astekaria 2018/01/12
arrowItzuli

ekonomia

Plastikoei zerga bat, EBko erronka politiko berriak finantzatzeko

Ivan Santamaria

Plastikoei zerga bat, EBko erronka politiko berriak finantzatzeko

Erresuma Baturik gabe Europako Batasunaren aurrekontua nolakoa izango den zehaztuko da aurten. Europako Batzordeak bi zulo aurkitu ditu: bat diru sarreretan eta beste bat gastuetan. Biak betetzea da orain Bruselaren arazoa. Bide ezberdinak erabiliko dira. Geratuko diren estatu kideei ekarpena apur bat handitzea eskatu nahi die batzordeak. Trukean, programa ia guztien gastua murriztea eskaini du. Diru sarrera propioak handitzeko proposamen berritzaile bat taularatu du, halaber: Europa mailako zerga bat ezartzea plastikoei.

Batzordeak asteko bilera egin zuen atzo. Ondoren, aurrekontuak prestatzeko ardura duen komisarioak, Guenther Oettingerrek, buruan dituzten asmoen berri plazaratu zuen. Bistan da diru sarrerekin dagoen arazoa. Erresuma Batuaren irteerak 12.000-13.000 milioi euro bitarteko hutsunea utziko du.

Gastuetarako dagoen diru faltak zerikusia du Europak azken urteotan ezarri dituen lehentasun berriekin. Muga kontrola, barruko eta kanpoko segurtasuna, migrazioak, edo errefuxiatuen inguruko ekinaldiak ez zeuden aurreikusita orain dela urte batzuk aurrekontu proiekzioa egin zenean. Erronka berri horiei aurre egiteko, beste 10.000 milioi beharko dira. Egungo aurrekontuetako gastu lehentasunak egokituta, kopuru horren %20 estaltzea posible litzateke, baina diru iturri berriak beharko dira gainerako %80 ordaintzeko.

Plastikoak, zergapetuta

Batasunaren diru sarrera propioak handitzeko formulen bila aritu da Mario Monti komisario ohia buru duen aditu talde bat. Klima aldaketaren aurkako borroka Europan erabakitzen denez, hor eragitea planteatu dute. Aukeretako bat litzateke plastikoei zerga bat ezartzea, bi helbururekin. Batetik, plastikoaren erabilera gutxitzen lagunduko luke —Txinak utzi dio urtarrilean 1ean plastiko zaborraren inportazioa onartzeari—. Bestetik, diru iturri berri bat eskainiko luke. Lehen aldiz EB osoan bildutako zerga bat erabiliko litzateke batasunaren funtzionamendua ordaintzeko.

Batzordeak ez du oraingoz erabakia nork ordaindu beharko lukeen zerga —ekoizleek edo kontsumitzaileek— edo zer produktu zehatzetan kobratuko litzatekeen. Beste finantzaketa bide bat izan liteke isurketa eskubideen salerosketatik lortutako dirua Europara bideratzea.

Brexit-ak kenduko dituen diru sarrerak orekatzeko diruaren erdia oraingo aurrekontuari egindako murrizketatik aterako da. Gaur egun, 60 gastu programa jasotzen dituzte aurrekontuek, eta guztietan ezarriko dira murrizketak, bitan izan ezik. Erasmus Plus —gazteen mugikortasuna sustatzen duen proiektua— eta I+G arloko Horizon Post 2020 programei eutsiko zaie, eta horietara diru gehiago bideratzeko aukera ere zabalik utziko da. Oraingoz, lantaldean murrizketarik ez da planteatuko, baina batzordea prest dago etorkizunean horren tamaina berrikusteko.

Beste programa guztiak ez dira artazietatik libratuko, ezta kohesio funtsak edo nekazaritza politika ere, gaur egun finantzaketarik oparoena duten diru sailak. Horien kasuan murrizketa «neurritsua» agindu du Oettingerrek, gerta daitekeen kaltea eragozteko. Proiekzio berria baliatuta, aurrekontuak jasotzen dituen programa guztiak berrikusi nahi ditu, batzuk bateratu eta egitura bera sinplifikatzeko asmoarekin.

Zuloaren beste erdia estatu kideen kutxatik ateratzea nahi du batzordeak. Eztabaida espero daiteke horretan. Gogorrak izan ziren azken aurrekontu esparrua ezartzeko negoziazioak, eta gastuari batasuneko BPGaren %1eko muga jarri zioten estatuek. Aurten 157.000 milioi izango dira. Brusela saiatzen ari da dirua gastatzeko makina gisa aurkezten duten kritikei aurre egiten, ekuazio sinple baten bidez: aberastasunaren erdia administrazio publikoen kutxara doa, zerga ezberdinen bitartez, baina diru horretatik guztitik %1 soilik doa Europa finantzatzera; gainerako guztia gobernu zentralen eta tokiko erakundeen eskuetan geratzen da.

Bruselak esku artean duen diseinuaren arabera, estatuen ekarpena BPGaren %1 izan beharrean, %1,1 eta %1,2 bitartekoa izango litzateke. 15.000 milioi euro gehiago izatea ahalbidetuko luke igoerak.

BERRIAn argitaratua (2018/01/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA