astekaria 2018/01/19
arrowItzuli

ekonomia

Arrantza elektrikoa debekatzea erabaki du Europako Parlamentuak

Jon Fernandez

Arrantza elektrikoa debekatzea erabaki du Europako Parlamentuak

Europako Batzordearen, Herbehereetako Gobernuaren eta Herbehereetako arrantza konpainien lobby-aren presioari gaina hartu die Europako gobernuz kanpoko erakunde ekologistek eta arrantzale tradizionalen elkarteek egindakoak. Arrantza elektrikoa guztiz debekatzea erabaki zuen atzo Europako Parlamentuak, aldeko 402 botorekin, kontrako 232rekin eta 40 abstentzioarekin. 2007az geroztik sare elektrododunak erabiltzen dituzte Ipar itsasoan -Erresuma Batutik Danimarkara bitartean- arrasteko 84 itsasontzik arraina harrapatzeko -gehienak, herbeheretarrak-.

Horrek ez du esan nahi gaurtik aurrera arrantzale herbeheretarrek sare elektrikorik erabiliko ez dutenik. Hilabeteetako prozedura zabalduko da orain, eta Europako Parlamentuak Europako Kontseiluarekin gaiaren gaineko testu bakar bat adostu beharko du. Aurreikustekoa da talka etorriko dela, EBko estatuburuek osatzen baitute kontseilua, tartean Herbehereetakoak. Bitartean, deskarga elektrikoen bidez arrantzatzen jarraituko dute Ipar itsasoan.

Berez, arrantza elektrikoa debekatuta dago Europako Batasunean. Bruselak berariaz debekatu zuen 1998an, baina 2006an Europako Batzordeak salbuespen batzuk onartu zituen, Ipar itsasoan arrantza elektrikoa erabili ahal izateko. Argudioa zientifikoa zen: arrasteontzi tradizionalek baino kalte ekologiko txikiagoa egin zezakeela-eta, proba egitea onartu zuen.

Horrela, sare elektrikoak erabiltzeko aukera izan dute Ipar itsasoko herrialde bakoitzeko ontzien %5ek. Herbehereen kasuan, ostera, arrantzontzien %40k darabiltzate sare elektrikoak.

Hain zuzen ere, Bloom elkarteak -gobernuz kanpoko erakundeek eta arrantzale elkarteek osatzen dute Bloom- joan den urrian salatu zuen Europako Batzordean salbuespen hori bera urratzen ari direla Herbehereak. Herrialde horretako 84 itsasontzi ari baitira deskarga elektrikoak erabiltzen arrantzarako, eta, berez, ezingo lukete hamabost itsasontzik baino gehiagok erabili.

Halaber, Bloomek salatu du araututakoa baino volt gehiago erabiltzen dituztela: hamabost voltekoa da onartutako gehiengoa, baina 40 eta 60 volteko deskargak botatzen dituzte.

Sukaldariak ere, kontra

Arrantza elektrikoarena arrasteko arrantza teknika bat da, itsas hondoko arrainak harrapatzeko erabiltzen dena. Ohiko sareen ordez, sare elektrikoak erabiltzen dituzte: sareek elektrodoak dauzkate, eta itsas hondoan daudenean deskarga elektrikoak botatzen dituzte, arrainak zorabiatzeko eta hondar azpitik aterarazteko. Horrela, errazago harrapatzen dituzte sarean. Batez ere, mihi arrainak, bakailaoa eta ganbak harrapatzeko erabiltzen dute.

Aldeko eta kontrako jarrera kartsuak sortu ditu teknikak. Aldekoen esanetan, arrasteko arrantza teknika tradizionalak baino kalte txikiagoa egiten dio itsas hondoko ekosistemari: nahi ez diren espezie gutxiago sareratzen ditu -alegia, arrantza selektiboa da-, eta isuri gutxiago igortzen ditu atmosferara, erregai gutxiago gastatzen duelako itsasontziak. Teknikaren aurkarien arabera, berriz, deskarga elektrikoek desertifikatu egiten dute itsas hondoa, harrapatutako arrainen %60 baztertu egiten dituzte -alegia, ez da arrantza selektiboa-, eta kalte egiten die teknika tradizionalak darabiltzaten arrantzaleei.

Europa osoko punta-puntako 220tik gora sukaldarik ere bat egin dute arrantza elektrikoaren kontrako mugimenduarekin; manifestu baten bidez, teknika debekatzeko eskatu diete europarlamentariei, eta zalantzan jarri dute horrela harrapatutako arrainen kalitatea. Elena Arzak donostiarra dago sinatzaileen artean.

Arrantza elektrikoaren debekuarekin batera, EBn non, noiz eta zelan arrantzatu daitekeen zehazteko araudi esparru bat onartu zuen atzo Europarlamentuak. Funtsean, arrantza teknikak, arrainen gutxieneko tamainak eta arrantza sasoiak zehaztu zituzten.

BERRIAn argitaratua (2018/01/16)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA