astekaria 2018/01/19
arrowItzuli

kirola

LUIS SABALZA

«Asko higatu gaituzte kritikek, baina hartu dugu eskarmentua»

Eñaut Agirrebengoa

«Asko higatu gaituzte kritikek, baina hartu dugu eskarmentua»

Sadarreko harmailei so dago Luis Sabalza (Zangoza, Nafarroa, 1947). Gorritxoen estadioa eraberritzeko ideia dabilkio buruan. «Zutabeak kendu, eta estalki moderno bat jarri nahiko genuke». Erronka hori eta beste asko izango ditu datozen lau urteetan.

Bigarren agintaldia hasi berri duzu. Nola sentitzen zara?

Ondo nago. Aurkeztu egin nintzen hauteskundeetara, beraz, logikoki, presidente izan nahi nuen berriro ere. Lortu dut helburua, eta pozik nago, lanerako prest. Ilusio handia daukat. Bestela, ez nintzateke hemen egongo. Ilusiorik gabe, ezin daiteke gauza onik egin presidente postuan.

Orain dela hilabete batzuk ez zeunden horren gogotsu. Iazko martxoan, «nazkatuta» zeundela adierazi, eta hauteskundeak aurreratu zenituen. Zer aldatu da ordutik?

Une hartan nazkatuta nengoen, sare sozialen, komunikabideen eta taldearen egoeraren eraginez. Tentsio handiko garaia izan zen, eta horren isla izan ziren ezohiko batzarraren ostean esan nituenak. Geroztik, asko aldatu dira gauzak. Antolatu genituenean egin izan balira bozak, ez ginatekeen aurkeztuko, ziur. Ordea, denbora igaro da, lasaitu egin da egoera, eta zaleen multzo batek hauteskundeetara aurkezteko eskatu digu. Hori gertatu da, besterik gabe.

Okerrik ez bada, Osasunako presidentea izango zara 2020an, klubaren mendeurrenean. Erantzukizun handia izango da, baina, era berean, erronka ederra ere bai.

Ardura handia da. Osasunarekiko zaletasuna hedatzea da helburua. Klub handiagoa izateko koska moduko bat sortu behar dugu, betiere garbi izanda Osasuna bazkideena dela. Ikuspuntu horretatik abiatuta, zabaldu egin behar da klub honekiko atxikipena, eta mendeurrenera egoera oparoan iritsi.

Horretaz landa, zer beste erronka duzue?

Kirol alorrean arrakasta izateaz gain, bi erronka nagusi ditugu: egonkortasun ekonomikoa izatea, eta klubaren ondare materiala eta immateriala berreskuratzea. Hori lortuz gero, harro egoteko moduan izango gara.

Bi aldaketa izan dira zuzendaritza batzordean: kargua utzi du Alfonso Ramirezek, eta Cesar Muniain da berritasuna. Pozik zaude lantaldearekin?

Alfonso ere bertan egotea nahi nuen, baina ez da posible izan. Harreman estua dugu oraindik ere. Nahi duenean itzul daiteke. Bestelakoan, iragan agintaldia bukatu zuen ia zuzendaritza bera da, baina ilusio zeharo eraberrituarekin.

Orain ez da iraultzarik izan; bai, ordea, azken agintaldian. Izan ere, kargutik kendu zenituen Juan Ramon Lafon eta Eva Blanco, eta dimisioa aurkeztu zuen Pedro Bailek. Eskertuko zenuke datozen lau urteetan halako zalapartarik ez izatea, ezta?

Asmoa da agintaldia hasi dugunok bukatzea. Ordea, bide luze eta gogorra dugu aurretik. Aurreikus ezin daitezkeen egoera asko daude. Esan izan da erabakiak nik hartzen ditudala. Bada, ez, zuzendaritza gisa funtzionatzen dugu. Inor ez da kanporatua izan nik esan dudalako, inondik inora ere. Gainera, estatutuek ez dute horretarako aukerarik ematen.

Lafon eta Blanco aurkari izan behar zenituen hauteskundeetan, baina azkenean ez zen bozik egin, hautagaien berme ekonomikoek ez zituztelako estatutuek eskatutako baldintzak betetzen. Nola bizi izan zenuen egoera hori?

Niri bozak izatea gustatuko zitzaidakeen. Irabaz genitzakeela zirudien: gurea izan zen sinadura gehien bildu zuen hautagaitza. Ordea, hori hautetsontziek berrestea nahi genuen. Bestalde, arraro egiten zait bermeaz halako eztabaida sortu izana. Estatutuek zalantza gutxi uzten dute. Bertan zehaztutakoa bete egin behar da, ez dago besterik. Gainera, egungo estatutuak ez ziren guk eskatuta berritu, baizik eta bazkideen ekimenez, besteak beste, guk geuk abala aurkezteko arazo handiak izan genituelako aurreko aldian.

Adierazgarria da: bigarrenez bihurtu zara presidente hauteskundeak egin gabe.

Bitxia da. Batzuek esaten didate: «Ez dakit zer egiten diezun beste hautagaiei, ihes egiten dute zurekin lehiatu aurretik». Orain lau urte, Javier Zabaleta izan behar nuen aurkari, baina atzera egin zuen azkenean. Eta oraingoan, beste hautagaiek ez dituzte baldintzak bete. Zer egingo diot nik? Bazkideek erabakitzea nahiko nukeen, baina ez da posible izan.

Urak oso harro zirenean hartu zenuen klubaren lema, eta, geroztik, beti ekaitzaren erdian izan zara. Kritika ugari jaso ditu zure jardunak, eta handia izan da higadura.

Hala da, baina hartu dugu eskarmentua. Ezinegona egotea normala da: 16.000 bazkide ditu Osasunak, eta bakoitzak bere aburua dauka. Ezinezkoa da denak pozik izatea. Gainera, orain zaleek mesfidantza handia dute, iraganeko okerrak errepikatuko diren beldurrez. Bada, lasai egon daitezke.

Kalapita handia sortu da Fran Canal zuzendari nagusiaren inguruan. Luzaroan ezkutuan gorde zenituzten haren jarduna eta soldata, eta, hala, entzungor egin zenieten bazkide askoren eskariei. Zergatik?

Nire ustez, ez genuen gauzak komunikatzen asmatu. Hasieran, aholkulari gisa ekarri genuen Canal, eta, gero, beste zeregin batzuk eman genizkion. Hori ez genuen behar bezala saldu. Eta soldatari dagokionez, uste dut ez dagoela zertan esan langile bakoitzak zenbat diru irabazten duen. Kasu horretan, ezagutarazi egin genuen azkenean. Soldata ona du, baina ez gehiegizkoa.

Zuzendaritzak emaniko datuen arabera, Canalek 470.000 euro jaso ditu bi urtean. Nola justifikatzen duzu gastu hori?

Zuzendari nagusi gehienek baino gutxiago kobratzen du. Canal ez da gehiegizko gastua Osasunarentzat, inondik inora ere. Plus batzuk ditu, klubak lortzen dituen etekinen araberakoak. Horren harira, garbi utzi nahi dut Canalek ez duela fitxaketen truk komisiorik jasotzen.

Hainbaten ustez, Canalen esku dago Osasuna. Uste horretakoa da, adibidez, Baile, zure zuzendaritzako kide ohia.

Hori ez da egia. Ni naiz presidentea, eta kluba zuzendaritzaren agindupean dago. Canal zuzendari nagusia da, eta bere karguari dagozkion funtzioak ditu. Bere jarduna zuzendaritzak ikuskatzen du. Gauza bat gaizki egiten badu, aurpegiratzeko ez dut arazorik, eta kargutik kentzeko ere ez, hanka sartzea oso larria balitz.

Iragan agintaldiko krisirik handiena Vasiljevic kasua deritzonak eragin zuen. Ondasunak ostentzen laguntzea eta desobedientzia judiziala leporatu zaizu, eta epailearen aurretik pasatu behar izan zara horregatik. Zein da zure bertsioa?

Gauzak oso gaizki interpretatu ziren. Niretzat ez dago Vasiljevic kasurik. Gu agintera iristean, kontratu bat zeukan hark. Kontratu hark soldataren zati bat sozietate baten bidez fakturatzeko aukera ematen zion. Guk eutsi egin genion kontratu horri, kontrol ekonomikoko batzordeak ezegokia zela esan zigun arte. Vasiljevici esan genion bere hartzekodunekin zituen arazoak konpon zitzala. Erabat zuzena izan da gure jokabidea. Ez da gozoa auzitegietara joan behar izatea, baina oso lasai nago.

Nolanahi, albiste onik ere izan da azken agintaldian. Esaterako, Osasunak osoki kitatu du zor publikoa. Horrek etorkizunari lasaitasunez so egiteko aukera eskaini dizue, ezta?

Hala da. 30 urte genituen Nafarroako Gobernuak utzitako dirua itzultzeko, baina aski izan dugu hiru urterekin. Zorra, finean, nafar gizartearekin kitatu dugu.

Ondarea berreskuratzeak behar du hurrengo urratsa. Zer fasetan dago gai hori?

Elkarrizketak ari gara izaten gobernuarekin. Formula bat proposatu diegu: guk egindako inbertsioak gureak izatea, eta, hala, jabetzaren zati hori edukitzea. Gobernuak esan digu ez dakiela juridikoki posible den halako kasu batean sozietate bat erdi-publikoa erdi-pribatua izatea. Formula egokiaren bila gabiltza. Guk ondarea berreskuratu nahi dugu, eta hori begi onez dakusa gobernuak. Alde horretatik, adostasuna erabatekoa da.

Sadar eraberritu nahiko zenukete. Zer ideia darabilzue buruan?

Estalkia eta zutabeak kendu, eta estadioa apur bat handitzea da gure asmoa. Sadar txiki ari zaigu geratzen: azken bi urteetan bazkide mugara iritsi gara.

Kirol arloan, taldea gorabeheratsu dabil. Lider izan zen sasoi hasieran, nabarmen egin zuen behera gero, eta orain suspertzen ari dela dirudi. Pozik al zaude?

Nik taldea ondo dakusat. Uste dut helburuak betetzen ari dela. Beti esan dut goian egoteko talde bat izan behar dugula. Zaila izaten da Lehen Mailatik jaitsi osteko lehen denboraldia. Noraezean aritzeko arriskua izaten da; kasurako, hori gertatu zitzaigun guri 2014-15eko sasoian. Errealistak izan behar gara. Okerra litzateke berehala igo behar garela esatea. Taldea egonkortuta eta gora begira dago. Behar duen tokian, alegia.

Talde oso indartsua osatu duzue, diru zorroa dantzan jarrita. Denera hamahiru jokalari fitxatu dituzue. Kanpotik begiratuta, kosta ahala kosta igo nahi duzuela dirudi.

Berriro diot: helburua ez da Lehen Mailara igotzea, goian izatea eta igoeragatik borrokatzea baizik. Ez bagara igotzen, ez dut porrot gisa joko. Bi urtez sailkapenaren goialdean izateko eraiki dugu taldea. Bi urte barru izango da klubaren mendeurrena, eta orduan Lehen Mailan egotea gustatuko litzaidake.

Agintean zarenetik, bitan pentsatu gabe aldatu izan duzu entrenatzailez. Kasu honetan, zenbateko konfiantza duzu Diego Martinezengan?

Erabatekoa. Ez dago beste hitzik.

Hortaz, Lehen Mailara ez igota ere, mantendu egingo zenukete karguan?

Aztertu beharko genuke, baina hori da ideia. Kontratua dauka, eta bete dadin nahi dut nik.

Harrobia presentzia oso urria ari da izaten. Ez al zarete klubaren esentzia alde batera uzten?

Inondik inora ere ez. Taldea egin genuenean, harrobiko hainbat jokalarik lehen taldearen entrenamenduetan parte hartzeko baldintza jarri genuen. Ordea, hamaikakoak entrenatzaileak erabakitzen ditu; ni hor ezin naiz sartu. Guk harrobian eta formazioan inbertitzen jarraitzen dugu. Egitura eta sentimendu bat sortzea da helburua. Gurasoei ikusarazi behar diegu beren seme-alabak hemen baino hobeto ez direla beste inon egongo.

Udan, Athleticek Jesus Areso fitxatu zuen Osasunako gazteen taldetik, eta harremanak apurtu zenituzten. Eraitsita segitzen al du Osasunaren eta Athleticen arteko zubiak?

Athleticen jarrera ez zitzaigun batere gustatu. Harreman ona daukat Jon Berasategi zuzendari nagusiarekin, eta badaki nahi duenean hitz egin dezakegula. Oraingoz, ez dugu solasaldirik izan. Beraz, egoera ez da aldatu.

Indarra ari da hartzen Osasunaren emakumezkoen taldea. Espainiako Bigarren Mailan dabil sasoi honetan, eta Sadarren aritzeko aukera izan du. Zer plan duzue emakumezkoen egitura indartzeko?

Gure emakumezko taldea Nafarroako erreferentea izatea nahi dugu. Datorren urtean emakumezkoen futbola berregituratu egingo da estatu mailan, eta ahalik eta gorenen egon nahi dugu. Fundazio bat sortu genuen, talde guztiek izan zezaten aukera ekarpena egiteko. Apustua irmoa da.

BERRIAn argitaratua (2018/01/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA