astekaria 2018/01/26
arrowItzuli

bizigiro

Bizimodu baten azken ubera

Jon Ander De la Hoz

Bizimodu baten azken ubera

Itsas tradizio handiko hiria da Donostia. Egun aisialdiko ontziek betetzen dute bertako kaia, baina urte luzez arrantzatik bizi izan dira donostiar asko. Puerta familia da horren adibide. Haiena zen Ozentziyo itsasontzia, Donostian geratzen den egurrezko azken baporea. Duela bi urte utzi zion arrantza egiteari, baina aurki hasiko da berriz nabigatzen, Albaola itsas kultur faktoriari esker.

Albaolak itsas ondarea babesteko hartutako erabakia dago horren atzean, Erme Pedroso kudeatzailearen arabera: «Euskal Herriko itsas ondarea gutxi ezagutzen eta baloratzen da. Hori aldatzea da Ozentziyoren helburua». Jesus Puerta armadore eta patroiaren ekimenez erosi zuten itsasontzia, 2015ean. Puerta erretiroa hartzear zen, eta halakotan egiten den moduan, ontzia desegitera zihoan: «Interes handia zuen ontzia mantentzeko, eta gurekin harremanetan jarri zen».

Itsasontzia erostea neurriko erronka izan da Albaolakoentzat. Pedrosoren arabera, ziurgabetasunez jositako prozesua izan da, baporea ordaintzeko gai izango ziren jakin gabe ekin baitzioten. Armadoreak, baina, ziurgabetasun hori izanagatik ere, onartu egin zuen aurrera egitea, eta gerora Irizar enpresak emandako laguntza ekonomikoarekin erosi zuen itsasontzia Albaolak.

Ozentziyo erosi ostean ere gastu ugariri egin behar izan dio aurre itsas kultur faktoriak: «Egokitzapen lanak egin behar dira, baimenak eskatu, erregistroan izena eman...», azaldu du Pedrosok. Arotz lanak egiteko ez dute arazorik izan, horretarako baliabideak badituztelako. Buruko min gehiago eman dizkiete bestelako lanek; txapa lantzeak eta motorreko egokitzapenek, esaterako. Horretarako, Irizarrek laguntza bat eman zien 2016an, eta beste bat eman die 2017an; eta hitzarmen bat egin dute Errenteriako Don Bosco eta Pasaiako (Gipuzkoa) Blas de Lezo ikastetxeekin, praktika trukean itsasontzian lanak egiteko.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak ere diru laguntza eman berri die. Pedrosok adierazi du ez dela batere erraza gisa honetako proiektu bat egitea: «Kultur Sailaren diru laguntza jasotzeko lanerako itsasontzien zerrendatik kanpo egon behar du ontziak, eta beste zerrenda batean egoteko egokitzapenak egin eta paperak aldatu behar dira. Dirua da hori».

Jatorrira itzuli nahia

Berritze lanak amaitzean, Ozentziyo Donostiara eramateko asmoa dute Albaolako kideek. Pedrosok adierazi du garrantzitsua dela baporea Donostiako kaian egotea, «hiria bere nortasuna galtzen ari delako, eta hori ezin dugulako onartu, Donostiako kaia historikoki izan denagatik». Ez hori bakarrik; Donostian egoteak Albaolako proiektua ezagutzera emateko aukerak handitzen dituela uste du itsas faktoriako kudeatzaileak, «Pasaiako txoko honetara propio etorri behar delako». Hala, Donostiako udal agintariekin bildu dira jadanik, eta haiek ere interesa agertu dutenez, Espainiako Estatuko Portuak erakundeari presio egiteko eskatu diete. Bide horretan, garrantzitsua iruditzen zaie Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntza, «diruagatik ez ezik, proiektua babesteko modu bat delako», azpimarratu du Pedrosok.

Ozentziyo uretan egotea beharrezkoa iruditzen zaie Albaolakoei. Izan ere, «itsasontzia museo batean sartzen baduzu, haren izaera galtzen du, eta ezin da behar den neurrian baloratu». Pedrosok uste du nabigatzen ari den itsasontzi batean itsas ondarearen pertzepzio errealago bat jasotzen duela bisitariak. Horretara bideratuko dituzte Ozentziyoren barnean egin asmo dituzten ekintzak ere: «Neguan, itsasoko baldintzak okerragoak direnean, kai barruan egon daiteke, eta haurrak etor daitezke bisitan. Aldiz, udaberritik aurrera itsasoratzea da asmoa, eta proiektu ezberdinak egingo ditugu; turistekin edo arrantza ikasleekin, adibidez». Aurtengo udan ez bada, espero dute datorrenean prest egotea. Pedrosok adierazi du dagoeneko posible litzatekeela Ozentziyo Donostian amarratu eta falta zaizkion konponketak han egitea. Alabaina, ohartarazi du «sarri arlo politiko-administratiboa konpontzea zailagoa dela arlo teknikoa baino».

Xaxiko arrantzaleen ontzia

Ozentziyo ez da itsasontzi zaharra. 1995ean itsasoratu zuten, eta hura izan zen Lekeitioko (Bizkaia) Mendieta ontziolan egindako azken-aurreko ontzia. Xaxiko arrantza teknikan aritu da batez ere; kanabera luze bana baporearen alde banatan luzatuta, bertako arrantzaleek hegaluzeak eta zimarroiak arrantzatu dituzte gehienbat. Tradizio luzeko arrantza teknika da hori: «200 urte baino gehiago ditu, eta beita biziarekin egiten den teknika baino zaharragoa da». Halaber, bestelako arrantza mota ere egin dute Ozentziyo-ko tripulazio kideek, berdeletan eta tresmail sareekin ere aritu izan baitira. Sei lagunek osatu dute tripulazioa, eta bereziki, Irlandako uretan aritu dira hegaluzeak eta zimarroiak harrapatzen.

Txapak eta zuntzak gain hartu duten garaietan, egurrari eusten dion ontzi bakarrenetakoa da Ozentziyo. Horregatik, zaindu beharreko ondarea dela diote Albaolan: «Gure historia ezin da ulertu itsasorik gabe, baina ez da behar beste ezagutarazi». Artisau teknikak erabili dituen Ozentziyo bizimodu baten azken ubera da.

BERRIAn argitaratua (2018/01/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA