astekaria 2018/01/19
arrowItzuli

kultura

Trans-soul misterioa

Julen Azpitarte

Trans-soul misterioa

Berrargitalpenetan espezializatutako Numero Group diskoetxe estatubatuarrak Jackie Shane kultuzko abeslari beltzaren (Nasshville, AEB, 1940) diskografia guztia plazaratu berri du, Any Other Way izenburuko bilduma bikoitzean. Gozamenerako izango dute soul, rhythm & blues (R&B) eta funk zaleek; izan ere, Shaneren diskoak, preziatuak ez ezik, oso urriak eta garestiak dira. Kantari ahaltsua da, baina nahikoa ezezaguna; Kanadan egin zuen bere ibilbidearen zatirik handiena, eta haren bizitzak misteriozko eleberri bat betetzeko adina anekdota biltzen ditu.

Jackie Shane emakume beltza eta transa izan zen, eta AEBetako hegoalde arrazista eta atzerakoian jaio zen. Nerabea zela, zutik jotzen zuen bateria, besteak beste, Louisianako Excello blues diskoetxeko grabazioetan; Moe Tuckerrek The Velvet Undergrounden egin baino askoz lehenago, hain zuzen. Gangster batek bahitu zuen Kanadan, Jackie izar bihurtzeko asmoz. George Clintonek Parliament-Funkadelic proiektu kosmikorako fitxatu nahi izan zuen; Shanek esan zuen ez zuela inoiz joko pixoihala zeraman musikari batekin, Clinton eta enparauen piura aipatuz. 1970eko hamarkadaren hasieran, abesteari utzi zion ama zaintzeko —gaixorik baitzuen—, Etta Jamesekin bira egin eta gero. Jamesek zera bota zuen Nashville hiriko kantariaren emanaldia ikusi ostean: «Hau jakinez gero, aurretik aterako nintzen agertokira». Azkenik, zabaldu zen Brasilen hil zutela, 1990eko hamarkadan. Baina Shane bizirik dago oraindik. Jaioterrian bizi da, eta hitz gutxiko emakumea da; ez da kasik etxetik ateratzen, sukaldean oso gaizki moldatzen da eta film zaharrak ikustea gustatzen zaio: Peter Lorre, Humpfrey Bogart, Bette Davis eta Joan Crawford aktoreen lana miresten du.

Izaera itxi horren ondorioz, Numero Groupeko kideek gorriak ikusi zituzten Shane konbentzitzeko bere kantuak berrargitara zitzan. Zorionez, abeslariak amore eman zuen, eta, zigilu horren lan guztiak bezalaxe, luxuzko kutxa batean iritsi dira bere kantuak: bi LP zoragarri, eta haren bizipenez eta argazkiz jositako liburuxka mardul eta ikusgarria. Abeslari isilaren ondare musikal laburra jasotzen du bildumak: dozena erdi single eta zuzeneko LP bat; hots, estudioko hamabi kantu eta zuzenean jasotako beste hamahiru. Doinuotan, musika afroamerikarraren hainbat tradizio biltzen dira, betiere Shaneren ahots ahaltsuak haizatuak; tartean, Motown, soul, rock, R&B eta funka. Soinuaren kalitatea, halaber, apartekoa da.

«Esaiozu gay-a naizela»

Bost urterekin hasi zen Shane emakume soinekoak eta takoiak janzten. Egun 77 urte ditu. Familiak berehala onartu zuen transformazioa, eta eskolan ere ez zuen aparteko arazorik izan, 13 urterekin emakume arropekin eta makillatuta joaten baitzen klasera. «Ezin nintzen beste bat izan, saiatu arren. Niretzat munduko gauzarik barregarriena litzateke gizon izaten saiatzea». Familiaren berehalako babesaren harira —bitxia garai hartarako—, ama eta aitona-amonak eredu bihurtu zitzaizkion. «Halere, heldu batzuk nitaz beldur ziren, inteligentea bainintzen; pentsamendu propioak nituen», dio soul abeslariak, bere nortasun gogor eta independentea aldarrikatzeko. Queer edo trans LGTB kontzeptuak baino nahiago du gay izendapena, eta bere sexu izaera ibilbide musikala garatzeko oztopo izan ote zen galdetzen diotenean, ibilbidea «liluragarria eta kitzikagarria» izan zuela erantzuten du. «Ni neu izaten saiatu nintzen, inori inolako azalpenik eman gabe». Bost urte zituela, familiako lagunak ziren bi gizonen ukituetatik ihes egin behar izan zuen, eta esperientzia ilun horiek munduaz zuen begirada baldintzatu zuten betiko.

Kanadara

Eskolako mutilen jokabide oldarkorrei aurre egiteko gai izan zen Jackie gaztea, baina AEBetako hegoaldeko arrazismo itsuaren beldur izan zen. Hala, eraso arrazista bat ikustea egokitu zitzaionean, autobusa hartu eta Kanadara jo zuen, 1959an. Han egin zuen bere ibilbide profesionala, bai eta Montreal eta Torontoko areto asko bete ere. Horretaz gainera, nekatua zegoen beltzentzat baino ez ziren ikuskizun ibiltarietan abesteaz. Kanada herrialde progresistagoa zenez, makillatuta eta ileordearekin ateratzen zen agertokira, ezkata dirdiratsuekin jositako soinekoekin, zetazkoak edo larruzkoak. Hori dela eta, batzuek lesbiana zela uste zuten. Numero Groupek bildutako Jackie Shane Live zuzeneko diskoan plazaratutako Any Other Way doinuaren bertsioko bertso batean, baina, argi uzten du kantariak: «Esaiozu zoriontsua naizela, esaiozu gay-a naizela». Dena dela, Shane ez zen trans komunitatearen ordezkari edo militante sutsu bihurtu, bizi zaitez eta utz ezazu bizitzen arau indibidualistari jarraituz. Izan ere, ez zuen inoiz gay eta drag giroko klubetan kantatu. «R&B abeslari bat naiz, ez naiz imitatzaile bat. Bluesa abesten dut. Bluesa maite dut. Bluesa ulertzen dut».

Halaber, zenbait adituk esan dute zuzenean grabatutako disko hori James Brownen Live at the Apollo lanaren parekoa dela; zuzeneko grabazio bizi eta sutsua da, kantu guztiak dira itzelak, eta abeslaria bere onenean erakusten dute. Era berean, Brownek botatzen zituen antzeko intro luzeak ere haizatzen ditu Shanek; berak, baina, gospel kutsuko sermoi bihurtzen ditu, txikitan elizan entzundako predikuen eta ikusitako katarsi erlijiosoen ildotik. Aipatutako Any Other Way doinuaren zuzeneko bertsioa entzutea baino ez dago horretaz jabetzeko, bere bizitzako hainbat gertakari kontatzen baititu: besteak beste, amarenganako maitasun amaigabea. Kantu horrek sekulako arrakasta izan zuen Kanadako irratietan. Iaz Getxon izandako William Bell soul kantariak 1962an Stax diskoetxean argitaratutako doinuaren moldaketa da, eta jatorrizko hitzek ez dute gay hitza aipatzen, zoriontsu baizik: «Tell her that I'm happy» (Esaiozu zoriontsu naizela). Shanek kantu horren bi bertsio egin zituen, estudiokoa eta zuzenekoa, eta agian beste bat ikusteko eta entzuteko aukera ere egongo da, Numero Group diskoetxearen ahalegin eskergaren ondorioz.

BERRIAn argitaratua (2018/01/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA