astekaria 2018/01/19
arrowItzuli

bizigiro

Gero arte, etorkizuna

Edu Lartzanguren

Gero arte, etorkizuna

Denboran bidaiatzeko makina da Las Vegasko (AEB) CES Kontsumorako Elektronikaren Azoka, baina oso etorkizun hurbilera eramaten du bisitaria. Datozen hilabeteetan merkatuan ustez nagusituko diren gailuak eta joerak erakusten dituzte mundu osoko konpainiek. Hor aurkeztu zituzten gizartean lehen telefono adimentsuak, lehen telebista pantaila lauak, lehen tabletak... Baina baita inolako arrakastarik izan ez duten gailurik absurdoenak ere. Urtarrilaren 7tik 12ra egin dute aurtengoa. Hona han ikusi diren hainbat gailu eta egitasmo.

1.AIBO TXAKURRA

Etxerako robotak oraindik zein heldugabe dauden erakutsi zuen Sony konpainiaren Aibo txakurrak Las Vegasen. Adimen artifiziala erabiltzen duen robot horrek Kazuo Hirai Sonyko burua lotsagorritu zuen, milaka pertsonaren aurrean eginiko aurkezpenean. «Robot autonomoa zara, eta laster familiako kide bihurtuko zara, ezta, Aibo?», galdetu zion Hiraik. Txakurrak ez zuen erantzun. Gailuak 1.800 euroan jarriko ditu salgai Sonyk, oraingoz Japonian bakarrik. «Sonyk bigarren aukera eman die 1999 eta 2006 bitartean arrakasta handirik gabe bizirik mantendu zituen Aibo txakur robotei, merkatua eta teknologia helduago omen daudelakoan», esan du Joxe Rojas kontsumo teknologien inguruko Teknopata blogaren sortzaileak. Adimen artifizialaren bidez, «belaunaldi berriko robotek elkar ezagut dezakete benetakoek bezalaxe, eta benetakoek egiten dituzten trikimailuak egiteko gauza omen dira: eskutxoa eman, pilota ekarri…». Robota erosten duenari hileko 25 euroko harpidetza eskatuko dio Sonyk «txakurra bizirik mantentzeko», azaldu du Rojasek. Adineko pertsonen zaintzarako saldu nahi du Sonyk, Japoniako populazioaren zahartzea eta bakardade arazoak gogoan.

Aurkezpeneko huts egiteak erakutsiko luke robotek, etxeko tresna moduan, oraindik «jauzi handi bat» behar dutela, Joseba Laka Tecnaliako IKT ataleko zuzendariak adierazi duenez. Lantegi asko dagoeneko erabat robotizatuta daude, baina hurrengo urratsa da gizakiarekin lan egingo duten robotak sortzea. Horretan dabil lanean Laka, eta egunero ikusten du zelako zailtasunak dauden hori lortzeko lantegietan ere, nahiz eta horietan prozesuak erabat kontrolpean egon. «Imajinatu etxeko tresna gisa!». Zoruak garbitzen dituen Roomba robotaren kasuak itsutu du jendea, Lakaren arabera. «Roombak izan du arrakasta, oso ondo funtzionatzen duelako. Hurrengo urratsa oso erraza dela sinetsarazi digu, baina asko falta da».

2. SAMSUNGEN THE WALL TELEBISTA


Telebisten alorrean, The Wall produktua aurkeztu zuen Hego Koreako Samsung konpainiak. Microled teknologian oinarrituriko 146 hazbeteko pantaila da, 4k kalitateko irudia ematen duena, eta, adi, modulagarria da: hau da, hainbat pantaila elkarrekin lotu daitezke edozein tamainatako pantaila osatzeko. Rojasek «interesgarri» deritzo The Walli kontzeptu gisa, eta saltzeko estrategia argia ikusten dio: «Erosi bat orain, eta, nahi baduzu, handitu datorren urtean...».

CES azoka etorkizuna ikusteko bola gisa erabiltzea arriskutsua da. Telebisten alorrean ere bai. Lakak gogoratzen du duela urte batzuk 3D telebistak izan zirela erabateko protagonistak. «Bazirudien gure egunerokoan sartuko zirela. Baina ez da gertatu». Antzera gertatu da pantaila kurbatuekin. Telebisten inguruan berrikuntza gutxi egon da aurtengo CESen, aurreko urteetakoekin parekatuta: «Ez da historiara pasatuko telebistaren alorrean».

3. CLOI LAGUNTZAILEA


Hego Koreako LG konpainiak ez zuen zorte handirik izan Cloi ahots bidezko laguntzaile adimenduna aurkezteko orduan. Gailuak entzungor egin zien, behin eta berriz, David VanderWaal konpainiako marketin arduradunaren aginduei. Porrot handia izan da LGrentzat, merkatuan lehia estua baitago halako gailuetan: besteak beste, Googlen, Applen eta Amazonen eskutik. Etxeko elektrotresnak, argia, berogailua eta halakoak ahotsaren bidez kontrolatzeko morroi gisa saldu nahi du LGk Cloi robota. Estrategia azkarra da: behin robota erosita jendeak etxeko beste tresnak berari erosiko dizkiolakoan dago LG, komunikazio ona ziurtatzeko. Porrotak ez dio lagunduko.

Ahotsaren bidezko laguntzaile robotei ere ez die aukera handirik ikusten Lakak. Hurrengo CES azoketan agertuko dira, baina ez dute benetan lortuko jendearen bizitzan txertatzea. «Zerbitzuko robotika merkatu bila dabilen teknologia bat da, ez teknologia baten bila dabilen merkatu bat». Ez zen erabateko porrota izan, ordea: «Robotak huts egin arren, robotez ari da jendea hizketan». Horrela joaten dira oraindik ez dagoen merkatua sortuz, Lakaren arabera. «Adimen artifizial orokor bat erabiltzen duten robotak badatozela pentsatzea fikzioa da».

4. TELEBISTA BILGARRIA


Samsungen The Wall baino «deigarriagoa» egin zaio Rojasi LG konpainiaren telebista bilgarria. Duela bi urte, papera bezala toles zitekeen 18 hazbeteko pantaila bat aurkeztu zuen LGk. Aurten, 65 hazbetera handitu du gailua. 4k kalitatezko irudiak emateko gauza da telebista. Prototipoa aurkeztu dute Las Vegasen, baina Rojas itxaropentsu dago: «Hori bai, laster egongo da salgai». Zertarako bildu telebista pantaila bat, ordea? Garraiatzea errazten du horrek, eta pantaila beltza ezkutatzen du erabiltzen ari ez denean. Horrez gain, pantailaren tamaina molda daiteke ikusten ari den filmaren ratiora egokitzeko.

5. E-PALETTE IBILGAILUA


Garraioaren inguruan egitasmo interesgarria aurkeztu zuen Toyotak: e-Palette. Ibilgailu autonomoa da, gidaririk gabekoa, eta, Japoniako konpainiaren arabera, 24 orduan molda daiteke izango duen eginkizunerako: jendea garraiatzeko, taxi kolektibo gisa, erosketak banatzeko, kaleko kiosko gisa, hotel gela gisa... 2020rako probatzen hasiko dira, eta espero dute urte horretako Olinpiar Jokoetarako barra-barra erabiltzea Tokion.

«Ezin politagoa» iruditu zaio Lakari Toyotaren proposamena. «Oso kontzeptu interesgarria da, baina orain ikusi beharko da arrakasta duen Japonian bertan, eta benetako ibilgailu praktiko bihurtzen den». Izan ere, paradoxa gertatzen ari da autogintzaren munduan: etorkizuneko autoak aurkezten dituzte azokan, baina, gero, saltzen diren autoek -elektrikoek ere- «estetika retroa» daukate, Lakaren aburuz.

Autoen munduan egon da beste berrikuntza bat aurtengo CESen: laguntzaile adimendunak autoaren barruan sartu dituzte hainbat konpainiak. «Hor badago merkatu berri bat: urte batzuk barru, autoak kanpotik antzekoak izango dira, baina barnekoa asko aldatuko da».

Hizkuntzaren kontua da hor gakoa, erabiltzailea ahotsaren bidez komunikatzen baita laguntzaileokin. Euskaldunek horretan eurek egin beharko dute lan, makinok euskara uler eta egin dezaten, konpainia handiek oso poliki zabalduko baitituzte hizkuntza aukerak. Gaur ingelesez baino ez dabiltza gailuok. Laka baikor da horretan: «Badugu Eleka klusterra. Baina erronka bat dute egitasmook: lehiakorrak izatea edozein hizkuntzatan, ez bakarrik euskaraz».

6. ARGI KONEXIOA


Produktu guztiak ez dira, bada, Asian sortuko. Frantziako Oledcomm enpresak lifi teknologian oinarritutako lanparak aurkeztu ditu. Wifi sistemak uhin elektromagnetikoak erabiltzen ditu; lifiak, berriz, argia erabiltzen du datuak garraiatzeko. Beraz, Oledcommen lanparek, argia emateaz gain, Internetera lotzen dituzte beste gailuak. Oso abiada handiak lortzen dira lifi sistemarekin: konpainiak esan du Oledcommen lanparek segundoko 50 megabit (Mbps) transmititzen dituztela, hau da, gaurko wifiak baino hamar aldiz gehiago. Horrez gain, saihestu egiten ditu interferentzia elektromagnetikoak. Horregatik oso egokia da erietxeetarako, eta Penpinyako erietxean (Herrialde Katalanak) jarriak dituzte.

Errealitate birtualean eta areagotuan gauza interesgarriak ikusi ditu Lakak CESen. «Fokua ez dute jarri horretan, baina aurrerapen handiak egiten ari dira, eta oso arin». 2018ko eta 2019ko CESetan berriz ere horren inguruko eztanda egongo dela uste du Lakak.

Beraz, Las Vegasko aurtengo azokan, berrikuntza erabakigarririk gabe, gero arte esan diote etorkizunari.

BERRIAn argitaratua (2018/01/18)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA