astekaria 2018/01/19
arrowItzuli

gizartea

MARISA DE SIMON

«Errealitatea aintzat hartuz gero, ez genuke arazorik ofizialtasuna hedatzeko»

Ion Orzaiz

«Errealitatea aintzat hartuz gero, ez genuke arazorik ofizialtasuna hedatzeko»

Polemikaren begian egon da Ezkerra, laukoaren barruko adostasuna apurtu, eta zerrenda bakarraren aurkako lege proposamena onartu zuenetik. Nafarroako Ezker Batuko idazkari nagusi eta Ezkerrako parlamentari Marisa de Simonen aburuz (Burgos, Espainia, 1959), desadostasunak «normaltasunez» kudeatu behar dira koalizio batean.

Zerrenda bakarra legez galarazteko PSNren proposamena aurrera atera zen, zuen botoei esker. Zergatik?

Erabaki bat hartu genuen, oposiziogileentzat eta hezkuntza publikoarentzat onena dela sinetsita. Hortaz, PSNren lege proposamena aurrera atera izana gure ardura da, bai. Ez dut ukatuko. Baina azter dezagun horren aurretik gertatu zena ere. Zergatik iritsi ginen puntu horretaraino? Bada, aurretik, ezinezkoa izan zelako Hezkuntza Departamentuarekin gaia eztabaidatzea eta beste irtenbide bat adostea.

Hori gezurtatu egin du Hezkuntza kontseilariak. BERRIAk eginiko elkarrizketan, esan zuen behin baino gehiagotan bildu zinetela auziaz hitz egiteko...

Nire asmoa ez da Maria Solanarekin polemika piztea, edo eztabaida publiko bat abiatzea. Ez, behintzat, hedabideen bitartez. Seguru nago berak hori esan zuenean sinetsita esan zuela, baina ni ez nator bat. Gauza bat da auzi bati buruz era informalean solastatzea, eta beste bat, oso bestelakoa, negoziazio mahai baten bueltan hitz egitea. Zerrenda bakarraren inguruko proposamen zehatza igortzeko eskatu genion Hezkuntza Departamentuari behin baino gehiagotan, baina ez zuen egin. Hortaz, osoko bilkura horretara ezer adostu gabe iritsi ginen. PSNren legearen alde bozkatu beste aukerarik ez genuen izan.

Abstentziora jotzea ere bazenuten, ezta?

2018ko oposizioak bermatu nahi genituen, eta zerrenda bakarraren aukerak ez zuen bermerik eskaintzen. Zergatik? Bada, oso zehaztugabea zelako. Balizko aukera eta asmo batzuk aipatzen zituen, baina dena airean zegoen. Ikuspuntu juridikotik ere bermerik handiena bilatzen genuen, inork auzitara jo eta lan eskaintza osoa kolokan jartzerik izan ez zezan. Eta bi azterketa egiteko aukerak berme gehiago eskaintzen duela uste dugu.

Polizien Legea atzera bota zenuten sindikatuen babesik ez zuelako, baina zerrenda bakarraren kasuan, gehiengo sindikalaren aurka egin duzue. Zergatik?

Bi gai ezberdin dira. Errespetu osoa diet mahai sektorialei, baina zerrenda bakarrarena erabaki politikoa da, eta guk posizio politiko argia dugu.

Polizien Legea ere erabaki politikoa da. Zertan dira, bada, ezberdinak?

Polizien Legean bestelako aldarrikapenak nahasten dira, soldatekin eta ordainsariekin lotura dutenak. Horregatik, auzi horretan ezinbestekotzat jo genuen sindikatuen oniritzia; aldiz, zerrenda bakarraren kontuan, erabakiak politikoa izan behar duela uste dugu. Gure jarrerak oinarri sendoa du, eta udaberri honetan oposizio prozesu garbi eta bermeduna egin ahal izatea ekarriko du.

Baina elebidunek bi azterketa prestatu eta gainditu beharko dituzte, eta elebakarrek, bakar bat baino ez.

Guk uste dugu hori aukera bikoitza dela, eta ez dituela murrizten euskaldunen eskubideak. Ez da inoren aurka hartutako erabakia.

Kontrakoa ematen du, ordea; askoren aurka jo duzuela dirudi: Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, Batzarre, gehiengo sindikala, euskalgintza...

Hori inpresio subjektibo bat da, eta ezin dugu horren arabera funtzionatu. Serioagoak izan behar dugu. Manipulazio eta gezur ugari zabaldu dira kontu honen harira. Ez diogu uko egin zerrenda bakarraren inguruko proposamenak aztertu eta eztabaidatzeari. Ez gaude, berez, zerrenda bakarraren aurka, baina Maria Solana kontseilariak eskatzen ziguna fede kontua zen, eta guk ez diogu inori txeke zuririk eskainiko.

Hortaz, datozen lan deialdietan, prest zeundeke zerrenda bakarraren auziari berriz heltzeko?

Berriz esanen dut: bai. Funtzio publikorako sarbidea moldatzeko prest al gaude, aukera berdintasuna bermatu eta prozesua hobetzeko? Bai, noski. Baina berme osoarekin eta seriotasunez heldu behar diogu gaiari. 2018ko oposizioa ebatzia dago, baina aukera izanen dugu 2019, 2020 edota 2021eko deialdien aurretik. Urte eta erdi dugu zerrenda bakarraren eztabaidan sakontzeko eta kontzeptuak argitzeko.

Baita euskalgintzako eragileekin ere?

Nola ez, ba? Polemika honen oinarrian badago oker larri bat. Eztabaidagai dagoena ez da euskara. Hezkuntzako lan deialdietako prozedura ebazten ari gara, hautagai onenek postua lor dezaten hizkuntza eta espezialitate guztietan. Argi dugu, halaber, Nafarroan urratsak egin behar direla euskara denon hizkuntza izateko, eta horrek, berandu baino lehen, eragina izanen duela administrazioaren hautatze sisteman.

Horretarako ezinbestekoa da Euskararen Lege berri bat, baina horretaz arduratuko den lantaldea osatzeko proposamenean abstenitu egin zineten...

Gogora ekarri nahi dut Euskararen Legean eginiko moldaketa bakarra Ezkerraren ekimenez izan zela, eta, horri esker, ikasle guztiek D ereduan matrikulatzeko aukera dutela Nafarroa osoan. Hortaz, ez dezala inork esan euskararen aurka gaudela.

Bai, baina lege berri batek euskararen ofizialtasuna bermatuko luke lurralde osoan. Horrekin ere ados al zaudete?

Aztertu beharreko kontua da. Nafarroan hizkuntza eremu bakarra ezartzeak hainbat ondorio ditu, eta gu prest gaude horri heltzeko, baina eskualde bakoitzaren ezaugarriak eta egoera soziolinguistikoak aintzat hartuta, denontzako kafeak ez baitu balio.

2011n, euskararen ofizialtasunaren aldeko egitasmoa aurkeztu zuen Nafarroako Ezker Batuak, baina orain ez duzue aipatzen. Zergatik?

2011n agertu genuen jarrera berberari eusten diogu gaur egun. Gure hauteskunde programan zurian beltz dago: hizkuntza eskubideak bermatu behar dira, baina Nafarroako eremu bakoitzaren errealitatetik abiatuta.

Hori egin liteke ofizialtasuna legez bermatuta ere...

Bai, noski. Eta hori da gure ideia. Euskararen ofizialtasuna bermatzea, bai, baina tokian tokiko testuinguru, administrazio, eremu eta esparru sozialak aintzat hartuta. Fin-fin landu beharreko kontua da, baina errealitate soziolinguistikoa eta pluraltasuna aintzat hartuz gero, ez genuke arazorik euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzeko.

Zer proposatzen duzu desadostasunak hobeto kudeatzeko?

Ez dut uste inork bere proiektu politikoari uko egin behar dionik. Ez guk, ez lauko beste inork. Gure erreferentzia esparrua itun programatikoa da, eta estu lotu behar gatzaizkio horri. Eta itunetik kanpo gelditu diren puntuetan desadostasunak azaltzen badira, normaltasunez onartu beharko dugu gehiengo parlamentarioen esku geldituko dela zirt edo zart egitea.

Itun ekonomiko berria eztabaidagai izan duzue azken egunetan. Madrilek 215 milioi euro itzuliko dizkio Nafarroari. Zer egin behar da diru horrekin?

Espainiako Gobernuak ezarritako gastu arauaren arabera, zorra kitatzeko erabili behar da, baina Nafarroako Gobernuari eusten diogun lau indarren artean bada idatzi gabeko akordio bat, eta, horren arabera, itun ekonomikotik eratorritako dirua gastu sozialera bideratu behar dugu. Astelehenean [bihar] bilera eginen dugu, proposamenak zehazteko. Ezkerraren aukera da diru horrekin Nafarroako banku publiko berriaren oinarriak jartzea. Gure ustez, irtenbide horrek aukera emanen luke gastu araua betetzeko eta, aldi berean, itun programatikoan ezarritako konpromisoetako bati bide emateko.

Laukoak ba al du etorkizunik 2019az harago?

Ni baiezkoan nago. Aldaketak etorkizun oparoa izanen du, baldin eta itun programatikoarekiko konpromisoari eusteko gai bagara, eta desadostasunak modu egokian kudeatzen baditugu. Ezkerra ez da milimetro bakar bat ere aldendu hasieran ezarritako helburu eta bide orritik. Desadostasunak izan direla? Jakina baietz, batik bat Garapen Ekonomiko eta Hezkuntza departamentuei dagokienez. Baina normala da! Ez dezagun ahaztu jatorri eta izaera ezberdinetako lau indar garela, eta proiektu politiko ezberdinak ditugula. Bi urte hauetan, ordea, gai izan gara hogei urtez ezarritako politika atzerakoiak itzularazten hasteko. Laukoak lortu duena pentsaezina zen duela gutxi, eta hori baloratu beharra dago. Zerga politika, adibidez, aurretik genuena baino askoz justuagoa eta aurrerakoiagoa da. Ezkerrak bi parlamentari ez, hamalau izanen balitu, akordio programatikoaren edukiak askoz ezkertiarragoak izanen lirateke, baina, egungo egoeran, alimaleko kudeaketa egiten ari garela uste dut. Eta zerga erreforma aipatu dut, baina osasun arloaz eta eskubide sozialez ere hitz egin genezake, besteak beste. Zein da beste aukera, UPN eta PSN agintera itzultzea? Ezin dugu hori onartu, inondik inora.

BERRIAn argitaratua (2018/01/13)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA