astekaria 2018/01/12
arrowItzuli

mundua

Gatazkaren pasarte ezkutuena

Kristina Berasain Tristan

Gatazkaren pasarte ezkutuena

Emakumeek lasta bat daramate gorputzean: isiltasuna eta atsekabe etsia ekarri duen indarkeria baten oroitzapen lazgarriaren lasta». Ondorioa da hori. La guerra inscrita en el cuerpo. Informe Nacional de Violencia Sexual en el Conflicto Armado (Gerra, gorputzean irarria. Gatazka Armatuko Sexu Indarkeriari Buruzko Txosten Nazionala) ikerketa lanean ateratako ondorioa. Emakumeen gorputzean markatutako orbain metaforikoa gatazka armatuaren pasarte ezkutuena azaleratzeko. «Eragile armatuek erabili duten indarkeria sortaren barruan, sexu indarkeria izan da, beharbada, gehien ahaztu eta isilarazi den indarkeria. Eragile armatu bakar batek ere ez du zintzo aitortzen biktima bortxatu duenik. Askoz ere errazago aitortzen da inor zerbaitez gabetu dela, edo bortxaz desplazatu dela, edo, inor erail dela; sexu indarkeriaren inguruan, aldiz, halako zentzu moral sakon bat da nagusi, eta horrek krimen ikaragarri bihurtzen du, azalera ekartzen duena ez biktimen gizatasun gabezia, baizik biktima-egileena».

Gogoetarako ondorioa. Txostenak, baina, sexu indarkeria nork, nola, eta zertarako erabili duen azaltzen du, baita erresistentzia mekanismoak ere, ezen, 550 orrialdetan zehar, datuak, estatistikak eta 200 bat emakumeren testigantzak jasotzen ditu.

Kolonbiako gatazka armatua luzatu zen mende erdian (1958-2017) 15.076 biktima eragin zituen sexu indarkeriak; emakumeak gehienak (13.810); adingabeak erdiak baino gehiago, nerabeak edo haurrak. Memoria Historikoaren Zentro Nazionalak egindako ikerketa sakonak zehazten du, hala ere, askoz gehiago direla isilpean geratu direnak, horregatik goratzen ditu isiltasuna hausteko kemena izan zuten biktimak.

Marcela da horietako bat. Izena asmatutakoa da; kontakizuna, ordea, bene-benetakoa. AUC Kolonbiako Autodefentsa Batuak eskuin muturreko talde paramilitarreko kideek harrapatu zuten, Caucan, 2000n. «Kamioi batean sartu ninduten, 150 paramilitarrekin, eta ni ukitzen hasi ziren, miazkatzen, tiraka, batetik bestera. Bularretakoa kendu zidaten [...] Denek laidoztatu nahi ninduten [...] Halako batean geratu ginen, eta arratsaldeko seietatik goizaldeko lauretara egin genuen oinez. Borda batera iritsi ginen, eta lotu egin ninduten, hanketatik eta eskuetatik [...] Eta hantxe, haietako batek bortxatu egin ninduen. Gero, buruzagiak etorri ziren: hirurek bortxatu ninduten, aldi berean. Fusilaren punta uzkitik, baginatik, ahotik eta belarrietatik sartu zidaten. Zortzi egunez izan nintzen horrela, larunbatetik larunbatera. Bortxaketa, bahiketa eta tortura. Hiru gauza bakar batean».

Deuseztatzeko asmoa

Eskolako maisua zen Marcela. Komunitateko liderra. Errespetatua. Erreferente bat. Sexu indarkeriaren bidez, aitorpena zuten emakumeak isilarazi nahi izan zituztela ondorioztatu dute ikerlariek. «Emakumeen kontrako sexu indarkeria erabili zen, bereziki, haiek isilarazteko, estigmatizatzeko eta haien ekinaldiak neutralizatzeko». Etsaien arrasto oro zigortzeko baliatu zen bada sexu indarkeria, lezio bat emateko, haiek guztiz ezerezteko. Era berean, emakumeei zigor hori ezarri zieten kolaboratzailetzat, gerrillaritzat, lidertzat eta aliatutzat hartu zituztelako; halakoetan, emakumeak etsai ziren, zuzenean. Horrek esan nahi du sexu indarkeriak mezu zuzeneko bat igorri zuela: etsaiarekin benetako lotura izateagatik zein ez izateagatik zigortu zituzten, eta haiek deuseztatzea zen asmoa. Biktima hori gerrillari baten ama, bikotekidea edo arreba zenean, haren gorputzean eragindako sexu indarkeria hura umiliazio mezu bat ere bihurtu zen, etsaien egitura armatuari bidalia.

Paramilitarren estrategia zen hori: sexu indarkeria gehien baliatu zuen taldea izan ziren paramilitarrak, izua hedatuz. Txostenak, hala ere, argi eta garbi agerian utzi du alde guzti-guztiek, estatuko agenteek barne, baliatu zutela sexu indarkeria «etenik gabe», bereziki. 1997 eta 2005. urteen artean, 8.242 eraso kasurekin —2002a izan zen urte latzena: 1.400 eraso—. Paramilitarrak izan ziren dokumentatutako kasu guztien %32,2ren erantzule. Gerrillarien erasoak, intentsitate txikiagokoak izan arren, ez ziren atzean geratu; txostenean jasotako erasoen %31,5 egin baitzituzten. Errekrutatutako neskatoak ziren gerrillarien jomuga.

Luluk 12 urte zituen ELNk errekrutatu zuenean. «Komandante batek etxalde batera eraman ninduen eta... Nik ez nuen ezer esan, arma bat zuen, zer egin nezakeen? Haur bat nintzen». Gina, berriz, 9 urterekin errekrutatu zuen FARCek. «Raul Reyesek bizkartzain gisa hartu ninduen, ni bezalako neskatilak zituen beti, aspertzen zenean beste batzuk hartzen zituen».

Bortxatu, prostituitzera behartu, biluzarazi, sexualki jazarri, mutilatu, haurdun utzi, antzuarazi... Praktika zerrenda luzea bezain itzela da. Emakume horietako askok gorputzeko lasta ezabatu dute, pixkanaka, elkar lotzen dituen haritik tiraka, barne zauria osatuz. Mariluz Lopezek txostenaren aurkezpenean, emakume horien guztien aurrean esan zuen moduan, saminaren azpian dagoen indarraren hariarekin emakumeen arteko sare bat osatzea ezinbestekoa delako, ez baita emakume bakar baten historia, guztiena delako.

BERRIAn argitaratua (2018/01/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA