astekaria 2018/01/12
arrowItzuli

iritzia

Motxiladunei

Miren Amuriza

Motxiladunei Miren Amuriza

Aupa, motxiladun umeok! Guardasoldun helduak gara gu, zuek bizkar-zorroarekin lez, hara-hona aterkiarekin ibiltzen garenak. Ur handitan saioan ikusi zintuztegun eta hunkitu egin gintuzuen zuen azalpenekin (hunkitzea ukitzea da baina n batekin, zerbaitek barru-barruan ukitzea). Heldu batek ume baten moduan hitz egitea kezkatzekoa izaten bada (gure izeko Rosario ahoarekin puzkerka hasi zenean, adibidez, larritu egin ginen), are kezkagarriago egiten baitzaigu ume bat heldu baten moduan hitz egiten entzutea. Eta zuek halaxe jarduten zarete gurasoez diharduzuenean, fun-tzio-na-rio edo puerto-de-santa-maria lako berba arrotzak erabiltzen dituzuenean... Saiatu ginen zuen lekuan jartzen, norberari ez dagokion zigor bat betetzea zer izango ote den imajinatzen. Eta konparagarria ez den arren, eskolako jantokian alboko mahaikoek ogi-gerrak egiten zituztenekoaz akordatu ginen; zelan, azkenean, ilarako beste guztiok ere jolas-ordurik gabe uzten gintuzten. Haserre eta triste, oso haserre eta oso triste, egongo ginatekeela geniotson elkarri zuetako batek zera aipatu zuenean: kontua ez dela inori pena ematea ere. Horrexegatik joango gara Bilbora, geure guardasol eta guzti, ahalik animosoen: zuen gurasoak eta haien kideak hainbat arinen eta osasuntsuen Euskal Herriratu ditzaten eta motxiladun umeok garaia baino lehen heldu ez zaitezten. Muxu bana eta zapatura arte!

BERRIAn argitaratua (2018/01/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA