astekaria 2018/01/12
arrowItzuli

bizigiro

FERNANDO PEREZ DE LABORDA

«Bertako gaztelerak euskal hitz asko ditu»

Iker Tubia

«Bertako gaztelerak euskal hitz asko ditu»

Badira hogei urte Fernando Perez de Laborda Garesen (Nafarroa) bizi dela. Getxon (Bizkaia) sortu zen, 1962an, baina aitatxi eta amatxi Obanoskoak ditu (Nafarroa). Hizkuntzak maite ditu, eta Izarbeibar eta Mañeruibarko zaharren hitzak ehizatzen aritu da ezker-eskuin. Ibar horietako euskara XX. mendean guziz galdu bazen ere, euskarak bizirik jarraitzen du zahar horien erdal eleetan. «Idatzi dudanak gaurkotasuna du, ez da antzinako zerbait; egungo aitona-amonek erabiltzen dituzte hitzok».

Aleman filologoa izanik, hemengo hitzen hiztegia egin duzu. Nola ezkontzen da bata bestearekin?

Ni linguista naiz, hizkuntzak gustatzen zaizkit, eta, hona etorri nintzenean, konturatu nintzen hemengo gaztelerak euskal hitz asko zituela. Pentsatu nuen hitz horiek berreskuratu egin behar nituela.

Zergatik gertatzen da hori?

Euskara XX. mendean desagertu zen hemen; azken hiztunak 1930 inguruan hil ziren. Orduan, zaharrek euskal hitz asko erabiltzen dituzte oraindik. Baita beste hizkuntzetatik ekarritako hitzak ere.

Hainbeste hitz daude ibar horretan bakarrik erabiltzen direnak?

Bonaparte hizkuntzalaria hona etorri zenean, esan zuen Izarbeibarrek hizkera berezia zuela. Hitzetan ere nabaritzen da, eta batzuk hemengoak dira. Adibidez: sugarima deitzen diote hegaberari. Badira beste batzuk; batez ere, landareak eta txoriak: chanchalan, carachichi...

Bereizketarik handienak beti landare eta animalietan izan ohi dira?

Bai, oso lokalak direlako. Nabaritzen da ibarreko herrietako hitzen artean ere ezberdintasun handiak daudela. Umeen hizkuntzan ere ezberdintasun handiak daude. Adibidez, zabuari hainbat modutan esan diote hemen: filimosca, zambalabuzca, cibirín... Guziak euskaratik etortzen dira.

Oraintsu arte euskara hitz egin da hemen. Horretaz ohartzen dira herritarrak?

Poliki-poliki ari dira konturatzen. Datuak azken 30 urteetan atera dira. Garesko Udalak liburu bat atera zuen orduan, eta hamabi datu bakarrik zeuden euskarari buruz. Nik dagoeneko 150 bildu ditut. Ari gara ikertzen, eta, datu gehiagorekin, teoria bat finka daiteke.

Memoria laburrekoa da jendea?

Memoria XX. mendean apurtu zen. Hor zulo handi bat dago, eta hor dena desagertu zen. Orain ari gara memoria eta ondare ez materiala berreskuratzen. Orain bi urte liburu bat kaleratu nuen hemengo etxeen izenei buruz. Han ere ikusten da duela gutxira arte hemengo hizkuntza euskara zela, argi eta garbi.

Euskararen fosilak dira?

Bai, fosilak dira. Pentsatu behar da hitzek testuingurua behar dutela; ekosistema batean bizi dira. Ekosistema hori hiltzen denean, hitza hiltzen da. Hemen ez dago artzainik; jendeak ez ditu landareak ezagutzen; orduan, ekosistema hori galdu egin da, eta, horregatik, hitz horiek ez dira erabiltzen. Batzuetan, fosilizatuta daude zenbait esamoldetan.

Hitz horiek zaharrek erabiltzen dituzte gaur egun?

Bai, bai, batez ere zaharrek. Batzuk desagertzen ari dira, eta beste batzuk mantendu dira, arruntak direlako: txirimiri, poliki-poliki... Erreduplikazio intentsiboak mantentzen dira: tripilin-trapalan, tipi-tapa, tapa-tapa, bor-bor...

Nola hartu dute zure lana bertakoek?

Jendeak oso ongi hartu du, batez ere aitona-amonek, haien hizkuntza baita. Hiztegiarekin esan nahi nuen haien hizkera normalizatua zegoela, arauak dituela eta ez dagoela gaizki esanda. Agian horrexegatik daude poz-pozik. Adibidez, hemengo zaharrek mutxila esaten zioten motxilari. Mutxila eta motxila mutil eta motil hitzetik datoz. Mutila zen zama eramaten zuena. Zaharrek ez dute oker hitz egiten.

«Hablo torcido» diote gazteleraz zaharrek, oker hitz egiten dutela, alegia. Kalko gehiago daude?

Asko daude. En sitios está, lekutan dago; eran de venir, etortzekoak ziren; se caso a Obanos, Obanosera ezkondu zen; antes más, lehenago; cosido de gente, jendez josita; ha cogido sueño, loak hartu du; mañana en ocho, gaur zortzi... Euskarazko sintaxia da, eta horregatik haiek pentsatzen dute gaizki esaten dutela. Baina kalko semantikoak oso normalak dira. Beste hizkuntzetan ere gertatzen dira.

Aleman filologiak lagundu dizu lan honetan?

Bere garaian, aleman-gaztelera hiztegi bat egin nuen, eta hori laguntza handia izan da hau egiteko. Eta esan behar dut txupinazo hitza Alemaniatik datorrela. Topf hitzak lapiko esan nahi du. Antzinako alemanieraz topphen zen, eta hortik okzitanierara igaro zen, toppin forman. Hona tupin forman etorri zen. Hemen hiru hankako lapikoari esaten zioten tupin, eta hori erabiltzen zuten suziria botatzeko jaietan. Metafora bidez, suziri horrek tupin izena hartu zuen, palatizatuta: txupin.

BERRIAn argitaratua (2018/01/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA