astekaria 2018/01/12
arrowItzuli

politika

«Haurtzaroa kendu egin zaie»

Gotzon Hermosilla

«Haurtzaroa kendu egin zaie»

Urte askoan, presoen seme-alaben egoerak ez du iritzi publikoaren arreta erakarri, eta haien sufrikarioa gehienetan kontu pribatuen arloan gelditu da, sufrikario hori erabaki politiko zehatz batzuek -sakabanaketak eta espetxe politikak- eragindakoa izan arren. Egoera aldatzen hasi zen Kurkuluxetan elkarteak Motxilaren umea izeneko filma aurkeztu zuenean 2007ko martxoan. Geroztik, haur motxiladuna esamoldea bolo-bolo hedatu da ama, aita edo guraso biak kartzelan dituzten adingabeak izendatzeko. ETBk asteartean emititutako saioaren arrakastak berretsi du gaiari buruzko interes hori.

Joan den azaroan, haur motxiladunen inguruko txostena aurkeztu zuen Sarek. Psikologo, pedagogo eta irakasle talde batek egindako ikerketa da: txostena egiteko, lehenbizi elkarrizketa irekiak egin zituzten euskal presoen seme-alabek zein gaztetxo horien gurasoek osatutako hiru talderekin, eta haietan agerturiko bizipen, iritzi eta sentimenduetan oinarrituta, galdetegi bat moldatu zuten, egoera horretan dauden familia guztietan banatu zutena. Galdetegi horri emandako erantzunak eta haien azterketa dira ikerketaren oinarria.

Iñaki Barrutia psikologoa (Arrasate, Gipuzkoa, 1955) da egileetako bat, eta ikerketaren atal psikologikoaz arduratu da. Dioenez, mota askotakoak dira gurasoren bat edo biak kartzelan edukitzeak umeei dakarzkien ajeak, baina ondorio nagusia da, haren esanetan, «ume horiei haurtzaroaren zati handi bat kendu» egin zaiela.

Sintoma ugari

Sintomatologiaren aldetik, presoen seme-alaben artean ohikoena izaten da antsietate aurreratua, hau da, bidaia egingo dutela jakiteak aldez aurretik sortzen dien antsietatea. «Bidaia baino bizpahiru egun lehenago hasten da hori, eta hainbat sintomatan gauzatzen da: lo egiteko arazoak, aldarte aldakorra, egonezina, urduritasuna eta abar», azaldu du Barrutiak. Bidaiaren egunean, berriz, estresa agertu ohi da: bidaiaren prestakuntzak, trafikoaren inguruko kezkak eta abarrek sortzen duten estresa, alegia. Izan ere, Barrutiak dioenaren arabera, «ume hauek asteburu osoak errepidean ematera kondenaturik daude, autoan, aulkiari lotuta».

Bisitei dagokienez, Barrutiak gogorarazi du beti kartzelan egiten direla «eta, jakina, kartzela ez da ume batentzat girorik atseginena. Normalean, umeek haurtasuna atean utzi egin behar izaten dute, eta euren portaera kartzelaren errealitate horretara egokitu». Ume izan arren, ume gisa jokatzerik ez dute presoen seme-alabek kartzelako atea zeharka- tutakoan.

Itzulera ere «oso gogorra» izaten da: «Ez da soilki kilometro pila eta ordu mordoa; onartu behar dute gurasoarengandik banatu egin behar dutela, kartzelan utzi behar dutela, eta hori gogorra da». Etxera iritsitakoan, berriz, nekea agertzen da, «neke fisiko eta psikologikoa», Barrutiak zehaztu duenez, eta ikasketa prozesuari berriro ekiteko denbora behar izaten dute.

Arlo afektiboan, berriz, agertzen dira kontuan hartu beharreko zenbait sentimendu. «Emoziorik ohikoena eta indartsuena gurasoa galtzeko beldurra izaten da», azaldu du Barrutiak. «Hori areagotzen da libre dagoen gurasoa bakarrik joaten denean bisita egitera. Horrelakoetan, gurasoa galtzeko beldur hori larritasun bilakatzen da umearentzat».

Bestelako sentimenduak ere agertzen dira, haserrea, esaterako. «Asteburuetan aukeratu egin behar da: bisita egitea edo asteburuko planak egitea. Horri bidaiaren eragozpenak eta nekeak gehitu behar zaizkio, eta hortik haserrea sortzen da». Baina kasu askotan haserrea aldatu egiten da denboraren poderioz, «ikusten dutenean gertuago ere badaudela kartzelak eta, beraz, sufritutako guztia saihesteko modua bazegoela». Horrelakoetan, haserrea «gaitzidura» bilakatzen da.

Hala ere, den-denak ez dira ondorio makurrak. Barrutiak dioenez, presoen seme-alabek «erresilentzia gaitasuna» garatzen dute, hots, «arazoak eta krisiak gainditzeko ahalmena. Ume horiek inguruaren eta familia zabalaren sostengua izaten dute, eta horri esker lortzen dute sufrimendua ulertzea eta erresilentzia gaitasuna garatzea».

Amarengandik banatuta

Kasu berezia da haur motxiladunen artean espetxean jaiotako umeena. Hiru urte bete bitartean, amarekin egoteko aukera izaten dute; espetxean bizi dira, horrek dakarren guztiarekin, baina, gutxienez, amaren abaroan egoten dira. Hiru urte betetakoan, baina, amarengandik banatu behar izaten dute, eta hori oso esperientzia traumatikoa izan daiteke.

Iñaki Barrutiak dioenez, «umeak, kartzelan hiru urtez amarekin egon ostean, oso lotura afektibo sakona izaten du amarekin. Bat-batean umea kanporatu eta ama kartzelan gelditu behar izatea oso momentu gogorra izaten da. Nortasunaren garapenean, normalean hiru urterekin lortzen da berezko identitatea; Margaret Mahler psikologoak zioen moduan, jaiotze psikologikoa orduantxe gertatzen da. Prozesu horretan funtsezkoa da amaren begirada, eta ume horiek galdu egiten dute».

Dena dela, egoera horiek landu egin daitezke, «zorionez». Barrutiak dioenez, bestelako «atxikimendu irudiak» sortu ohi dira umearen bizimoduan, izan amona, izeba edo beste senideren bat, eta amarekin egiten ziren errituak errepikatuz eta osagai sinbolikoak erabiliz atxikimendu irudi berri hori indartu egin daiteke. «Horrekin lor daiteke berez oso traumatikoa den urratsa, ama barruan utzi behar izatea, nolabait leuntzea», azaldu du.

BERRIAn argitaratua (2018/01/11)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA