astekaria 2018/01/19
arrowItzuli

kirola

Labaindu gabe, urratsak eginez

Ainara Arratibel Gascon

Labaindu gabe, urratsak eginez

Asteburuan Jakan jokatuko den Binakako Espainiako Txapelketarako sasoia fintzea zen helburua. Baina dena bikain atera zitzaigun, eta irabaztea lortzea bultzada handia izan da». Irantzu Garcia curling jokalariak (Gasteiz, 1992) beste pauso bat eman du bere kirol ibilbidean. Estreinakoz munduko zirkuituko torneo bat irabazi zuen igandean, Brendan Bottcher bere entrenatzailearekin batera, Amsterdamen: Herbehereetako Mastersa. Munduko Txapelketako kanporaketetan aritu eta gero, 2022ko Olinpiar Jokoak ditu begiz jota. Badaki ez dela erraza. Hankak, izotzean bezala, tinko ditu lurrean, ez labaintzeko. Baina argi du amets huts bat baino zerbait gehiago dela aukera hori. «Parte har dezaketen bikote kopurua handitzen badute, uste dut posible dela».

Normalean Gontzal anaiarekin batera lehiatu ohi da. Baina iragan astean, Gontzal Finlandian zegoen, gazte mailako Munduko Txapelketan parte hartzen. Horregatik jokatu zuen bere entrenatzailearekin. Ez zuten partidarik galdu torneo osoan. «Bagenekien goiko postuetan izango ginela, baina irabaztea beste kontu bat zen. Izan ere, oso bikote indartsuak zeuden».

Finalean Oihane Otaegi eta Mikel Unanue donostiarrak izan zituzten aurkari, eta 4-3 gailendu ziren. Estu joan zen finala. «Espero genuen hala izatea, Otaegik eta Unanuek Anastasia Brizgalova eta Alexander Kruxelnitski utzi baitzituzten kanpoan final-laurdenetan. Bikote hori zirkuituko liderra da, eta egungo indartsuenetakoa. Olinpiar Jokoei begira dauden arren, meritu handia du horiek kanpoan uztea». Garciarentzat, hasieratik aurretik jartzea funtsezkoa izan zen irabazteko. «Horrek aukera eman zigun jaurtiketa erabakigarriak egin behar genituen unean lasaiago aritzeko, eta gehiago asmatzeko. Oso adi ibili ginen, eta aurkarien jokaldiei aurrea hartzen jakin genuen». Finala, gainera, oso baliagarria izan zitzaien, kontrarioak nola dauden ikusteko. «Haiek izango dira gure aurkari nagusiak asteburuan, Jakan».

Iritsi diren lekura iristeko oztopo asko gainditu behar izan dituzte Garcia anaiek, eta egun ere hala jarraitzen dute. Curlinga ez da oso kirol hedatua hemen inguruan, eta, hori dela eta, azpiegitura eta baliabide falta dituzte, besteak beste. «Gasteizen badago izotz pista bat, baina ez dago propio curlingerako egokitua. Beraz, oso zaila da behar bezala entrenatzea. Izan ere, asko entrenatzen bagara, honda daiteke. Gasteizen gaudenean, asteburuan baino ezin gara entrenatu izotzean, bi orduz». Hala, behar bezala entrenatzeko askotan joan behar izaten dira kanpora: Eskoziara, Suitzara, Suediara... «Jakara ere maiz joaten gara. Hango izotz jauregian hiru kale daude curlingerako, eta hor denbora gehiago entrenatzeko aukera dugu. Hilabete batean egun asko egiten ditugu etxetik kanpo horregatik».

Bestalde, entrenatzailerik ere ez dago. Horrenbestez, euren kabuz egin behar izan dute urte hauetan guztietan prestaketa. «Entrenatzailerik onenak Kanadan eta Errusian daude, baina oso zaila da haiek hona etortzea. Han bertan ia ezin dira honetaz bizi, beraz, pentsa zer izango zen hona etorriz gero». Autodidakta moduan jardun dute, beraz, urte hauetan. Ikastaroak, sareko bideoak... Horiek izan dira haien prestaketaren oinarri.

Duela urte eta erdi, ordea, garbi ikusi zuten beren kirol ibilbidean gora egiteko ez zela nahikoa, eta horregatik erabaki zuten entrenatzaile profesional bat fitxatzea: Bottcher kanadarra. «Aurreko udan, Kanadan izan ginen harekin prestaketa berezi bat egiten, eta hura ere Euskal Herrian izan da gure jarduna ikusteko. Gainera, Internet bidez une oro gaude harremanetan». Hilabete hauetan egindako lan horren emaitzak agerikoak izan dira: Munduko Txapelketan kanporaketak jokatu zituzten, eta hamahirugarren sailkatu ziren: «Ditugun baliabideekin, oso postu ona da». Munduko Txapelketan lehiatu ziren 45 bikoteetatik zortzi onenek parte hartuko dute Neguko Olinpiar Jokoetan: «Aipatu dute hurrengo Olinpiar Jokoetan hamaseira igoko dutela parte hartzen duten bikoteen kopurua, eta, hala izango balitz, orain bezala jarraituz gero, aukera asko izango genituzke».

Hori lortzeko, funtsezkoa izango da munduko zirkuituko ahalik eta proba gehienetan parte hartzea. «Horretarako, ordea, kanpora joan behar dugu. Hor dugu aukera onenekin lehiatzeko, eta horrek hobetzen laguntzen digu, gure benetako maila zein den ikustearekin batera. Izan ere, hemen inguruan apenas dagoen txapelketarik, nahiz eta Espainiako Federazioa hasi den nazioarteko probaren bat antolatzen Jakan». Kanadara joatea litzateke bere ametsa: «Han daude jokalaririk onenak. Baina horretarako lan bat topatu beharko nuke, lan baimena lortzeko, eta ez da erraza».

Mediku izateko bidean

Urte hauetan guztietan curlingeko erratzaz eta bolaz gain, Garciak apunteak eta liburuak ere izan ditu bidaide. Izan ere, curlingean jokatzen ikasi ez ezik, medikuntza ere ikasi du. Maiatzean lortu zuen gradua, eta otsailean mediku egoiliar izateko azterketa egingo du. «Akademia batean prestatu naiz. Hango irakasleek propio egutegi bat prestatu didate, hainbeste bidaia, entrenamendu eta txapelketekin ezin izan baitut nire ikaskideek bezainbeste ikasi. Baina saiatuko naiz nota ona lortzen».

BERRIAn argitaratua (2018/01/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA