astekaria 2018/01/19
arrowItzuli

kirola

EUSEBIO SACRISTAN

«Jokalarien animoa behean dago, eta niri dagokit altxatzea»

Jon Eskudero

«Jokalarien animoa behean dago, eta niri dagokit altxatzea»

Bulegoan bi arbel, eta haiek huts-hutsik dituela hartu du BERRIA Eusebio Sacristanek (La Seca, Espainia, 1964). Garai kritikoa igarotzen ari dela aitortu arren, adierazi du mesedegarria dela arratsalde batez arbeleko eskemak bazterrera utzi eta buruari atseden ematea. Garbi du denboraldiko lehen itzuliak zer hobetua utzi duela, baina bigarrenerako ez du baikortasunik falta. Besteak beste, «hobetzeko tarte izugarria» baitauka taldeak. Nabarmendu du Europa ligarako sailkatzea dela helburua oraindik ere.

Entrenatzaile batek lasai lo egiten al du porrot baten ondoren?

Ez; ohera sartzean, aldea dago irabazita edo galduta sartu. Bartzelonaren aurkako porrotak min egin digu, batez ere 2-0 irabazten joan ginelako, baina ez genuen jakin lehen zatiko erritmoari eusten. Azkenean astindua hartu genuen, eta ni naiz erantzule nagusia. Ohean buruari bueltaka ibiltzen naiz halakoetan, gaizki egindako gauzak etortzen baitira gogora, baina aurrera begiratu beharra dago.

Nolako aurpegiak zituzten jokalariek goizean?

Umore gutxikoak. Partida amaitu ondorengo uneak zailak izan ziren aldagela barruan, nik ez ezik haiek ere gertu samar ikusi zutelako irabazteko aukera. Halako aurkari handi baten kontra, gainera. Gero, modu horretan hiru puntuek ihes egitea ez da onartzeko erraza, eta burumakur daude jokalariak oraindik. Ez da kontu bera gertatzen zaigun lehen handia, eta, oraintxe, hori da gehien kezkatzen nauena. Denbora asko ematen dut arlo psikologikoa nola landu pentsatzen. Jokalarien animoa nahiko behean dago, eta nik eman behar diot buelta.

Bartzelonaren bigarren zatia erakustaldi hutsa izan zen, baina Realak utzi ziolako?

Denetarik egon zen. Bartzelonak meritua izan zuen irabazteko, baina guk lagundu genion. Distiratsu jokatu genuen 2-0ekora arte, baina haien lehen golak izugarrizko mina egin zigun. Bigarren zatiko jarrera baldintzatu zigun. Lehenagoko erritmoari eutsi izan bagenio, gertu izango genuen irabaztea, baina behera egin genuen nabarmen. Zati oso txarra jokatu genuen.

Zergatik: arlo fisikoagatik ala psikologikoagatik?

Psikologikoagatik, nik uste. Bolada txarretan, konfiantzarik eza gailentzen zaio bati, eta haien lehen golaren atzetik katean etorri zen ondorengo guztia.

Halere, taldearen osasun txarra ez da partida bakar bateko kontua. Azken 45 puntuetatik soilik hamabost lortu dituzue.

Zenbakiek eurek hitz egiten dute, ez dago besterik. Jokatu ditugun partida guztiak aztertzen denbora asko igarotzen ari naiz. Huts berberak egiten ari gara behin eta berriz, eta okerrena da emaitzak jokalarien animoan eragina izaten hasi direla. Horregatik diot oraintxe animoa altxatzea dela nire zeregin nagusia. Esaten diet hanka sartzeak egin ditzakegula, ez garela bakarrak, baina ezin duela eragin elkarren arteko harremanean eta konfiantzan. Lana dela irtenbide bakarra eta era horretan lortuko dugula talde sendoagoa izatea.

Ondo dago lan egitea, baina emaitzek laguntzen ez badute...

Nik guztiz sinesten dut talde honetan, eta badakit hobetzeko tarte izugarria daukala. Uste dut jokalariak ere horren jabe direla. Atletico Madrilen aurka duintasun osoz lehiatu ginen, eta Bartzelonaren kontra lehen zatian ere bai. Lortu behar dugun bakarra da jarraitutasun handiagoa izatea, joko on horri 90 minutuz eustea. Hala eginez gero, emaitza onak bere kasa etorriko dira, eta, gerora, konfiantza, bolada onak eta halakoak ere bai.

Lehen itzulia 24 punturekin amaitu du Realak. Zein da zure balorazioa?

Irregularra izan da. Hori da adjektibo nagusia. Partida askotan gehiago merezi izan dugu, zorteak ez digu gehiago lagundu, baina esan ohi da talde batek azkenean merezitako puntuak izaten dituela sailkapenean, eta ezin dut aitzakiarik jarri. Erregularragoak izan bagina, hobeto sailkatuta egongo ginen, baina orain behetik gertuago gaude, eta ahalik eta lasterren hobetzea tokatzen zaigu. Bigarren itzuliari begira, baikor nago, oraindik denbora daukagu-eta helburuak lortzeko.

Zeintzuk dira helburuak?

Sasoi hasierako berberak: sailkapenean goian egotea eta Europa ligan ahalik eta urrutien iristea. Kopan ere ilusio ugari genuen zerbait ederra egiteko, baina jadanik ez dago atzera egiterik.

Ez al zen barkaezina izan Kopan gertatutakoa?

Oso kolpe gogorra izan zen; ez dakit barkaezin hitza aipa daitekeen. Guk geuk badakigu nolako hankasartzea egin genuen, eta baliteke oraindik ere orduko kolpe hura gainditu gabe egotea. Beste gauza txar bat izan zen sasoiaren lehen erdi honetan. Halere, iragana ezin konpondu, eta ahal den guztia ikasi eta aurrera begiratu beharra dugu.

Taldeari 34 gol sartu dizkiote, izugarri. Hori al da konpondu beharreko lehen ikasgaia?

Bai. Puntuak hirunaka batzen hasteko, atea hutsean mantentzea da lehenengo zeregina, eta bigarren itzuliari begira horixe lortu behar dugu. Hortik aurrera, gauza gehiago ditugu hobetzeko: atzean sartzen diren taldeen aurka erasoan hobeto jokatzea, pazientzia handiagoa izatea, baloia galtzen dugunean lerroak hobeto elkartzea, besteen kontraerasoak faltak eginda etetea...

Talde batek gol asko hartzen duenean, atezaina kritikatu ohi da. Zer moduz dago Rulli?

Talde guztiaren mailan ari da, baina bera da azkeneko jokalaria, eta defentsan egiten ari garen lan eskasaren ondorio guztiak jasotzen ditu. Beraz, defentsan hobetzen badugu, Rulliren zenbakiek ere hobera egingo dute. Atezain ona da, nortasun handikoa, eta ez nau asko kezkatzen.

Atezain batentzat txarrena atzeko lerroan aldaketa ugari egotea omen da. Realaren kasuan, hala izaten ari da.

Bai, zoritxarrez. Aldaketa gehien izan duen lerroa izan da, Iñigo Martinezen lesioagatik, besteak beste. Oso lerro gaztea da, belaunaldi aldaketa bat etorri da, batez ere Odriozola eta Kevinekin, eta hori guztia prozesu bat da. Garbi dagoena da prozesu hori azkartu behar dugula. Kalitate handiko jokalariak dira denak, momentu distiratsuak izan dituzte, baina sendotasuna irabazi behar dugu.

Zelai erdian Illarramendi, Zurutuza eta Prieto minutuak pilatzen ari dira. Gehiegi, akaso?

Lerro horretan eraginkortasun handiena izaten ari diren hiru jokalariak horiek dira azken urteetan, eta nire apustua garbia da. Haiei esker, taldeak orekari eusten dio, eta, gainera, aulkian jokalari interesgarriak ditugu: Pardo, Zubeldia, Guridi... Prest daude edonoiz taldeari laguntzeko.

Pardo Realean izango al da bigarren itzulian?

Nik harekin kontatzen dut. Hitz egin dugu, eta esan diot ea nolako aldartea duen gurekin geratzeko. Hark du azken hitza, eta ikusiko dugu zer erabakitzen duen. Lanean ondo jarraitzen badu, aukerak izango ditu.

Erasoan ondo aritu da taldea, baina Juanmik zergatik jokatzen du hain gutxi?

Erasoko lanarekin pozik nago, baina hobetu beharra daukagu atzean sartzen zaizkigun aurkarien aurrean, gehiago kostatzen baitzaigu gola sartzeko aukerak sortzea. Januzaj gero eta egonkorrago dago taldean, kalitate handikoa da, eta mesede egingo digu haren ekarpenak. Juanmiri dagokionez, azaroan une zailak igaro zituen eta desagertu egin zen taldetik, baina itzuli da onenera. Gol sena du, inon erosten ez dena, eta baliatu beharra dugu.

Eta zer moduz ari dira Agirretxe eta Bautista?

Oso ondo. Agirretxe zelaian ikusteak poza ematen du. Bigarren taldetik igo berria den jokalari bat dirudi: sekulako energiaz aritzen da entrenamenduetan, eta oso pozik gaude harekin. Bautista, berriz, hazte prozesuan murgilduta dago. Bi horiek daukaten arazo nagusia da Willian Jose sekulako sasoia egiten ari dela.

Realaren joko sistema negoziaezina al da?

Eta zein da sistema hori? Bizitza ikusteko daukadan modua?

Bai, noski.

Entrenatzaile batek adierazten du sentitzen duena, futbolean eta bizitzan, eta ezin diot uko egin naizenari.

Baina Realera iritsi zinenean orain bezala jokatzen al zuen taldeak?

Jokoa kontzeptu batzuen proposamena besterik ez da. Nik ez diot sistemari begiratzen. Berdin zait 4-3-3 edo 4-4-2 edo beste ezer. Nire proposamena da nola nahi dudan jokatzea Realak. Presioa egitera joango gara ala atzean geratu? Erasora jokatu nahi dugu edo kontraerasoan? Ekimena hartu nahi dugu edo ez? Hori erabakitzean zure joko proposamena sortzen duzu, eta taldean islatzen saiatu. Realak ekimena nahi du, protagonista izan, uste baitut hori egiteko jokalari aproposak ditugula. Esango al diegu Illarramendi, Zurutuza eta besteei atzean itxaroteko eta kontraerasora jokatzeko? Ez luke logikarik izango, deseroso egongo lirateke eta. Gure joko proposamena gustatzen zaien jokalariak aukeratu ditugu, eta horri eutsi behar diogu.

Oso ondo dago hori dena, baina taldeak erasoan minik egiten ez badu, zer egin?

Baloia dugunean mina egiten dugu, eta gol asko sartu ditugu. Uste dut aurkariak agintzen duenean asko daukagula hobetzeko defentsako arloan eta hori dela une honetako ikasgai nagusia. Baina horrek ez du zerikusirik sistemarekin. Realaren sistema Levanteren bera da, baina erabat ezberdinak gara. Haiek ere 4-3-3 jokatzen dute, baina nahiago dute atzean itxaron eta kontraerasora atera. Erosoago bizi dira horrela, baina gu ez. Talde baten gakoa proposamenean dago, beti. Gure estiloarekin oso identifikatuta gaude, eta kalitatea badugu.

Hegaletatik erdiraketak egitean, jokalari gutxiegi ez al dituzue biltzen arean? Eta taldeak ez al du sakontasuna falta?

Ez, erasoko lanarekin oso pozik nago. Konbentzituta nago. Hobetzeko tartea defentsako lanetik datorkigu. Hori eginez gero, ligan onenen artean egoteko modua daukagu. Emaitzek apur bat laguntzen badigute, talde honek zeresana emango du.

Oraintxe, urak harro daude. Zu lasai al zaude?

Garai zailean gaude, akaso Realean nagoenetik zailenak dira niretzat, baina uste dut buelta emango diogula. Ni lasai nago; ez nau kezkatzen nire etorkizunak, taldearenak baizik. Bolada aldatzea lortzen dugunean hobera egingo dugu, eta urak baretu egingo dira. Ilusioz gainezka gaude.

Ilusioa Europa liga izan daiteke?

Lehiaketa polita dugu, baina Salzburgo talde indartsua da. Halere, orain ligan zentratuta nago.

BERRIAn argitaratua (2018/01/15)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA