astekaria 2018/01/12
arrowItzuli

kirola

TRIHAS GEBRE

«Donostia hiri ederra da bizitzeko, baina ez entrenatzeko»

Julen Etxeberria

«Donostia hiri ederra da bizitzeko, baina ez entrenatzeko»

Iazko irailean, Trihas Gebre-ren bizitzak (Wukro, Etiopia, 1990) aldaketa garrantzitsua izan zuen. Azken sei urtez haren bizileku izandako Donostia utzi eta Madrilera joan zen, Goi Errendimenduko Guneko kirolarien egoitzara. Berehala nabaritu zuen aldaketaren onura, iritsi eta hilabetera maratoi erdiko Espainiako marka hobetu baitzuen (1.09.57), Valentzian (Herrialde Katalanak). Martxoaren 24an, maratoi erdiko Munduko Txapelketa jokatuko da toki berean, eta horri begira ari da lanean, baina krosa bazter utzi gabe. Bikain ari da, gainera. Bost krosetan lehiatu da, eta hirutan igo da podiumera. Joan den igandean koskarik altuenera igo zen, Zornotzan (Bizkaia). Onenen artean egon nahi du etzi Elgoibarren (Gipuzkoa), Juan Mugerza krosean.

Sasoi honetan sarritan podiumaren usainean egon eta gero, irabazi egin duzu lehen aldiz, joan den igandean, Zornotzan. Lasaitua hartu duzu?

Bai, baina ez nengoen irabaztearekin itsututa. Sasoia hasi zenetik oso ondo ari naiz lanean, eta banekien berandu baino lehen iritsiko zela lehen garaipena.

Atapuercan laugarren, Alcobendasen bigarren, Venta de BaƱosen hirugarren eta Zornotzan lehen. Oso erregular zabiltza.

Sasoi betean nago, eta gero, lehiatzean, hori igarri egiten da. Atletok ez dugu gorabeherarik izan nahi, eta, oraingoz, hori lortzen ari naiz. Oso pozik nago.

Europako Txapelketan, Eslovakian, hamahirugarren sailkatu zinen, espero baino atzerago. Horixe izan da orain arteko eragozpen bakarra?

Bai, baina sekulako hotzarekin lehiatu ginen. Ni ondo nengoen, eta banuen podiumera igotzeko itxaropena, baina egun hartan izan genuen eguraldiak nire asmo guztiak zapuztu zituen.

Igande honetan erronka gogorra duzu Elgoibarren. Aurkari oso indartsuak izango dituzu: Ruth Jebet, Lilian Kasait Rengeruk eta Letesenbet Gidey, besteak beste.

Oso aurkari indartsuak dira guztiak, punta-puntakoak. Saiatuko naiz haiekin nor baino nor aritzen.

Zer asmo duzu kros sasoian?

Helburu nagusia otsailaren 2an Portugalen jokatuko den kluben arteko Europako Kopa da. Nire taldea, Bilbo Atletismo Santutxu, bigarrena edo hirugarrena izan da azken bost ekitaldietan; aurten, goia jo nahi dugu, eta urrezko domina irabazi.

Urteak daramatzazu Munduko Kros Txapelketan parte hartzen. Aurten ere baduzu lehiatzeko asmorik? Astebete lehenago, maratoi erdiko Munduko Txapelketa jokatuko da Valentzian, eta esana duzu proba hori dela denboraldiko helburu nagusia.

Ez dut Munduko Kros Txapelketan parte hartuko. Sasoi honetako helburu nagusia martxoaren 24an Valentzian jokatuko den maratoi erdiko Munduko Txapelketa da. Itxaropen handia dut han lan ona egiteko.

Behin bakarrik aritu zara maratoi erdian, eta Espainiako marka hobetu duzu. Ezustea izan zen?

Erabatekoa. Ez nintzen inoiz maratoi erdian aritu, eta oso ondo ikusi nuen neure burua. Ustekabe gozoa hartu nuen. Eskarmentu falta nabaritu nuen, hori bai. Ziur naiz dezente hobe dezakedala egun horretan egin nuen marka. 1.08 inguruan egon naiteke.

Krosean eta pistan aritu zara azken urteetan. Zergatik orain errepidean?

Gustuko dudalako. Gainera, maratoian lehiatzen hastea da nire asmoa, eta maratoi erdian aritzea bidea eginez joateko era aproposa da.

Non aritzen zara gusturago: krosean, pistan ala errepidean?

Lehen, krosa esango nizuke, baina orain, maratoi erdian horren hasiera ona egin ostean, errepidea esango nizuke. Pistan, ordea, gehiago sufritzen dut.

Esan daiteke amaitu dela pistaren eta zure artekoa?

Ez. Ez dut uzteko asmorik. 5.000 eta 10.000 metrokoetan ondo moldatzen naiz, eta, ahal dudan heinean, pistan lehiatzen jarraituko dut. Aurtengo udan Europako Txapelketa jokatuko da Berlinen, eta han parte hartzea da nire asmoa, izan 5.000 metrokoan, 10.000 metrokoan edo maratoian.

Erabaki garrantzitsuak hartu dituzu azkenaldian. Lehenbizi, 10.000 metrokoan gutxieneko marka egin arren, uko egin zenion iaz Londresen Munduko Txapelketan aritzeari. Zergatik?

Ama hil zitzaidan, eta Etiopiara joan nintzen, etxekoekin egoteko. Denbora luzez egon nintzen han, eta, itzultzean, ez nengoen lehiatzeko prest. Urte gogorra izan da.

Erabakirik zailena, halere, uda amaieran hartu zenuen. Donostia utzi eta Madrilera joan zinen bizitzera. Zergatik?

Donostia hiri ezin ederragoa da bizitzeko, baina klima ez da entrenatzeko aproposena: euria, haizea, hezetasuna... Baldintza horiek ez didate inolako mesederik egiten. Horregatik erabaki nuen Donostia utzi eta Madrilera joatea. Hango Goi Errendimenduko Guneko kirolarien egoitzan bizi naiz, eta denetarik dut han: azpiegitura bikainak ditu, entrenatzeko toki eta lagun aproposak,... Oso gustura nago.

Kostatu zitzaizun erabakitzea?

Bai, sei urtez bizi izan naizelako Donostian. Hona etorri nintzen Etiopiatik, ia nire etxea da. Baina argi nuen aldaketa bat behar nuela. Sakrifizio handia izan da Madrilera joatea, baina merezi izan du.

Inoiz itzultzeko asmoa duzu?

Ziur. Atletismoa uztean Donostian biziko naiz.

BERRIAn argitaratua (2018/01/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA