astekaria 2018/01/12
arrowItzuli

politika

Beldurrari etekina

Jokin Sagarzazu

Beldurrari etekina

Segurtasuna betidanik izan da gizataldeen balio nagusietako bat, eta historikoki estatuak arduratu dira zeregin horretaz, Poliziaren eta bestelako mekanismoen bidez. Egun, baina, joera da enpresa pribatuekin partekatzea ardura hori, herritarrek beren kabuz edota estatuek kontratatuz zerbitzu horiek, poliziekin nahikoa ez dutela argudiatuta, eta beste alor batzuetan —osasun arloan, hezkuntzan...— gertatzen ari den joera pribatizatzailearen ildotik.

2014an, Espainiako Gobernuak Segurtasun Pribatuaren Legea indarrean sartu zuenetik —urte berean, Eusko Jaurlaritzak EAErako egokitzapen txiki batzuk egin zituen—, erraztu egin dute prozesu hori instituzioek, eta, beste lege batzuekin batera —mozal legearekin, adibidez—, enpresa horien jarduera eremuak eta eskumenak zabaldu dituzte.

Baina Hego Euskal Herrian fenomeno ezaguna da, bereziki, 1990eko hamarkadaren amaieratik. ETAren indarkeria argudiatuta, ohiko bihurtu zen enpresa pribatuek beren gain hartzea poliziei dagozkien hainbat zerbitzu eta ardura: alderdi politikoen segurtasuna, kideena eta egoitzena, eta eraikin eta espazio publikoen zaintzarena, besteak beste. Hori ordaintzea gobernuei dagokie, eta urtez urteko aurrekontuetatik diru sail handiak bideratzen dituzte horretara: zuzenean eta zeharka, alderdien bitartez. Espainiako Kontu Auzitegiaren azken txostenak dioenez, alderdiei emandakoen «komenigarritasuna» baloratu beharko litzakete, «egungo baldintzak» zeintzuk diren kontuan hartuta.

Erakunde fiskalizatzaile horrek ez du zuzenean aipatzen, baina zazpi urte pasatu dira ETAk bere jarduna amaitu zuenetik eta iaz armagabetu zen. Urte honen hasieran, Barne Ministerioak erretiratu egin ditu berak zuzenean ordainduta Euskal Herriko zinegotziak babesteko kontratatuak zituen azken bizkartzainak.

ETA-REN ONDOREN ERE

2011n eta dekretuz

Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza 2002an hasi ziren alderdiei banatzen haien ohiko funtzionamendurako derrigor eman beharreko diru sailekin batera beste batzuk segurtasunarekin loturik, nahiz eta ETAk mehatxatutakoei babesa jartzeaz eta ordaintzeaz bi gobernuak arduratu diren zuzenean. Alderdiek jasotzen zituztenak ezohikoak ziren, gobernuek ez zituzten urtero ematen; batzuetan, aurrekontuen negoziazioetan alderdiek adostutako zuzenketen bitartez egin zuten hori. 2011n desagertu ziren laguntza berezi horiek.

Zehazki auzitegiak aipatzen dituenak 2012an hasi zen banatzen Espainiako Barne Ministerioa, ETAk bere jarduna amaitu ondoren. Orduan arautu eta orokortu ziren; nolabait, derrigortu. Neurriak oinarri du Jose Luis Rodriguez Zapaterok (PSOE) bere agintaldia amaitu baino aste batzuk lehenagoko dekretu batean, gobernu horrek hartu zuen azken erabakietako batean: irailaren 26koa da araua, urriaren 20koa ETAren jakinarazpena, eta azaroan 20an egin zituzten hauteskundeak.

Laguntza horiek ETAren indarkeriarekin lotzen badira ere, legea ez da horretara mugatzen, edo ez ditu babestu beharreko arriskuak zehazten, eta alderdiek kaleko protestak-eta (escrache-ak, adibidez) argudiatu dituzte horien beharra justifikatzeko. Baina araututako laguntza horien atzean edo horiei eusteko arrazoia ere bada segurtasun pribatua finantzatzeko modu bat. 1990eko eta 2000ko hamarkadetan gizendutako sektoreak egun ETAren jardunaren amaiera dela-eta izango lukeen krisiari aurre egiteko konpentsazio moduko bat, enpresa horiek beraiek egin duten eskaera bati erantzunez.

Urtero, batez beste, 3,5 milioi euro banatzen ditu Barne Ministerioak Espainiako Gorteetan ordezkaritza duten alderdien artean. Kopuru horrek hauteskunde urteetan gora egiten du. 2016an, adibidez, 5,4 milioi eman zituen. Horren erdia inguru zegoen aurreikusita iazko aurrekontuetan.

Alderdiek gastu guztiak justifikatu behar dituzte Kontu Auzitegian, jasotzen duten diru hori erabiltzen ote duten legeak arautu bezala. Auzitegiak, kaleratu berri duen azterketaren arabera, ez du aurkitu delituzko erabilerarik, baina neurria bera jarri du zalantzan.

2014. eta 2015. urteetako fiskalizazioa egin du, eta, horren arabera, Espainia mailako alderdiek jaso dute diru gehien, diputatu kopuruaren arabera egiten delako banaketa. Hala, PPk 2,4 milioi jaso zituen bi urte horietan eta PSOEk, 1,5 milioi. Euskal Herrikoen kasuan, Amaiurrek (egun EH Bildu) 86.750 euro, EAJk 75.000, UPNk 15.000 eta Geroa Baik 12.250.

Azken horien artean, soilik EAJk gastatu eta justifikatu du segurtasun gastuetarako jasotako diru guztia; EH Bilduk, %80, eta beste dena itzuli behar du; eta Geroa Baik ia dena bueltatu behar du. UPNren kasua berezia da, jasotakoa baino gehiago gastatu duelako segurtasunean, edo hori argudiatuta. Izan ere, alderdiaren langile baten urteko lan soldataren %20 eta beste gastu txikiago batzuk sartu ditu atal horretan, eta horretaz ohartarazi dio auzitegiak.

BEHARRA ETA TAMAINA

1990-2000 urteetako logika

Hego Euskal Herrian, 1990eko hamarkadaren amaiera aldera ugaritu ziren segurtasun pribatuetako kideak eraikin publikoetan eta publikoarekin loturiko jardueretan aritzen zirenak babesten, argudiatuta ETA modu orokorrago batean mehatxatzen hasi zela politikariak eta gizarteko beste sektore batzuk (unibertsitateetako irakasleak, Justizia arloko langileak, enpresariak...). Arriskuak beharra sortu zuen, eta horrek sektore baten handitzea: enpresa ugari sortu zituzten segurtasun eskaerei erantzuteko, milaka langile kontratatu zituzten zeregin horietarako... Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetan espresuki horretara bideratutako diru sailak kontuan hartuz, gutxienez, 1.700 milioi euro inguru —batez beste, 120 milioi urtean—gastatu zituzten alderdientzako segurtasun pribatuan Hego Euskal Herrian 2000tik 2014ra.

ETAk 1995ean Donostiako PPko zinegotzi Gregorio Ordoñez hil izanak eta, bereziki, 1997an Miguel Angel Blanco alderdikide eta Ermuko hautetsiaren bahiketa eta hilketaren harira sortutako giroak eragin zuen bizkartzain gehiagoren beharra. Baina lan hori ez zen enpresen esku egon beti. 1998an, Ertzaintzan indartu egin zuten alor hori, unitate berezi bat sortuz. Baina urtebete geroago, PPko Jose Maria Aznarren Espainiako Gobernuak eginiko lege aldaketa bat dela medio, ahalbidetu zuten segurtasun pribatuko enpresak kargudun publikoen zaintzan aritzea —ordura arte ezin zuten— eta hori diru publikoz finantzatzea. 2000. urtean ETAk hil zituen Fernando Buesa Jaurlaritzako sailburua (PSE) eta haren bizkartzaina zen Jorge Diez ertzaina. Eta 2001. urtean bikoiztu egin zuten bizkartzain pribatuen kopurua. Urte horretako aurrekontuetan, Jaurlaritzak 827.000 euro aurreikusi zituen, baina urteko gastua, azkenean, 27 milioikoa izan zen.

Publiko-pribatu eztabaida horretan, Xabier Arzalluzen adierazpen batzuek hautsak harrotu zituzten. 2002an, EAJren ekitaldi batean, alderdiaren orduko presidentea kexu azaldu zen Espainiako Gobernua blokeatzen ari zelako ertzain gehiago kontratatzeko prozesua, eta horren atzean ezkutuko arrazoi bat zegoela iradoki zuen: «Ez dut pentsatu nahi Rajoyk [orduan Barne ministroa zenak] Polizia pribatizatzeko asmoa duela. Baina enpresa horietan interes handiak ditu Mayor Orejaren [urte bat lehenago arte Barne ministroa izandakoaren] familiak». Hitz horiek sutu egin zuten Mayor Oreja eta, bere anaia eta Rajoyrekin batera, salaketa bat jarri zuen. Auzitegi Gorenera iritsi zen kasua, eta tribunalak ontzat eman zituen Arzalluzen hitzak: frogatutzat eman zuen orejatarren inplikazioa enpresa horietan.

Urte horretatik aurrera, nabarmen handitu ziren bizkartzain pribatuak kontratatzeko diru sailak. Bizkartzain gehien behar izan zen urteetan 70-80 milioi euro gastatu zituen Jaurlaritzak eta beste 120-130 milioi Espainiako Gobernuak. Jaurlaritzak iaz kaleratutako ikerketa baten arabera, 2008-2010 urteen artean 800 pertsonarentzako zerbitzuak kontratatu zituen berak, eta, zifra ofizialik ez badago ere, hori baino gehiago Espainiako Gobernuak, EAEkoen erdiak berak ordainduak zirelako eta Nafarroakoengatik. Kalkulu batzuen arabera, 4.000 bizkartzain pribatu inguru zeuden Hego Euskal Herrian urte horietan.

Jaurlaritzak 2013ko irailean amaitu zituen ETAren indarkeriarekin loturiko lan hitzarmenak —batzuei eutsi die, indarkeria matxistaren biktimak zaintzeko—. Eta Barne Ministerioak plan bat abiatu zuen 2012an gutxika-gutxika kenduz joateko, eta iazko abenduan eten zituen azken 109 kontratuak.

FINANTZAKETA ITURRI

Barcenasen paperetan

Segurtasunarekin loturik, autofinantzaketara ere jo dute alderdiek; edo jo zuten, bereziki, instituzioen partetik diru laguntzak araututa edo orokortuta egon ez ziren urteetan. Kasu ezagunena EAEko PPrena izan da, auzitegietara ere iritsi delako.

2015ean, Espainiako Ogasunaren ikerketa baten arabera, jakin zen bizkartzainak kontratatu eta zinegotzien segurtasuna bermatzeko dohaintza anonimoak jasotzen zituen kontu korronte bat zuela EAEko PPk, eta hori ez zegoela alderdiaren kontabilitate ofizialean jasoa. Ikerketa horrek frogatu zuen diru hori ez zutela inoiz erabili sortu zen helbururako. Gainera, hori hala zenik ez dute ukatu egungo EAEko PPko buruzagiek. Baina ez dute auzipetu haietako inor, ezta haien aurretik zuzendaritzan egondakorik ere.

Kasua ezagun egin zen Barcenasen paperen auziarekin loturik Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak auto batean idatzita utzi zuenean PPren Bilboko egoitza ordaintzeko prozesuan irregulartasunak izan zirela. Diru horren jatorria zein zen argitzeko, fiskaltzak txosten bat eskatu zion Ogasun Ministerioaren lantalde bati, eta hark ondorioztatu zuen diru horretako parte handi baten jatorria zegoela zinegotzien segurtasuna bermatzeko kontu horretan. Madrilen sortu zuten, 1998. urtean, Mayor Oreja Barne ministro zela.

Kontua ireki zenean, Angel Acebes orduan PPren koordinatzailea zenak ziurtatu zuen jasotakoa alderdiko kideen babeserako baino ez zela erabiliko, eta dohaintzak emandakoen izenik ez zutela ezagutzera emango, haien segurtasunagatik. Bere autoan epaileak dohaintza-emaile batzuk aipatu zituen. Eta bat azpimarratu zuen: Emilio Alvarez Lopez, Gipuzkoako Bruesa eraikuntza enpresako zuzendaritzako kidea. Ogasuneko ikerlariek azpimarratu zutenez, urte horietan enpresa horrek Espainiako Gobernuaren hainbat kontratu publiko jaso zituen, eta hark egin zituen Bilboko egoitzaren berritze lanak ere.

BERRIAn argitaratua (2018/01/10)


Informazio gehiago berria.eus-en

Izan zaitez berrialaguna


HASIERA