astekaria 2018/01/19
arrowItzuli

gizartea

Prostituzioaz komunitatean hausnartzen

Maite Asensio Lozano

Prostituzioaz komunitatean hausnartzen

Hamar bat lagun, mahai baten bueltan. Batek bota du galdera: «Zer irudituko litzaizueke emakumeez osatutako polizia talde bat eratzea, prostituzioan aritzen direnengana errazago iristeko?». Andre gazte batek erantzun du: «Ni ez naiz poliziekin fio; bat ikusten badut, alde egiten dut». Alboan duen emakume batek hartu du hitza segituan: «Ni polizia naiz; trebatzen ari gara, programa bereziak lantzen, lagungarri izateko». Bizkaian emakumezko prostitutekin lan egiten duen Askabide elkarteak azaroan antolatutako lan saio batean gertatu zen solasaldi hori. Prostituzioarekin lotutako eragile sozial, politiko eta polizialak elkartu zituzten, gaia komunitatearen ikuspegitik aztertzeko, eta erakundeei —batik bat Bilboko Udalari— proposamen zehatz batzuk helarazteko. Helburua, prostituten bizi baldintzak eta bizikidetza hobetzea.

Egitasmo aitzindaria izan da: eztabaidatzen jarri ditu prostituzioan ari diren andreak eta haien ingurukoak, bezeroak, bizilagunak, esku hartze sozialeko langileak, poliziak, politikariak, kazetariak, abokatuak eta osasun arloko langileak. Iazko urtarrilean Bilboko Udaleko osoko bilkurak adostu zuen lantalde bat osatzea prostituzioaren inguruan lan egiten duten eragileekin, eta hortik abiatuta erabaki zuten Askabidekoek jardunaldiak antolatzea.

Han jazotakoaren berri eman dio Diego Lodeiro Askabideko hezitzaileak BERRIAri. Lehenik, taldeak bakarka bildu ziren, bi gai aztertzeko: eragile bakoitzak nola ikusten duen prostituzioa, eta zer eskatuko liekeen besteei. Ondoren, talde guztiak elkartu ziren, ondorioak partekatzeko. Azkenik, taldeen eskaeretatik 34 proposamen atera zituzten, eta haien artean garrantzitsuenak eta egingarrienak hautatu zituzten, dagozkien eragileei edo administrazioei helarazteko.

Lodeirok azaldu duenez, kolaborazioa eta trebakuntza izan dira eragileen ahotan gehien agertutako hitzak, eta horretara bideratuta daude adostutako neurrietako batzuk. «Oro har, gizarteak ez daki ia ezer prostituzioaz, eta ez du jakin nahi. Informazioa eta sentsibilizazioa dira lehen urratsa». Eta jarreretan korapiloak askatzeko borondatea antzeman zuen: «Jardunaldien ondorio nagusia izan da prostituzioa gai konplexua dela, jorratzen zaila, eta kostatzen zaigula ados jartzea, baina eragile guztiak bat etorri dira akordio txikiak lortu behar ditugula: zehaztu behar dugu zein esparrutan esku har dezakegun eta nola».

Hona hemen lantaldeetan azaleratutako kezka, kexa eta eskakizun nagusiak:

PROSTITUTAK

«Haientzat erabat arrotza da eztabaida hau». Prostituten eguneroko bizimodutik oso urrun dago debatea, baina badituzte eskaerak, batik bat euren segurtasunari eta bizi baldintzei lotuta, Lodeiroren arabera: «Babesgabe sentitzen dira, kalean batez ere; eta, egun, ez dago jarduera protokolorik, eta ez dute bermerik salaketa jartzekotan». Polizien lanak iraul dezake sentipen hori? «Emakumeen mesedetan egiten bada, bai. Badaude patruilak, baina zein funtziorekin?». Batez ere Espainiako Poliziak eragiten die beldurra andreei, atzerritarren dokumentazioa kontrolatzeaz arduratzen delako. «Udaltzainak hurbilagotzat dituzte. Haiekin lan handia egin behar dugu».

Prostituzioa lan jarduera gisa arautzearen inguruan, berriz, hainbat ikuspegi agertu dituzte: «Galdetzen badiezu prostituzioa lan bat den, baietz erantzungo dizute, haien bizibidea delako. Baina esaten badiezu kategoria profesional batean izena eman behar dutela, eta euren diru sarreren parte bat zergetara joan behar dela, denak ez dira bat etorriko; askorentzat aldi baterako kontu bat da, dirua azkar lortzeko modu bat, eta inplizituki onartzen dute nolabait jardun klandestinoa dela. Sarri haiek ere ez dute nahi prostituta gisa identifikatzea».

Halakoek baino gehiago, dena den, lan egiteko espazioek eragiten dute kezka prostitutengan. Azken urteetan nabarmen areagotu da etxebizitzen erabilera eta logelen alokairua, baina mugikortasun handia dago, bizilagunen edo kudeatzaileen kexen ondorioz alde egin behar izaten baitute. Gobernuz kanpoko erakundeentzat eta polizientzat arazotsua da eredu hori, zailagoa baita prostitutengana iristea, baina emakumeek gustuko dute, autonomia ematen dielako. Ildo horretan, prostituzioan aritzeko halako leku gehiago eskatu dituzte, eta, oro har, klubetako zein etxeetako baldintzak hobetzeko, besteak beste, garbitasunarekin lotuak.

BEZEROAK

Prostituzioaren auzia «hipokrisiarekin eta moral bikoitzarekin» lotzen dute sexu zerbitzuak eskatzen dituzten gizonek: «Prostituzioa oso gaizki ikusita dago, baina existitzeak adierazten du gizonek kontsumitu egiten dutela». Dena den, borondatezko eta behartutako prostituzioa bereizten dute: «Eta borondatezko hori, haien ustez, beharrezkoa da gizartearentzat». Ildo horretan, Lodeirok uste du bezeroak kontziente direla gizonen sexualitatea dagoela prostituzioaren oinarrian, baina modu akritiko batean: «Bereizketa bat egiten dute: gizonek beti dute sexurako gogoa, eta emakumeek, ez; gizonek ezin diote desioari eutsi, eta emakumeek, bai. Prostituta batzuek ere ikuspegi hori dute. Oso arriskutsua da».

Besteak beste, sexu harremanen bidez kutsatzen diren eritasunen gaineko kontrola handitzea galdegin dute bezeroek, baina kontrol hori andreei ezartzea, sexu bikote gehiago dituztelakoan. Prostituten kexetako batez aritu dira: preserbatiboaren erabileraz. «Emakumeak oso kontzientziatuta daude, baina gizonak, ez hainbeste. Prostituta batekin lehen aldiz sexu harremanak dituztenean, preserbatiboa jartzen dute, baina bigarren edo hirugarren alditik aurrera gehiago kostatzen zaie; emakumeei begira itsusia balitz bezala. Azkenean, ematen du prebentzio hori ez dagoela gizonen esku».

POLIZIA ERAKUNDEAK

Bilbon aritzen diren lau polizia erakundeek hartu dute parte eztabaidan: udaltzaingoak, Ertzaintzak, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak. Eskaera bat egin dute nagusiki: «Kolaborazioa, letra larriz. Batez ere elkarteoi galdegin digute: deitzea, haiekiko aurreiritziak haustea», zehaztu du Askabideko kideak. Poliziei, berriz, bermeak galdegin dizkiete. Genero indarkeriarekin parekatu du Lodeirok: «Ulergarria da emakumeak salatzera animatzea, baina horretarako egitura sendoak egon behar dira, andreek erabateko bermea izan dezaten, adibidez, babesaren ikuspegitik. Eta horrelakorik ez dago».

Polizien jardun desegokiak ere badirela salatu du: «Ikusi izan ditugu bezeroak andreak iraintzen, eta poliziak, bitartekari lana egin nahian, emakumeei esaten joateko etxera, edo indarkeria hori normalizatzen, Gorte kalean gertatu delako». Hala ere, ez du uste asmo txarrik dagoenik halakoetan: «Sarri, erabateko ezjakintasuna dago. Nabarmena da, adibidez, salerosketa salaketen aurrean galduta egoten direla. Egia da trebakuntza areagotu dela azken urteetan, eta agerikoa da interesa badutela, baina kalean daudenengana motel iristen ari da».

ESPARRU JURIDIKOA

Prostituten eskubideen defentsan aritzen diren abokatuentzat, «perbertsoa» da egungo lege abagunean lan egitea. Batetik, salatu dute Atzerritar Legeak ez duela «negoziatzeko aukerarik» ematen, eta, bestetik, mozal legea erabiltzen dela prostituzioan dihardutenak «zapaltzeko». Bat dator Lodeiro: «Epaitegietan lanez gainezka daude. Kaotikoa izaten da, eta, sarri, tokatzen zaizun funtzionarioaren borondatearen araberakoa». Erantsi du bezeroen erasoak ez direla indarkeria matxistatzat hartzen, ez dela emakumeen intimitatea zaintzen, eta babes neurririk ere ez dela ezartzen. Horren harira, eskaera zehatz bat egin dute eremuko eragileek: prostituten babesa aintzat hartuko duen «marko juridiko bat» sortzea.

BIZILAGUNAK

Prostituzioa zabalduta dagoen auzoetan, jardunak berak adina kexa eragiten dituzte harekin lotutako arazoek: droga kontsumoak, delinkuentziak, zaratak... Hartara, eskaera zehatz bat egin dute bizilagunek: «arau zibikoak» lantzea prostitutekin, batez ere kalekoekin. Lodeirok aitortu du «benetako arazo bat» dagoela hor, eta elkarteen kezken artean ere ageri dela horri aurre egin beharra. Dena den, prostitutekiko enpatia ere galdegin dute auzotarrek: «Haiei entzutea; eta Atzerritar Legea ez aplikatzea».

Edonola ere, bizilagunekin sortutako gatazkak kudeatze aldera, berariazko bitartekaritza zerbitzu bat sortzeko eskatu diote taldeek udalari. Gogora ekarri dute modu informalean egiten dela GKE-en bidez, baina sarri arazoa konpontzeko berandu denean. Zerbitzu hori instituzionalizatzea eta egonkortzea galdegin dute, beraz.

HEDABIDEAK

Horikeriarik gabe

Hain justu, prostituzioarekin lotutako gatazkak «ez mediatizatzeko» eta horikeriaz ez lantzeko eskatu diete eragileek komunikabideei. «Kazetariak eurak ere kexu dira, prostituzioaz hitz egitea bera arazo gisa hartzen delako». Lodeirok aitortu du hedabideen lana funtsezkoa dela sentsibilizazioan: «Oso garrantzitsua da zer esaten den, eta nola». Ildo horretan, hedabideentzako «gomendio gida bat» egitea proposatu dute eragileek, «gaia modu etikoago eta arduratsuago batean jorratzeko».

GKE-AK

Arloko gobernuz kanpoko erakundeen lana «guztiz beharrezkotzat» jo dute talde guztiek: haien finantzaketa ziurtatzeko eskatu dute aho batez. «Baliabide batzuk eskaintzen ditugu, baina horrekin batera beti ematen dugu laguntza, informazioa... Emakumeentzat funtsezkoa da».

Arloko eragileek kezka agertu dute, besteak beste, prostituten artean orokortutako mugikortasunarekin: etxeetan zein klubetan hogei eguneko egonaldiak egitea gero eta ohikoagoa da, eta horrek zaildu egiten die andreekin lan iraunkor bat egitea. Era berean, egonezina agertu dute iragarkiekin: «Gero eta gogorragoak dira; garai batean, preserbatiborik gabeko harremanak eskaintzen ziren, baina, orain, ume itxura duten emakumeak eskaintzen dira. Erakartzeko erabiltzen dira; beti ez dira egiazkoak, baina zerbaiten adierazle dira».

Informazio eta sentsibilizazio kanpainak egiten jarraitu beharra nabarmendu dute elkarteek, batez ere andreen salerosketa detektatzeko. Halere, prebentzio neurri zehatzak ere galdegin dituzte: «Prostituzioaren fenomenoaren gainean baino gehiago, pertsonekin lan egitea: baliabideak haien beharretara moldatzea».

OSASUN ARLOA

GKE-ek egiten dute prostituten osasunarekin lotutako lan asko, sexu harremanen bidez transmititzen diren eritasunen prebentzioari begira batez ere. Izatez, osasun arloko langileek adierazi dute zailtasunak dituztela emakume horien arazoak antzemateko, kontsultan ez direlako beti prostituta gisara identifikatzen. Baina hutsune handiena da andreetako askok ez daukatela osasun sare publikorako sarbiderik: «Papergabeek ez dute osasun txartelik, eta hogei eguneko egonaldiak egiten dituztenak kanpoan erroldatuta daude, azalpenak eskatzen dizkiete... Arazorik badute eta oso larria ez bada, haientzat errazagoa da klinika pribatu batera joatea».

ALDERDI POLITIKOAK

Bilboko Udalean ordezkaritza duten indar politiko guztiek parte hartu dute eztabaidan, eta onartu dute errealitate «deserosoa» dela prostituzioa haientzat: «Oso zintzoak izan dira: oro har, ez dakite zer esan, zein jarrera hartu, ez dira ados jartzen, eta, ondorioz, ez dute ezer egiten». Halere, jardunaldietan jorratutako gaien inguruan, baikor mintzatu da Lodeiro: «Akordioak lortzeko aukerak ikusi nituen».

Ildo horretan, udaleko Berdintasun Sailarekin mahai egonkor bat sortzeko aukera aztertu nahi du Askabidek: «Prostituzioarekin lotutako auziak jorratzeko, baina ez bakarrik krisi garaietan edo arazoren bat sortzen denean, baizik eta lan iraunkor eta koordinatu bat egiteko».

BERRIAn argitaratua (2018/01/12)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA