astekaria 2018/01/12
arrowItzuli

mundua

ROCIO MARTINEZ

«Sexu indarkeria talde armatuen estrategiaren parte bat izan da»

Jon Artano Izeta

«Sexu indarkeria talde armatuen estrategiaren parte bat izan da»

«Mutil koskor batzuk neska-bortxaketan jolasean harrapatu zituzten. Mutikoek zakila irudikatzen zuen makila bana hartuta jazartzen zieten neskatoei, eta neskek lasterka egiten zuten, jolasari jarraituz, 'bortxaketa' saihesteko». Rocio Martinez (Bogota, 1981) Kolonbiako Memoria Historikoaren Zentro Nazionaleko ikerlari eta antropologoak Buenaventuran jaso zuen kontakizun hori, tailer batean, eta argitara eman berri duen txostenaren harira BERRIAri emandako elkarrizketan ekarri du gogora. Martinez «betidanik» ari da gatazkan harrapatutako emakumeekin lanean. 2014an hartu zuen kaleratu berri duten txostena koordinatzeko ardura.

Zergatik da sexu indarkeria hain ohikoa gerran?

Helburuak lortzeko oso eraginkorra delako. Eta, gainera, isildutako bortxa klase bat delako. Sexu indarkeria funtzionala da talde armatuentzat. Emakume bat bere etxetik botatzeko ez dago ezer ere sexu indarkeria baino eraginkorragorik. Emakumeak bere lurra utziko du, eta seguruenera inortxori ere ez dio kontatuko zer gertatu zaion. Zergatik? Ez duelako estigmatizatua izan nahi, ez duelako errua berari aurpegiratzerik nahi. Ez dio senarrari kontatuko, osterantzean balitekeelako senarrak abandonatzea… Inpunitatea kasik bermatua du erasotzaileak. Makurra bezain funtzionala da. Gerran larriagotu arren, ordea, arazoa ez da ez hor sortzen ez hor bukatzen; genero ikuspegitik birpentsatu behar dugu gizartea, gizonak eta emakumeak nola eraikitzen ditugun hausnartu behar dugu.

Txostenak dioenez, «talde armatu bakar batek ez du onartzen, argi eta garbi, bortxaketak egin izana, inorri jazarri edo inor prostituitzera behartu izana». Bake akordioa sinatu zenetik barkamen ekitaldi publiko ugari egin dituzte. Sexu indarkeriari lotutakorik izan al da?

Nik dakidala, ez.

Bakar bat ere ez?

Ez. Egoera partikular bakar bat ezagutzen dut. Espazio konpartitu batean izan zen. FARCeko emakumezko gerrillari ohi batzuk gerrillariek eragindako indarkeria sexualaren biktimekin bildu, eta entzun egin zieten. Bat-bateko barkamen ekintza bat gertatu zen han. Baina aktore armatuek, beti, sagar ustelaren tesia darabilte; erasoak salbuespenak direla diote, lehenago aitortuko dute beste edozein krimen, baina ez hau.

Biktimen erdiak baino gehiago neska adingabeak dira, haurrak edo nerabeak.

Talde armatu guztientzat haurrak jabetzan hartzeko gai bat dira, gerrako harrapakina. Birjintasunaren exotizazioa ere gertatzen da, horregatik hartu izan dituzte neskatilen gorputzak komandanteentzako trofeo gisa.

Talde armatu guztiek praktikatu al dute sexu indarkeria?

Bai. Sexu indarkeria ez da gerrako albo kaltea, talde armatuen estrategiaren parte baizik. Eraso direnen gorputzetan inskribatzen ditu mezuak, fisikoki, eta, emakumeek beren gorputzaz jabetzeko modua aldatzen du. Gorputza lehen territorioa da, eta hor inskribatzen dituzten mezuak oso espezifikoak dira, koiuntura eta talde armatuaren arabera.

Talde armatu bakoitzak modu desberdinean al darabil sexu indarkeria?

Modu, intentsitate eta maiztasunak aldatzen dituzte, talde bakoitzak mezu propioa helarazi nahi duelako.

Zein dira bakoitzaren berezitasunak?

Paramilitarrek gerrillek kontrolatutako lurraldeetara sartzean erabili ohi zuten nagusitasuna zedarritzeko. Rol garrantzitsuak dituzten emakumeen kontra jo ohi zuten: maistrak, osasun arloko profesionalak, nekazari liderrak… Mezua argia zen: 'Guretzat ez dago ezer ez inor sakraturik, ez dugu mugarik'. Emakumezko gerrillariek bazekiten ezin zutela utzi paraco-ek bizirik harrapa zitzaten, ziurra zutelako patua. Armadak, aldiz, arrastorik uzten ez duen bortxa erabili izan du sarri: biluztasun behartua, objektuekin egindako bortxaketak… batik bat gerrillaren aldeko jarrera izateaz susmagarri ziren emakumeen aurka. Indigenek ere asko hitz egiten dute soldaduek egindako minaz.

Eta gerrillei dagokienez?

Hasteko, talde barruko emakumeen egoera dago. Sexu eskubide eta ugalketa eskubideekiko autonomia galtzen dute. FARCen eta ELNn, teorian, eskubide eta betebeharretan parean daude gizon eta emakumeak.

FARCen barne estatutuetan erabat galarazita zegoen sexu indarkeria…

Heriotza zigorra ere jasotzen dute estatutu horiek, baina indarkeria sexuala izan zen FARCen barnean, batik bat derrigortuta errekrutatutako nerabeen aurka. Erakundeak bazekien eta ez zuen galarazi. Haur eta nerabe horiek landa eremukoak izan ohi ziren, pobreak; klase soziala erabakigarria da honetan.

FARCen ia %40 dira emakumeak. Nola jokatu izan dute kasu horietan?

Ez da erraza jakiten… Txostenean jasota dago emakume baserritar batek kontatu ziguna: FARCeko hainbat gizonek inguratuta zegoela, eta gerrillako beste kide bat, emakumezkoa azaldu zela. Gerrillari emakumezko horrek erasotzaileen buru egiten zuenaren aginpide maila bera zuen, antza. Biktimak kontatzen du nola bi buruzagien artean eztabaida piztu zen, eta nola emakume gerrillari horrek esan zion: «joan zaitez berehala!». Horrek salbatu zuen. Nik uste dut talde armatuen barnean eztabaidak izan direla gai honengatik. Badaude erresistentzia ahaleginak ere gerrillen barnean… Gaur egun gai honetaz hitz egiteko zailtasun nabarmena dago. Eta nik uste dut koiuntura politikoarekin duela zerikusia.

FARCek genero ikuspegia landu du bake prozesuan…

Emakumeen parte hartze politikoaz eta alderdian izan beharreko rolaz hitz egitea ondo dago, baina talde barnean izandako sexu indarkeriaz eta taldekideek egindakoez ari al dira?

Nola egiten dute emakumeek aurrera egiteko?

Sarritan beren territorio bereena, propioena, gorputza, abandonatuz. Biktimen barruan borroka pizten da, eta, bizirik irauteko, norbere gorputzatik urruntzen dira. Ez diote ispiluari begiratzen, higuina sentitzen dute, ezin dira biluzi, ez dute beren gorputza ezagutzen. Emakume horiek batzen direnean, ordea, elkarri aditu eta laguntzen diote. Elkartasun sare horiek berebiziko balioa dute bai salaketa eta deklarazioa egiteko, bai geroko sostenguan, makalaldietan lagundu eta suizidioak eragozteko. Batzuetan urteak behar izaten dituzten arren, lortzen dute ispiluari berriz begiratzea.

Nola lortu duzue beren istorioak kontatu ditzaten?

Kontua ez da ez dutela hitz egin nahi, baizik ez dagoela horretarako espazio segururik. Hitz egiteko beharra dute sarritan, eta maitasunezko eta errespetuzko giroa sortuz gero, askatzen dute barnekoa. Are gehiago: ekintza politiko bat egitearen kontzientzia osoa daukate. Behin eta berriz esaten dute, «gure ahotsa hitz egin ezin duten emakumeena ere bada». Subjektu politiko gisara egindako herritartasun ekintza osoa da, bakearekin eta ez errepikatzearekin hartutako konpromiso erreal bat.

BERRIAn argitaratua (2018/01/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA