astekaria 2018/01/26
arrowItzuli

gizartea

Hirigunean pilatu, landagunea hustu

Garikoitz Goikoetxea

Hirigunean pilatu, landagunea hustu

Marka jarri du biztanleen kopuruak 2017an: inoiz baino herritar gehiago bizi dira Euskal Herrian. 2006an igaro zuen hiru milioi biztanleren langa, eta, azken datu ofizialen arabera, 3.142.982 biztanle dira. Herrialde guztietan dituzte biztanle gehiago, Zuberoan izan ezik —urtez urte ari da jaisten han—. Biztanleriaren goraldi hori, hala ere, ez da neurri berekoa eremu guztietan. Herrialdeei begiratzen bazaie, Lapurdiren igoera da nabarmentzekoa: mende hasieratik, %17 handitu da biztanleria; 38.000 herritar gehiago dira. Euskal Herrian halako bi areagotu da biztanleria herrialde horretan. Eskualdeka erreparatzen bazaio norabideari, joera argia da: hirien inguruko guneak ari dira handitzen, eta landaguneak, ahultzen. «Metropolizazio» prozesu betean sartua da Euskal Herria, beraz, Gaindegiak nabarmendu duenez.

Gaindegiak berak jakinarazi ditu Euskal Herriko biztanleriaren datuak. Iturri ofizialak baliatu ditu horretarako, oraintsu plazaratu baitituzte herriz herriko biztanleria datuak INSEE Frantziako Estatistika Institutuak eta INE Espainiako Estatistika Erakundeak.

Gorakada erakutsi dute datuek orain ere, biztanleak irabazten ari dela Euskal Herria. 2000ko kopuruak eta 2017koak alderatuz gero, %8koa da hazkundea. Begirada atzerago jarriz gero, agerikoa da biztanleriaren hazkunde handiena 1960ko eta 1970eko hamarkadetan gertatu zela: %56 igo zen biztanleen kopurua. 922.000 herritar gehiago hogei urtean. Zerikusi zuzena izan zuen immigrazioak. Horrelako aldaketarik ez da nabari harrezkero Euskal Herri osoko zenbakietan; hazkundea bai, baina askoz leunagoa da.

Zuberoa eta Lapurdi

Euskal Herriko datu orokorren azpian, ordea, gorabeherak daude. Herrialdekako panoramari begiratzen bazaio, alde nabarmenak daude. Alde batean, Zuberoa: biztanleak galtzen ari da urtez urte. 1940tik gaur egun arteko datuen bilakaera hartuta, ez dago gorakadarik: ordutik, biztanleen herenak galdu ditu. 15.000 lagun eskas bizi dira herrialde horretan; euskal herritarren %0,5. Gainerako herrialdeetan handitu egin da biztanleria. Mende honetako aldaketei begiratuta, hazkundea batez ere 2000-2010 artean izan zen; txikiagoa da harrezkero. Nafarroan, esaterako, %17 hazi zen biztanleria hamar urte horietan, eta 2010etik orain arte %1 igo da.

2010etik honainoko zenbakietan, Lapurdi ageri da buruan: %7 hazi da biztanleria. 2000tik, %17. Nafarroaren eta Lapurdiren ostean, Arabak eta Nafarroa Behereak dute igoerarik handiena: Araban, %14 gehiago dira 2000n baino; Nafarroa Beherean, %12 gehiago. Azken urteotan, hala ere, handiagoa da Nafarroa Beherearen igoera. Izatez, 2010az geroztik Lapurdi eta Nafarroa Beherea hazi dira gehien. Gipuzkoan eta Bizkaian txikiagoa da hazkundea; are, Bizkaia 2010eko datuen azpitik dago. Herritarren %36 bizi dira Bizkaian.

Herrialdekako datuek norabide bat erakusten dute, baina interesgarri da eskualdekako martxa ere begiratzea. Ondorioa: hiriguneen inguruan ari da biztanleria hazten, eta landa esparruak husten ari dira. Datuetara eramanda: herritarren erdiak (%51) hiriguneetan bizi dira, eta ia heren bat, bitarteko hiriguneetan (%29). Landaguneetan bostetik bat bizi da.

«Metropolizazio» prozesu horri dagokionez, Ipar Euskal Herriko egoeraz ohartarazi du Gaindegiak. Lapurdi kostaldean eta Aturri hirigunearen inguruan ari da biztanleria pilatzen. %30etik gorako hazkundeak izan dituzte elkargo horiek 2000. urtetik. Hego Lapurdiko hirigunean, adibidez, hamazazpi urtean 13.000 biztanle irabazi dituzte —54.200 ziren, eta 67.300 dira—. Hirigune nagusian, euskal kostaldea-Aturrin, ia 10.000 gehiago dira —proportzioan %8 pasatxokoa da gorakada—. Frantziako immigrazioaren eragina nabarmena da leku horietan.

Lapurdin soilik ez, Nafarroan eta Araban ere bada joera hori. Iruñerrian, adibidez, %23 igo da biztanleen kopurua —76.000 lagun gehiago—, eta inguruan ere nabari dute gorakada. Araban, %30etik gorako igoera izan dute Trebiñuk eta Gorbeia inguruak.

Txanponaren beste aldea ere nabari da herrialde horietan: landaguneak biztanleria galtzen ari dira. Erronkari-Zaraitzu, Irunberri ingurua, Arabako mendialdea... Azken urteetan, Zangoza eta Tafalla inguruak ere hasi dira galeran. Zuberoan ere nabari da.

Gipuzkoan leunagoak dira gorabeherak. Bizkaian, Lea-Artibaik galdu ditu biztanleak, eta Bilbo Handiak. Inguruko eskualde batek du irabazia, Plentzia-Mungiak: %33koa. 14.000 gehiago dira.

BERRIAn argitaratua (2018/01/19)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA