astekaria 2018/01/19
arrowItzuli

bizigiro

Txinako hiriek jende txiroa kanporatzen dute

Zigor Aldama

Txinako hiriek jende txiroa kanporatzen dute

Txinako Urte Berria da aldirik egokiena ikusteko zertan den gizarte antolaketa munduko herrialderik jendetsueneko hiri handietan. Izan ere, azken lau hamarkadetan Txinaren mirari ekonomikoa erraztu duen landako migrante multzo jendetsua sorterrira itzultzen da herrialdeko jairik handiena den honetan, zeina kristauen Gabon gauaren baliokidetzat jo daitekeen, familiarekin batzeari dagokionez. Tren geltokiak eta aireportuak jendez mukuru egoten dira, eta Shanghai, Pekin, Shenzen, eta halako hiri erraldoiak, berriz, hutsik geratzen dira. Fabrikak itxi egiten dira, eraikuntza lanak gelditzen, eta ehunka milioi pertsonak parte hartzen dute munduko aldizkako exodorik handienean.

Gehienak sorterrira bueltatzen dira etorkizun hobe baten bila joan ziren hirietatik. Landako etorkinak eskulan merkea dira, munduaren fabrika martxan eduki eta munduko bigarren potentziaren etxe orratz distiratsuak taxutzeko. Bigarren mailako herritar dira, baina haiek ere atera dute etekinik Txinaren hazkunde geldiezinetik: izan ere, 500 milioi biztanlek utzi diote txiro izateari 1978tik. Urte hartan, Deng Xiaoping-ek erreforma ekonomiko batzuk abiarazi zituen, zeinek «Txinako ezaugarriak dituen sozialismoa» zedarritu baitute.

«Orain bada lanik. Ez digute ongi ordaintzen, baina nahikoa da bizitza xume bat izateko, baita aurrezteko ere. Gure gurasoak baino askoz hobeto bizi gara», dio Hu Heping-ek. Berez Anhui probintziakoa da, eta hamar urte baino gehiago darama Shanghain, bizimodua ateratzen. Harro dago Txinako hiriburu ekonomikoko lanik esanguratsuenetako batzuetan parte hartu duelako, Shanghaiko dorrea barne: herrialdeko etxe orratzik altuena da, bigarrena mundu osoan.

Nolanahi ere, Hu etxera itzultzekotan da, apenas 40.000 biztanle dituen hiri batera. 40 urte beteak ditu; ama zaharregia du bere kasa moldatzeko, eta ez da onartua sentitzen Shanghain. «Bertakoek badute harrokeria pittin bat, ulertzen ez dudana. Hiri honek ni bezala lan eta lan aritu den jendeari zor dio bere ikusgarritasun guztia. Bertakoek ez dute ezer ere egin. Hala ere, agintariek gero eta gehiago zailtzen digute hemen bizitzea», dio, penaz. Heldu den otsailaren 16an joango da, Ilargiaren Urte Berria ospatzeko, eta agian ez da itzuliko.

Populazioa, errudun

Hori egingo balu, udalak eskertuko lioke. Izan ere, aurreko hilabetearen amaieran Shanghaik Pekinen ildoari segitzea erabaki zuen, eta plan bat onartu zuen populazioari muga bat ezartzeko; egun, 24,2 milioi biztanle dira gutxi gorabehera, 2016ko kalkuluen arabera. Helburua da 2035era bitartean gehienez 25 milioira mugatzea; eta ez da batere erraza, kontuan izanik azken bi hamarkadetan urteko %1 baino azkarrago hazi dela. Jaiotza politika malgutzeak zaildu egingo du xede hori lortzea, orain bi haur izatea baimentzen baitzaie bikoteei.

Agintariek uste dute superpopulazioak eta gehiegizko etxebizitza promozio berriek gehiegi ustiatzen dituztela eskuragarri dauden baliabideak. Halaber, ziurtatu dute horren ondorioz sortu direla etengabeko trafiko buxadurak eta kutsaduraren igoera, bai atmosferan, bai hiria zeharkatzen duten erreka uherretan. Ingurumena Babesteko Bulegoaren arabera, 2016an Shanghaik 276 «egun urdin» izan zituen bakarrik hala markatzen ditu gobernuak airea kalitate onekotzat jotzen diren egunak; 2012an, 343 izan ziren.

Kontuan izanik Txina anbizio handiko proiektu batean murgilduta dagoela isurketa kutsagarriak murrizteko —apustu sendoa egin du energia berriztagarrien eta fabrika zaharkituak ixtearen alde—, gobernuak gehiegizko populazioa jotzen du, zuzenean, kutsaduraren igoeraren eragiletzat. Zerbitzu publikoak itotzea ere leporatu dio; osasuna eta hezkuntza, esaterako. Shanghaik «hiri handien gaixotasuna» delakoa dauka.

Berandu baino lehen hiri erraldoiari txertoa jartzeko estrategiaren barruan dago neurri hau: datozen hamazazpi urteetako lurzoru urbanizagarria 3.200 kilometro karratura murriztea. Halaber, nahiz eta agintari komunistek ez berariaz aipatu, eraikin txikiak birrintzeko asmoa dute, haien ordez luxuzko urbanizazioak eraikitzeko. Dagoeneko egiten ari dira hori, Shanghaiko hainbat auzunetan. Gentrifikazio prozesu bat da, etorkinak lekualdatzea xede duen plan bat ezkutatzen duena, eta Shanghairen %40 hartzen du.

«Gobernuak ez du pobrerik nahi», esan du Han andreak, tinko. Bere familiak uko egin dio, beste hirurekin batera, bizitza osoa eman duten eraikina uzteari. «[Japoniaren inbasioaren] liberaziotik eta Herri Errepublika fundatu zenetik bizi gara hemen», azpimarratu du. Haienak dira Hailum kalean geratzen diren adreilu grisezko azken eraikinak; gainontzean, harri kozkorrez eta gauza zaharrez betetako orubeak daude kale horretan. Eta ez daki noiz arte eutsi ahal izango dioten. Hain zuzen, atean jada agertu zaie «txai» ideograma: «birrintze» esan nahi du, eta hondeamakinek lan egin behar duten eremuak seinalatzen ditu.

Han Shanghaikoa da, bertakoa. Baina auzune xume honetako gainontzeko familiek kanpoko probintzietan dute jatorria. «Beldurtu egin zituzten, eta alde egitea erabaki zuten», azaldu du. Ordain ekonomiko irrigarri baten truke, ikusi zuten Shanghain jarraitzea ezinezkoa zela haientzat etxebizitzak herrialdeko garestienak dira-, eta alde egitea erabaki zuten. Hanek, aldiz, ez du nora joan. Eta ia 80 urterekin, eta senarra mugitu ezinik duela, borrokatzeko prest dago. «Ez diot joateari uko egiten, hiriaren kanpoaldera bidali arren. Baina kalte-ordain justu bat eskatzen dut», gehitu du. Hori bera agintzen diete etxebizitzen jabeei hormetako batean, epaile baten mailua duen poster ofizial batean. «Gezurra», bota du emakume adinduak.

Hanen bizilagunekin gertatu den antzera, badirudi Shanghaiko agintariak sinetsita daudela merkatuaren lege propioek kanporatuko dituztela landako etorkinak. Baina beste hirietan, Pekinen, esate baterako, udalak neurri zuzenagoak hartu behar izan ditu. Hain zuzen, bortxaz desjabetzeko kanpaina bat abiarazi dute, zeina «pobreen kanporatzetzat» jo duten giza eskubideen aldeko zenbait antolakundek. Milaka lagunek etxetik alde egin behar izan dute, eta askok sorlekura joan behar izan dute bueltan.

Pekingo agintariek aitzakiatzat erabili dute hiriaren kanpoaldeko Daxing distrituko bi solairuko eraikin batean izandako sutea, joan den azaroaren 18an piztu zena. Langile txiroak hartzen zituen goiko solairuak ez zuen segurtasun neurririk, eta bederatzi lagun hil ziren: hamazazpi landa etorkinak ziren. Beste ezbeharrik saihesteko, udalak dioenez, eraitsi egingo dituzte suteen kontrako araudi berria betetzen ez duten legez kanpoko eraikuntzak. Bertan bizi direnek ez dute inongo kalte-ordainik jasoko, eta beren kasa bilatu beharko dute teilatupea.

Gobernuak ukatu egin du neurriok zerikusirik dutela urrian hiriburuak argitara emandako helburuarekin: haren arabera, 2020an Pekin erdiguneko biztanleriak %15 txikiagoa izan behar duen 2014an erregistratutakoak baino. Horretarako, jende asko kanporatu behar dute: bi milioi lagun. «Jakina da aberatsek ez dutela sufrituko. Pekinek nahi du hiria eraiki duten langile pobreek alde egitea. Dagoeneko ia dena eraikia dagoenez, ez dago langileen beharrik. Erabili eta botatzekoak gara», kritikatu du etxetik kanporatutako batek, Wall Street Journal-erako adierazpenetan.

Baina landako biztanleriaren bazterketa ez da berria Txinan. Hukou sistema, barne bizileku-baimen moduko bat, 1950ean txertatu zen, hain zuzen ere hirietaranzko migrazioa eragozteko. Dokumentu horrek hiritarrak landako edo hiriko biztanle gisa identifikatzen ditu, eta eskubide desberdinak aitortzen dizkie, haien estatusaren arabera. Arazoa da nekazari eremuetako biztanleek ezin dituztela erabili lanera doazen hirietako oinarrizko zerbitzuak, batik bat hezkuntza eta osasuna.

Nahiz eta horrek ez duen saihestu 300 bat milioi pertsonak landa gunea utzi eta hirietara joatea, migrazioak albo ondorio izugarri bat izan du: milioika familia banatu dira. Gehiegitan, lan egiteko adinean dauden gurasoek hirietara jo dute, zahar eta haurrak etxean utzita. Gehienek dirua bidaltzen diete bizirik irauterik izan dezaten, baina egoera hori arazo sozial larri bilakatu da, eta gurasoak beren seme-alabengandik banandu dira. Horretaz ohartuta, gobernuak hokou-a abolitzea pentsatu zuen duela ia hamar urte. Alabaina, Pekinek eta Shanghaik harturiko neurriek erakusten dutenez, Txinako hiri nagusiek beren alderik abangoardistena soilik erakutsi nahi dute. XXI. mendeko Txinan, hobe da behartsuenak begien bistan ez izatea.

BERRIAn argitaratua (2018/01/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA