begiratuko diogulako inguruari eta gure osasunari. Guk arraroak diren elikagai pila bat hartzen ditugu. Zer da eztia? Intsektuen eskrezioa. Edo foiea? Gibel gaixo bat». Nerea Segura nutrizionistak uste du ohitura kontua dela, eta ohiturak alda daitezkeela: «Uste dut gazteak ausartagoak garela, eta etortzen diren ohiturak geratu egiten dira: sushia, esate baterako. Beraz, nik uste dut intsektuen bolada hemen gelditzeko etorriko dela».

Mikel Lopez Iturriaga gastronomia kazetaria da. El Comidista gastronomia atari digitalaren sortzaile eta zuzendaria da, eta hainbat errezeta liburu idatzi ditu. Interneten, hainbatetan idatzi du jateko intsektuei buruz. Haren aburuz, araudiak aldaketak ekar ditzake Europako dietetan, baina prozesu hori «oso-oso motela» izanen delakoan dago: «Intsektuak dituzten hainbat produktu kontsumitzeari ateak irekitzen dizkio araudiak, baina Mendebaldean janari mota honen aurka dagoen aurreiritzia oso-oso handia da; beraz, hori gainditzea asko kostatuko da». Izan ere, jende gehienak uste du nazkagarriak direla. «Nahiz eta arrazoibide logikoak erabili, gauza batzuk jan eta beste batzuk baztertzeko hezi gaituzte, eta zaila da hori aldatzea».

Lopezek bere atari digitalean gaiari buruz idatzi duenean, jaso dituen erantzun gehienak bide berean izan dira: arbuioa. Argumentu «logiko» eta «zentzuzkoak» erabili arren, erantzun txarrak jaso ditu normalean. «Argumentu horiek jendeari bost axola. Aldaketak defendatzen dituzun guzietan bezala, jaso ditudan erantzunak listomarien topikokeriak izan dira». Tira, baina dagoeneko intsektuak jaten dira Euskal Herrian ere. Adibidez, sagardoa edatean. Sagarretan izaten diren zomorroak edariaren parte izaten dira. Berdin txokolatea jatean, adibidez. Ezinezkoa litzateke intsektu bat bera ere ez pasatzea ekoizpen prozesuan.

Dieta berriaren alde

Norberak ikusiko du intsektuak jateko prest dagoen edo ez, baina, horretarako, beharrezkoa da informazioa. Segurak azaldu duenez, intsektuak jatea onuragarria da hainbat arrazoirengatik. Noski, espezie anitz daude, eta, beraz, bakoitzak baditu bere bereizgarriak. Hala ere, datu orokor batzuk eman ditu nutrizionistak. Azaldu duenez, oro har, proteina kalitate handikoak dira. «Xerra bat edo bi arrautzarekin ordezkatzeko, intsektu gramo gutxiago behar ditugu». Horrekin batera, zuntz kalitate ona dute: «Komunera joateko balio digu».

Gantzari dagokionez, asegabeak dira, omega-3 eta omega-6 kalitatezkoak. Arrainek edo untxiek ematen dute omega-3, eta fruitu lehorrek edo haziek, omega-6. Gainera, kolesterolik gabeak dira. «Alde horretatik, ondo». Segurak dioenez, intsektuak jateak digestioa errazten du, haiek dituzten proteinak haragienak baino hobeki digeritzen baitira. Hori azalduta, ondorio garbia atera du: «Nutrizio aldetik, kalitate ona dute». Bestalde, behiak edo hegaztiak jatean, gaixotasunak kutsatzeko arriskua egon liteke. Intsektuen kasuan, ez. Alde txar bakarra ikusi dio nutrizionistak intsektuen dietari: alergiak. «Krustazeoen parekoak dira, arlo horretan».

Proteinena da gehien aditu litekeena, intsektuak jateaz hitz egitean. Lopezek uste du gimnasioetan merkatu bat zabaldu dakiekeela intsektuak salerosten dituzten enpresei. «Interesgarria izan daiteke proteina handiko prestatutako jakiak jaten dutenentzat, adibidez, barra energetikoen eta gimnasioaren munduan». Segurak dioenez, gimnasioetara ailegatu dira intsektuak: «Kirolari askok hartzen dituzte, proteina hobeto digeritzen delako eta muskuluak handitzeko zein indarberritzeko onak direlako».

Aditu batzuk oso eszeptiko dira, baina, arau honek ekar ditzakeen balizko aldaketei buruz solastatzeko orduan. Bittor Rodriguez EHUko irakaslea da Farmazia eta Elikagaien Zientziak sailean. Hark ez du uste berehalakoan onartuko direnik intsektuak hemengo dietetan. Gainera, ez die hainbesterako onurarik ikusten: «Daukaten ekarpen garrantzitsuena proteinak dira, eta, gantzarekin batera, hori da gehien sobratzen zaiguna gure dietan. Okela gehiegi jaten dugu. Beraz, gauza bera ekartzen duen eta kulturalki onartuta ez dagoen produktu bat sartzea, ez dakit zenbateraino duen interesik».

Aukera gehiago ikusten dio beste produktu baten osagarri moduan. «Nolanahi ere, proteina lortzeko era merkea da, eta, esaten dutenez, iraunkorragoa». Gainera, haragiak baino proteina gehiago du, eta proteina horiek kalitate hobea dute. «Baina horren beharra dugu? Badugu proteina aski eta proteina ona, adibidez, arrautza batean». Gantza osasungarria ere aipatu du Rodriguezek. «Baina horrelakoak ere baditugu gure dietan». Zuntzari dagokionez, barazkien eta fruten bitartez lortzen ditu gizakiak. Beraz, ez du uste zomorroek ekarpen handirik egin dezaketenik.

Horregatik, nutrizioan baino gehiago, beste toki batean ikusi du Rodriguezek araudi honen berritasunaren ondorioa. «Nik uste dut, batik bat, ikuspegi komertzial batetik ireki dela aukera hori». Araudia onartu eta berehala hasi dira hainbat enpresa baimena eskatzen haien produktuak salerosteko. Aurretik ere, baziren intsektuetatik eratorritako produktuak saltzen zituzten enpresak, dena den. Adibidez, kilker irinarekin egindako pasta.

Probatu dituzte

Probatu ez duenak ez daki zer den hau. Bai Segurak, bai Lopezek, intsektuak jan dituzte. Sentsazio ezberdinak izan dituzte. Segurak Bartzelonako Boquerian probatu zituen. «Kris-kras egiten dutenak hobeto. Bigunak zirenek nazka handiagoa ematen zidaten. Adibidez, inurriak ondo daude». Lopezek iritzi bera du. «Txapulinak kurruskatsuak dira, eta onak daude. Ganba baten hankatxoak bezalakoak dira. Beste gauza bat da larba handi, potolo eta likatsu bat». Adibidez, Lopezek Burkina Fasotik larba nahiko handiak ekarri zituen. «Ez zitzaizkidan gustatu. Baina agian ez genekien nola prestatu. Hori zerrautsa jatea bezala da. Egia esan, nik probatu ditudan intsektuek badute keztatu eta zur zaporea». Zimitz arrautzak ere jan ditu Mexikon. «Ez zuen zapore handirik. Ahoan eztanda egiten zuten, kabiarrak bezala».

Hala ere, intsektuak jatea ez da berehalakoan zabalduko. «Gizakia intsektuekin gerran ari da antzina-antzinatik. Baina egia da ere toki batzuetan horiek jatea oso arrunta dela», dio Lopezek. Hala, hark uste du, aldaketa gutxika gertatu daitekeela. Hasieran, intsektua osorik erakusten ez duten janari prozesatuak saltzen has daitezke, adibidez. Halere, hark uste du egon daitekeela merkatu txiki bat «irekiak» diren pertsonetan; batik bat, hiri handietan.

Antzera mintzatu da Segura. «Hasieran snack moduan izango da, barraren bat hartu... edo labezomorro batzuk hartu, topiko gisa». Pizza baten masa intsektuekin egina badago, errazago jan daitekeela uste du. «Pixkanaka-pixkanaka barneratuz joango gara, bereziki ingurumenari begira onura pila bat dituelako». Ur mila bider gutxiago behar da intsektuak ekoizteko, lur eremu ehun bider gutxiago eta ez du hainbeste kutsatzen. Beraz, sustatuko delakoan dago. Baina, zein intsektu jan? Seguraren aburuz, erleak aukera ona izan daitezke. «Hemengoak bilatu beharko genituzke; bestela, ingurumenari kalte egingo diogu». Ikusiko.

BERRIAn argitaratua (2018/01/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA