astekaria 2018/01/19
arrowItzuli

politika

Esparza, apokalipsiaren profeta

Joxerra Senar

Esparza, apokalipsiaren profeta

Bidea erabat libre du. Atzo bukatu zen UPNko primarioetan 2019ko hauteskundeetarako alderdiaren lehendakarigai gisa hautagaitzak aurkezteko epea, eta inor ez da ausartu Jose Javier Esparzari itzal egitera. Haren lidergoari buruzko zalantza batzuk egonagatik, basamortuaren zeharkaldi honetan kohesioari eustea nahiago izan du alderdiak. Hortaz, beste balizko hautagaiek nahiago izan dute armak beste baterako zorroztu. Azken finean, hari dagokio egungo legealdiko oposizio suharraren lidergoa amaieraraino eramatea. Eskuinak hondamendi iragarle asko ditu, baina Esparza da denen profeta.

Beste kontu bat da hura ote den liderrik egokiena, baina bertuteak ezin zaizkio ukatu. Batetik, beste inork baino anbizio handiagoa erakutsi du alderdiko aulki gorenera iristeko, eta badirudi ez dagoela prest hura uzteko. Barcinaren agintaldi amaieran bi bloke azaleratu zirenean eta zatiketaren arriskuaz hitz egin zenean, batzuk eta besteak konbentzitzeko trebezia erakutsi zuen. Bestetik, talde batekoak zein bestekoak alderdiko egitura barruan integratu ditu, eta arerioak inguruan ditu, kontrolpean.

Legealdi honek Esparzaren gabeziak agerian utzi ditu, dena den. Ez da eledunik abilena, ez da parlamentaririk prestuena, eta ez du maila intelektual handirik. Hala ere, itzalean zain egon daitezkeen balizko hautagaien artean ez dago ezaugarri on guztiok bil ditzakeen inor —Iñigo Alli diputatua, kasurako—. Eta egonez gero —Iñaki Iriarte—, ez du Esparzaren anbiziorik. Beste hoberik ezean, eskuin mediatikoa eta ekonomikoa bere alde du. Ezinbestean, norabide berean arraun egin behar dute.

Ustekabearen karta

Hala ere, badaezpada ere, UPNko egungo presidenteak nahiago izan du zalantza oro uxatu eta edozein areriori bidea itxi. Horretarako, beste behin ustekabearen karta bere alde erabili du. Hala egin zuen 2014ko azaroan: Barcinak hautagaitzari amore eman ondotik, ustekabean lehendakarigai izateko lasterketan beste inor baino azkarrago aurkeztu zuen hautagaitza. Mugimendu azkar hura erabakigarri izan zuen primario haiek irabazteko, eta, gerora, UPNko presidente izateko.

Orain, alderdiaren botere makineria bere eskuetan duela, beste behin erritmoak nahieran erabili ditu. Oso azkar joan da dena. Urtarril hasieran UPNk ez zuen jendaurrean egin behar zuenaren argibiderik eman. Hala, iragan astean, bat-batean primarioak aurkeztu zituen. Zortzi egun eskas baino ez zituen eman hautagaitza aurkezteko. Epe txikiegia mugimendu arriskutsua egiteko.

Gaur egun Esparzari hordagoa jotzea UPNren estrategia osoa eta Diario de Navarra-ren ildo editoriala auzitan jartzea da, eta horiek hitz handiegiak dira UPN barrutik halako erronka botatzeko. Gainera, aurretik hamabost hilabete luze geratzen badira ere, baliabide ugari xahutu behar lituzke alderdiak beste edozein hautagai ezagutarazteko. Esparzak jada bide hori egin du. Onerako zein txarrerako, euren liderra da.

Asko dute jokoan

UPNren diskurtso bortitzaren eledun nagusia bada ere, atzean beste asko daude. Guztien helburua boterea kosta ahala kosta eskuratzea da. Bestela, Esparzaren etorkizun politikoa akituko da; eta are okerrago, alderdiaren beraren basamortuko zeharkaldiak luzaro iraun dezake. Sanzen garaiko gehiegikeriek eta Barcinaren garaiko murrizketek gestore onaren mitoa auzitan jarri zuten, eta, orain, UPNk ezin dezake onartu herritarren gehiengo batek ondorioztatzea beste alderdi batzuek hobeto egin dezaketela. Zarataren atzean beldur hori ezkutatzen da. Kosta ahala kosta, herritarren pertzepzioa baldintzatu nahi dute.

2016ko kongresuan UPNk eraberritzeko asmoa azaldu bazuen ere, keinu huts bat besterik ez da izan. Oposizio kritiko baina zentzuzko baterako tarterik ez dago. Alor ekonomikoan, zerga infernua eta enpresen ihesa salatzen dute; alor politikoan, egungo gobernuaren kutsu nazionalista eta «euskararen inposizioa». Adibidez, Esparzak baliabide guztiak Nafarroa euskalduntzeko erabiltzea aurpegiratzen dio Uxue Barkosi. Berdin dio euskarak aurrekontuaren %0,2 baino ez hartzea. Berdin dio errealitateak, populismoak herritarren pertzepzioa alda dezakeen bitartean.

Eta asmatzen ari al dira?Abenduan kaleratutako Navarrometro inkestak egungo mapa politikoaren zantzu batzuk eman ditu, eta ondorio baliodunak utzi dizkio UPNri. 2016ko beste Navarrometroaren modura, indarrek parez pare jarraitzen dute laukoaren eta UPNk, PPk, PSNk eta Ciudadanosek sortutako laukotearen artean. Dena den, inkestaren arabera, hala PPk nola UPNk diputatu bana irabaziko lukete. Datu horri gaineratuz gero Ciudadanosek ere parlamentaria lortuko lukeela, aditzera ematen du eskuin sektorea oso mobilizatua dagoela.

2015ean gertatu zen bezala, 2019an ere xehetasunek erabaki dezakete balantza alde batera edo bestera. Hala ere, tentu handiz hartu behar dira datuok. Navarrometroak aditzera eman duenez, herritarren %54k soilik omen dute argi zer egingo duen hurrengo hauteskundeetan: %26k ez dakite noren alde bozkatu, %5ek ez dute bozkatuko, eta %15ek ez dute erantzun.

Errealitate sozioekonomikoaren inguruko Navarrometroaren beste datuek ere emaitza kontrajarriak ematen dizkiote UPNren estrategiari. Alde batetik, ekonomia pertsonalaren zein orokorraren gaineko herritarren iritziak nabarmen egin du hobera: %60 eta %48, hurrenez hurren. Talka egin dezake alderdiaren diskurtsoarekin, baina beste emaitza batzuek aditzera ematen dute diskurtso bortitzak herritarren pertzepzioan eragina baduela. Adibidez, galdetutakoen %53k ezkor ikusten dute gobernuaren kudeaketa: euren ustez, edo ez daki arazoak konpontzen, edo ez da arazoez jabetzen. Besteen artean, %37k uste dute denbora gehiago behar duela.

Logikoki, ideologiak bere pisua du; hots, egoera baikor ikusten duten gehienek laukoaren alde bozkatu zuten, eta ezkor ikusten duten gehienek, oposizioaren alde. Haatik, bi blokeen artean, egoera bestela ikusten dutenen artean joera interesgarria ondoriozta daiteke: aldaketaren aldeko boto emaileen artean gehiago dira egoera gaizki ikusten dutenak, oposizioko boto emaileen artean egoera ongi ikusten dutenak baino.

Inkestak UPNren estrategia ez du ahuldu. Egoera ekonomikoak hobera egin arren, eskuinak mobilizatuta jarraitzen du, eta, aitzitik, aldaketa sostengatu zuten batzuen artean, desmobilizaziorako joera sumatu daiteke. Bi aldagai horiek aldi berean ematea funtsezkoa du UPNk gobernura heltzeko. Aldaketaren aldeko indarren zeregin nagusia euren sektoreak aktibatzea izango da. Hala ere, gaur-gaurkoz, bataila komunikatiboan eskuin mediatikoak abantaila hartu duela dirudi.

Haatik, estrategia horrek ahultasun handi bat ezkutatzen du. UPNk indar handia galdu du azken hamar urteetan —40.000 boto inguru—, eta, hurrengo hauteskundeetan zati bat irabaz badezake ere, atzerantz ari da. Boterera ailegatzeko, ezinbestean aliantza politikoak behar ditu. Iragan hamarkadan, alderdi baten babesa —CDN edo PSN— aski zuen, baina, egun, hirurena beharko luke: PP, Ciudadanos eta PSN. Laukote konstituzionalista hori osatzea litzateke UPNren karta nagusi eta, ezuste handirik ezean, bakarra.

Aliantzaren ahuldadeak

Goizegi da ezer aurreratzeko, baina Esparzak izango al luke gaitasunik halako lauko bat gidatzeko? Oposizioburu gisa gabezia handiak erakutsi ditu. Parlamentuan, zalaparta sortu dutenean, PPren atzetik ibili da, eta maiz Beltranen defendatzaile gisa agertu da. Bi parlamentari eskasekin, PP gai da UPNren politika baldintzatzeko. Diario de Navarra-k egiten duen bezala. Hots, norabide berean arraun egiteko lemazainarena egin dezake Esparzak, baina zer gertatuko litzateke irizpide propioak ezartzean?

Ciudadanosen balizko babesak kontraesan handia eragiten die: ustez foralismoaren ordezkari denak onar al dezake alboan foru sistema suntsitzea planteatzen duen indar bat? Euskal nazionalismoa etsai gisa aurrez aurre jarrita ere, UPNren boto emaile askorentzat gogorra izan daiteke amu hori irenstea.

Azken inkognita PSN da. Orain arte, UPNrekin eta PPrekin bat egin du aldi gehienetan. Ekainaren 2ko manifestazioan, Ikurren Legea indargabetzearen aurkako manifestazioan ere haien alboan izan zen. Datozen hilabeteetan eskuina ahaleginduko da PSN gertutik lotzen, baina sozialistak jokoz kanpo geratzeko arriskua dute. PSNk EH Bilduri eta UPNri betoa adierazi die. Maria Txibitek iaz onartu zuenez, Geroa Bai, Ezkerra eta Ahal Dugu-rekin osatutako gehiengoa gidatzea du helburu. Egungo aritmetikek oso zail egiten dute hipotesi hori, baina hirugarren alternatiba horren aukera ezin du inork baztertu.

Gauza bat dago argi: 2019ko hauteskundeek Nafarroaren konplexutasun politikoa islatuko dute. Eta halako testuinguru politiko batean nabigatzeko, bestelako jarrera, lidergoa eta diskurtsoa azaldu beharko luke gobernatzea helburu duen edozein alderdik. Etsi-etsian, UPNk xehetasun txiki hori ahaztu duela ematen du.

BERRIAn argitaratua (2018/01/17)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA